Gauden gu Eskualdun
Gauden gu Eskualdun bertso-kantu aberkoia da, Grazian Ademak ondu zuena. Agur eta ohore Euskal Herriari eta Zazpi Euskal Herriek izenak ere ematen zaizkio.
Historia
"Eskualdun besta eta biltzarretako kanta" izan zedin idatzi zuen Grazian Adema Zaldubi senperetarrak Gauden gu Eskualdun abestia. 1882ko uztailaren 21ean abestu zen lehenbiziko aldiz, Donibane Lohizuneko euskal jaietan.[1] Berehala euskaltzaleen himno bilakatu zen.[2] 1933an, Teodoro Hernandorenak egindako Euzkadi dokumentalean agertu zen.[3]. 1970eko hamarkadan, Urko abeslariak zabalkunde handia eman zion, Hemen gaude diskoan (1977, Zafiro) grabatu zuenean.
Kantua
Zaldubi bere kantuak osatzen, lantzen eta orrazten ibili zen, argitaratu ziren arte.[4] Hona hemen Gauden gu Eskualdun-en 1893ko bertsioa.
Errepika
Zazpi Eskualherriek bat egin dezagun
Guziak bethi, bethi, gauden gu Eskualdun.
Agur eta ohore Eskualherriari:Lapurdi, Basa-Nabar, Zibero gainari;
Bizkai, Nabar, Gipuzko, eta Alabari.
Zazpiak bat besarka lot beitetz elgarri.
Haritz eder bat bada gure mendietan,Zazpi adarrez dena zabaltzen airetan,
Frantzian, Espainian, bi alderdietan:
Hemen hiru 'ta han lau, bat da zazpietan.
Ekhalde-Iberrian noiz othe sortua?Lau mila urthe huntan hunat aldatua;
Hain handi eta azkar lehen izatua,
Orai gure haritza zein den murriztua!
Funditua uholdez, zirimolez, ortziz;
Aizkorari arrotzek adargoiak hautsiz;
Harrek ere ixilka barnetik iretsiz;...
Haritz maitea, min duk aphaltzea gaitziz.
Gure haritz hau, azken mende hautaraino,
Zaharturik ere zen eder bezein sano.
Bere lur hoin garbian oso zagoeno,
Gainetik zoakona behar zen arrano.
Hi haiz, Eskualherria, haritz hori bera,
Arrotza nausiturik moztua sobera.
Oi! gure arbasoak, ez, othoi, ez beira
Zein goratik garen gu jautsiak behera.
Eskualduna jendetan, Eskuara mintzotan,
Lehen-lehenak dire, jakinen ahotan.
Nahiz orai arrotzak azpian hadukan,
Eskualduna, egoadi Eskualdun herrunkan.
Gu gare, Eskualdunak, berexiak beraz
Gure ethorkiz eta mintzaira eskuaraz.
Nihongo arrotzekin ez dadien nahas,
Arrotzek gur' eskuara ez dirote ikhas.
Gureak ziren lehen bazter hauk guziak,
Arbasoek utziak, hek irabaziak.
Guri esker Frantziak eta Espainiak
Daduzkate dituzten Eremu handiak.
Mairu beltza zelarik Espainian nausi,
Nabasen Eskualdunak egin zion jauzi.
Hark ekharri gatheak han gintuen hautsi,
Eta hilez bertzeak igorri ihesi.
Orduan gure alde oihuz zauden oro:
«Bere lurretan nausi Eskualduna bego.
Frantziak, Espainiak, bai orai bai gero,
Deus khendu gabe dute gerizatu gogo».
Agintz' hoitaz geroztik gan dire denborak.
Ukathu diozkate hartzedunei zorrak.
Oi! indar makhurraren lege latz gogorrak!
Galduez zuzendunen alfer heiagorak.
Ez bahaiz, Eskualduna, lehen bezein handi,
Aphaldu gabe xutik bederen egoadi,
Odolez eta fedez bethi berdin garbi,
Bethi tink' atxikia hire Eskuarari.
Gureez gure lehen hain libro ginenak,
Ezin ahantziz gaude orduko zuzenak.
Zer ametsak ditugun, zer orhoitzapenak!
Jaungoikoak bakharrik badakizka denak.
Zuri gaude othoitzez, Jaungoiko maitea,
Lagun zazu zerutik Eskualdun jendea,
Begira dezan bethi lehengo fedea,
Zor zaizkon zuzenekin ardiets bakea.[5]
Erreferentziak
- Onaindia, Santi. Grazian Adema, «Zaldubi» (1828-1907). Euskal literatura III, Etor, 1974, zubitegia.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2020-8-8).
- Zalbide Elustondo, Mikel. Iparraldeko euskalgintza, XIX. mendearen bigarren erdian. Zaldubi eta bere garaia. Euskera, ISSN 0210-1564, 52. liburukia, 3. zenbakia, 2007, 877-1008. orrialdeak, euskaltzaindia.net (Noiz kontsultatua: 2020-8-11).
- Dolosor, Frank Matxin Irabola, Senpereko bertsularia, Elkarlanean, 2010, 65-66. orrialdeak.
- Altzibar Aretxabaleta, Xabier. Adema Zaldubi politika aldetik. Juan Mari Lekuonari omenaldia, 2009, ISBN 978-84-95438-55-3, 25-64. orrialdeak, euskaltzaindia.net (Noiz kontsultatua: 2020-8-11).
- Adema, Grazian. Gauden gu Euskaldun. klasikoak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2020-8-11).
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- Urkoren bertsioa, youtube.com
Artikulu hau musikari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |