Agnes Obel
Agnes Caroline Thaarup Obel (Gentofte, Hovedstaden, 1980ko urriaren 28a) konpositore, pianista eta abeslari daniarra da.[1]
Agnes Obel | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Kopenhage, 1980ko urriaren 28a (43 urte) |
Herrialdea | Danimarka |
Bizilekua | Berlin |
Hezkuntza | |
Heziketa | Det frie Gymnasium (en) |
Hizkuntzak | daniera alemana ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | egile abeslaria, abeslaria, piano-jotzailea eta estudioko musikaria |
Influentziak | Roy Orbison, PJ Harvey, Joni Mitchell, Erik Satie eta Claude Debussy |
Genero artistikoa | musika klasikoa herri-musika |
Ahots mota | sopranoa |
Musika instrumentua | pianoa ahotsa |
Diskoetxea | Play It Again Sam (en) |
agnesobel.com | |
Bizitza
Agnes, eta neba gaztea, ingurune ez oso konbentzionalean hazi ziren. Aitak hiru seme-alaba zituen lehenagoko ezkontza batetik, eta gustuko zuen objektu arraroak eta musika instrumentuak bildumatzea.[2] Ama, Katja Obel, jurista zen, bai eta piano-interprete bikaina ere, eta Bartók eta Chopinen lanak jotzen zituen pianoan.[2] Musikaz betetako etxe batean hazi zen Agnes Obel, eta gaztea zela ikasi zuen pianoa jotzen. Ikasketa horri buruz, zera dio Obelek: "Piano klasikoko maisu bat izan nuen, eta esaten zidan ez nuela jo behar gustatzen ez zitzaidana. Beraz, soilik gustuko nuena jotzen nuen. Inoiz ez zidaten derrigortu beste ezer jotzera". [3]
1990. urtean, Obel talde batean hasi zen; abeslaria eta baxu-jotzailea zen. Taldeak festibal batean jo zuen eta zenbait abesti grabatu zituen.[4] 1994. urtean, The Boy Who Walked Backwards/Drengen der GIK baglæns laburmetraian bi eszena grabatu zituen. Thomas Vinterbergek ekoitzi zuen lana. Holger Thaarup neba izan zen filmeko pertsonaia nagusia.[5]
Det frie Gymnasium institutura joan zen Obel; hain zuzen, eskola libre at zen, non asko musika jotzeko aukera izan zuen. Nolanahi ere, goiz utzi zuen eskola. "Hamazazpi urte nituela, (...) estudio bateko buru zen gizon bat ezagutu nuen. Musika-ikasketak utzi nituen segituan, soinu-teknikari buruzkoak ikasteko. Geroago, eta Elton Theander ekoizle eta musikari daniarrari esker, Obelek Sohier taldea sortu zuen, Kopenhagen.
2006az geroztik Berlinen bizi da[6]; hiri horretan ingurune egokia aurkitu du musika sortzeko, bere bikotekidearekin batera: Alex Brüel Flagstad argazkilaria. Hain zuzen, berak zuzuendu ditu Obelen bideo musikaletako zenbait.[7]
2009an, Obelek abesti argitaratu zuen Myspacen, "Just So" izenekoa. Deutsche Telekom telekomunikaizo-enpresak iragarki baterako erabili zuen abesti hori[7], eta, aukera paregabe horren ondoren, erraza izan zen Obelentzat bere lehen albumarentzako zigilu diskografiko bat aurkitzea.
Musika-ibilbidea
Agnes Obelek Philharmonics lanarekin egin zuen debuta, 2010eko irailaren 17an. Albuma salmenten zerrendetan lehena izan zen Belgikan eta Danimarkan, eta 450.000 kopia baino gehiago saldu zituen Europan; horrenbestez, urrezko disko bihurtu zen. 2011ko azaroan, bost sari lortu zituen Danish Music Awards-en: Urteko diskorik onena, Urteko pop merkaturatzerik onena, Urteko emakumezko artistarik onena, eta Urteko konpositorerik onena.[8]
Lehen lan horretarako, Obelek idatzi, jo, abestu, grabatu eta ekoitzi zuen material oro. "Ez naiz ateratzen eta ez dut inspirazioa bilatzen; iruditzen zait inpsirazioa melodiatik etortzen zaidala. Batzuetan, sentitzen dut melodiak ez duela zerikusirik nirekin, baina sinpleki datorkidan zerbait da, akumulatu egiten zait pianoa jo ahala, eta, orduan, kriatura txiki hau sinpleki agertu egiten da."[9]
"Just So" abestia Deutsche Telekomen iragarki baterako aukeratu zuten, Alemanian.[10] Disko horretako hiru abesti Submarino[11] filmaren soinu-bandan agertzen dira; 2009an filmatu zen filma, eta "Riverside" abestia Grey's Anathomy serieko "Not Responsible" kapituluan agertzen da, bai eta Revenge serieko zenbait ataletan ere.
2011ko otsailaren 7an, PIAS Recordingsek Philarmonics diskoaren luxuzko bertsio bat argitaratu zuen. Bertsio horrek hamaika pista osagarri ditu. Horietatik sei Kopenhageko kontzertu batean grabatuak dira.
2011ko urrian, Agnes Obelek European Border Breakers Awards sari bat lortu zuen. Europako pop musikaren alorreko talentu berririk onenak aintzatesten ditu sari horrek.
2012 eta 2013 bitartean, Obel bere bigarren diskoa grabatzeko lanetan aritu zen, Berlingo Chalk Wood estudioetan. Orduan ere berak ekoitzi, idatzi eta interpretatu zituen lan guztiak. Aventine grabatu zuenekoari buruz, zera adierazi zuen: "Oso hurbiletik grabatu nuen guztia; mikrofono guztiak gela txiki batean sartuta, ahotsak hemen, pianoa hemen, guztia zugandik hurbil. Beraz, eskasa da, baina abestien tarte dinamikoak soinu-paisaiak sor ditzake ia. Handia senti zitekeen zerbait egiteko aukera izan nuen, instrumentu gutxi hauekin".[12]
2013ko irailaren 4an aurkeztu zen albuma, Londreseko St. Pancras Old Churchen, kazetari fin batzuen aurrean. Irailaren 17an iTunes jaialdia ireki zuen, eta kontzertua grabatu eta argitaratu egin zen, iTunes Festival: London 2013 izenburupean. Azkenean, albuma irailaren 30ean argitaratu zuen, eta harrera ona izan zuen prentsaren eta entzuleen artean. Aventine diskorik salduenen artean egon zen, Frantzia, Belgika eta Danimarkan.
Late Night Tales: Agnes Obel albuma argitaratu zuen 2018ko maiatzaren 25ean, Late Night Tales album sortaren barnean. Artista prestigiodunek kuratutako diskoek osatzen dute bilduma hori.[13]
2018ko otsailean, Agnes Obelek kontratu bat sinatu zuen musika klasikoan espezializaturiko Deutsche Grammophon disko-etxearekin.[14] 2019ko urriaren 29an enpresa alemaniarrarekin grabatuko zuen lehen albumaren izena eman zuen argitara (Myopia), eta "Island of Doom" abestia aurkeztu zuen. Myopia 2020ko otsailaren 21ean argitaratu zen.[15]
Diskografia
Estudioko albumak
- Philharmonics (2010)
- Aventine (2013)
- Citizen of Glass (2016)
- Myopia (2020)
Zuzeneko albumak (Euskarri digitala)
- iTunes Live à Paris (2011)
- iTunes Festival: London 2013 (2013)
Singleak
- "Riverside" (2010), Philharmonics
- "Just So" (2010), Philharmonics
- "Brother Sparrow" (2011), Philharmonics
- "The Curse" (2013), Aventine
- "Fuel to Fire" (2013), Aventine
- "Familiar" (2016)
Erreferentziak
- «Agnes Obel: "Il faut laisser la mélodie décider du texte"» Site-LeVifFocus-FR 2011-05-05 (Noiz kontsultatua: 2020-10-05).
- (Gaztelaniaz) Elola, Joseba. (2020-02-07). «Agnes Obel, el sonido de los recuerdos» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
- Agnes Obel – Interview – Paris, mardi 9 novembre 2010 (en francés)
- La grâce mélancolique de la secrète Agnes Obel (en francés)
- Drengen der gik baglæns (1995) (en inglés)
- (Gaztelaniaz) «Agnes Obel - Música, videos, estadísticas y fotos» Last.fm (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
- (Danieraz) «Agnes Obel – ny melodisk klaverpop» gaffa.dk (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
- Agnes Obels store triumf ved DMA (en danés)
- Pursuing The Obel Arts: An Interview With Agnes Obel (en inglés)
- Agnes Obel – ny melodisk klaverpop (en danés)
- Submarino (2010) (en inglés)
- Agnes Obel Announces New Album 'Aventine' Released 30th September 2013 (en inglés)
- (Gaztelaniaz) «Se publica Late Night Tales, de Agnes Obel» Días Nórdicos Magazine 2018-05-30 (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
- Deutsche Grammophon signs Agnes Obel | Complete Music Update. (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).
- (Gaztelaniaz) «'Myopia', el nuevo álbum de Agnes Obel que se estrena este viernes 21 de febrero» La Vanguardia 2020-02-21 (Noiz kontsultatua: 2020-10-11).