Akrezio-prisma

Geologian, akrezio-prisma plaka tektoniko batek beste baten azpitik subdukzioa jasaten duenean, plaka zamalkatzailearen gainean pilatzen den sedimentu-falka da. Gehienbat basaltoz osaturik daudenez, plaka ozeanikoak azpiratzen dira beti. Plaka ozeanikoak dortsal ozeaniko batean sortu zenetik azpiratua izan arte pilatutako sedimentuek osatzen dituzte akrezio-prismak. Noski, sedimentu hauetatik batzuk arku bolkanikotik datoz eta beraz, urteak pasa ahala, deformazio ikaragarria pairatzen dute. Akrezio-prismak kontinentearen kontra pilatuta daude eta arroka sedimentario zein metamorfikoek osatzen dituzte.[1][2]

Akrezio-prisma baten irudikapena.

Aipatzekoa da, akrezio-prismak kontinente-plaka batek mota bereko beste baten kontra talka egitean ere sortzen direla, are gehiago, mota honetako talketan sortzen diren akrezio-prismak handiagoak izan ohi dira, bi plakek elkarri eragiten dioten presio bortitza dela eta. Bestalde, plaka ozeaniko batek plaka kontinental baten kontra talka egitean, ozeano-hobi txiki bat eratzen denez (plaka makurdura txikiarekin hondoratzen baita), akrezio-prisma handiak eratu ohi dira, ondoren, orogeno bat loditzen lagundu dezaketenak.

Akrezio-prismak osatzen dituzten sedimentuak jatorri ezberdinetakoak izan daitezke, baina meteorizazioak haietako bakoitzari eragin die, egoera hartan amaitzeko. Arroka magmatikoak disgregatzetik etor daitezke sedimentu hauek edota, arroka sedimentario zein metamorfikoek uneoro pairatzen duten eragile geologikoaren eraginagatik. Esan dezakegu, zeharka bada ere, izaki bizidunek, atmosferako prozesuek eta erreakzio kimikoek akrezio-prismen eraketan laguntzen dutela, haiek baitira meteorizazioaren eragileak; arrokak sedimentu bilakatzen dituen fenomenoaren oinarriak. Aipatutako eragile bakoitzak, hurrenez hurren, meteorizazio biologikoa, meteorizazio kimiko edo mekanikoa eta meteorizazio kimikoa eragiten dute.

Adibideak

Nankaiko Hobia, gezi bidez seinalatua.

Egun akrezio-prisma ugari ezagutzen dira, horietako batzuk aktibo dauden bitartean, beste batzuk antzina aktibo egondakoak dira. Jarraian zerrendatu ditugu garrantzitsuenak.

Txileko Kostaldeko Mendilerroari satelite bidez egineko argazkia. Lerro horiek mendikatea non dagoen esaten digute.

Aktibo daudenak

Prisma zaharrak

Akrezio-prisma hauek lurpetik atera dira eta gaur egun begi hutsez ikus daitezke.

  • Txilen kokatzen den Kostaldeko Mendikatea.
  • Washingtongo Estatuko Olinpiar Mendiak. Mendi hauek duela hogeita hamabost milioi urte inguru sortu ziren, Juan de Fuca plakak Ipar Amerikako plakaren aurka talka egin eta honen azpian hondoratzen hasi zenean, subdukzio bidez.[3]
  • Alaskan kokatzen den Kenai Penintsulako akrezio-prisma, neogenokoa. Eremu hartako lurren talka era errepikakorrean gertatzeak eta subdukzio prozesuak azkartzeak Alaskako ertz konbergentea eratu zuten. Egun, Yakutat Terranoa Alaskako Golko zentralaren azpian dagoen ertz kontinentalaren aurka talka egiten ari da. Neogeno garaian, terranoaren mendebaldeko zatiak subdukzioa pairatu zuen, ondoren, ipar-ekialdeko Aleutiar Hobiaren inguruan sedimentuzko pilaketa bat handitzen joan zen urteen poderioz. Pilaketa hau, akrezio-prisma bezala ere dei dezakeguna, ertz kontinentalean higatutako sedimentuz eta Ozeano Bareko beste eremu batzuetako sedimentuz osaturik dago.[4]
  • Italian kokatzen diren Apeninoak subdukzioaren ondorioz sortutako akrezio-prisma handi bat dira. Lurralde hau tektonikoki eta geologikoki konplexua da, izan ere, bertan Adria mikroplaka Apeninoen azpian hondoratzen ari da, ekialdetik mendebaldera. Gainera, gune horretatik hurbil gertatu zen Eurasia eta Afrikako plaken talka, Alpeak eratu zituena.[5]
  • Karpatoetako Flysch Gerrikoa (Bohemia, Eslovakia, Polonia, Ukraina eta Errumanian zehar kokatua) Kretazeotik Neogenora bitarte zegoen azal argaleko gunearen arrastoa dugu, Karpatoetako presio-gerrikoan zegoena. Aipatutakoa Ekialdeko Europako Plataforma eta Bohemiar Mendigunearen gainean kokaturik dago.[6]

Erreferentziak

  1. «ZT Hiztegi Berria» zthiztegia.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2019-04-21).
  2. Biologia eta Geologia. Zubia, 36 or. ISBN 9788491082231..
  3. (Ingelesez) «Olympic Mountains | mountains, Washington, United States» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2019-04-22).
  4. Fruehn, Juergen; von Huene, Roland; Fisher, Michael A.. (1999-04). «Accretion in the wake of terrane collision: The Neogene accretionary wedge off Kenai Peninsula, Alaska» Tectonics 18 (2): 263–277.  doi:10.1029/1998tc900021. ISSN 0278-7407. (Noiz kontsultatua: 2019-04-22).
  5. «New Publications of the U.S. Geological Survey, January-March 2002» Publications of the US Geological Survey 2002  doi:10.3133/70043992. (Noiz kontsultatua: 2019-04-22).
  6. Nemcok, M.; Coward, M.P.; Sercombe, W.J.; Klecker, R.A.. (1999-01). «Structure of the West Carpathian accretionary wedge: Insights from cross section construction and sandbox validation» Physics and Chemistry of the Earth, Part A: Solid Earth and Geodesy 24 (8): 659–665.  doi:10.1016/s1464-1895(99)00096-4. ISSN 1464-1895. (Noiz kontsultatua: 2019-04-22).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.