Agosti Xaho

Agosti Xaho Lagarde (Atharratze, Zuberoa, 1811ko urriaren 10a - Baiona, Lapurdi, 1858ko urriaren 23a) kazetaria, idazlea, hizkuntzalaria eta politikaria izan zen. Xahoren izen-deitura ofizialak, frantsesez, Joseph-Auguste Chaho ziren; berak J.-Augustin edo Augustin izenpetzen zuen erdaraz, eta Agosti euskaraz.[1] Haren pentsamoldea, ezkertiar euskal abertzaletasunaren lehen aurrekaritzat hartzen da. Erromantiko sutsua zen. Euskaldunen jatorriaren eta historiaren inguruko hainbat kontakizunen asmatzaile izan zen, hala nola Aitorren kondairarena.

« Xaho politikoagoa izan zen Ipar Euskal Herriko euskaltzaleak baino, eta kulturalistagoa Hego Euskal Herriko foruzaleak (eta abertzaleak) baino. Harengan Bidasoaz bi aldeetako tradizioak elkartu ziren.

[...]

Gaur egun, Xahok, oraindik ere, «umezurtz» dirau. Karlista eta liberala izan zelako. Legitimista, orleanista eta errepublikarra. Euskaldun eta frantsesa. Zuberotar eta manexa. Nafar eta bizkaitarra. Laiko eta hargin beltza. Agosti ez da inorena eta guztiona da.

 »
Xabier Zabaltza[1]

Agosti Xaho

Bizitza
JaiotzaAtharratze-Sorholüze, 1811ko urriaren 10a
Herrialdea Zuberoa, Euskal Herria
HeriotzaBaiona, 1858ko urriaren 23a (47 urte)
Hobiratze lekuaSan Leon hilerria
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
frantsesa
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria, kazetaria eta idazlea
Mugimenduaerromantizismoa

Literaturaren Zubitegia: 550

Bizitza

Haurtzaroa

Agosti Xahoren jaiotetxea Atharratzen

Aitak, André Xahok, hogeita hamalau urte zituen Agosti jaio zenean. Amak, Rose Lagardek, hamazazpi urte besterik ez. Xahotarrak, aita André eta aitatxi Joseph, Atharratzekoak ziren, Erregearen Zuzentzaren ordezkariak. Mauleko lagardetarrak ere ongi jarritako funtzionarioak ziren. Xahotarren artean, bazen idazlerik: osaba Pierrek saiakera bat idatzi zuen euskararen jatorriaz, eta gramatika bat, biak argitaragabeak. Agosti eta haren hiru anaiak tradizio horri lotuko zitzaizkion.[1]

Agosti seme nagusia zen. Guztira zazpi anai-arreba ziren. Haren anaia Jean-Baptistek Etxahun bertsolariaren bizitzaz liburu bat idatzi zuen frantsesez, eta Joben liburua Zuberoako euskaran eman. Beste anaia batek, Jean-Pierrek, Etxahunen biografia hori zubererara itzuli zuen.[1]

Agosti Xahoren jaiotetxeko plaka

Andréren eta Roseren etxean euskaraz egiten zen eta, pentsatzekoa denez, frantsesez ere bai. Agostik, gainera, gaskoiz eta gaztelaniaz ere ongi moldatzeko adina ikasi zuen. Alemanez, latinez eta, agian, grekoz ere ikasi zuen, irakurtzeko eta itzultzeko adina. Haren sanskrito maila, ordea, kaxkarragoa zen nahiz eta Xahok sanskritoz ere ederki zekiela sinetsarazi nahi izan.[1]

Ikasketak

Hamaika urte zituela, Oloroeko apaizgaitegira joan zen bigarren hezkuntzako ikasketak egitera. Berehala gai intelektualek kezkatu zuten, Filosofoa izengoitia irabazi baitzuen.[1]

1830ean, hemeretzi urte zituela, ama galdu zuen. Orduz geroztik «Umezurtza» (Orphelin) izendatuko zuen bere burua. Urte horretantxe edo, agian, hurrengo urtean, Agostik Parisa jo zuen. Haren asmoa zuzenbidea ikastea zen, baina denbora gehiago eman zuen filosofia eta mitologia ikasten legeak aztertzen baino.[1] Parisko zirkulu literarioetan buru-belarri ibili zen eta asko interesatu zen garai hartan boladan zegoen esoterismoarekin.[2]

Handik lasterrera sanskritoa eta euskara lotu nahi zituen saio bat idatziko zuen. Paristik Tolosa Okzitaniara bizitzera joan eta, Parisa itzulirik, Revue des voyans aldizkaria sortu zuen.

Kezka politikoak

1835ean, Hego Euskal Herria Lehen Karlistaldian sartua zela, Nafarroara bidaiatu zuen, eta handik bildutako bizipenetatik Voyage en Navarre pendant l'insurrection des basquesBidaia Nafarroara euskaldunen oldartzearen denboran») idatzi zuen, 1836an. Tomas Zumalakarregi jeneralarekin liluratuta zegoen, eta liburuaren atal batean bera eta jeneral karlistaren arteko elkarrizketa baten berri ematen du, ziurrenik asmatua. Aldi batez karlismoan interesatua egon bazen ere, handik euskaldunen errepublika etor zitekeelakoan, laster aspertu zen karlismoaren klerikalismo eta katolizismoarekin. Errepublikazale sutsua zen heinean gaitzetsi zituen gerra karlistetako bi alderdiak, biak monarkikoak.[3] Urte hartan bertan, Anton Abadiarekin batera, Études grammaticales sur la langue euskarienne idatzi zuen, eta «zazpi uskal-herrietako uskalduner»[4] (zazpi euskal herrietako euskaldunei) eskaini zieten; eskaintza hura izan zen «Zazpiak Bat» goiburuaren aurrekari. Bukatu gabe argitaratu zen lau hizkuntzako hiztegia ere idatzi zuen (euskara, frantsesa, gaztelania eta latina).

Dagoeneko Baionan bizi zela, L'Ariel (1844) eta Uskal-Herriko Gaseta (1848) aldizkariak sortu eta politikari lanetan aritu zen Alderdi Errepublikanoan. Departamenduko kontseilu nagusiko kide izateko hautatu zuten 1849-1851 agintaldirako. Xaho eskolaz eta herria kulturatu beharraz ere arduratua zegoen. 1849ko bozetarako programan haur guztiak, ez dirudunak bakarrik, behar bezala eskolatu behar zirela aldarrikatu zuen[5]. 1848ko Iraultzan buruzagi aritu zen. Louis Napoleonek 1851n estatu kolpea eman zuenean, Xahok Hegoaldera ihes egin behar izan zuen. Gasteizen urte batez egon zen bizitzen, eta handik Baionara itzuli zenean hizkuntza gaietan soilik aritu zen, jardun politikoak oro debekaturik baitzituen.

1858ko urriaren 24an hil zenean, euskal hiztegi batean lanean ari zen. Esan izan denez, euskaldun bati eginiko lehen hileta laikoa Agosti Xahorena izan zen.

Pentsamendua

Xahoren Euskal Herriari edo euskarari buruzko ikuskera mitiko eta mistikoa, bere iritzi politikoak bezala, pentsamendu zabalago baten baitan kokatzen dira. Euskal noblezia eta demokraziaren auzi klasikoak ideia iraultzaile berriekin bat eginda ageri dira kosmogonia esoteriko batean.[6]

Xahoren historia kosmikoaren kontzeptua ziklikoa da. Horren arabera, jatorrian gizakia Jainkoaren eta kreazioaren misterioen jakitun zen errebelazio originalari esker. Errebelazio horren zantzuak euskaldunena bezalako antzinako kulturetan aurkituko lirateke. Zorion betean bizi ziren kultura horiek osatuko lukete Hegoaldeko Herriak. Ondoren, iparraldetik etorritakoen inbasioarekin, hondamendiaren bigarren zikloa abiatu zen. Inbasio horietatik ihesi euskaldunak Pirinioetan babestu omen ziren. Hirugarren zikloa Iparraren eta Hegoaren, gaizkiaren eta ongiaren, arteko borrokarena litzateke. Xahoren ustez 1830eko iraultzak edo 1848koak eta gerra karlistak aro negatiboaren amaiera datorrela adieraziko lukete eta ziklo berri bat martxan jarriko litzateke.

Lanak

Saiakera

  • Azti-begia, Agosti Chaho Bassaburutarrak Ziberou herri maitiari Parisetik igorririk beste hanitchen aitzindari arguibidian goiz izarra (1834)
  • Paroles d'un voyant (1834) (Jean Curutchetek berrargitaratua, Baiona, 1989, ISBN 2.904.348.352)
  • Paroles d'un Biscaien aux libéraux de la reine Christine (1834)
  • La propagande russe à Paris : examen des fragments et considérations de M. le Baron d'Eckstein sur le passé, le présent et l'avenir de l'Espagne (1834)
  • La Philosophie des Révélations (1835)
  • L'espagnolette de S. Louis, Agonie du Parti Révolutionnaire en France eta Lettre a Jacques Laffitte (1840)
  • Histoire primitive des Euskariens-Basques (1840-1847) Beltzuntzeko bizkondearekin elkarlanean. Atal batean Aitorren elezaharra ematen da.
  • Philosophie des religions comparées (1846)

Kontakizun eta eleberriak

  • Voyage en Navarre pendant l'insurrection des basques (1830-1835) (1836). Jakes Sarrailletek eta Xabier Zabaltzak euskaratua: Bidaia Nafarroara euskaldunen oldartzearen denboran (1830-1835), Maiatz, Baiona, 2018. ISBN: 979-10-92009-39-2. Lehenagotik,2014ean, Jakes Sarrailletek zuberera ekarria zuen, Sü Azia elkarteak argitaratua: Nafarroako bidajea, Sü Azia, Maule, 2014. ISBN 978-2-9544626-2-2.
  • Aïtor. Légende cantabre / Aitor. - Leyenda cántabra / Aitor. - Kantabriar kondaira (1845)
  • Lelo ou la Navarre il y a 500 ans (1848)
  • Safer ou des houris espagnoles (1854)
  • Biarritz entre les Pyrénées et l'ocean. Itinéraire pittoresque (1855)

Hizkuntzalaritza-lanak

  • Études grammaticales sur la langue euskarienne Anton Abadiarekin elkarlanean (1836)
  • Dictionnaire basque, français, espagnol et latin, d'aprés les meilleurs auteurs classiques et les dictionnaires des Académies française et espagnole (1856) M letra arte.
  • La guerre des alphabets: règles d'orthographe euskarienne, adoptées pour la publication du Dictionnaire basque, français, espagnol et latin (1856)

Bilduma

  • Azti-begia eta beste izkribu zenbait (1992, Elkar)

Kantua

Errekonozimenduak

« [...]

Bob Marley ere heldu da
eta Anbotoko Mari,
Txaho, Marilyn, Marcos,
Natxo soinulari.

Zergatik dugun hemen
hainbeste algara?
Sekretu handia da,
marabillosoa:
bizipozaren alde
konjuratu gara!

Ez diamante ez perla
ez urre gorririk;
alegrantzia baino
ez dago hoberik.

 »

Joseba Sarrionandia. Alegrantziaren aldeko konjura. Gosariak

Erreferentziak

  1. Xabier Zabaltza: Agosti Xaho. Aitzindari bakartia (1811-1858), Bidegileak bilduma, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2011.
  2. Azurmendi, J. 2020: Pentsamenduaren historia Euskal Herrian, Andoain, Jakin. 310. or.
  3. Azurmendi, J. 2020: Pentsamenduaren historia Euskal Herrian, Andoain, Jakin. 336. or.
  4. Anton Abadia eta Agosti Xaho: Études grammaticales sur la langue euskarienne.
  5. Azurmendi, J. 2020: Pentsamenduaren historia Euskal Herrian, Andoain, Jakin. 247. or.
  6. Azurmendi, J. 2020: Pentsamenduaren historia Euskal Herrian, Andoain, Jakin. 307-311. or.

Bibliografia

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Agosti Xaho Aldatu lotura Wikidatan
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.