Agrigento

Agrigento[1] (aɡriˈdʒɛnto ahoskatua; sizilieraz: Girgenti) Italiako hiri bat da, izen bereko Agrigentoko probintziako hiriburua; Sizilia uharteko hegoaldeko kostan dago.

Agrigento
Girgenti
Italiako udalerria
Administrazioa
Estatu burujabe Italia
Eskualdea Sizilia
Free municipal consortiumfree municipal consortium of Agrigento
Izen ofizialaAgrigento
Jatorrizko izenaGirgenti
Posta kodea92100
ISTAT kodea084001
HerriburuaQ49280455 Itzuli
Geografia
Koordenatuak37°18′40″N 13°34′36″E
Map
Azalera245.32 km²
Altuera230 m
MugakideakAragona, Cattolica Eraclea, Favara, Joppolo Giancaxio, Montallegro, Naro, Palma di Montechiaro, Porto Empedocle, Raffadali, Realmonte, Sant'Angelo Muxaro, Siculiana eta Caltanissettako probintzia
Demografia
Biztanleria55.512 (2023ko urtarrilaren 1a)
−3.817 (2018)
Dentsitatea226,28 bizt/km²
Informazio gehigarria
SorreraK.a. 580
Telefono aurrizkia0922
Ordu eremuaUTC+01:00 eta UTC+02:00
Hiri senidetuakTampa, Valenciennes, Perm, Buenos Aires, Split eta Granada
Katastro kodeaA089
Sailkapen sismikoa2 (Ertaina)
MatrikulaAG
Hizkuntza ofizialaitaliera
comune.agrigento.it

Hiria ezaguna da bertan egon zelako Akragas (Ἀκράγας) herri grekoa (latinez: Agrigentum eta arabieraz Kerkent), antzinako Magna Graeciaren urrezko aroko hiririk aipagarrienetarikoa.

Gaur egun 60.000 biztanle inguru ditu Agrigentok. Probintziako beste hiri nagusiak Licata eta Naro dira, azken hori lehenengo kristauen katakonbengatik ezaguna.

Historia

Antzinaroa

Akragas hiri zaharra, (antzinako grezieraz: Ἀκράγας) Akagras ibaiaren ertzean, Gelako greziarren kolonia bat izan zen. K.a. 582-580. urtean fundatu zen[2], itsaso aldera, eta Hypsas ibaiaren inguruan; iparraldekoa mendixkek babes naturala ematen zioten Agrigentori. Hiria nabarmen hazi zen, eta K.a. 570. urterako Grezia Handiko hiririk handi eta indartsuenetarikoa zen. Lehenengo aitzindariak Aristonoo eta Pistilo izan ziren Rodasko doriar instituzioak jaso zituztenak (hiri honetako Gela kolonia bat izan zen). Akragas laster hasi zen, eta Magna Graeziako kolonietatik garrantzitsuenetariko bat bilakatu. K.a. 570. urtean, Falaris diktadoreak Agrigentoren boterea irlan zehar hedatu zuen, baina herriko matxinada batek Falaris uzkaili eta hil zuen. Harrez geroztik, Agrigento hiri askea zen. Hurrengo urteetako bakarrik ezagutzen dira Alkamenes eta Akandro izenak. Geroago (K.a. 488. inguruan), Teronek hiria gobernatu zuen. Gelon Sirakusakoarekin aliaturik, Terilo Himerakoa egotzi zuen haren domeinuez jabetuz. Kartagoren inbasioa eta gero (K.a. 480. urtean), hiria aberastu zen kartagotar anitz gatibu hartu zirelako, nekazaritzarako eta hiriko eraikuntzarako erabili zirenak. Teron K.a. 472an hil zen eta haren postua Trasideo semeak hartu zuen. Aita ez bezala, hiritarrek gorrotatzen zuten eta urte bat geroago bota zuten. Honen ostean, eta K.a. 406 arte, agrigentoarrek garai oparo izan zuten jarritako sistema demokratikoari esker. Diodoro Sikuloren arabera, 20.000 biztanle izan zituen, baina bi aldiz gehiago izan zitekeen egoiliarrak eta esklaboak kontatuz gero. Sirakusako geloniar dinastia egotzi ondoren, Siziliako toki askotan matxinadak gertatu ziren. Agrigento eta Sirakusaren arteko gerra piztu zen. Lehena garaitua izan zen Himera ibaiaren alboan (K.a. 446). Beranduago, Enpedoklesek Agrigentoko filosofoak fakzioak kontrolatu zituen. K.a. 415ean, atenastarrek Siziliako espedizioa burutu zutenean, Agrigento neutrala izan zen eta jarrera horri eutsi zion Atenas irabazi zuten arte. Segestak, barneko arazoak zirela eta, kartagotarren parte-hartzea eskatu zuen. Hauen lehenengo espedizioak ez bazuen arrakastarik izan, bigarrenak Selinunte eta Himera konkistatu zituen. Agrigentoarrek lazedemoniar mertzenario armada bat antolatu zuen, Dexipoeren esanetara. Honetaz gain, Dafneok gidatuta, Sirakusako armadaren laguntza izan zuten. Hauek zortzi hilabeteko setio bat jasan ondoren, gosez jota errenditu ziren. Anitz biztanle sarraskitu zituzten eta bizirik irten zirenak Gelara emigratu zuten. Kartagotarrek, K.a. 405.eko udaberrian, hiria hartu, birrindu eta abandonatu zuten. Dionisio I.a Sirakusakoak Kartagorekin bakea sinatu zuenean, Agrigento ezin zuen aurreko oparotasuna berreskuratu. Bake itunaren arabera, harresiak ezin ziren berreraiki. Hala ere, urte batzuk beranduago, kartagotar menpekotasunetik aldenduz, Dionisiorekin aliatu ziren. K.a. 383. urteko bakeak, kartagotarren domeinuak Haliko ibaiaraino finkatu ziren. K.a. 340. urteko Krimisosen izandako Timoleongo garaipenak ahalbideratu zuen berrantolaketa orokorra. Agrigento, erdi birrinduta zegoena, Beliako (Italia) biztanleek kolonizatu zuten. Honela hiria suspertu zen baina ez zuen inoiz kartagotarren inbasioa baino lehenagoko oparotasuna lortu. Agatoklesek, Sirakusan gobernatzen hasi zenetik, irla osoa kontrolatu nahi zuen. Agrigento, Gela eta Meseniarekin aliatu zen baita Espartako laguntza jaso zuen ere. Hiri honek, Akrobato, (Kleomenes II.aren semea) bidali zuen. Akrobato garaitua izan zenez, Agrigentok bakea erosi behar izan zuen eta Sirakusako hegemonia aitortu ere (K.a. 314.ean). Agatokles Afrikan zegoen bitartean (K.a. 309), haren jarraitzaileek zenbait porrot izan zuten Sizilian. Agrigentok, irlaren nagusitasuna nahirik, Jenodoko jenerala armadako buruzagi aukeratu zuen. Hiri askok independentzia lortu zuten. Enna eta Gela Agrigentorekin lotu ondoren, Herbeso eta Eketla konkistatu zituzten. Hala ere, Agatoklesen jeneralek, Leptinesek eta Demofilok, Jenodoko garaitu zuten eta hiria setiatuta izan zen. Agatokles itzuli zenean, galdutako eremua berreskuratu zuen. Leptinesek Agrigentoko lurraldea inbaditu zuen hiriari bakea eskatarazi arte. Agatokles hil zenean, Fintias Agrigentoko tiranoa bilakatu zen eta geroago errege titulua hartu zuen. Garai honetan, Agira eta barneko beste hiri batzuk menperatu zituen. Hori gertatu zitzaion Gelari, birrinduta izan zela eta Fintias izen berriarekin berreraikita.

Akragasko didrakma (K.a. 490-483)

Gerra Punikoak

Pirro agertzen zaigu hurrengoan, molostarren errege hau (Epiro) Agrigentora heldu zenean. Hiriko gobernadoreak, (Sosistrates) ezin zuenez ezer egin Epiroko mertzenarioen aurrean errenditu zen. Hiria, K.a. III. mendean, erromatarrek eta kartagotarrek arpilatu zuten. Erromatarrek K.a. 262an eta kartagotarrek K.a. 255. urtean. Izan ere, Lehenengo Gerra Punikoan, Agrigento kartagotarren aliatua izanik Hanibal Giskon jeneralak zitadela gotortu eta goarnizio bat ezarri zuen. K.a. 262an erromatar kontsulek (L. Postumius eta Q. Mamilius) eraso eta setiatu zuten hiria. Zazpi hilabeteren buruan, izurritea agertu zen setiatu eta sitiatzaileen artean. Hannonek, kartagotar jeneralak, hiria lagundu zuen baina azkenean, erromatar jeneralek garaitu zuten. Hiriaren barruan egonda eta ikusirik ezinezkoa zela erromatarren aurka egin, gauez, mertzenario eta kartagotar soldatuekin, alde egin zuen. Gerora, erromatarrek hiria menperatu zuten eta 25.000 esklabu egin zituzten. K.a. 255ean, Kartal kartagotar jeneralak erromatar eskuetatik Agrigento berreskuratu zuen eta gotorlekuak apurtu zituen. Gerra bukatu arte, (erromatarren kontrolpean erortzean) ez dago informazio gehiagorik.

Erromatar garaia

Bigarren Gerra Punikoan (K.a. 218-201), erromatarrek eta kartagotarrek borrokatu zuten Agrigento lortzearren. Hasieran, erromatarrei fidela izan zitzaien, baina Himilkon kartagotar jeneralak eraso egin zienean, Martzelok ezin zuen garaiz lagundu. Hau izan zen irlako Lavinius kontsulak okupatu zuen azken hiria 201ean, hala ere, nahiko erraz numidiar mertzenarioek Hannonekin haserre zeudelako eta borrokarik gabe errenditu zirelako. Tokiko buruzagiek heriotz zigorra jasan zuten eta gainontzekoak esklabo bihurtu ziren. Erromatarrek Agrigentum deitu zuten hiria Acraganteren ordez, hurrengo mendeetan hirian grekeraz hitz egiten bazen ere. Hiru urte geroago, Mamilius pretorrak agindu zuen irlaren beste zonaldetako kolonoak Agrigentum ezartzea. Bi urte geroago, Eszipion Afrikarrak udaleko eta hiritar pribiliegioak eman zizkion hiriari. Erromaren menpean aberastu zen eta hirritarrek, Julio Zesar hil eta gero K.a. 44 urtean, erromatar hiritartasunaz gozatu zuten. Zesar Augusto aldiaren arte, moneta jaulki zuen «Agkigentum» inskripzioarekin

Erdi Aroa

Erromatar inperioa desagertu eta gero, Italiako Ostrogodo erresuma hiriaz jabetu zen eta gero, Bizantziar inperioa. Garai honetan, biztanleek hiriko zonalderik baxuenak utzi zituzten eta antzinako akropoli ondoan, muinoaren goiko partean, finkatu ziren. Aldaketa horren arrazoiak ez daude argi baina, beharbada, zerikusi dute sarrazenoen, berbereen eta orduko beste herrien etengabeko razziekin. K.o. 828an, sarrazenoek hiria okupatu zuten eta Kerkent izena eman zioten (sizilieraz Girgenti). Izen honek iraun zuen 1927 arte, Mussolinik latinezko italianizatutako bertsioa berrezarri zuenean. Roger I.a konderen normandoek hiria konkistatu ondoren 1087an, latindar apezpikutza ezarri zuten. Erdi Aroan, populazioa jaitsi zen, baina XVIII. mendean zerbait berreskuratu zen.

Aro Modernoa

Aro honetako Agrigentoren historia Siziliakoarekin lotuta dago. Izan ere, XVI. mendean, Fernando II.a Aragoikoak Sizilia gobernatu zuen erregeordeen bitartez. Mende hori oso oparoa izan zen nazioarteko zeta eta gariaren merkataritza garatu zelako. Espainiar erregeordetzak 1713 arte iraun zuen. Epe luze honetan, hiria 1656ko izurri beltza jasan zuen eta piraten erasoak. Geroago, irla osoa bezala, austriar eta borboi leinuen menpe egon zen.

Aro Garaikidea

Hainbat herrialde eta agintariren menpean egon ostean, eta hiriaren botereak gorabeherak izan eta gero, 1860. urtean Agrigentoko biztanleek Giuseppe Garibaldiren alde egin zuten Italiaren bateratzean. Bigarren Mundu Gerran aliatuen bonbardaketek hiria suntsitu zuten.

Ekonomia

Turismo-gune garrantzitsua dago Agrigenton, batez ere arkeologia-ondare aberatsak oinarri direla. Inguruko eskualderako nekazaritza-gunea ere bada. Bestalde, sulfuroa eta potasioa erromatarren garaitik ekoizten jarraitu izan dute, eta baita esportatu ere, Empedocle portutik itsasoratuz.

Hala eta guztiz ere, Italiako hiririk txiroenetarikoa da biztanle bakoitzaren errentari (per capita errenta) dagokionez. Gainera, Mafiarekin. organizazio kriminalarekin eta legez kanpoko droga-trafikoarekin arazo larriak daude.

Ondarea

Sakontzeko, irakurri: «Valle dei Templi»

Valle dei Templi ingurua hiri zaharraren hegoaldera dago. K.a. VI. eta V. mendeetako zazpi tenplu greko doriar ordenaren aztarnak daude; zati batzuek zutik diraute. Inguru guztia UNESCOk 1997. urtean Gizateriaren ondare izendatu zuen.[3]

Senidetutako hiriak

Iruditegia

Erreferentziak

  1. Euskaltzaindia. 157. araua. Europako hiriak. .
  2. Domínguez Monedero, Adolfo J.. (1993). La polis y la expansión colonial griega. Siglos VIII-VI. Madril: Síntesis, 18 or. ISBN 84-7738-108-9..
  3. UNESCO. Archaeological Area of Agrigento. .

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.