Ajangiz
Ajangiz Bizkaiko erdialdeko udalerri bat da, Busturialdea eskualdekoa. 465 biztanle zituen 2016. urtean. 7,5 kilometro koadro ditu.
Ajangiz | |||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Bizkaia, Euskal Herria | |||||||||||
| |||||||||||
Administrazioa | |||||||||||
Estatua | Espainia | ||||||||||
Erkidegoa | Euskal Autonomia Erkidegoa | ||||||||||
Lurraldea | Bizkaia | ||||||||||
Eskualdea | Busturialdea | ||||||||||
Izen ofiziala | Ajangiz | ||||||||||
Alkatea | Mikel Ander Zubizarreta González-Rua (EH Bildu) | ||||||||||
Posta kodea | 48320 | ||||||||||
INE kodea | 48911 | ||||||||||
Herritarra | ajangiztar | ||||||||||
Kokapena | |||||||||||
Koordenatuak | 43°17′59″N 2°40′12″W | ||||||||||
Azalera | 7,35 km² | ||||||||||
Garaiera | 21 metro | ||||||||||
Distantzia | 29,7 km Bilbora | ||||||||||
Demografia | |||||||||||
Biztanleria | 478 (2023) −2 (2022) | ||||||||||
| |||||||||||
Dentsitatea | 65,03 bizt/km² | ||||||||||
Hazkundea (2003-2013)[1] | % 4,65 | ||||||||||
Zahartze tasa[1] | % 19,53 | ||||||||||
Ugalkortasun tasa[1] | ‰ 34,09 | ||||||||||
Ekonomia | |||||||||||
Jarduera tasa[1] | % 81,36 (2011) | ||||||||||
Genero desoreka[1] | % -7,59 (2011) | ||||||||||
Langabezia erregistratua[1] | % 4,99 (2013) | ||||||||||
Euskara | |||||||||||
Euskaldunak[1] | % 85,62 (2010) | ||||||||||
Kaleko erabilera [2] | % (2016) | ||||||||||
Etxeko erabilera [3] | % 81.53 (2016) | ||||||||||
Datu gehigarriak | |||||||||||
Webgunea | http://www.ajangiz.net |
Ajangizko eliza nagusia Mendieta auzoan dago, eta Igokundearen eliza deitzen da. Kanpantxu auzoan Donieneko edo San Juan baseliza dago.
Geografia
Ingurune naturala eta klima
Klima epela du, hegoaldeko haizearen eraginez eta Burgogana mendiari esker (181 m); izan ere, horrek sortaldeko haize hotzetatik babesten du herria. Usagana (136,8 m) eta Gantzabal (99 m) dira herrian dauden beste gainetariko batzuk. Erliebe leunak eta zelai sakon, umel eta emankorrek Ajangiz herri nekazaria izatea eragin dute. Paisaia landaz, ortuz eta baserri-gune txikiz osotuta dago.
Oka ibaia itsasadar bihurtzen da Ajangizen. Hain zuzen ere, erreka horrek sortu du itsasoarekin bat egitean Urdaibaiko paduraren sedimentazioa. Eskualde guztian bezala, Ajangizko habitatak asko eta askotarikoak dira, eta dibertsitate ekologikoa oso aberatsa da.
Ajangiz Urdaibaiko biosfera erreserbaren erdigunean dago. Kokapen horretatik, eta hamar bat kilometroren barruan, paisaia aberatsak eta askotarikoak aurki daitezke bertan, esate baterako padurak, Kantauriko arteak, barrualdeko landazabal atlantikoa, edo Oiz, Sollube eta Illunzar mendien tontorrak.
Ajangizen nagusi dan paisaia (eta Ajangiz, gainera, paisaia horren erakusgarri bikaina da) landazabal atlantikoa da. Bertan, baso masa txikiak, zelaiak, belardiak eta laborantzarako lursailak daude uztartuta.
Faunari dagokionez, aipatzeko modukoak dira, beste animalia batzuen artean, ugaztun txikiak: satitsuak edo lursagu gorria, adibidez. Badira musker eta sugandila espezie asko ere.
Udalerri mugakideak
Ajangizek mugakide ditu: iparraldean, Arratzu; sartaldean, Gernika-Lumo; hegoaldean, Muxika; eta sortaldean, Mendata.
Historia
Historiaurrean Urdaibaiko eskualdean giza talde ugari bizi izan ziren, nekazariak eta abeltzainak. Neolitiko aurreratuaren eta Brontze Aroaren (K.a.ko 5.500 eta 2.800 urteen bitartean) artean bizi izan ziren, bertan aurkitutako aztarnategi arkeologiko ugariek erakusten dutenez. Historian barrena Urdaibaiko itsasadarra komunikazio bide garrantzitsua eta oso erabilia izan da, bertatik igaro dira-eta Done Jakue Bidea, Ardaoaren eta Arrainaren Ibilbidea eta Zin-egite Ibilbidea.
Ajangizko bizilagunak herriko landa eta basoen esplotaziotik bizi izan dira. Ibarrean laboreak landatzen ziren, batez ere artoa. Beste alde batetik, basoetatik Gernikako portu txikiko ontzitegietan ontziak egiteko eta herrian zeuden hiru burdinoletarako behar zen egurra ateratzen zuten. Herrian, burdinolez gain, hiru errota ere egon izan dira erreka arroetan.
Ajangizen lehenengo erreferentziak
Ajangizen gainean aurkitu den lehenengo idatzizko erreferentzia Fray Martin de Coscojalesen agiri batean dago. Bertan, ondoko hau aitatzen du: “Señor de las Asturias Altas de Oviedo, que, huyendo del Rey de Asturias, se acogió en Vizcaya, y su hijo fundó la casa de su nombre en Axangiz (788)”. Hurrengo erreferentziak Erdi Aroko alderdi gerrekin daude lotuta.
Ajangizko “ledania”
XVI. mendearen erdialdean, Gernikako Batzarretan boto eskubidea zuten elizateen zerrenda itxi zenean, Ajangizek eskubide osoz hamaikagarren postua bete zuen, baina estatus juridiko bereziarekin: “ledania” zen. Antolaketa modu hau kasu bakarra da, eta Erdi Arotik Antxinako Erregimenaren amaierara arte iraun zuen, harik eta Ajangiz elizate bihurtu zen arte. Parrokia 1844an amaitu zen, baina ordura arteko urteetan Jaunaren Igokundearen ermita zaharrak eliza funtzioa bete zuen, parrokiako liburuak kontrolatuz.
Desanexioa
1943an Ajangizko Eleizatea nahitaez anexionatu zuten Gernika-Lumora. Gero, 1991ean independentzia lortu zuen, baina Errenteriako auzunea kanpoan gelditu zen. Gaur egun, Mendieta eta Kanpantxu auzuneek osotzen dute Ajangiz.
Demografia
1943. eta 1991. urtean Ajangizko biztanleak Gernika-Lumokoekin batera zenbatu ziren.
Ajangizko biztanleria |
---|
Euskara
Biztanle gehienak euskaldunak dira Ajangiz herrian (%92). Bertako euskara mendebaldeko hizkeraren barne kokatzen den Busturialdeko euskara[7][8] da. Besteak beste, Ea, Gernika-Lumo, Bermeo, Elantxobe, Ibarrangelu, Kortezubi... ere kokatzen dira euskara honen barnean. Euskara gaitasun altua dela eta,herria UEMAko mankomunitatean sartuta dago.
Politika
2015eko maiatzaren 24ko hauteskundeetako emaitzen ondorioz Mikel Ander Zubizarreta Gonzalez-Rua (EH Bildu) da Ajangizko alkatea, aurreko agintaldiko alkatetza berrituta. Zubizarretak alkatetza berritu zuen bere taldearen baiezko botoei esker, gehiengo osoaz.
Ajangizko udalbatza | |||||
Alderdia |
2015eko maiatzaren 24a |
2011ko maiatzaren 22a | |||
Zinegotziak | Boto kopurua | Zinegotziak | Boto kopurua | ||
Euskal Herria Bildu (EH BILDU)* | 5 / 7 |
5 / 7 |
|||
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ-PNV) | 2 / 7 |
2 / 7 |
|||
* 2011n Bildu koalizioa aurkeztu zen. | |||||
Datuen iturria: Udal hauteskundeen emaitzak euskadi.eus webgunean |
Jaiak
• Asentzioak: Ajangizko jai nagusia da. Jaunaren Igokundearen egunean ospatzen da, Eguen Santu ostean berrogei egun igaro eta gero datorren lehenengo eguenean.
• Maiatzaren 15a: San Isidro eguna. Baserri giroko herririk gehienetan bezala, nekazarien zaindariaren eguna Ajangizen ere ospatzen da.
• Ekainaren 24a: Sanjuanak, San Juan Bataiatzailearen egunean, Lemandaroko San Juan ermitan, Kanpantxun.
Ondasun nabarmenak
Jaunaren Igokundearen eliza
Basilika erako eraikina da, estilo neoklasikoan egina, eta dago lehenago izen bereko ermita bat zegoen lekuan. Eskualdeko beste udalerri batzuen aldean, Ajangizek ez zuen parrokiarik izan XIX. mende amaierara arte. Ajangizko parrokia Mendieta auzoan dago, eta Juan Bautista de Belaunzaranen (Andoain, 1769-1849) obra ospetsua da. Belaunzaran Bizkaiko neoklasikoaren arkitekto esanguratsua izan zen, eta Ajangizko parrokia Hermenegildo eta Pedro haren semeek amaitu zuten (horiek ere arkitektoak ziren), aita hil ostean. Eliza neoklasiko honek kupulaz estalitako planta nagusia dauka, eta Belaunzaranen estilo arkitektonikoaren ezaugarri ziren kanonak ditu. Belaunzaranek berak egin zuen elizaren inguruko urbanizazio lana, alboko landa-etxea eta udaletxea bereak dira.
Lemandaroko San Juan baseliza
Lemandaroko San Juan da, Kanpantxuko auzunean, herrian ondoen jagonda dagoen ermita, herriko bizilagunek auzolanean egindako zaharberritze lanei esker. Gaur egun San Juan izena dauka, nahiz eta lehenago San Martin izan. Eleizkizunak San Juan Bataiatzailearen egunean egiten dira. Ajangizek bost ermita izan zituen, baina horietariko batzuk, edo desagertu egin dira, edo txarto zainduak daude.
Mentzeta dorrea
Dorreak ohiko eraikinak dira Erdi Aroko alderdien arteko gerra garaian. Behe Erdi Aroan eraiki ziren, XIII. eta XIV. mendeen artean. Ez dira eraikin militarrak, bizilekua eta zentro ekonomikoa ere badira-eta. Ajangizko dorrea Mentzeta familiarena izan zen. Kanpantxu auzunean dago, eta hau da jausi barik dagoen bakarra. Fatxada harlanduzkoa da eta leiho eta ate dintelduak dauzka.
Aristieta jauregia
Jauregi barrokoa da, Olaeta-Aristieta familiak XVII. mendean egina. Hain zuzen ere, familia horretako bi seme Bizkaiko jaurerriko ahaldun nagusi izatera heldu ziren. Kanpantxun dagoen eraikin eder eta handi hori, gerora, baserri bihurtu zen, eta gaur egun landetxe bat eta nekazaritza ekologikoko zentro bat daude bertan.
Abadetxea
Mendieta auzunean dago, eta 1822koa da. Juan Bautista Belaunzaran arkitektoak egin zuen, Jaunaren Igokundearen eleizearen egileak. Hain zuzen ere, eliza horrekin batera, XIX. mendean eraikitako gune urbanistiko neoklasikoa osotzen du. Orain dela gutxi, Udalak Abadetxea erosi du eta konpontzen dabil, kultura etxea izan dadin.
Ajangizko baserriak
Baserria herri eraikin bat da, eta egokituta dago nekazaritza eta abelazkuntzarako. Herri arkitektura mota horrek erakusgarri interesgarriak dauzka Ajangizen. Zaharrenak XVII. mendekoak dira (adibidez, Auzokoa baserria) eta horietan nabarmentzekoa da zutabe egitura, harri gainean eusten dena. Horien eredu bezala, adibidez, Enbeita baserria dago, Kanpantxu auzunean.
XVIII. mendearen erdialdera, egurrezko egituraren ordez, harria erabiltzen hasi ziren etxea eusteko elementu bezala; aldaketa horri esker, eraikina sendoagoa zenez, leihoak handitu egin ziren eta, horrela, argi gehiago sartzen zen etxean. Kasu honetan, nabarmentzekoa da Ispizua Aurrekoa baserria.
Sartzola baserrian, inguruan gelditzen diren garai bakanetariko baten pilareak ikus daitezke.
Goikoerrota burdinola eta errota
Berrekondo errekaren bazterrean daude Goikoerrota burdinola eta errota. Goikoerrotak presa bitatik hartzen zuen ura, hainbat errekatako emariak batzen zituztenak. Burdinola ohiak, era berean, orain dela gutxira arte, zentral elektriko txiki bezala funtzionatu zuen, Gernika-Lumorako elektrizitatea sortzeko.
Ajangizen, Goikoerrotaz gain, beste bi errota egon ziren: Bekoerrota, aurrekoaren ondoan, eta Errotabarri.
Ajangiztar ospetsuak
- Leon Intxausti (1859-1937), elizgizon agustindar errekoletoa. 1999ko martxoaren 7an dohatsu bilakatu zen.
- Buenaventura Gabikaetxebarria (1887-1936), erlijio-izenez Frai Buenaventura de Santa Catalina, apaiz hirukoiztarra. Dohatsu egin zuen Frantzisko aita santuak 2013. urtean.
- Balentin Aurre-Apraiz (1912-2007), euskal idazlea, «Aurraitz», «Mendi-bide», «Agerrekoa» ezizenez ere ezaguna.
- Julia Berrojalbiz (1923-1998), irakaslea eta euskaltzalea, Bizkaiko ikastolen mugimenduaren bultzatzailea.
Ikus, gainera
- Bizkaiko udalerrien zerrenda
Kanpo estekak
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Bizkaia |
- Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
- «Kaleko erabilera herrialdez herrialde» Euskararen erabilera (Wikipedia).
- «Etxeko erabilera» Euskararen erabilera (Wikipedia).
- «Odriozola Jaio, Miren - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-28).
- «"Ya no se existen Mirenes" - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-28).
- «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» www.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-28).
- «Busturialdekoa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-19).
- «Ajangiz - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-19).