Agora
Agora (antzinako grezieraz: αγορά) greziar polisetan hiritarrak biltzen ziren espazio publiko garrantzitsuena da, gaur egungo plazen baliokidea. Espazio itxi bat zen, merkatua, kultura eta politika ardatz gisa zituena. Eraikin pribatu eta publiko garrantzitsuenek inguratzen zuten normalean, hala nola, estoak (zutabedun atariak), pritaneoak (bulego administratiboak), bouleteriona (boule-aren bileretarako eraikina) eta bainuak.
Agorak zibilizazio mikenikoaren suntsipena eta gero sortu ziren, eta Homeroren garaietarako ongi sustraitutako lekuak ziren (K.a. VIII. mendea g.g.b). Agora famatuena Atenasekoa da. Foro erromatarraren parekidea da eta gaur egungo plazen aurrekariak dira. Antzinako Erroman foroak ordezkatuko luke agoraren funtzioa.
Garapen historikoa
Aurrekari historikoak Kreta minoikoaren garaiko plazetara atzera egiten dute, non lehenengo agorak aurkitu diren.
Beranduago, zibilizazio mizenastarraren erorketaren ondoren, K.a. VIII. mendetik aurrera, oinarrizko elementua bihurtzen dira, merkatal jarduera handi batez lagunduta. Momentu hortatik aurrera, agorak palazioaren lekua hartuko du eta poliseko zentro politikoa bilakatuko da. Denbora igaro ahala, agorak polisaren hasiera bilakatzen dira, ikuspuntu ekonomiko, komertzial, politiko zein erlijiosotik; izan ere, inguruko eraikinak jarduera hauetarako moldatzen joan ziren..
Agora arkaikoak santutegi erlijiosoekin eta entretenimendurako jarduerekin (festak, jolasak eta antzerkia, kasurako) estu lotuta daude.
Agora asmakuntza urbanistiko handia izan zen; ez du aurrekaririk Ekialde hurbilean, ezta ere zibilizazio mizenastarrean, horietan erregeen menpe zegoen dena eta ez zen hiritarrak biltzeko leku berezirik behar. Berrikuntza hau Periklesen garaiko aldaketa urbanistikoei esker sartu zen, K.a. V. mendean. Garai helenistikoan hiru agora mota bereizi ziren, merkataritzakoa, kostako hirietan portuaren ondoan zegoena, agora politikoa eta agora erlijiosoa.