Agnes Pockels

Agnes Luise Wilhelmine Pockels (Venezia, 1862ko otsailaren 14a - Brunswick, 1935eko azaroaren 21a) kimikaren esparruan bidegilea izan zen alemaniarra izan zen. Bere lana funtsezkoa izan zen gainazalen zientziaren sorreran, likidoen eta solidoen gainazalak ikertzen dituen zientzia. Konkretuki monokapen ikerketa egin zuen, ura, xaboiak eta olioak dituzten harremanak aztertuz.[1]

Agnes Pockels

Bizitza
JaiotzaVenezia, 1862ko otsailaren 14a
Herrialdea Alemania
HeriotzaBrunswick, 1935eko azaroaren 21a (73 urte)
Familia
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzakalemana
Jarduerak
Jarduerakfisikaria eta kimikaria
Lantokia(k)Brunswick
Jasotako sariak

Hezkuntza

Pockels Venezian jaio zen 1862an. Garai hartan Venezia Austria-Hungariako Inperioaren menpe zegoen, Lombardia-Venezia Erresumaren baitan. Pockelsen aitak Austriako Armadan lan egiten zuen. 1871n familia Brunswickera mugitu zen[1], Agnes malariaz kutsatu baitzen. Brunswick garai hartan Saxonia Beherean zegoen, sortu berria zen Alemaniako Inperioan. Bertan Pockelsek neskentzako institutoan ikasi zuen.[2]

Umea zenetik Pockelsek interes handiarekin jarraitzen zuen zientzia, eta fisika ikastea zen bere ametsa[3]. Garai hartan, hala ere, emakumeek ez zuten unibertsitatean ikasterik. Bere anaia gaztea zen Friedrich Carl Alwin Pockelsek fisika ikasi zuen eta literatura zientifikoa lortzen laguntzen zion[1]. Pockels efektua bere anaiak aurkitu zuen.

Ikerketa

Pockelsen gurasoak gaixotiak ziren eta bera, ezkongabea, gurasoen zaintza lanak bere gain hartu zituen. Bere bizitzako zati handia sukaldean eman zuen, olio, xaboi eta bestelako etxeko produktuekin[1]. Errelatoak dio harrikoa egiten ari zela fluido batek duen gainazal-tentsioa eta fluido horretan zeuden ez-purutasunak zuten harremana aurkitu zuela.

Ikerketa egiteko ezagutza formalik ez bazuen ere, Pockelsek asmakizun bat egin zuen, Pockelsen aska deitzen dena. Tresna hau zientzia-disziplina berri honetan giltzarria izango zen. Bere askaren bertsio hobetu bat erabilita Irving Langmuirrek gainazaleko molekulen inguruko aurkikuntza berriak egin zituen gerora, baita 1932an Kimikako Nobel Saria irabazi ere[4]. Pockelsen tresna Languir-Blodgett askaren aurrekaria da, era berean.

1891n bere ikerketak John William Strutt (Lord Rayleigh) zientzilariari bidali zizkion, "berarentzat gorde zitzan" eskatuz. Gutuna alemanez bidali zion, eta Raleyghek itzulpena eskatu ostean harridura handiz jaso zituen datuak, Nature aldizkarira bidaliz[5]. Hortik aurrera gainazaleko pelikulak ikertzeko bidea ireki zitzaion Pockelsi. Inoiz ez zuen kargurik lortu, baina hainbat ikerketa argitaratzea lortu zuen, eta zientzia hasi berrian garrantzi handiko pertsona izan zen.

Sariak eta onarpena

1931an Henri Devauxekin batera Laura Leonard saria jaso zuen. Hurrengo urtean Brunswickeko Unibetsitate Teknologikoak ohorezko doktoretza eman zion.[1]

Erreferentziak

  1. Gary Williams. (2010). Nina Byers ed. Out of the Shadows : Contributions of Twentieth-Century Women to Physics. Cambridge: Cambridge University Press, 36-42 or. ISBN 9780521169622..
  2. (Ingelesez) 150th Birthday of Agnes Pockels :: ChemViews Magazine :: ChemistryViews. (Noiz kontsultatua: 2017-02-14).
  3. Helm, Christiane A.; Arndt, Ernst-Moritz; Greifswald, Uni. «Agnes Pockels: Life, Letters and Papers» American Physical Society.
  4. The Nobel Prize in Chemistry 1932. (Noiz kontsultatua: 2017-02-14).
  5. Bottomley, J. T.. (1891-03-01). «Prof. Van der Waals on the Continuity of the Liquid and Gaseous States» Nature 43: 437.  doi:10.1038/043437b0. ISSN 0028-0836. (Noiz kontsultatua: 2017-02-14).
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.