Aharrausi
Aharrausia ahoa asko irekiz arnasa sakon hartzea, eta ondoren hartutako arnasa botatzea eragiten duen ekintza erreflexua da. Aharrausi egitean tinpanoak eta aurpegiko giharrak luzatzen dira, burua atzerantz makurtzen da, begiak itxi edo erdi ixten dira, malkoak jariatzen dira, listua ekoizten da eta gorputzeko beste hainbat ekintza gertatzen dira.
Aharrausien mekanismoa
Aharrausiak umetoki barneko bizitzan hasi eta gure bizitza osoan zehar gurekin egongo dira. Gure aldamenekoa aho-zabalka hasten bada, gu geu ere horretan hasiko gara. Ia menderaezina da, saihestuz gero prozesua ez-gogobetekoa izango da eta gogaikarria izatera ere hel daiteke. Behin aharrausika hasita ezin dugu eten intentsitate handikoa delako, nahiz eta 5-10 segundo iraun. Bestetik, ornodun guztietan gertatzen den prozesua da: ugaztun, narrasti, arrain, anfibio eta hegaztietan.
Lehenik eta behin, aharrausia nola gertatzen den jakin behar dugu, bere oinarri fisiologikoak hain zuzen ere. Gure sentimen-hartzaileek estimulu bat (gosea, logura, nekea...) garraiatuko dute nerbio-sistema zentralera. Nerbio-sistema zentralak informazioa jaso, prozesatu eta erantzuna sortuko du. Kasu honetan erantzuna erdi-borondatezko erreflexua izango da: aharrausia.
Denok dakigunez, aharrausi egiteko baraila eta mihia beherantz eraman behar ditugu, eta faringea irekiko dugu, horretarako aurpegiko muskulu ugari erabiliko ditugu. Normalean, begiak erdi ixten ditugu eta burua atzera botatzen dugu. Ezin dugu hasperekin nahasi behar, hauek oxigeno gehiago hartzeko balio dutelako eta egindako mugimenduak leunagoak direlako. Esaterako, barailarekin egindako mugimendua ez da hain nabarmena.
Zergatik egiten dugu harrausi?
Hainbat teoriak aldarrikatu dutenez, hauek banan-banan adieraziko ditugu. Iragaite biologikoa deitutako teoriaren arabera, aharrausiak aktibitate batetik beste batera pasatzerakoan gertatzen dira. Adibide dezente daude hau azalduko dutenak, hala nola, hegazkin batean belarria presio atmosferikoari egokitu dadin aharrausi egiten dugu; gidatzen dugunean askotan ahoa zabaltzen dugu arreta berreskuratzeko; kirolariek lasterketa hasi baino lehen; politikariek hitzaldien aurretik; ohetik altxatzean; logura dugunean etab. Gainera, eboluzioan oinarritzen omen da. Izan ere, keinua unibertsala da eta esanahi berekoa mundu osoan, hau da, erreflexua bateratu dugu. Ondorioz, gure alerta-egoera ezagutzera ematen dugu eta aldi berean komunikazioa suspertzen dugu.
Bigarren teoriaren arabera, aharrausiek burmuina hozteko balio dute. Albany unibertsitateko ikertzaileek frogatu dutenez, burmuinak hartzen ditugun kaloria guztien herena kontsumitzen du eta aire hezearen bidez hozten da. Unibertsitate horretan egindako esperimentuetan ikasleek jendea aharrausika zebilen bideokaseteak ikusi behar zituzten. Bitartean ikasleriaren erdiak ahotik arnastuko zuen eta beste erdiak sudurretik. Horrela frogatu dute ahotik arnastean aharrausika hasteko probabilitate gehiago daudela sudurretik arnastean baino. Beste saiakuntza batean, lehen aipatutako bideokaseteak ikusi behar zituzten, baina oraingo honetan ikasleen erdiak izotz-poltsa zuten bekokian; beste erdiak, aldiz, ur beroko poltsa. Lehengo erdiak ez zuen aharrausi egin, bigarrenak bai ostera.
Aharrausiak azaltzeko gehien hedatu den teoria hipoxiarena da. Arnas egiten dugu oxigenoa lortzeko, honen bidez erretzen eta asimilatzen baititugu mantenugaiak. Bestetik, mantenugaiak energia lortzeko erabiltzen ditugu eta karbono dioxido (CO2) produktua ekoizten dugu erreakzioetan. CO2 zeluletatik odolera joan eta gas bat denez arnasketaren bidez gorputzetik kanporatuko dugu. Mekanismo hau automatikoki burutzen da organismoan. Nekatuta, aspertuta gaudenean edo logura dugunean arnasa motelago hartzen dugu eta ondorioz, albeoloak kolapsatzen dira. Odolean hiperkapnia agertzen da (CO2 kontzentrazio altuak) eta zeluletara heltzen den oxigenoa eskasa izango da. Arazoari konponbidea emateko aharrausi egiten dugu oxigeno kontzentrazioa igo dadin. Lo egitean oxigeno kontsumoa jaitsi arren, karbono dioxidoaren ekoizpena ere murrizten da, beraz, ez dago aho zabalka egon beharrik. Hipotesi honen aurka doazenak ere badaude, batzuek oxigeno eta karbono dioxido kontzentrazioek ez dutela aharrausian eragiten defendatzen dute; besteen ustez teoria hau ez luke azalduko umekiek zergatik aharrausi egiten dute birikak erabiltzen ez badituzte.
Hala ere, ahoa zabaltzea zenbait gaixotasunaren adierazle izan daiteke. Ikerketa epidemiologiko baten arabera, Parkinsonen gaixotasunean erreflexu honek ez dauka kontrol hertsirik eta ondorio gisa, agerpenaren maiztasuna eta ezaugarriak aldatuta egon daitezke. Egia esan, Parkinson gaixotasunaren kausa dopaminaren urritasuna da eta onartuta dagoenez dopamina eta azetilkolina, besteak beste, aharrausiaren aktibazioan parte hartzen dute. Gainera, Parkinsonaren aurkako tratamendu batzuekin aharrausiak desagertzen dira. Beraz, Corlieu doktoreak dioen bezala, tratamendu baten eraginkortasuna froga dezake. Bestetik, gehiegizko aharrausiak erreakzio basobagal batek eragin ditzake, hau da, nerbio bagoak odol-hodien gain izan duen eraginaren ondorioz. Kasu honetan bihotz-arazo baten aurrean egon gaitezke. Aharrausi egitea geldiezina baldin bada tumore bat izan daiteke kausa, honek eragindako hipertentsio kraneala, hain zuzen ere.
Kutsakorrak al dira?
Zientzialariek gai honetan ere ez dira ados jartzen. Askoren ustez, aharrausiak geldiarazi ditzakegu horrela erabakitzen badugu, ez baita guztiz oharkabekoa. Nahita agerrarazi ditzakegu hauetan pentsatuz (borondatezko ekintza). Ustez, gizaki primitiboek taldeetan bizi zirenez, atseden hartzeko denak ados jartzen ziren eta seinalea aharrausia zen. Klan horretako kide guztiek seinalea errepikatu behar zuten. Gaur egun aztarna-erreflexua besterik ez litzateke izango. Edozein modutan ere, hipotesi honek ez du azaltzen zergatik aharrausi egiten dugun bakarrik gaudenean.
Adituek animalietan behintzat azaldu duten bezala, aharrausi egitea beldurtzeko keinua izan daiteke. Orain dela urte asko segur aski inguruko izakiei haginak erakusteko balio zuen eta ingurukoek imintzioa errepikatuko lukete mehatxua erantzuteko. Nolanahi ere, pertsonetan erantzun bestigial bihurtu da. Azkenik, badaude enpatiaren adierazle dela pentsatzen dutenak. Giza kontzientzia gehien garatu dutenetan aharrausiak maizago ikusten ditugu, horrela pertsonen sentimenduekin hobeto parekatzen omen dira.
Ondorioak
Teoria hauek guztiak aipatu ondoren argi geratzen dena da aharrausien kausan ikerlariek ez dutela bat egiten. Gainera, oraindik hainbat kontu daude gai honekin erlazionaturik eta argitu behar direnak: Ekintza honen ostean tentsio arteriala igotzen omen da eta baita bihotz-erritmoa ere, ba al dauka zerikusirik aharrausiaren zergatiarekin? Bestetik, zergatik esklerosi anizkoitza duten gaixoak maizago aho zabalka aritzen dira? Dakigunez, gaixotasun horren funtsa ez da hormona edota neurotransmisore baten akatsa, immunitate arazo batean datza. Aharrausiei buruz irakurtzeak ere hauek eragiten ote ditu? Ez hori bakarrik, itsuek kasete bat entzutean non pertsonak aho zabalka dabiltzan, aharrausi egiten dute. Batzuen ustez erreflexu honen ondoren endorfinak jariatzen dira eta horregatik ongizate sentsazioa lortzen dugu, hori horrela izango balitz, zergatik fetuek aharrausi egiten dute? Ikerlari batzuen ustez umekien “aharrausia” ez omen da helduena bezalakoa, irenste-keinu bat izan daiteke edo ahoa zabaltzeko modu bat.
Animalia aharrausiak
Animaliek ere, gizakien antzera, aharrausi egiten dute.
Kanpo estekak
- Zergatik egiten dugu aharrausi? artikulua Zientzia.net gunean (+audioa)
- (Gaztelaniaz) Electroneurobiología. Olivier Walusinski 14 (4) liburukia, 175-202 or., 2006 “Neurofisiología del bostezar y estirarse: su ontogenia y filogenia
- (Gaztelaniaz) BOSTEZO Y EPILEPSIA DEL LOBULO TEMPORAL MEDICINA (Buenos Aires) 2003; 63: 137-139
- (Gaztelaniaz) MedlinePlus Información de Salud para Usted
- (Gaztelaniaz) BOSTEZO IMITATIVO DJ. Daniel Jácome, MD (Profesor de Psico-oftalmología) TN. Ted Narleski, MD (Fellow de Psico-oftalmología)
- Bideoa Tximinoei egindako experimentua: pantailan tximinoak aharrausika agertzen dira eta pelikula ikusten duten tximinoen erantzuna egiaztatzen da.
- Bideoa Ultrasoinua 4D: DR ALBERTO RUEDA JUSTINIANI, TAPACHULA CHIAPAS, MX...