Aitzineuskara

Aitzineuskara euskara historikoa (idatzia) baino lehenagoko euskara hipotetikoa da. Euskarak ahaide ezagunik ez duenez, haren ezaugarriak barne berreraiketa izeneko teknikaren bidez ondorioztatu dira. Arlo horretan aurrerapenik handienak Koldo Mitxelena eta Joseba Lakarra hizkuntzalarien eskutik etorri dira, biek garai ezberdinetako hizkuntza egoerak proposatu arren. Mitxelenaren lanak erromatarrak etorri baino lehenagoko hizkuntza egoera islatzen du (aitzineuskara); eta Lakarrarenak, bigarren urrats gisa, zeltak etorri aurretikoa (aitzineuskara zaharra).

Fonologia

Aitzineuskararen sistema fonologikora arrakastaz hurbildu zen lehena André Martinet izan zen. Latinetiko maileguetan hitz barruan leherkarien ahostun edo ahoskabe ezaugarria mantentzen zen, baina hitz hasieran ez zen holakorik, eta ahostun gertatzen ziren guztiak. Esaterako, pace(m) > bake (latinetik gaurko euskararako bilakaera). Euskaraz ezberdintze hori hitz barruan baino ez zela gertatzen proposatu izan zen, baina horrek ez lirudike normala munduko hizkuntzen artean. Martinetek eztabaidara ekarri zuen danieraren leherkarien sistema: hor, ezaugarria ez da [ahostun/ahoskabe], baizik eta [fortis/lenis], hau da, fonema batek gauzatze indartsua du eta besteak, ahulagoa. Horretaz aparte, bakoitzak ebakera ezberdina du, kokapen indartsuan (berba hasieran) edo ahulean (bokal artean) egotearen arabera: latinetiko hotsak batekin ala bestearekin ordezkatzen ziren kokagunearen arabera.

Mitxelenak sistema hori onartu, eta gainera, sistema osora zabaldu zuen. Honela, fortis sail oso bat gertatzen zen, bakoitzak bere pareko lenisarekin. Honez gain, Mitxelenak /m/-a sistematik baztertu zuen, hots bigarrenkaria zelakoan (gehienetan /b/ baten lekuan dago, hurbileko /n/ baten eraginez sortua), /p/ fonema ere baztertu zuen banaketa osagarrian agertzen zelakoan eta hots sabaikariak ere adierazgarritzat jo zituen. Bestalde, /n/ eta /l/-ren forma fortisak (/N/ eta /L/) proposatu zituen. /N/ fonemak azaltzen du zergatik latinez <nn> grafia duena gaurko euskaraz /n/ gisan mantentzen den eta <n> zena zergatik desagertu den. Era berean, lehengo /L/ak gaur /l/ gisan gordetzen dira, baina /l/ zirenak /r/ bakunak dira. Lenizio prozesu horiek Erdi Aroa baino lehen gertatu bide ziren.

Beraz, Mitxelenak honako sistema proposatzen zuen, Lakarrak ere onartzen duena:

LENIS FORTIS
b (p)
d t
g k
l L
n N
r R
s ts
z tz
Hasperena
(h)

Erro silaba bakarrekoa

Lakarrak, aitzineuskara zaharreko erroetarako, CVC (kontsonante-bokal-kontsonante) eredu silaba bakarrekoa proposatzen du, euskal ondare zaharreko hitzetatik ondoriozta daitekeenez, aurretik proposatu izan zen CVCV eredua baztertuta. Mitxelenak, ostera, (C)V(W)(R)(S)(T) proposatua zuen, baina Lakarraren ustez eredu zabalegia da; gainera, kokagune guztiak ez dira inongo berbatan betetzen. CVC eredu horretako hitzak baditugu oraindik egungo euskaran, hala nola lur, zur edo gar. Dena den, erro silaba bakarreko horiek fonologia atalean azaltzen diren murriztapenak zituzten.

Morfosintaxia

Idatzizko testurik ez izateak aitzineuskararen morfosintaxia ezagutzea asko oztopatzen du. Hala ere, aditz trinkoen ezaugarriek, esaterako, bidea ireki zioten Ricardo Gómezi euskarak gaurko SOV hitz hurrenkera beharrean VSO izango zuela. Beste ezaugarri bat izan bide zen adjektibo kategoria itxia izatea, hau da, adjektibo urriko edo adjektibo gabeko hizkuntza izatea; gaur adjektibo kategoria agian lehenagoko partizipio, mailegu edota erlatibozko perpausez osatua zen, guztiak izenaren eskuinean.

Lexiko sorkuntzarako baliabideak

Garai berantiarrago batean, antzinako CVC erroek aurrizkiak hartzeko gaitasuna garatu zuten (gaurko euskarak ez bezala), eta CV-CVC moduko hitzak dauzkagu garai hartakoak (lagun, mehar <*benar).

Zenbait hitz. Joseba Lakarraren aitzineuskara zaharraren silaba bakarreko erro bikoiztuaren eredu:

Aitzineuskara zaharra Aitzineuskara Euskara
*dar*da-dar *adaR adar
*dats*da-dats *adats adats
*di*di-di *idi idi
*zal*za-zal *azal azal
*der*de-der *edeR eder
*dol*do-dol *odoL odol
*gor*go-gor *gogoR gogor
*nal*na-nal *anaL ahal
*nan*na-nan *anan-tz ahantzi
*nar*na-nar *anaR har
*nin*ni-nin *inin-tz ihintz
*nol*no-nol *onoL ohol
*nur*nu-nur *unuR hur
*zen*ze-zen *zezen zezen
*zo[1]*zo-zo *zozo zozo

Beste adibide batzuk:

Iturria Aitzineuskara Euskara
J. L. *(h)an- + lat. ARIES
*(h)an-(h)untz
ahari
ahuntz
K. M. *ardano ardo
K. M. *ardi-bini
*ardi-zani
arpin
artzain
K. M. *(h)ark-(h)ar elkar
K. M. *arrani arrain
K. M. *bade bat
K. M. *biga bi
K. M. *bene mehe
K. M. *bini mihi
K. M. *bortz bost
K. M. *bortzaz-bi zazpi
K. M. *egu-gaitz ekaitz
K. M. *eLana
*eNala
elai
enara
K. M. *enazur (*anezur?) hezur
K. M. *en-be eme
K. M. *enikatz edo *inikatz ikatz
J. L. *(h)er + ahur hiru
K. M. *eze ez
K. M. *gaztana gazta
K. M. *(h)iL(e)-argi ilargi
K. M. *ini ihi
J. L. *larr + ahur lau
- *No ño, -ño
J. L. *(h)oin-(h)oin*(h)onoin ohoin
K. M. *organa orga
K. M. *sen-be
*seni
seme
sehi
K. M. *suni suhi
K. M. *un-be ume
K. M. *zani zain (jarduera)
K. M. *zini zii, zi

Aditz zaharraren eredua, Koldo Mitxelena, Alfontso Irigoien, Larry Trask, Ricardo Gómez, Joseba Lakarra eta abarren arabera.

Aitzineuskara Euskara
*e-aki-n jakin
*e-biL[2]-i
*e-ra-biL-i
ibili
erabili
*e-du-n
*da-du-da[3]*dadut
*da-du-ga*daduk
*edun
dut
duk
*e-go-n
*ni-da-go*nago
*hi-da-go*hago
*gu-da-go-de*gagode
? > *dagode
egon
nago
hago
gaude
daude
*e-iza-n
*ni-da-iza*naiza
*hi-da-iza*haiza
izan
naiz
haiz
*enau(t)si
*dinau(t)sda
*enaus-(k)era

di(n)ost, dinaust
êûskara[4] → euskara
*e-oa-n
*e-ra-oa-n
joan
eraman

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskara


This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.