Afrikar literatura

Afrikar literatura idatzia zaharrenetarikoa da, behintzat Antzinako Egiptotik baitator. Neurri handian Ahozko literaturari lotuta dago eta idatzizko ekoizpenari dagokionez, XX. mendetik aurrera garatzen da. Testuen hizkuntzari dagokionez, eragin handia izan dute gobernu kolonialek eta horren ondorioz bi aro desberdindu dute aditu askok: Europako koloniak ezarri aurrekoa eta hauek desagertu ondorengoa, azken mendeetako produkzioa baldintzatu dutelako.[1]. Erabilitako hizkuntzak bigarren aldi horretan, batik bat ingelesa, frantsesa eta portugesa izan dira, baita arabiera eta, poliki-poliki, gero eta gehiago tokian tokiko hizkuntzak ere.

Wole Soyinka (1934-), idazle nigeriar Nobel sariduna.

Idazle ezagunei dagokienez, aipagarriak dira Wole Soyinka da Nobel Saria eskuratu duen lehenengo Afrikako egilea (1986). Bere ondoren Nadine Gordimer (1991an), John Maxwell Coetzee (2003an), Doris Lessing (2007an) eta Abdulrazak Gurnah (2021) tamaina horretako saridunak izan dira.

Garai kolonia-aurrekoa

Ahozko literatura izan da nagusi Afrikan historian zehar, munduko beste hainbat lekutan eta kulturatan bezala. Belaunaldiz belaunaldi istorioak, ipuinak eta elezaharrak transmititu dizkiete gurasoek seme-alabei gaur egun arte ama-hizkuntzan. Azpimarratzekoak dira halaber griot izeneko ipuin kontalari-abeslariak, musikaren bidez kontuka ibili izan direnak Mendebaldeko Afrikan.

Antzinaroan testu zaharrenak Egipton ekoiztu ziren idazkera hieroglifikoa erabiliz eta hainbat urtez ulertezinak izan ondoren, 1822 urtean haien esanahia ulertzen hasi ziren, Rosetta harriari esker Jean-François Champollion frantziarrak dezifratu ondoren. Gerora, Ptolomeotar dinastiaren garaian, greziera erabili zen literaturako hizkuntza gisa eta Alexandriako Liburutegi enblematikoa eraiki zen.

Greziera eta feniziera izan ziren Antzinako Kartagon erabilitako hizkuntzak testuetan, eta garaitua izan ondoren, Gerra Punikoak amaitu ostean, latin nagusitu zen Afrikako Iparraldean. Hauetako idazki asko arabierara itzuli ziren eta mezkitetan gorde.

Bestalde, Iparraldeko Afrika eta Sahara-Sahel inguruan, Egiptotik Kanaria Uharteetara, amazigera hizkuntzaren lurraldean, ahozko literatura tradizio propioa eta berezko grafia gorde dituzte, baina aldagai geografikoak eta historikoak direla medio, - tartean komunitateen arteko isolamendua, arabieraren ospea liturgiarako eta hortik eratorritako tokiko dialektoak, europar kolonizazioa etab- hizkuntzaren fragmentazio handia ekarri dute.[2].

Halere, Goi Erdi Aroan, Timbuktuko unibertsitate famatuan, Sankore, eskualde hartako 300.000 eskuizkribu inguru kontserbatu ziren, gehienak arabieraz idatzitakoak, baina baita bertako beste hizkuntza batzuetan ere, fulaz eta songhaiz adibidez. Material zabal honek gai ugari hartzen du barne, besteak beste astronomia, poesia, legeak, historia, fedea, politika eta filosofia. Islamiar eraginetatik, swahilizko literatura garatu izan da, lanik goiztiarren artean "Utendi wa Tambuka" edo "Tambukako istorioa" dugularik.

Etiopiaren kasuan, Erdi Aroan, amharera hizkuntza garatu zen, desagertutako Aksumgo Erresumaren garaian, Ge'ez hizkuntzarekin batera. .

Arabierazko literaturan Ibn Khaldun moduko iparrafrikarrak nabarmendu ziren, Fez eta Kairoko unibertsitateekin batera.

Herrialde batzuetan, Ghana edo Nigeria kasu, aipagarria da antzerki tradizioa. Ondoren, antzerki lan asko, taularatu ez, baina irrati bidez zabaldu egin dira XX. mendean.

Garai kolonia-ondorengoa

Kontinentean egiten den literaturaren hedapenari dagokionez, batik bat, frantesez eta ingelesez idatzitakoa eta Mendebaldeko kanonetan formakuntza izan duten idazleek sortua izan da ezaguna. Baina kontuan hartu behar dira ere arabieraz, neurri txikiagoan iberiar hizkuntzatan egindako lan literarioak eta etxeko hizkuntzan idatzitakoak.

Garai honetako lehen liburu nabarmena The Interesting Narrative of the Life of Olaudah Equiano edo (1789) izan zen, non Olaudah Equiano izena zuen Nigeriako esklaboak pairatutako sufrikarioak kontatzen dituen.

1911an Joseph Ephraim Casely-Hayford edo Ekra-Agiman izenak zituen egileak (gaurko Ghana) Afrikan ingelesez idatzitako lehenengo eleberria kaleratu zuen: "Ethiopia Unbound: Studies in Race Emancipation".

1935ean Herbert Isaac Ernest Dhlomo-k (Hegoafrika) The Girl Who Killed to Save: Nongquase the Liberator antzezlana estreinatu zuen, Afrikan inglesez egindako lehena.

1948an Léopold Sédar Senghor-ek (Senegal) argitaratu zuen Anthologie de la nouvelle poésie nègre et malgache de langue française, frantsesezko poesiari buruzko lehenengo antologia.

1962an Ngugi wa Thiong'o-k (Kenya) The Black Hermit drama aurkeztu zuen, tribuen arteko arrazakeriaren gaia hartuta. Bere ama-hizkuntzan, gikuyuz idatzi zuen Ngaahika Ndeenda, Ngaahika Ndeenda eta 1977 gartzelan atxilotuta izanik arrazoi politikoak zirela medio, hasi zen bere ama-hizkuntzan idazten lehenengo eleberria Caitaani mũtharaba-Inĩ.[3].

XX. mendearen bigarren erdialdean ingeles hizkuntzan idazten duten zenbait egile nabarmentzen dira, hala nola, Chinua Achebe eta Wole Soyinka idazle nigeriarrak, Ghanako Kofi Awoonor edo Keniako Ngũgĩ wa Thiong'o, eleberrigintzan. Hedapen horretan mendebaldean zerikusi handia izan zuten Heinneman argitaletxe britaniarrak edo Longman edo East African Publishing House bezalako argitaltxeak. Halere, zenbait korronteren arabera, Afrikar literatura baino, afroeuropar literaturatzat hartu izan da, bai erabilitako hizkuntzagatik, bai narrazioek islatzen duten influentziagatik.[4].Aitzitik, afrikar literaturak bertako hizkuntzetan sortutakoa kontuan hartu beharko luke, nahiz eta hainbat arazo sortu diren garatzeko, besteak beste, hizkuntzaren irakaspena, atzerritarrek eginiko eredu ortografikoak, batzuetan oso egokiak ez direnak, hizkuntzen normalizazio falta edo irakurle kopuru urria. Era berean, arabieraz eginikoa eta diasporakoa ere aintzakotzat hartu behar dira, batik bat Karibe eta afro-amerikarra.[5].

Idazleak

Liburuak

  • 1911: Ekra-Agiman, Ethiopia Unbound: Studies in Race Emancipation (gaurko Ghana)
  • 1931: Thomas Mofolo, Chaka (Hegoafrika)
  • 1938: Daniel Olorunfemi Fagunwa, The Forest of a Thousand Demons (Nigeria).
  • 1950: Doris Lessing, The Grass is Singing (Rhodesia).
  • 1958: Chinua Achebe, Things Fall Apart (Nigeria)
  • 1958: Wole Soyinka, The Lion and the Jewel (Nigeria)
  • 1967: Ngugi wa Thiong'o, A Grain of Wheat (Kenya)
  • 1973: Ousmane Sembène, Xala (Senegal)
  • 1979: Dambudzo Marechera, The House of Hunger (Rhodesia)
  • 1981: Mariama Bâ, Une si longue lettre (Senegal)
  • 1985: Gracy Ukala, Dizzy Angel (Nigeria)
  • 1988: Tsitsi Dangarembga, Nervous Conditions (Zimbabwe)
  • 1992: Mia Couto, Terra Sonâmbula (Mozambike)
  • 1998: Yvonne Vera, Butterfly Burning (Zimbabwe)
  • 2005: Benjamin Sehene, Le Feu sous la Soutane (Ruanda)
  • 2005: Marguerite Abouet, Aya de Yopougon (Boli Kosta)

Euskarara ekarriak

Euskaraz itzulita ditugu afrikar literaturako hainbat lan: "Lotsaizuna" (Coetzee, 2004), "Mirarien kalezuloa" (Mahfuz, 2006), "Gainbehera dator dena" (Achebe, 2007), "Belarra kantari" (Lessing, 2008), "Ogi hutsa" eta "Hutsegiteen garaia" (Xukri, 2011 eta 2015); "Hain gutun luzea" (Mariama Bâ, 2015), "Guztiok izan beharko ginateke feminista" (Adichie, 2016) eta "Paradisua" (Gurnah, 2022), besteak beste.

Afrika euskal literaturan

Afrika azken urteotan euskarazko liburu batzuen kokaleku nagusia izan da. Besteak beste, Juanjo Olasagarrek "Mandelaren Afrika" (1998) lanean Hegoafrikako azken urteotako islada jaso zuen, eta besteak beste "Lonely Planet" bidaia liburu famatuetako batean aipatzen dute.

Jon Arretxek ere, bestela, kontinente honetan kokatu ditu osoki edo partzialki liburu hauek: "Tubabu" Afrikako iparraldetik Mali alderantz (1994), "Hakuna Matata" (2000), "Zazpi kolore" (2000), "Griot" Burkina Fason (2004) eta "Tangerko ametsak" Tanger eta Bamako hirietan (2011). Halaber, "19 kamera" (2012) eta "612 euro" (2013) eleberrietan Bilbon bizi den afrikar etorkin baten abenturak kontatzen ditu.

Ezin ditugu aipatu barik utzi "Afrika Express" kronika liburua, Marokotik Malira egindako bidaia kontatzen duena (Urtzi Urrutikoetxea, 2008), "Zazpi etxe Frantzian" kolonien garaiko Kongo Belgiarrean kokatuta (Bernardo Atxaga, 2009), "Moroak gara behelaino artean?" Rifen girotuta (Joseba Sarrionandia, 2010) eta "Iazko hezurrak" (Unai Elorriaga, 2014), Ruandako genozidioa jorratzen duena besteak beste.

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) Alvarez Martínez, Teresa.- "Descolonizar la palabra : literatura y discurso en África subsahariana". Barcelona: Icaria, 2017. orr. 15-59
  2. Informazio gehiago WOLACO elkartearen bidez (World Languages Conservancy / Conservatoire des langues du monde), Lyongo Unibertsitatean , kontsulta data 2019-06-06
  3. Fernandez Quincoces, Sonia.-Ngũgĩ wa Thiong’o, idazle erraldoia, 2015eko otsailaren 17an, Literafricas blogean , kontsulta data: 2019-06-10
  4. (Gaztelaniaz)Ngũgĩ wa Thiong'o.-'Descolonizar la mente : la política lingüística de la literatura africana'. Barcelona : Penguin Random House, 2015. or.123
  5. (Gaztelaniaz)Ngũgĩ wa Thiong'o.(2015)or.163

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.