Ai Yazawa
Ai Yazawa (japonieraz: 矢沢 あい Yazawa Ai) (Amagasaki, Hyōgo, Japonia, 1967ko, martxoaren 7a) mangaka japoniar bat da. Bere obrarik ezagunena Nana da (2000-2009), manga-serierik salduenetako bat.[1]
Ai Yazawa | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Osaka, 1967ko martxoaren 7a (57 urte) |
Herrialdea | Japonia |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | japoniera |
Jarduerak | |
Jarduerak | mangaka eta gidoilaria |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Biografia
Ai Yazawa 1967ko martxoaren 7an jaio zen Osakan, Japonian. Mangaka bihurtu aurretik, Osakako Moda Akademian izan zen, herrialdeko ezagunenetakoa, baina utzi egin zuen mangan bakarrik aritzeko. Bere lanak sinatzeko Ai (maitasuna) eta Yzawa (Eikichi Yazawa abeslari japoniarraren zale handia da) batuz osatutako izengoitia erabiltzen du.[2]
Yazawa 1985ean hasi zen profesionalki lanean, Ano Natsu izenburuko shōjo one-shot-a[oh 1] —neskei zuzendutako kapitulu bateko istorioa—Ribon Original aldizkarian argitaratu zuenean.[3] Aldizkariak kontratatu egin zuen, eta istorio laburrak argitaratzen jarraitu zuen bertan, haien artean, 15-nenm, Love Letter, Kaze ni Nare!, Escape edo Ballad Made Soba ni Ite.[4]
Yazawa ospea hartzen hasi zen 1990eko hamarkadaren hasieran lau liburukitan kaleratutako Marine Blue no Kaze ni Dakarete-rekin.[4] 90eko hamarkadan, Tenshi Nanka Ja Nai, Gokinjo Monogatari eta Kagen no Tsuki kaleratu zituen.[2]
2000ko hamarkadan, Ai Yazawak ospe handia lortu zuen nazioartean, bere lehen josei-a —emakume heldu eta gazteei zuzendutako estiloa— argitaratu zuenean, Paradise Kiss; eta are handiagoa NANA kaleratzean, Japonian inoiz izan den josei/shōjo mangarik salduena.[2]
NANA 2000 eta 2009 artean argitaratu zen, baina 2009ko ekainean jakinarazi zuten Yazawak bat-bateko gaixotasun bat izan zuela, eta ospitaleratu behar izan zutela. Horren ondorioz, bertan behera utzi behar izan zuten Nana mangaren edizioa.[5] Yazawak 2010eko apirilean utzi zuen ospitala, baina oraindik ere ez da jakin noiz hasiko den Nana seriea berriro argitaratzen.[6] Mangakak, baina, 2016ko abuztuaren 2ko Rola aldizkarian argitaratutako elkarrizketan, seriea ahalik eta lasterren bukatzeko asmoa zuela adierazi zuen;[7] baina, oraingoz, ez da halakorik gertatu[8], Nana protagonista duen kartelen bat egin badu ere[9].
Ai Yazawak hainbat ilustrazio-proiektu txiki burutu ditu Nana seriea utzi zuenetik. 2014ra arte, Junko's Room Nanaren spin-off-aren zenbait kapitulu argitaratu zituen. Urte berean, 2015eko Nana egutegiaren osaketan parte hartu zuen kolorezko zenbait ilustrazio eginez. 2016an, Tenshi Nanka Ja Nai eta Gokinjo Monogatari serietako zenbait pertsonaia agertzen ziren minimanga bat argitaratu zuen. Horrez gain, 2020an, ilustrazio berezi bat egin zuen "Space Channel 5 VR" bideojokoen sagaren ospakizunerako.[4]
2022ko uztailaren 20an mundua harritu zuen "ALL TIME BEST Ai Yazawa" erakusketarekin, Yazawaren artelanetan oinarritutako arte erakusketa, non artistaren manga serieetako onena bildu zen 100 ilustrazio originaletan.[10][4]
Obra
Lanik garrantzitsuenak
Ai Yazawaren mangarik ospetsuenak Tenshi Nanka Ja Nai (天使 なんか じゃ 内 - Aingeru bat bezalakoa da,1991-1994), Gokingo Monogatari (ご近所 物語 - Auzotegiko historia, 1995-1997), Paradise Kiss (パラダイス・キス, 1999-2003), eta bereziki Nana (ナナ, 2000-2009) dira.[oh 2][11] Gehienak, Japonian, Shueisha argitaletxearen Ribon eta Cookie aldizkarietan argitaratu izan dira.[11] Nana seriea, adibidez, Cookie-n argitaratu zuten.[12] Beste batzuk, berriz, beste argitaletxeetako aldizkarietan agertu dira. Haietako bat Paradisse Kiss manga seriea da, Shodensha editorialaren Zipper aldizkarian argitaratua.[13][14] Mendebaldean, Yazawaren hainbat manga argitaratu dira, baina euskaraz ezin dugu bere lanik irakurri[15]; bai, ordea, gaztelaniaz[16] edo frantsesez[17][18][19].
Nana
Nana 2000. urtean agertu zen lehen aldiz Shueisha argitaletxearen Cookie aldizkariko orrialdeetan, hau da, Japoniako komikigintzaren enpresa handiko "neskatoentzako" istorioen sailean, eta horregatik izan da beti shôjotzat hartua. Hala ere, bere pertsonaien eta istorioen heldutasuna eta sakontasuna gehiago egokitzen zaizkio josei-ari, hau da, emakume helduentzako mangari, neskei zuzendutako erromantze tipikoei baino. Nahiz eta hainbat tarte entretenigarri eta lasai izan, zeinetan umoreak, musikak (punka batez ere) eta une erromantiko tipiko eta karikaturizatuek (hasieran batez ere) presentzia handia hartzen duten, Nanak maitasunaren eta pertsonen arteko harremanen ikuspegi nahiko gordin eta gizatiarra eskaintzen du, akatsez, erorketez eta zutitu beharraz josia.[20]
Nanaren alderdirik garrantzitsuena bere pertsonaiak dira, oso ondo landuak eta diseinatuak, bakoitza bere nortasun oso markatuarekin, arketipoetan oinarrituak hasieran, baina gertaerak bizi ahala eta bere istorioak aurrera egin ahala heltzen eta eboluzionatzen doazenak. Bilakaera naturala da, ez dago beharturik. Izan ere, Nana bere errealismo ikaragarriagatik nabarmentzen da, eta horri esker irakurleak enpatiarik handiena garatzen du trama eta pertsonaiekin. Nanaren pertsonaien esperientziak mundu errealari lehen aldiz aurre egiten dien hogei urteko edozein gaztek izan ditzakeen berberak dira; baina eraikitzeko eta kontatzeko modua hain da erreala eta hain dira hurbilak eta sinesgarriak, ezen ezinezkoa baita haiekin identifikatuta ez sentitzea.[20]
Manga honen tramaren erabateko intentsitateak beharrezkoak zituen goi-mailako atal grafiko eta estetika bereziak. Horretarako, Yazawak Sid Vicious eta Nancy Spunger punkaren ikonoak hartu zituen Ren eta Nana pertsonaientzako eredu gisa. Jantzitegiak —punk estetikaren arduradun nagusitzat jotzen den Vivienne Westwood-en diseinuek osatua— erabat indartu zuen estetika hori. Bestalde, autoreak pertsonaien marrazkia lehenetsi zuen. Bere estiloan ohikoak diren begiekin, neurriz gain sakonak, eta muturreko argaltasunarekin irudikatu zituen, abismo-ertzean oinazetan dauden neska eta mutil horientzat hain egokiak diren ezaugarriekin, alegia. Gainera, bineten arteko kaleak lerroak baino ez ziren, eta atzealdeak digitalki editaturiko argazkiak. Horrela, lana aurrezteaz gain, seriearen estetika definitu zuen.[8]
Nana 2009ko uztaileko edizioan agertu zen azken aldiz aldizkarian, 84 kapituluan, eta bertan iragarri zuten seriea mugarik gabe etengo zela. Oso harrera ona izan zuen.2008an gehien saldu zen seigarren manga seriea izan zen. 2019ko irailean jakinarazi zuten mangak 50 milioi kopia baino gehiago zituela salduta.[4]
MadHouse Studiosek 47 kapitulutan egin zuen Nanaren moldaketa animatua, 2006ko apirilaren 5etik 2007ko martxoaren 27ra arte eman zena. Telesailak arrakasta handia izan zuen, telebistako audientzia-indize oso altua lortu baitzuen gaueko anime batentzat, eta asteko audientzia-rankingaren top 10ean sartzea lortu zuen.[4]
2005eko irailaren 3an Nana live-action filmerako egokitzapena estreinatu zen. Filmak arrakasta izan zuen Japoniako zine-aretoetan. Lau mila milioi yen baino gehiago bildu zituen eta 10 pelikula ezagunenen artean egon zen hainbat astez. Lehen filmaren debutaren ondoren, bigarrena, "Nana 2", 2006ko abenduaren 9an estreinatu zen.[21]
2016ko irailaren 9an, Ai Yazawak ROLA aldizkariaren azala diseinatu zuen, eta elkarrizketa bat egin zioten. Honela erantzun zuen Nanari buruz eginiko galderari:[2]
Nana nire bizitzako lana da. Bertan, jokoan jarri nituen eskura nituen karta guztiak. Sentitzen dut hainbeste itxaron izana; egunen batean, berriro ahal dudan ondoen egiten saiatuko naiz.[2]
Estiloa
Yazawaren istorioek, oro har, emakume gazteak eta haien arteko harremanak izaten dituzte ardatz. Pertsonaiek jazteko oso estilo dotorea izaten dute beti. Yazawa bereziki ezaguna da modaz duen zentzu modernoagatik. Moda-eskola batera joan zen bigarren hezkuntzaren ondoren, baina han ez zituen ikasketak amaitu. Bere estiloaren beste puntu giltzarri bat haren pertsonaia menderakaitzak dira, gizartean izaten diren beste izaera tradizionalen aurka aurkeztu ohi direnak.[22]
Yazawa Taku Tsumugi manga artistarekin parekatu izan dute, sakontasunaz eta geruzez egiten duen erabileragatik.[23]
Lanak
Ai Yazawa gidoilari eta marrazkilari:
- 1985: Ano Natsu ()[oh 3]
- 1986: Jūgonen me (15年目 - The Fifteenth Year)[24]
- 1987: Love Letter (ラブレター - Love Letter)[25]
- 1988: Kaze ni Nare! (風になれ! - Become the Wind!)[26]
- 1988: Esukeepu (エスケープ - Escape)[27]
- 1989: Ballad Made Soba ni Ite (バラードまでそばにいて - Stay With Me till the Ballad) 2 liburuki[28]
- 1990–1991: Marine Blue no Kaze ni Dakarete (マリンブルーの風に抱かれて - Embraced by the Marine Blue Wind) – 4 liburuki[29]
- 1992: Usubeni no Arashi (うすべにの嵐 - The Light Pink Storm)[30]
- 1992–1995: Tenshi Nanka Ja Nai (天使なんかじゃない - I Am Not An Angel) – 8 liburuki[31]
- 1995–1998: Gokinjo Monogatari (ご近所物語 - Neighborhood Story) – 7 liburuki[32]
- 1998–1999: Kagen no Tsuki (下弦の月 - Last Quarter) – 3 liburuki[33]
- 1999–2004: Paradise Kiss (パラダイス キス) – 5 liburuki[34]
- 2000–2009: Nana (ナナ) – 21 liburuki[35]
- 2003: Nana 7.8 ~ Premium Fan book! (ナナ&ハチPremium Fan book! - Nana Fanbook)[36]
Lankidetzan:
- 2004-2005: Purinsesu Ai monogatari (プリンセス・アイ物語 - Princess Ai Monogatari) Gidoia: Courtney Love, DJ Milky, Ai Yazawa. Marrazkia: Misaho Kujiradou.[37]
- 2008: Princess Ai - The Prism of Midnight Dawn. Gidoia: Christine Boylan, Courtney Love, DJ Milky, Ai Yazawa. Marrazkia: Misaho Kujiradou.[38]
- N/A : Princess Ai: Encounters. Gidoia: Anthology, Courtney Love, Stuart Levy, Ai Yazawa. Marrazkia: Misaho Kujiradou.[39]
Oharrak
- Komikietan, one-shot bat —hainbat zenbakik edo kapituluk osatzen dituzten serie mugatuak edo aribidean dauden serieak ez bezala—zenbaki edo kapitulu independente bakar batez osatutako lan bat da.
- Ai Yazawaran bat ere lanik ez da, oraindik, euskaraz argitaratu. Beraz, hemen agertzen diren tituluen itzulpenek ez dute zertan bat etorri hemendik aurrera izan litezkeen euskarazko argitalpenetakoekin.
- Ai Yazawa argitaratutako lehen lana, Ano Natsu (1985), bere zenbait biografiatan aipatzen da, baina ez dago haren erreferentziarik manga liburuen zerrendak jasotzen dituzten plataforma handietan (MangaDex, Baka-Updates Manga, Anime News Network, IMD, adibidez) edo Yazawaren biografia agertzen den hizkuntza desberdinetako wikipedietan.
Erreferentziak
- (Ingelesez) Rosenbaum, Roman. (2013). Manga and the representation of Japanese history. Taylor & Francis, 111 or. ISBN 978-0-415-69423-0. (Noiz kontsultatua: 2024-02-21).
- (Portugesez) Rodinistzky, Rafaella. (2020-01-28). «10 mulheres mangakás para iniciar no universo dos quadrinhos japoneses» Delirium Nerd (Noiz kontsultatua: 2024-02-23).
- (Frantsesez) «YAZAWA Ai» web.archive.org (Auteur Akata / Delcourt) 2016-03-17 (Noiz kontsultatua: 2024-02-24).
- (Gaztelaniaz) Sofia. (2023-03-15). «Ai Yazawa, la unión entre la moda y el manga | Biografía» ANIME Argentina (Noiz kontsultatua: 2024-02-23).
- (Ingelesez) Loo, Egan. (2024-02-23). «Nana's Ai Yazawa Puts Manga on Hold Due to Illness» Anime News Network (Noiz kontsultatua: 2024-02-23).
- (Ingelesez) Loo, Egan. (2024-02-23). «Nana Manga Creator Ai Yazawa Returns from Hospital» Anime News Network (Noiz kontsultatua: 2024-02-23).
- (Gaztelaniaz) cassius. (2016-08-18). «Ai Yazawa: "Terminaré Nana"» Ramen Para Dos (Noiz kontsultatua: 2024-02-23).
- (Gaztelaniaz) oscarsenar. (2024-01-30). «‘Nana’, de Ai Yazawa: Cosa del destino» Viñetario.com (Noiz kontsultatua: 2024-02-23).
- (Italieraz) Giacinto, Federica Di. (2024-02-05). «L'Autrice di Nana fa rivivere la serie di successo con una speciale collaborazione manga» NerdPool (Noiz kontsultatua: 2024-02-23).
- Loveridge, Lynzee. (October 2, 2018). «NANA's Ai Yazawa Draws Historical Men's Fashion for New Book» Anime News Network.
- (Gaztelaniaz) «Ai Yazawa (矢沢 あい)» www.listadomanga.es (Listado Manga) (Noiz kontsultatua: 2024-02-21).
- (Gaztelaniaz) Merino, Rubén. (2018-02-14). «Nana, de Ai Yazawa» www.zonanegativa.com (Zona Negativa) (Noiz kontsultatua: 2024-02-21).
- (Gaztelaniaz) Ruisu. (2016-02-22). «Paradise Kiss» Ramen Para Dos (Noiz kontsultatua: 2024-02-21).
- «祥伝社の出版物» shodensha.co.jp.
- «NorDaNor | EIZIE» nordanor.eus (Noiz kontsultatua: 2024-02-23).
- «Listado Manga · Autor · Ai Yazawa» www.listadomanga.es (Noiz kontsultatua: 2024-02-23).
- (Frantsesez) «Je ne suis pas un ange, tome 1 - Ai Yazawa» Babelio (Noiz kontsultatua: 2024-02-23).
- (Frantsesez) «Gokinjo, une vie de quartier, tome 1 - Ai Yazawa» Babelio (Noiz kontsultatua: 2024-02-23).
- (Frantsesez) «Ai Yazawa (auteur de Nana, tome 1)» Babelio (Noiz kontsultatua: 2024-02-23).
- (Gaztelaniaz) Merino, Rubén. (2024-02-23). «Nana, de Ai Yazawa - Zona Negativa» www.zonanegativa.com (Noiz kontsultatua: 2024-02-23).
- (Gaztelaniaz) Sofia. (2023-03-15). «Ai Yazawa, la unión entre la moda y el manga | Biografía» ANIME Argentina (Noiz kontsultatua: 2024-02-23).
- (Ingelesez) McNeil, David. (2005-09-02). «Cartoon friends strike a blow for Japanese women» The Independent (Noiz kontsultatua: 2024-02-24).
- (Ingelesez) Wheeler Macwilliams, Mark. «Japanese visual culture : explorations in the world of manga and anime | WorldCat.org» search.worldcat.org (Noiz kontsultatua: 2024-02-24).
- «15-nenme - Baka-Updates Manga» www.mangaupdates.com (Noiz kontsultatua: 2024-02-24).
- «Love Letter (YAZAWA Ai) - Baka-Updates Manga» www.mangaupdates.com (Noiz kontsultatua: 2024-02-24).
- «Kaze ni Nare! - Baka-Updates Manga» www.mangaupdates.com (Noiz kontsultatua: 2024-02-24).
- «Escape (YAZAWA Ai) - Baka-Updates Manga» www.mangaupdates.com (Noiz kontsultatua: 2024-02-24).
- «Ballad Made Soba ni Ite - Baka-Updates Manga» www.mangaupdates.com (Noiz kontsultatua: 2024-02-24).
- (Ingelesez) «Embraced by the Marine Blue Wind» MangaDex (Noiz kontsultatua: 2024-02-24).
- (Ingelesez) «The Light Pink Storm» MangaDex (Noiz kontsultatua: 2024-02-24).
- «Tenshi Nanka ja Nai - Baka-Updates Manga» www.mangaupdates.com (Noiz kontsultatua: 2024-02-24).
- (Ingelesez) «Neighborhood Story» MangaDex (Noiz kontsultatua: 2024-02-24).
- «Kagen no Tsuki - Baka-Updates Manga» www.mangaupdates.com (Noiz kontsultatua: 2024-02-24).
- «Paradise Kiss - Baka-Updates Manga» www.mangaupdates.com (Noiz kontsultatua: 2024-02-24).
- (Ingelesez) «NANA» MangaDex (Noiz kontsultatua: 2024-02-24).
- «Nana Fanbook - Baka-Updates Manga» www.mangaupdates.com (Noiz kontsultatua: 2024-02-24).
- «Princess Ai - Baka-Updates Manga» www.mangaupdates.com (Noiz kontsultatua: 2024-02-24).
- «Princess Ai - The Prism of Midnight Dawn - Baka-Updates Manga» www.mangaupdates.com (Noiz kontsultatua: 2024-02-24).
- «Princess Ai: Encounters - Baka-Updates Manga» www.mangaupdates.com (Noiz kontsultatua: 2024-02-24).
Kanpo estekak
- (Ingelesez) «YAZAWA Ai» Baka-Updates Manga (Noiz kontsultatua: 2024-02-24).
- (Ingelesez) «Yazawa Ai» MangaDex (Noiz kontsultatua: 2024-02-24).
- (Gaztelaniaz) Merino, Rubén. (2018-02-14). «Nana, de Ai Yazawa» Zona Negativa (Noiz kontsultatua: 2024-02-24).
- (Gaztelaniaz) Sofia. (2023-03-07). «Ai Yazawa, la unión entre la moda y el manga | Biografía» Anime Argentina (Noiz kontsultatua: 2024-02-24).
- (Gaztelaniaz) oscarsenar. (2024-01-30). «‘Nana’, de Ai Yazawa: Cosa del destino» Viñetario.com (Noiz kontsultatua: 2024-02-24).