Aguraingo kondearen altxamendua
Aguraingo kondearen altxamendua Petri Lopitz Aiarakoa Aguraingo kondearen altxamendu armatua jasotzen duen izen historiografikoa da, Gaztelako Komunitateen Gerraren garaian Junta Santuaren alde egindakoa.
Aguraingo kondearen altxamendua | |||
---|---|---|---|
Gaztelako Komunitateen Gerra | |||
Data | 1520ko azaroaren 6a-1521eko apirilaren 19a | ||
Lekua | Araba | ||
Emaitza | Erregezaleen garaipena | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
Indarra | |||
| |||
Aurrekariak
Diego Martinez de Alaba oinaztarra 1498tik ari zen Arabako ahaldun nagusi karguan, eta Aguraingo konde ganboatarrarekin zituen harremanak okertu egin ziren, monarkiak bere jabetzako lurretan sarri eskuak sartzen zituen bitartean. Horretan, 1520ko irailean, Aiarakoak salaketa jarri zuen Tordesillasko Juntaren aurrean, ustelkeria fiskala eta beste kargu batzuk egotzita. Komuneroen Juntak kasuari buruzko ikerketa bat irekitzeko eskatuz erantzun zuen eta Antonio Gomitz Aiarakoa Ermandadeko diputatu ganboatarri ikerketa hau burutzeko agindua eman zion.[1] Gasteiz hiriak eta Ermandadeak Juntaren aginduak betetzeari uko egin izanak kondearen antipatia ekarri zion, eta laster, kondearen eta Tordesillasko gobernu-organo komuneroaren arteko harremanak estuagoak bihurtu ziren.[2]
Altxamendua
Behin komuneroen konfiantza lortuta, Aguraingo kondea, 1520ko azaroaren 6an, iparraldeko armadako kapitain-jeneral izendatu zuten honela,[1] funtzionarioak izendatzeko boterea emanez:
« | Bizkaiko Konderriko eta Gipuzkoa eta Arabako probintzietako kapitain nagusia (...), eta Gasteiz eta Logroño eta Calahorra eta Santo Domingo de la Calzada hirietakoa, eta Gaztela Zaharreko zazpi merindadeetakoa, eta Burgos hiritik itsasoraino dauden beste etxe, hiribildu eta leku eta merindade eta lur eta baile guztietakoa.[3] | » |
Errege-agintariek kondea komuneroen aldea uzteko konbentzitzeko egindako ahaleginek ez zuten fruiturik eman, ez Burgosen agertzea eskatu zion Kontseilu Gorenarenarenak ezta urtarrilean Legizamo lizentziatuarenak. Kondeak, berriz, 1520ko abenduan gizonak biltzen eta bere aldekoak matxinatzeko kanpaina egiteari ekin zion. Errege-boterearen aurkako etsaitasun horren zigor moduan, Adrian Utrechtekoa erregeordeak, urtarrilaren 4ko gutun batean, Karlos I.a Espainiakoari Agurango kondearen feudoa konfiskatu eta errege herri bilakatzea proposatu zion.[2]
Une hartan, Tierra de Campos gaztelar eskualdean jauntxokeriaren aurkako jazarpena puri-purian zegoen eta Aguraingo kondearen tropak, 2.000 gizon guztira, hiri biak matxinatzeko asmoz Medina de Pomar eta Friasera joan ziren, Iñigo Fernández de Velasco Gaztelako kondestablearen feudoa zen Merindadeak zeharkatuz. Mugimendu horrek arriskuan jarri zuen Burgosek azaroaren amaieratik zin egin zuen leialtasun monarkikoa, eta erregeordeak ia ezin zuen egoera kontrolatu. Kondearen armadari Antonio Acuña apezpiku matxinoarena gehitu zitzaion, eta elkarrekin joan ziren Burgos aldera, bata hegoaldetik eta bestea iparraldetik. Tropa erregezaleek Ampudia hartu zutenean, ez zuten Burgosen gaineko arrisku komuneroa arintzea lortu, Padillak eta Acuñak Palentziako gotorlekua berehala berreskuratu baitzuten. Burgosko altxamendua urtarrilaren 23rako finkatu zute, Toledoko kapitainak zuzendutako armadaren laguntza izanez. Hala ere, matxinada bi egun aurreratu zen eta matxinatuek porrot egin zuten.[4] Aguraingo kondea kondestablearen armadaren balizko errepresalia baten beldur, desertatuz gero barkamena bermatuko zitzaiola negoziatu, eta, beraz, bere gizonak lizentziatu eta bere lurreko aginduetara joatea erabaki zuen.
Gatazka komunerotik kanpo geratu ondoren, otsailean, kondea berriro soldaduak biltzeari ekin eta Anton Gallo kondestablearen mezulariari entzungor egin zion. Juntak, orduan, Gasteiztik Burgosera iristear zegoen Hondarribiko gazteluko artilleria atzemateko eginkizuna agindu zion,[2] eta martxoaren 8an zeregin hori behar bezala burutu zuen kondeak, Gasteiz bereganatu eta bertako agintariak kanporatu ondoren.[5][6][7] Hala ere, ezin izan zuen saihestu kanoiak babesten zituen destakamenduak suntsitzea, komuneroen kalterako.
Une gorenean, arerioek kondea hainbat aldiz menderatu zuten. Gasteiztik kanporatua, inoiz berriro berreskuratzerik izan ez zuena, errege-armadak, neurri batean Antonio Manrique de Lara Naiarako dukearen gerlariek osatua, Aguraingo bere gotorlekua hartu zuen, eta bere mendekoei errege herrian sartzea bermatu zien, kondearekin zituzten harremanetatik askatuz.
Martxoaren 19an eta 20an Agurain birkonkistatzeko saiakerak zapuztuak izan ziren, errege-armadak Kuartango arpilatu suntsituz eta Morillasko gaztelua suntsitu zituen bitartean. Apirilaren 11n kondea Aiarako lurretarantz erretiratu behar izan zuen. Apirilaren 19an, Diego Martinez de Alaba ahladun nagusiak, urtebete aurrerago kondeak Tordesillasko Juntaren aurrean salatu zuenak, Miñaoko gudua Agurainen eta Gasteizen matxinatutako armadaren behin betiko porrota bermatu zuen. Kondeak, orduan, ezkutatzea erabaki zuen, Portugalgo mugatik gertu, Acuña apezpikuaren eskuetan zegoen Fermoselleko gazteluan babestuz.[2]
Ondorioak
1521eko apirilaren 23an Villalarko guduan komuneroek jasandako porrotaren ondoren, eta batez ere, 1522ko uztailean Karlos enperadorea penintsulara iritsi ondoren, matxinadaren protagonista nagusien aurkako errepresio prozesua hasi zen. Palentzian zegoela, Kontseilu Gorenak, abuztuaren 23an eta 24an, matxinada parte hartzeagatik 50 heriotza-kondena ezarri zituen, horien artean, Aguraingo kondearena, zeinari, gainera, bere feudoa konfiskatzeko epaia erantsi baitzitzaion. Errege-barkamenatik baztertu zuten, eta, ziuraski, baita isunen onuradun izateko eskubidetik ere (diru edo isun kopuru baten truke egindako erruak barkatzen zizkien eta oraindik saldu gabeko euren konfiskaturiko ondasunak itzultzen zizkien).
Erbestean, Joan III.a Portugalgoak harrera egiteari uko egin zion, eta, beraz, 1524ko urtarrilean Burgosen agertu zen, gestio pertsonal baten bidez errege-barkamena lortuko zezakeelakoan. Hala ere, agintariek harrapatu, kateatu eta gogor tratatu zuten, baina ez zuten epaiketaren batean agertzerik lortu, kondea 1524ko maiatzaren 16an hil baitzen, girgiluak oinetan zituela lurperatua izanda.[2]
1521eko maiatzaren 15ean konderria errege herri bilakatzen zuen zedula bat sinatu zen arren, laster errege altxorrarentzat haren zatikatzea onuragarriagoa zela konturatu ziren. Hain zuzen ere, Diego Zaratek, Diego Lopez de Castrok, Agustin Urbinak eta Pedro Zuazolak haren zati ez oso garrantzitsu batzuk erosi zituzten, harik eta abenduaren 6an, erregearen eskuetan geratu zen Aguraingo hiribildua izan ezik, feudo osoa salgai jarri zen arte. Orozko harana Legizamo lizentziatuaren eskuetara pasa zen, eta Kuartangokoek diru kopuru handi bat ordaindu behar izan zuten errege herriaren zati izateko. Aguraingo kondearen semeak, Atanasio Aiarakoak, bere aitaren jabetzaren zati batzuk jarauntsi ahal izan zituen, oraindik erosi eta besterendu gabe zeudenak.
Erreferentziak
- Echávarri & Olano 1904.
- Pérez 1977.
- Pérez 1977, 415 orr. .
- Berzal de la Rosa 2008.
- Echávarri & Olano 1904, 118-120 orr. .
- Echegaray & López 192?, 228 orr. .
- Danvila 1898, 491 orr. .
Bibliografia
- (Gaztelaniaz) González de Echávarri, Vicente; Ramírez Olano, Eliodoro. (1904). La Guerra de los Comuneros en el País Vasco. Gasteiz: Imprenta provincial de Álava.
- (Gaztelaniaz) Pérez, Joseph. (1977). La revolución de las comunidades de Castilla (1520-1521). Siglo XXI de España Editores ISBN 9788432302855..
- (Gaztelaniaz) Berzal de la Rosa, Enrique. (2008). Los comuneros: de la realidad al mito. Silex Ediciones ISBN 8477372063, 9788477372066..
- (Gaztelaniaz) Roldán, José María. (1984). «El levantamiento del Conde de Salvatierra (1520-1521). Balance historiográfico (s.XIX-XX)» Vasconia: Cuadernos de historia-geografía (4): 35-74. ISBN 84-86240-11-5..
- (Gaztelaniaz) Danvila y Collado, Manuel. (1898). Historia crítica y documentada de las Comunidades de Castilla. III Madril: Memorial Histórico Español OCLC .4782003.
- (Gaztelaniaz) de Echegaray, Carmelo; López, Vicente Vera. (192?). Geografía general del país Vasco-Navarro. 3 A. Martín.