Agurain

Agurain[1] Arabako ipar-ekialdeko udalerri bat da, Arabako Lautadako kuadrillako burua. Arabako udalerri jendetsuenetan laugarrena da, 5,254 biztanle baitzituen 2023. urtean (Gasteiz, Laudio eta Amurrio dira, hurrenez hurren, jendetsuagoak). Gasteiztik 26 bat kilometro ekialdera dago.

Agurain
 Araba, Euskal Herria
Agurain eta Arabako lautada.

Aguraingo armarria

Administrazioa
EstatuaEspainia
ErkidegoaEuskal Autonomia Erkidegoa
LurraldeaAraba
EskualdeaArabako Lautada
Izen ofiziala Agurain / Salvatierra
AlkateaRaul Lopez de Uralde Baltasar (Euskal Herria Bildu)
Posta kodea01200
INE kodea01051
Herritarraaguraindar[1]
Kokapena
Koordenatuak42°50′57″N 2°23′21″W
Map
Azalera37,77 km2
Garaiera600 metro
Distantzia26 km Gasteiza
Demografia
Biztanleria5.085 (2023)
16 (2022)
alt_left 2.536 (%49,9) (%49,7) 2.526 alt_right
Dentsitatea0,14 biztanle/km²
Hazkundea
(2003-2013)[2]
% 23,52
Zahartze tasa[2]% 15,55
Ugalkortasun tasa[2] 60,86
Ekonomia
Jarduera tasa[2]% 82,3 (2011)
Genero desoreka[2]% 2,31 (2011)
Langabezia erregistratua[2]% 14,71 (2013)
Euskara
Euskaldunak[2]% 27,49 (2010)
Kaleko erabilera [3]%  (2016)
Etxeko erabilera[4]% 10.29 (2016)
Datu gehigarriak
Sorrera data1256
Webguneahttp://www.agurain.com/

Kokagune estrategikoan dago Agurain, igarobidean: bertatik igarotzen da Iberiar penintsularen erdialdea eta mendebaldea Europako iparraldearekin lotzen duen errepide nagusietako bat, A-1 errepidea. Erdi Aroaz geroztik izan da toki estrategikoa, Aguraindik pasatzen baitzen Europa osoan garrantzitsua den Done Jakue bidearen barne ibilbidea (kostaldetik ez zihoana); gainera, Gaztelako eta Nafarroako erresumen artean zegoen.

Izena

Herriaren izena Agurain da euskara batuan. Gaur egun ere Oñati aldeko euskaldunen artean bizirik dagoen Salbaterra izena erabiltzea ere zilegi da, batik bat historia alorreko idazkietan. Izen ofiziala, berriz, Salvatierra / Agurain da: Salvatierra gaztelaniaz, eta Agurain euskaraz.[1]

Historikoki, Hagurahin izenez ageri da 1025eko Donemiliagako goldean. 1256an, Alfontso X.a Jakituna Gaztelako erregeak Hagurahin izen zaharraren ordez Salvatierra ezarri zion, hiri forua eman zionean:

« (Gaztelaniaz) [...] é puse nombre Salvatierra que antes abia nombre Hagurahin [...]  »

Geografia

Ingurune naturala eta klima

Aguraingo udalerria Arabako lautadaren ekialdean dago, Aratz-Aizkorri, Urkilla eta Elgea mendilerroen hegoaldean dagoen eskualde zabalean, Arabako ipar-ekialdeko angeluan.[5]

Zadorra da udalerritik igarotzen den ibairik garrantzitsuena. Hegoaldean Entzia mendilerroa dago, udalerriko mendilerrorik garaiena (bertako Ballo mendia 1.197 metro garai da).

Lautadako jatorrizko landaretza baso zabalak ziren; lautada osoa hartzen zuten basoek. Gaur egun ditugun landaretza gune bakanak espezie autoktonoek osatzen dituzte gehienbat, gizakiek landatutako pinua, izeia, alertzea eta nekosta izan ezik. Mendietako basoek ondo iraun dute, baina lautadan nekazaritzak hartu ditu lur gehienak, baso uharte txiki batzuk salbu, horietako batzuk garrantzi handikoak. 800 metrotik gora, Agurainen iparraldeko zein hegoaldeko mendilerroetan, pagoa da nagusi (Fagus sylvatica). Hortik behera, hegoaldeko mendi magaletan, ametza da nagusi (Quercus pyrenaica), eta ipar orientazioa daukaten magaletan, haritza (Quercus robur). Azken hori ipar orientazioa duten magaletan ere izaten da, baina altitude baxuagoan. Haritza alde lauetan ere agertzen zaigu, erkametzari bide eginez (Quercus faginea). Gebara-Aldaiako mendilerroan, espezie nagusia artea da (Quercus ilex rotundifolia). Ibaiak haltz zuriez inguratuta azaltzen zaizkigu.

Fauna, gizakiaren presentzia oso handia den arren, neurri batean ugaria eta askotarikoa da. Lautadako habitatak asko aldatu ziren Uribarri-Ganboako urtegia eraiki zutenetik 1950a inguruan. Batez ere uretako fauna eta hegazti-fauna. Lautadako ibai eta erreken erregina amuarraina da. Bertako ibai-karramarroa, lehen oso ugaria, beste lekuetako espeziekin ordezkatua izan da. Lur faunari dagokionez, aipagarri dira gardatxoa eta hainbat suge mota. Ugaztunen artean, erbia, katagorria, orkatza eta muxarra; ugaztun haragijaleen artean, erbinudea, lepahoria, igaraba, bisoia, azeria eta basurdea. Lautadako faunaren harribitxiak hegaztiak dira. Urtegiaren hegoaldea, Mendixur inguruan, aterpe ezin hobea da hegaztientzat, eta Ramsar hezegune izendatu dute, hegazti mota ugariren bizileku baita: murgilak, lertxunak, kopetazuriak eta ahate espezie ugari. Arrano beltzek eta sai zuriak hegoaldeko zerratan egiten dituzte habiak. Zikoina kanpandorreetan hasi da habia egiten berriz ere, urte askotan ikusi gabe egon garen arren. Eper eta galeperrak nekazaritza lurrak hartzen dituzte; eta ibar, ibar-baso eta basotxoak beste espezie askoren bizileku dira. Pagauso eta oilagorren pasea ehiztarientzat oso erakargarria izaten da.

Klimak ozeaniar ezaugarriak eta kontinentalak dauzka: neguak luzeak eta hotzak dira, eta udak leunak.[5]

Udalerri mugakideak

Banaketa administratiboa eta herriak

Historikoki, Agurain Arabako hiribildu garrantzitsuetako bat izan da, Arabako Lautadan Gasteizekin batera. Agurainek merkatua zuen eta inguruko herri txikien jo-muga zen horretarako. Inguruko herri txiki horiek eskualde natural bat osatzen dute, garai batean Hergoiena edo Ergoiena deitua, bost herrixkaz osatua ("Cinco Aldeas"), XV-XVI. mendeetan aipatu bezala: Alangua, Arrizala, Opakua, Lekedana (herri hustua)[6] eta Egileor.[7] XVIII. mendean, Agustin Kardaberazen arabera, Araba guztiko herri txikiei ergoiena deitzen zitzaien arren, ez dirudi hala zenik, baina bai Agurain inguruko aipatu herrixkei.[7]

Udalerrian biltzen diren herrixkak, egun, hauek dira: Alangua, Arrizala, Egileor, Iturrieta eta Opakua. Sallurtegi edo Sallurti Erdi Aroko herri hustu baten aztarna da, egun baserri batez osatua, Andra Mari ermitaren arku bat eta egitura gordetzen duena.[8] Bertan ospatzen da urtero Sallurtegi Egunaren zati bat.[9] Erdi Aroko Ula herriak (Uhulla izenaz aipatua) monasterio bat zuen, eta hustu egin zen. Egun, baserria da, eta monasterioaren aztarna batzuk gordetzen ditu.[10]

Historia

Historiaurrea

Sorginetxe da Aguraingo historiaurrearen lekukotasun nagusia. Arrizala herrian dago, Aguraingo herrigunearen hegoaldean.

Garai honetan ekonomia ehizan eta bilketan oinarritzen zen, baina hemendik aurrera elikagaiak ekoizten hasi ziren, hau da, abeltzaintza eta nekazaritza lantzen. Duela 5.000 urte artzainak gure mendietan ibiltzen ziren. Kulturalki Pirinioetan daudenen antzekoak dira. Lautada pasabide bat omen zen, eta bertan, hegoaldekoen eraginez kobrezko tresnak egiten hasi ziren artzainak, baso erdian, artzainek erabiltzen zituzten bideen ondoan, hilobi kolektiboak eraiki zituzten, trikuharriak hain zuzen ere. Mendietan iruinarriak eta harrespilak topatuko ditugu. Artzain haiek paleolitiko garaiko biztanleen ondorengo ziren, eta gaur egungo euskaldunen arbaso. Pentsa dezakegu erabiltzen zuten hizkuntza ere euskararen aurrekari izan litekeela.

Duela 3.000 urte, Lautadara Europatik datozen beste herri batzuetako kideak etortzen hasi ziren: indoeuropar zeltak. Artzainak, nekazariak eta metalurgialariak ziren. Etorritako lehenengoek brontzezko tresnak ekarri zituzten, eta ondorengoek burdinazkoak. Lautadako jendea nekazaritza eta metalurgiaren arloetan aurrerapausoak ematen hasi zen, eta mendietatik ordokira jaitsi ziren. Leku estrategikoetan kokatu ziren, babesteko leku egokietan, esaterako, Henaioko Kastroan ( brontze arokoa), gaur egungo Dulantzi inguruan, eta Santa Luziakoan (Burdin Arokoa), gaur egungo Gebara inguruan.

Antzinaroa

Erromatarrak Lautadara heldu zirenean egoera horrekin egin zuten topo, K.a 72. urtearen inguruan. Artzain herriak ziren, erromatarrek baskoiak deitu zituzten. Baskoiek Erromarekin harreman adiskidetsua izan zuten, beraz hauen etorrerarekin, eusko-erromatar kultura sortu zen. Via trajana iter XXXIV izeneko galtzadak, Burdigalamdik (gaur egungo Bordele) Asturicara (Astorga) zihoanak, Lautada ekialdetik mendebaldera zeharkatu zuen, Mansio Albatik (Albeniz), Tulloniotik (Dulantzi), Suessatiotik (Arkaia) eta Iruña-Veleiatik zehar.

Urte haietan bakea izan zen nagusi, Erromaren krisialdia inguru honetara heldu arte, III. mendearen erdialdetik aurrera. Hortik aurrera barbaro herrien inbasioak izan ziren, bai eta barruko matxinadak ere, eta horrek guztiak bizitza erabat baldintzatu zuten. Gizarte maila altuek hiriak utzi eta nekazaritza eremuetan villak osatzen hasi ziren, eta nekazariak hara inguratu ziren babes bila.

Goi Erdi Aroa

Agurain herria 1025eko Donemiliagako goldea agirian agertzen da Sallurtegirekin batera ("Hagurahin"), elkarrekin golde bat ordainduz, asko ez dena. Hain zuzen, Sallurtegiko Andra Maria da Aguraingo santu zaindaria. 1199-1200. urtean, Nafarroako Erresumaren inbasioan, Gaztelako Alfontso VIII.aren mende geratu zen. Dena den, 1256 arte ez zuen Agurainek hiri gutuna eskuratu, Alfontso X.a Gaztelako erregeak Orian barrena Gaskoiniako bidea gotortu zuenean, Nafarroarekin mugan.

Behe Erdi Aroa

Aguraingo Harakin kaleak Erdi Aroko arkitektura gorde du.

1256tik aurrera, Lizarrateko bideak trafiko handia irabazi zuen itsasorantz eta Gaskoiniako mugarantz. Lautada pasabide garrantzitsua izanda, ekonomia garapen aipagarria izan zuen garai honen hasieran, gehienbat Arabako jauntxoek 1332an Gaztelako erregeari eskubide jurisdikzionalak borondatez eman eta gero.[erreferentzia behar] Jauntxo hauek zergak kobratu eta justizia kudeatzen zuten nekazaritzako noble txikiak izatetik, merkatariak izatera eta errentak kobratzera pasa ziren.

Enrike II.ak, tronuan jarraitu ahal izateko, botere gehiago eman zien nobleei. Nobleek beren artean borrokatzeari utzi zioten, eta Agurain Aiarako jaurerrikoa izatera pasatu zen. Bando gerrak, oinaztarren eta ganboatarren artekoak, nagusi ziren garai hartan. Herrixka ugari jenderik gabe geratu ziren. Borrokek 1487 a arte iraun zuten, Errege Katolikoek hiribildu guztiak bere menpe hartzen dituztenean. Forua nobleen, ahaide nagusien eta erregearen arteko gaia izatera pasatzen da eta hiriguneak gobernatzeko sistema bilakatzen da. Hiribilduak lurralde bakoitzeko Juntaren inguruan elkartzen dira.

Aguraingo Andre Mariaren eliza, XV. mendearen bukaera aldera eraikia.

Aro Modernoa

Ahaide nagusi eta txikiek, nahi zuten boterea lortu ez bazuten ere, beren jaurerriak mantendu zituzten. 1512ko uztailean, Fadrique Álvarez de Toledo, Albako dukea, buru zuen armada Aguraindik abiatu zen Nafarroa inbaditzeko. Aguraingo konde Petri Lopitz Aiarakoari, zein 1520an Karlos V.aren kontra matxinatu zen, komuneroen altxamendua aprobetxatuz.[11] 1521ean matxinada galdu eta atxilotua izan zen, eta gero eraila.[12] Agurainek hereje-hiribilduaren titulua eskuratu zuen orduan, eta etorkizuna ez zen batere erraza izan. 1565ean izurriteak berriz ere eraso zion Araba osoari. Eta hori gutxi balitz, kutsatutako biztanleen ondasunak erretzeko orduan, ohitura zen moduan, sua deskontrolatu eta hiribildu osoa erre zen. Berreraikitze lanetan oso garrantzitsuak izan ziren Amerikako aurkikuntzaren ondorioz heldu ziren ondasunak. Diru hau gauza askotarako erabili izan zen: tenpluak birmoldatzeko, eraikin berriak egiteko, zibilak zein erlijiosoak, eta artelanetan inbertitzeko; esterako, Ozaetako Sortzez Garbiaren baseliza, frai Juan de Luzuriagak eraikia; 1680tik aurrera frantziskotarren ordenako Espainia Berriko komisario orokorra izan zenak eraikia, alegia.

Ameriketatik aberastasunak heldu ziren, bai eta Lautadako bizitza erabat eraldatu zuten nekazaritza produktuak ere: tomatea, artoa eta, batez ere, patata. Oparotasun garai hura XVIII. mendean amaitu zen. Agurainen eta Lautadan garestitasunaren ondorioz matxinadak izan ziren. Mende haren amaieran Konbentzio Gerra (1793-1795) gertatu zen, eta Euskal Herria frantziar iraultzaileek menpean hartu zuten. Ordutik aurrera mende eta erdi iraungo zuen guda garaia etorri zen.

XIX. mendea

Tomas Zumalakarregi jenerala, Karlos errege-nahia eta buruzagi karlistak, Aguraindik hurbil, Lehen Karlistaldian.

1808 eta 1813 a bitartean, Penintsulako Guda gertatu zen Napoleonen armadaren kontra, Espainiako eta Portugalgo erresumen lurretan. Lautadan Wellington dukearen armadaren garaipenarekin amaitu zen, bertan indar aliatuak Jose Bonaparteren armadaren kontra borrokatu ziren, eta Gasteiz inguruetan 1813ko ekainaren 21ean garaipena lortu zuten. Atzera egin zutenean, frantziar iheslariek Lautadako herri asko arpilatu zituzten.1833-1839 eta 1872-1876 urte tarteetan guda berriz ere itzuli zen Lautadara, kasu honetan beste arrazoi batzuengatik. Fernando VII.a erregearen heriotzarekin garai bat amaitu zen, antzinako erregimenarena hain zuzen ere. Madrilen liberalismoak boterea hartu zuen, baina ez zen bakea bermatzeko gai izan. Nekazariak, artisauak, langileak, elizjende xumea eta nekazaritza jauntxoak matxinatu egin ziren, beraien bizimodua mehatxaturik ikusi zuten eta. Hildako erregearen jarraitzaile bihurtu ziren, Carlos I arena hain zuzen ere. Lautadako herritar gehienek karlisten alde egin zuten, foru komunalen eta kristautasunaren defentsan, hots, tradizioaren alde. 1834ko urriaren 26 eta 27an, Zumalakarregi jeneralak Gobernuaren tropak garaitu zituen Dulantzi inguruetan. Hala ere, karlistek guda galdu zuten. Lautadako boluntarioek amaiera arte eutsiko zioten borrokari Gebarako gazteluan, hau karlistek amore eman ondoren liberalek bolboraren bidez leherrarazi egin zuten. Karlisten errebolta bizirik iraun zuen XIX. mendean zehar, garaien araberako intentsitate desberdinekin. Mendearen amaieran, ideologia politiko berriak sortu ziren, esaterako, nazionalismoa eta sozialismoa.

XX-XXI. mendeak

XX. mendea, aurreko mendeko konpondu gabeko arazoak zirela, injustiziak zirela, gatazka internazionalak zirela, oso garai ezegonkorra izan zen. Hasiera batean Bigarren Errepublika aldarrikatu zen, eta 1936an, haren kontrako matxinada hasi, armadak eta oligarkiak bultzatuta. Guda zuzena ez zuen Lautadan eraginik izan, bertako herritar asko beste tokietako fronteetan hil arren. Hala ere, errepresioak eragin handia izan zuen Lautadan, matxinatuen garaipenaren ondorioz urte luzeetan mantendu zena. Diktaduraren ondoren, Lautadan eta Hego Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetan,demokraziarako eta askatasunerako bide luze eta zailari ekin zitzaion; nekazari-exodoak herri txikiak hustu zituen, biztanle berriak heldu ziren gure lurraldera, eta gizartean eta politikan oreka lortzeko bide zailari ekin zitzaion.

Ekonomia

Herritarrek batez ere industrian dihardute, baina lehen sektoreak —batik bat nekazaritzak— oraindik badu garrantzia.[5] 1912an Cerámica Alavesa enpresa ezaguna sortu zuen Dimas Ugarte aguraindarrak, azulejuak ekoizteko. Zeramika-lan artistikoak ere egin zituen. 1970eko hamarkadan ateak itxi zituen.

Nahiz eta 1960ko hamarkadara arte Aguraingo jarduera ekonomiko nagusia nekazaritza izan zen, ordutik, herriaren inguruan hainbat industrialde garatu dira, herriak dituen komunikabide onei esker, Gasteiz eta Iruñea arteko autobidea esaterako. Lehen industrialdea Litutxipikoa izan zen, 1980ko hamarkadatik aurrera.Horren ondoren, Eusko Jaurlaritzaren bidez, beste bi gune garatu dira, Galzar industrialdea eta Agurain industrialdea, biak autobidearen ondoan. Galzarkoak 520.000 metro koadroko azalera izango du guztiz garatzean, eta Agurain industrialdeak 460.000 metro koadro.

Demografia

Agurainek ez zuen izan Euskal Herriko beste herri batzuk izan zuten populazio hazkunde bizkorra 1950eko hamarkadatik aurrera, baina beste toki batzuetan ez bezala, 1970eko hamarkadan hasi zen biztanle kopurua handitzen. XXI. mendeko lehen hamarkadak hazkundea bizkortu egin zen.

Aguraingo biztanleria
Datu-iturria: www.ine.es

Politika

Udal hauteskundeak

2019ko hauteskundeen ondoren, EAJ alderdiko Ernesto Sainz hautatu zuten alkate. 2015eko hauteskundeetatik alkate izandako alderdi bereko Iñaki Beraza ordeztu zuen.

Aguraingo udalbatza

Alderdia

2015

2019

Zinegotziak Boto kopurua Zinegotziak Boto kopurua
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ)
6 / 11
1.334 (% 54,63)
7 / 13
1.088 (% 46,04)
Euskal Herria Bildu (EH Bildu)
5 / 11
984 (% 40,29)
6 / 13
1.071 (% 45,32)
Datuen iturria: Hauteskundeen emaitzak euskadi.eus webgunean
Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.

Alkateak

Aguraingo udaletxea

Hauek izan dira Aguraingo azken alkateak:

Alkatea Agintaldi hasiera Agintaldi amaiera Alderdia[13]
Maria Luisa Murguiondo Jimenez de Vicuña[13][14][15] 1979 1983 Haguraingo Aukera[14]
Maria Luisa Murguiondo Jimenez de Vicuña[13] 1983 1987 Aguraingo Aukera[16]
Iñaki Beraza Zufiaur[13][17][18][19] 1987 1991 Eusko Alkartasuna
Iñaki Beraza Zufiaur[13][17][18][19] 1991 1995 Eusko Alkartasuna
Iñaki Beraza Zufiaur[13][14][17][18][19] 1995 1999 Eusko Alkartasuna
Iñaki Beraza Zufiaur[13][17][18][19] 1999 2003 Eusko Alkartasuna-Euzko Alderdi Jeltzalea
Iñaki Beraza Zufiaur[13][17][18][19] 2003 2007 Eusko Alkartasuna-Euzko Alderdi Jeltzalea
Iñaki Beraza Zufiaur[13][17][18][19] 2007 2011 Agurain Guztion Artean[17]
Maider Garcia de Vicuña Quintana[13][18] 2011 2015 Bildu
Iñaki Beraza Zufiaur[13][18][19][20][21] 2015 2019 Euzko Alderdi Jeltzalea
Ernesto Sainz Lanchares[13][20][21][22][23] 2019 2023 Euzko Alderdi Jeltzalea
Raul Lopez de Uralde Baltasar[22][24][23][25] 2023 Jardunean Euskal Herria Bildu

Kultura

Harresi aretoa

Hizkuntza

Louis Lucien Bonaparteren planoan (1863) euskal eremutik at bazegoen ere, uste da XIX. mendearen bukaera arte euskaraz mintzo zirela aguraindarrak, gaztelania gero eta gehiago nagusituz.

Lautadan antzina herritar gehienak euskaldun elebakarrak ziren. Mendeak aurrera egin ahala euskara indarra galtzen hasi zen gaztelaniaren eraginez, gizartean eta kultura alorrean erabat gailendu zen arte. Horren arrazoi nagusia goi gizarte-mailen erdararako joera izan zen, horrek euskararen ospe-galtzea ekarri zuen eta. Horren ondorioz euskara, euskaldunen artean ere, kulturarik gabeko eta pertsona baldarren hizkuntzatzat ikusten hasi zen.[erreferentzia behar] Euskararen baztertzea, batez ere, XVIII. mendearen erdialdetik aurrera izan zen, baina Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko euskal herritar intelektual batzuek baztertze hura moteltzea lortu zuten.[erreferentzia behar]

XIX. mendean, nekazariek karlistaldiak galdu izanak eta 1876an foruak bertan behera uzteak, hezkuntza politika gobernu espainiarraren eskuetan geratzea ekarri zuen, eta honek Lautadan euskararen erabateko heriotza ekarri zuen. Aguraingo bake epaitegiko aktek diotenez, 1841ean, oraindik ere, itzultzaile baten beharra zuten. Horrek esan nahi du bertako euskaldun elebakarren ehunekoa handia zela.

Gaur egun euskaraz egiten edo ulertzen dute lautadarren % 37k. Ehuneko hori 1870koaren berdintsua da, Ladislao Belaskok euskararen egoera Araban aztertu zuen garaikoa, garai hartan 1000 biztanle inguruk egiten baitzuten euskaraz. Mende bat geroago, 1970ean, Pedro Irizarrek egindako inkestaren arabera, lautadar jatorriko hiru biztanlek besterik ez zuen egiten euskaraz. Beraz, oso nabarmena izan da euskararen berreskuratzea azken 25 urtean, herritarrek beren kultura izaera berreskuratzeko borondateari eta eginahalari esker.

Jai eta ospakizunak

  • Inauteriak: Lautadako herri askotan ospatu izan ziren, neguaren amaiera ospatzeko, 1936ko gerra arte. Diktadura-garaiaren ondoren Zalduondon berreskuratu ziren, eta azkenaldian Ilarduia, Egino, Andoin eta Agurainen ere ospatzen dira. Gidoi zehatzik gabeko antzezpena da, pertsonai zehatz batzuekin eta itxura estereotipatuarekin egiten dena. Mozorroen bidez parte-hartzaileen benetako izaera ezkutatzen da.
  • Donibane: Donibane jaia kristautasunaren aurretiko jaia da, udako solstizioa ospatzen duena, urari eta eguzkiari estu loturik. Lautadako herri askotan sua egiten da Donibane bezperako gauean, ekainaren 23an. Agurainen, berriz, herriko gazteek Done Joan enparantzan makala landatzen dute gau horretan, eta jarraian makalaren goialdera igotzen saiatzen dira.
  • Aguraingo azoka: Aguraingo azoka urriaren lehenengo astean ospatzen da, Arrosarioaren Amabirjinaren omenezko jaietan hain zuzen ere. 1395ean du jatorria, eta gaur egun arte mantendu da. Antzina garrantzi handiko azoka zen, eta estatuko nekazaritza eta abeltzaintza munduan oso ezaguna izan zen, batez ere, zaldiei esker. Nekazaritza eremuen mekanizazioaren ondoren, abereen eta nekazaritzako tresnen erakustaldi bilakatu da. Horrez gain, abere eta gazta lehiaketak egiten dira, artisauen azoka, eta bertako produktuen salmenta. Egun horretan pilota partidu profesionalak ere izaten dira.
  • Errepuierre: ohitura hau Lautadako herri askotan ospatzen da urte amaieran. Inauterien antzeko ohitura da, berez, erritu berdina da, baina data desberdinetan ospatzen da; bata gaur eguneko egutegia kontuan hartzen du eta besteak antzinako egutegia, baina biek garai baten amaiera ospatzen dute. Herriko gazteak kalez kale aritzen dira lastozko panpin bat beraiekin daramatela eta Errepuierre abestia kantatuz. «Errepuierre» euskal hitza da, «erre ipurdia erre» hitzen laburketa hain zuzen ere. Hau da, urteari ipurdia erretzen zaio egun horretan, eta inauterietan bezala lastozko panpina erre egiten da aurreko urteko zorigaitz guztiak amaiarazteko.
  • Sallurti Eguna: Pazko astelehenean ospatzen da, 1597an lehen aldiz idatziz aipatua. Aurora Kantuaz hasten da Andre Maria elizan. Prozesio bat egiten da, auroroek auzoetan kantatzen dute, eta herriko musika bandak parte hartzen du. Txokolatea eta txorizo opila edo bollo delakoa banatzen da. Sallurtegiko Andre Mariaren irudia, egun, Andre Maria elizan dago.[26] Azken urteotan, ohiturak aldatzen joan dira.[27]

Musika

Garraioa

Araba Bus sareko  lineak zerbitzua ematen dio udalerri honi:

 Araba Bus
 Zerbitzua  Hasiera  Ibilbidea  Amaiera 
5Gasteiz
(geltokia)
Gasteiz (Alas/Boulebard)Gasteiz (Madril/Arantzabela)ArkautiArkauti (Nekazaritza i.)Arkauti (akademia)OreitiaBurguDulantziGaunaAdanaUribarri JauregiGereñuAlaitzaLangarikaGazeoAgurainErdoñaZalduondoAraia (Iduia)Araia

Gainera, Eskualdeko Garraioa sareak 4 linea ditu udalerrian:

 Eskualdeko Garraioa
 Zerbitzua  Hasiera  Ibilbidea  Amaiera 
8aAgurain
Azilu
Erdoña
Dulantzi
AlaitzaLAngarikaGazeoEzkerekotxaTxintxetruGereñuUribarri JauregiAdanaGaunaAgurain
Azilu
Erdoña
Dulantzi
8bAgurain
Erdoña
Ozeta
Etxabarri UrtupiñaAudikanaEturaGebaraMendixurMaturaMarieta-LarrintzarElgeaHermuaLarreaAxpuruNarbaxaZuhatzolaDerediaDalloArrietaAgurain
Erdoña
Ozeta
9aAraia
Agurain
Erdoña
AmetzagaZalduondoGalarretaGordoaArriolaNarbaxaLuzuriagaZuhatzu DonemiliagaAraia
Agurain
Erdoña
9bAraia
Agurain
Erdoña
AmetzagaAlbeizIlarudiaEginoAndoinIbargurenUrabainDurrumaEgilatzBikuñaMezkiaMunainOkarizOpakuaArrizalaAlanguaEgileorZuhatzu DonemiliagaLuzuriagaAraia
Agurain
Erdoña

Bestalde, La Burundesa autobus konpainiaren Sakanako herriak lotzen dituen Gasteiz-Iruñea lineak geltokia dauka herrian. Guztira hiru zerbitzu izaten dira norabide bakoitzean. Linearen ibilbidea honakoa da:

Ondasun nabarmenak

Sorginetxe, Arrizalan dagoen trikuharria.

Eraikitako ondarea

Ikus, Aguraingo ondasun nabarmenen zerrenda

Arkeologia ondarea[28]

  • Sorginetxe, K.a. 2.500. urtearen inguruko trikuharria, Arrizalan kokatua. Arabako Lurralde Historikoko behe-lurretako trikuharrien taldearen barruan sailkatua.
  • Aguraingo Hirigune Historikoaren Esparru Arkeologikoa (Erdi Aroko hirigune harresiduna, XIII. mendean eraikia.).
  • Beste hainbat eremu, Balizko Arkeologia Gunea kalifikazioa dute.

Arkeologia ondarea

  • Andra Mariaren Erretaula Nagusia
  • San Joan Erretaula Nagusia

Ondare ukiezina

  • Lezeako zortzikoa

Aguraindar ospetsuak

Evaristo Páramos, aguraindar ospetsuenetako bat.

Argazki galeria

Erreferentziak

  1. Euskaltzaindia. (PDF) 150. arauaː Arabako herri izendegia. .
  2. Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
  3. «Kaleko erabilera herrialdez herrialde» Euskararen erabilera (Wikipedia).
  4. «Etxeko erabilera» Euskararen erabilera (Wikipedia).
  5. Arabako Foru Aldundia. (2010). Araba herriz herri. Arabako Foru Aldundia, 18 or..
  6. «Agurain honra a Sallurtegui - salvatierra-agurain» www.salvatierra-agurain.com (Noiz kontsultatua: 2024-03-22).
  7. Ibisate Lozares, Ángel. (2008). «¿ERGOIENAK ALAVESAS? LA HERGOIENA SALVATERRANA. LAS ERGOIENAS DE SALVATIERRA. Nueva luz sobre un texto del P. Kardaberaz» Euskera (Euskaltzaindia) LIII: 281-295..
  8. «SALLURTEGI - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-23).
  9. (Gaztelaniaz) Pedro, Eva San. (2023-04-09). «Agurain celebra la festividad de Sallurtegi» Diario de Noticias de Álava (Noiz kontsultatua: 2024-03-23).
  10. «ULA - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-23).
  11. (Gaztelaniaz) Roldán, José María. (1984). «El levantamiento del Conde de Salvatierra (1520-1521). Balance historiográfico (s.XIX-XX)» Vasconia: Cuadernos de historia-geografía (4): 35-74. ISBN 84-86240-11-5..
  12. (Gaztelaniaz) González de Echávarri, Vicente; Ramírez Olano, Eliodoro. (1904). La Guerra de los Comuneros en el País Vasco. Gasteiz: Imprenta provincial de Álava.
  13. (Gaztelaniaz) «Base de datos de Alcaldes y Concejales: Ministerio de Política Territorial y Función Pública» www.mptfp.gob.es (Noiz kontsultatua: 2020-03-21).
  14. «Agurain» Auñamendi Eusko Ikaskuntza (Noiz kontsultatua: 2020-04-14).
  15. (Gaztelaniaz) «“Moreda es un ejemplo en la evolución de la igualdad”» Diario de Noticias de Álava 2023-05-27 (Noiz kontsultatua: 2023-10-07).
  16. (Gaztelaniaz) «Elecciones Locales 1983 (Concejales)» Boletín Oficial de la Provincia Foral de Álava (BOPFA) 42 1983-04-12 (Noiz kontsultatua: 2024-02-13).
  17. (Gaztelaniaz) «La hegemonía, puesta a prueba» Diario de Noticias de Álava 2011-05-08 (Noiz kontsultatua: 2023-10-07).
  18. (Gaztelaniaz) «De Agurain a Tutera, quince municipios a los que mirar con atencion» Naiz 2019-05-25 (Noiz kontsultatua: 2020-03-09).
  19. (Gaztelaniaz) «Eran tiempos difíciles pero muy emocionantes» EITB 2019-04-02 (Noiz kontsultatua: 2020-03-09).
  20. (Gaztelaniaz) «Sainz toma la makila de Agurain de manos del histórico Iñaki Beraza» El Correo 2019-06-15 (Noiz kontsultatua: 2020-03-15).
  21. (Gaztelaniaz) «Alcaldías en Álava: Labastida, Zigoitia y Laguardia para el PNV, Samaniego para EH Bildu | Gasteiz Hoy» Gasteiz Hoy 2019-06-15 (Noiz kontsultatua: 2020-03-14).
  22. «EH Bildu nagusitu da Lautadan, Aguraingo alkatetza eskuratuta - Lautada» Alea 2023-05-29 (Noiz kontsultatua: 2023-07-12).
  23. (Gaztelaniaz) «EH Bildu refuerza su poder municipal en la Llanada alavesa» Diario de Noticias de Álava 2023-05-29 (Noiz kontsultatua: 2023-08-03).
  24. (Gaztelaniaz) «EH Bildu gana la batalla de Agurain» Gasteiz Hoy 2023-05-28 (Noiz kontsultatua: 2023-06-19).
  25. (Gaztelaniaz) «Estos son los 53 alcaldes de los pueblos de Álava» Gasteiz Hoy 2023-06-17 (Noiz kontsultatua: 2023-06-19).
  26. (Gaztelaniaz) Pedro, Eva San. (2023-04-11). «Sallurtegi, 400 años de tradición» Diario de Noticias de Álava (Noiz kontsultatua: 2024-03-23).
  27. «Agurain honra a Sallurtegui - salvatierra-agurain» www.salvatierra-agurain.com (Noiz kontsultatua: 2024-03-23).
  28. «Ondarea - Euskal Kultura Ondarea» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-25).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Araba
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.