Agatokles Sirakusakoa
Agatokles (antzinako grezieraz: Ἀγαθοκλῆς, Agathoklḗs; K.a. 361 – 289) Sirakusako tirano bat zen (K.a. 317-289) eta Siziliako erregea (K.a. 304-289).
Agatokles Sirakusakoa | |||||
---|---|---|---|---|---|
| |||||
Bizitza | |||||
Jaiotza | Himera, K.a. 361 | ||||
Heriotza | Sirakusa, K.a. 289 (71/72 urte) | ||||
Familia | |||||
Ezkontidea(k) | Alkia (en) Theoxena of Syracuse (en) Widow of Damas (en) | ||||
Seme-alabak | ikusi
| ||||
Anai-arrebak | ikusi
| ||||
Hezkuntza | |||||
Hizkuntzak | antzinako greziera | ||||
Jarduerak | |||||
Jarduerak | politikaria, militarra eta soldadua |
Biografia
Agatokles Siziliako Termae Himerae-n jaio zen (Reggio di Calabria). Haren aita, eltzegile zuen lanbidea, 343ko inguruan Sirakusara mugitu zen. Aitaren lanbidea ikasi zuen baina geroago, Antander anaiarekin armadan sartu zen. K.a. 333an, haren nagusi zenaren (Damas izenekoa, hiritar aberats eta nabarmena) alargunarekin ezkondu zen. Ezkontza horri esker Agatoklesek sirakusar hierarkia altuan sartu ahal izan zuen. Timoleonaren legeriak ezin zituen Sirakusako arazoak konpondu, aspaldidanik hirian enfrentamendu handiak zeudelako demokraten eta oligarken artean, ahaztu gabe Kartago etengabeko mehatxua zela. Hasieran, Agatokles neutrala izan zen baina nolabaiteko joera demokratikoa adierazi zuen. Geroago, Heraklides eta Sosistrato oligarken kontra jarri zenez ostrazismora bidali zuten[1]. Agatoklesek armada pribatu bat kontratatu zuen eta honekin Italiako helgoaldean zenbait hiriren zerbitzura egon zen, baita Mediterraneo aldean borroka batzuetan ere. Amnistia batek babestuta, K.a. 319an, Sirakusara itzuli zen. Gudaroste mertzenario bat ekarri zuenez, hiriko armadaren kontrola hartu zuen. Haren handinahiak betetzeko, estatu kolpe bat eman zuen K.a. 317an eta bortizkeria erabiliz, Sirakusaz jabetu zen. Horren ondoren, bilera bat antolatu zuen oligarkak salatzeko eta bere burua demokraziaren berrezartzailetzat aurkezteko. Hori antzezteko, konstituzio demokratikoa zin egin zuen eta herriari ziria sartu zion esatean boterea utziko zuela. Errealitatean bileratik nahi zuena zen strategos autokrator bera izendatua izatea. Hau lortu ondoren, 10.000 hiritar erbesteratu edo hil zituen. Gero, armada eta sortutako ontziteri sendoarekin Siziliako eskualde handi bat kontrolatu ahal zuen[2]. Lehenengo urteetan, Agatoklesen tirania herrikoia izan zen, zorrak kitatu eta lurrak banatu zituelako, agindu zuen moduan. Sosistratok eta beste oligarka batzuk laguntza lortu zuten Akragante, Gela eta Messana hirietan, beldurtuta zeudelako Agatoklesek Siziliako irla osoan zehar boterea hedatuko ote zen. Horretarako Akrotato espartarraren laguntza izan zuten. Hurrengo gatazketetan, Agatoklesek Messana konkistatu zuen K.a. 312an, baina etsaiek, Akrotatok porrot egin ostean, kartagotarren parte-hartzea ahalbideratu zuten. Hauek, Hamilkar Giskonek zuzenduta, Agatokles Eknomon irabazi zituen eta Sirakusa setiatu. Hau ikusita, gainontzeko hiri greziarrak, K.a. 311n, kartagotarrekin elkartu ziren. Urte bat beranduago, Agatoklesek izugarrizko ahalegina egin zuen blokeoa apurtzeko eta gerra Afrikara eramateko. Estrategia horrek aldaketa nabaria eragin zuen haren politikan. Diru faltak behartuta, etsaien ondasunak bereganatu zituen eta herritarren artean zerga handiak ezarri. Afrikako espedizioa, 310ean hasitakoa, hasieran arrakastatsua izan zen: Agatoklesek kartagotarrak irabazi zituen, aliatuak bilatu zituen Kartagoren inguruko herrien artean eta Ofelasekin, Zireneko gobernadore ptolomaikoarekin itun bat sinatu zuen, gero, K.a. 309an, erail bazuen ere. K.a. 308an, Utika, kartagotar hiria konkistatu zuen. Bitartean, Sirakusako egoera kezkagarria zen sirakusarrentzat, Akragantek, eta exiliatutako oligarkek mehatxatzen zutelako. Antanderrek, Agatoklesen anaiak, K.a. 309an, kartagotarren gaineko garaipen bat lortu zuen eta erretiratzeko behartu zituen, baina greziar aliatuek, Jenodiko Akragantekoak eta gero erbesteratutako Dinokrates Sirakusakoak gidaturik, ez zuten amore eman. Agatoklesek Afrikako armada utzi zuen Arkagato semearen erantzukizunaren pean. Agatokles Siziliara abiatu zen eta garaipen bikoitza lortu zuen etsaien gainean (K.a. 307), baina Siziliara itzuli zenean, semea hilda aurkitu zuen eta armada suntsiturik. Horren ostean, K.a. 306an, kartagotarrekin sinatu zuen bake-itun onuragarri bat non Halikos ibaian muga jarri baitzen eta Sizilian bi potentzien eragina zehaztu. Siziliara itzuli zenean, (K.a. 305) Agatoklesek agintea berreskuratu zuen, Dinokrates irabazi zuen eta hainbat etsai politiko hil zituen. Urte bat beranduago, Alexandro Handiaren ondorengoak imitatuz, errege titulua hartu zuen. Bere bizkartzainak mertzenario italikoak, sannitak bereziki, eta mamertinoak ziren. Horren ostean, albisteak urriak dira; zenbait espediziok Italia hegoaldetik eta Kortzira konkistatu zuen, Kasandroren anbizioak moztuz, K.a. 300. urtean. Agatokles K.a. 289an hil zuten, Arkagato bilobak aginduta, beldur zelako ondorengoa izendatuta ez izatea. Hilketak ez zuen saririk izan, hiltzailea, Menon Egestakoak, Arkagato ere hil zuelako. Hau eta gero, Sirakusak ez zuen gobernurik izan 289-288 artean, Hizetasen eta Menonen gerra zibilaren kausaz.
Ezkontzak eta seme-alabak
Agatokles hirutan ezkondu zen. Lehenengo emaztea Damas ugazaba zenaren emaztea zen. Honekin bi seme izan zituen: Arkagato eta Agatokles, biak K.a. 307an hil ziren. Bigarren emaztearekin, Altziarekin, Lanassa izeneko alaba bat izan zuen, Pirro Epirokoarekin ezkondu zena bigarren emazte gisa. Hirugarren emaztea Ptolomeo familiako Teoxema printzesa zen, Berenize I.aren eta bere senarra Filiperen bigarren alaba eta Ptolomeo I.a Soterren alabaordea. Teoxemak bi seme-alaba eman zizkion Agatoklesi: Arkagato eta Theoxema. Theoxema Agatokles baino gehiago bizi zen eta ondorengo gehiago izan zuen bigarren eta hirugarren ezkontzetatik.
Erreferentziak
- TILLYARD, J. W.: The history of Agathocles
- CHISHOLM (1911)
Bibliografia
- JUSTINO: Epítome de las historias filípicas de Antonio Trago
- DIODORO SIKULOA: Biblioteka Historikoa. XIX, XXI, XXII. (Timeoren informazioetan oinarritzen da, Agatoklesen etsaia zena).
- POLIBIO IX. 23
- POLIBIO MEGALOPOLISKOA: Historiak, IX, XXIII.
- GROTE: History of Greeze, 97. atala.
- SCHUBERT, (1887): Geschichte des Agathokles
Aurrekoa | Sirakusako tiranoa | Ondorengoa |
---|---|---|
Sosistratok zuzendutako oligarkia Aurreko tiranoa: Timoleon |