Ahate mokozabal

Ahate mokozabala (Anas clypeata edo Spatula clypeata) Anatidae familiaren ahate ez-domestikoa da.

Ahate mokozabal
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaAnseriformes
FamiliaAnatidae
GeneroaSpatula
Espeziea Spatula clypeata
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Emea eta arra.

Mundu osoan zehar hedatutako hegaztia da, negua igarotzera Euskal Herrira etortzen dena[1].

Deskribapena

Ahate ertaina da, 44-52 cm-ko luzera eta 73-82 cm-ko hego-zabalera ditu[2]. 600 gramo inguru pisatzen ditu[3]. Bere moko luze eta zapalak ematen dio izena. Goilare itxura duenez hainbat hizkuntzatan horrela deitzen zaio, gazteleraz adibidez (pato cuchara)[4].

Anatidatan gertatzen den bezala ahate mokozabalak ere sexu dimorfismo nabarmena du, arra oso koloretsua da eta emea aldiz arrea. Arraren burua eta lepoa berde dizdiratsuak dira eta bularra zuria du. Sabelaldea marroi-gorrixka da eta bizkarra marroi iluna badu ere luma zuri eta beltzak ikusten zaizkio. Hegoetan ispilutxo berdea du, hegan ari denean ikusten zaiona. Buztana beltza da eta honek ere baditu luma zuri batzuk[5]. Emeak gainerako ahateen itxura bera du, arre kolorekoa baita batez ere, baina beste espezietatik moko zabalak bereizten du.

Habitata

Europa iparraldean uda pasatzen du eta hegoaldean negua. Aintzira, urtegi eta paduratan ikusten da, beti ere ertzean landaretza sarria bada eta zelaiak edo landa eremuak inguruan baditu[2].

Ugalketa

Eztei garaian ar taldeak bildu eta emeen inguruan egiten dute igeri, emeek aukera ditzaten. Taldekoiak ez badira ere, ohikoa da habiak bata bestearengadik gertu kokatzea. Apirila aldera emeak 9-11 arrautza jatzen ditu landarez eta lumatxaz egindako habiaren gainean. 22-24 egunetan txitatu ondoren txitak jaiotzen dira eta ordu batzuetara gai dira amaren atzetik igerian joateko.40-45 egun behar izaten dituzte hegan egiteko[2].

Elikadura

Moko zabala uretan aurkitzen dituen landare eta animalia txikiak (intsektuak, larbak, krustazeoak, moluskuak) iragazteko diseinaturik dago. Sakonera txikiko urtean mokoa horizontalki ipini eta limoa xurgatzen du. Mokoaren ertzetan dituen mintzetan animalia txikiak harrapatuta gelditzen dira. Ur sakonagoetan gorputza baskulatuz burua sartzen du eta hondoko landareak hartzen ditu. Landa eremutan ere talde handitan elikatzen da[2].

Taxonomia

Carl von Linneok deskribatu zuen aurreneko aldiz 1758 urtean Systema Naturae liburuan eta Anas clypeata izena eman zion. Hainbat taxonomok ordea Anas generotik bereizteko nahikoa ezaugarri badituela kontsideratu eta Spatula generoan sartu dituzte ahate mokozabala eta antzeko beste espezie batzuk.

Iruditegia

Erreferentziak

  1. Clements, James. (2007). The Clements Checklist of the Birds of the World. Ithaca: Cornell University Press.
  2. «Cuchara común» SEO/BirdLife.
  3. Floyd, T. (2008). Smithsonian Field Guide to the Birds of North America. Harper Collins, NY..
  4. «ahate mokozabal - Elhuyar hiztegiak» hiztegiak.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
  5. «Northern Shoveler | Types of Ducks & Geese» www.ducks.org (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.