Adrienne Avril de Sainte-Croix
Adrienne Avril de Sainte-Croix, Adrienne Glaisette jaiotzean, (Carouge, Suitza, 1855eko otsailaren 10a – Menton, Frantzia, 1939ko martxoaren 21a) filantropo eta feminista frantsesa izan zen.
Adrienne Avril de Sainte-Croix | |||
---|---|---|---|
1922 - 1932 | |||
Bizitza | |||
Jaiotzako izen-deiturak | Adrienne-Pierrette-Eugénie Glaisette | ||
Jaiotza | Carouge (GE), 1855eko otsailaren 10a | ||
Herrialdea | Suitza Frantzia | ||
Heriotza | Menton, 1939ko martxoaren 21a (84 urte) | ||
Hobiratze lekua | Menton | ||
Hezkuntza | |||
Hizkuntzak | frantsesa | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea, saiakeragilea, kazetaria eta editorea | ||
Jasotako sariak | |||
Kidetza | National Council of French Women (en) Le Droit Humain (en) | ||
Izengoitia(k) | Avril de Sainte-Croix | ||
Biografia
Adrienne Pierrette Eugénie Glaisette, Savioz (amaren izena), Mlle. de Sainte-Croix eta, gero, Madame Avril de Sainte-Croix izenez ere ezaguna, 1855eko otsailaren 10ean jaio zen Carougen (Genevako kantoia, Suitza). Haren aita, Marc Glaisette[oh 1], Nantesko ediktuaren ezeztatzean Suitzako Vaudeko kantoira bizitzera joan zen Gap-eko familia higanot batean jaio zen. 1858an hil zen. Emazte alarguna bi alaba txikirekin gelditu zen.[oh 2] 1871n, Glaisette familiak Vaud kantoiko Sainte-Croix udalerriko herritartasuna lortu zuen. Zalantzarik gabe, herri horren izena, Adrienne jaio zen Carougeko elizarena ere badena, izango zen geroago erabiliko zuen izengoitiaren jatorria.
Avril de Sainte-Croix, 1880 inguruan, Parisa joan zen bizitzera. Han idazle eta kazetari gisa lan egin zuen, eta Savioz goitizenarekin hainbat albiste eta kronika idatzi zituen.[oh 3] Figaro, l'Eclair eta Le Siècle egunkarietan kolaborazio asko idatzi zituen, eta haietan Dreyfusen alde agertu zen.[1]
1900eko maiatzaren 17an, François Avril ingeniari dibortziatuarekin ezkondu zen Parisen.[2][oh 4] Nahiz eta protestantea izan eta erlijio horretako inguru filantropikoan parte hartu, ez dirudi praktikantea zenik. Librepentsalaria zen, eta Maria Deraismes eta Georges Martinek sortutako Le Droit human logia masonikoaren partaide ere izan zen.
Borroka abolizionista
Jane Misme kazetariaren arabera, Avril de Sainte-Croix 1896ko Kongresu Feministan “begiak zabaldu zizkion feminismoari”.[3] 1897an, La Fronde-n, Marguerite Durand-ek sortutako emakumeentzako egunkarian, kolaboratzen hasi zen. Bertan, hainbat artikulu argitaratu zituen Saint-Lazare-ko kartzelan zeuden emakumeei buruz, haien egoera latzaz suminduta.[4] Urte berean, Londresera joan zen Louise Michelekin Federazio Abolizionistaren Kongresura. Biltzar horretan, Isabelle Bogelot l'Œuvre des libérées de Saint-Lazare elkartearen delegatuak eta Josephine Butler abolizionistak ere parte hartu zuten.
Horrez gain, 1898ko urrian, La Fronden Mme. Haben ezizenarekin idatzitako artikulu batean, epaitegiek kondenatu eta Kaledonia Berrira deportatutako zenbait emakumeren egoera salatu zuen, behartuak izan baitziren preso askatuekin ezkontzera.[5]
Avril de Sainte-Croix-ek borroka abolizionistan ere parte hartu zuen: 1901ean l'Œuvre libératrice sortu zuen, neskentzako errehabilitazio eta birgizarteratze elkartea, 1913ko ekainaren 28an onura publikokotzat onartua izan zena.[6] Isabelle Bogeloten edo eta Sarah Monod-en lana eredutzat hartuta, prostituitutaako emakumeei laguntza materiala eta morala ematea izan zuen helburu. Avril de Sainte-Croixek haurrentzako asilo-aretoak, mediku-kontsultategiak, lanbide-eskola bat eta eskola-itxiera sortu zituen Épernon-en (Eure-et-Loir). Elkarteko ongileen artean izan ziren Frantziako Emakumeen Kontseilu Nazionaleko partaidee nagusiak: Gabrielle Alphen-Salvador; Sarah Monod eta bere lehengusu Henri Monod, Laguntza Publikoko zuzendaria; eta Julie Siegfried eta haren senarra, Jules Siegfried diputatua.
Frantziako beste lan filantropiko batzuetan ere parte hartu zuen: Association pour la répression de la traite des blanches et la préservation de la jeune fille (Emakumezkoen Salerosketaren Errepresiorako eta Neskatoaren Babeserako Elkartea) elkarteko administrazio-kontseiluko kide izan zen,[7][oh 5] Association pour le développement de l'assistance aux malades (Gaixoei Laguntza Emateko Garapenerako Elkartea) elkarteko ohorezko batzordeko kide, edo 1905ean Giza Eskubideen Ligako batzorde zentraleko kide.
Nazioarteko feminista
Avril de Sainte-Croix uste osoko feminista zen, baina baita argia eta errealista ere, eta bazekien denbora luzea beharko zela aldaketetarako: “oportunismoagatik feminista bihurtu ondoren, egiazko konbentzimenduaz ere bilakatuko dira; eta ziur nago laster sinetsi ere egingo dutela gure idealak defendatu izana, eurek eramanak izan ordez”.[8]
Frantziako Emakumeen Kontseilu Nazionalean izan zuen eginkizuna
Frantziako Emakumeen Kontseilu Nazionalaren Idazkari nagusia izan zen 1901etik 1922ra eta bertan hainbat eginkizun eta ardura izan zituen: atal ezberdinen arteko harremanak, kontseilu nazionalaren eta eskualdeetako adarren arteko artikulazioa, batzar publikoen antolaketa eta Emakumeen Nazioarteko Kontseiluarekiko eta atzerriko beste elkarte batzuekiko harremanak.
1922an, Kontseilu Nazionalaren buru izendatu zuten Julie Siegfried-en ordez. Berak ireki zituen Feminismoaren Estatu Orokorrak 1929an. Bere ohorezko batzordean, besteak beste, Aristide Briand, Kontseiluko lehendakaria, Raymond Poincaré eta Ferdinand Buisson Bakearen Nobel sariduna izan ziren. 1932an Lehendakaritza utzi zuen, osasun arrazoiengatik. Marguerite Pichon-Landry aukeratu zuten bere ordez, eta Avril de Sainte-Croix ohorezko lehendakari izendatu zuten aho batez.[9]
Mundu politikoarekiko harremanak
1903an, moralitate-agenteek bi emakume gazte atxilotu zituzten hutsegitez; horren ondorioz, feministek eta abolizionistek berriro ere moral bikoitzaren aurka protesta egin zuten eta erreformak eskatu zituzten. Émile Combesek, Barne Ministro eta Kontseiluko lehendakariak, ohiz kanpoko batzorde bat eratu zuen, eta bertako kide izendatu zuen, lehen ladiz, emakume bat: Avril de Sainte-Croix. 1907an argitaratutako Feminismo liburuan zioenez, ez zuen protesta askorik jasan behar izan, emakume baten presentzia berritasuna izan arren. Batzordean, berarekin batera, emakumeen eskubideak babesten dituzten senadoreak izan ziren, hala nola Jean Cruppi, Francis de Pressensé eta Paul Strauss.
Lau urteko lanaren ondoren, batzordeak bere lana amaitu zuen “funtsean emakumearentzat eta gizonarentzat eskubide komunera itzultzea eskatzen zuen lege-proiektu bat” aurkeztuz; eta horrez gain, prostituzioa gaitzetsi zuen.[10] 1913an, prostituzioaren eta gaixotasun benereoen aurkako borroka aztertzea helburu zuen azpibatzordeetako baten lehendakari izendatu zuten. Gobernuak, 1921ean, Gurutze Gorriaren Ligako Nazioarteko Konferentziako txostengile ere izendatu zuen, gaixotasun benereoen aurkako borroka aztertzeko.
Ezkontza-lege ez-berdinzaleak eta emazteen ezgaitasun zibila aztertzen zituen Coulon-Chavagnes batzordeko kide ere izan zen (1905-1907) .[11]
1916an, Avril de Sainte-Croixek eta Julie Siegfriedek[oh 6] Gizarte Museoaren baitan sortutako Emakumezkoaren Ikasketen Atala abian jartzeko ardura hartu zuten. Frantziako Emakumeen Kontseilu Nazionalaren eta Gobernuaren arteko lankidetzak aurrera jarraitu zuen: Armamentu Ministerioak Emakumeen Lan Batzorde bat ezarri zuenean, bertako hamar kide Gizarte Museoko emakumeen atal hartakoak izan ziren. Batzorde horren helburua —zeinen kideetako bat Avril de Sainte-Croix izan zen— gerra-fabriketako emakume langileen egoera aztertzea zen, eta haren emaitzetako bat etxean lan egiten zuten emakumeentzako gutxieneko soldata ezartzea izan zen.[oh 7] Era berean, Avril de Sainte-Croixek Lantegiko Langileentzako Elikadura Zentroak sortu zituen, Lehen Mundu Gerraren ondoren, Foyers féminins de France (Frantziako emakumeen etxeak) bihurtuko zirenak[12]: horri esker, emakume behartsuek janaria, atseden-gelak eta bestelako sorospenak jaso zituzten.
Avril de Sainte-Croixen konpromisoak Frantziako mugak gainditu zituen. Harremanak izan zituen Josephine Butler ekintzaile abolizionistarekin, Ishbel Hamilton-Gordon Emakumeen Nazioarteko Kontseiluko lehendakariarekin eta baita Emma Pieczynska-Reichenbach-ekin ere. 1898an, Emakumeen Nazioarteko Kontseiluko Unité de la morale ataleko buru izan zen, eta 1930ean erakundeko lehen lehendakariorde izendatu zuten. Kontseilu nazionalak sortzea sustatu zuen Grezian, Turkian, Polonian, Txekoslovakian eta Austrian[13], eta 1918an berak eta Julie Siegfried-ek diru laguntzak eman zituzten Paraguaiko kontseilu nazionala sortzeko.
Nazioartean lortu zuen ospeak aukera eman zion, Lehen Mundu Gerraren ondoren, nazioarteko emakume-elkarteen ordezkari izateko Nazioen Ligan. Kargu horretan, prostituzioaz, emakumeen eta haurren salerosketaz eta gaixotasun benereoen prebentzioaz arduratu zen.
Ohorezko Legioaren bi aginduk bere ibilbidea saritu zuten: 1920ko urriaren 8ko dekretuan zaldun izendatu zuten eta 1931ko uztailaren 1ekoan ofizial.[14] Horrez gain, Sorospenaren eta Higienearen Urrezko Domina Handiak ere jaso zituen.
Avril de Sainte-Croix, nazioartean eragin handiena izan duen feminista frantziarra, 1939ko martxoaren 21ean hil zen Mentonen, 84 urte zituela.[15]
Esker onak
Parisko hiriak bere izena eman zion bide bati Parisko 16. barrutiko Ranelagh lorategian.[16]
Oharrak
- Marc Henry Glaisette, Philippe Glaisette eta Henriette Grandchampen semea, 1812ko irailaren 2an Aiglen (Vaudeko kantoia) jaioa, 1858ko martxoaren 2an Carougen (Genevako kantoia) hila, 1834 inguruan Genevara iritsi bide zen.
- Marie-Cécile, 1849an jaioa, eta Adrienne. Seme bat, Louis Adrien, 1853an jaio zen, baina hurrengo urtean hil zen Céligny-n (Genovako kantoia)
- 1899ko l'Almanach féministe-n agertzen da, 'Letretako emakumeak' epigrafean.
- François Avril (Montbrison, 1840ko maiatzaren 14a - Lausana (Suitza), 1910eko irailaren 7a), 1892an Marie Thérèse Brunet-engandik dibortziatua.
- 1912ko maiatzaren 31n herri-onurako aitortutako elkartea, Marguerite de Witt-Schlumberger zen lehendakariordea.
- Bere senarra, Jules Siegfried, Gizarte Museoaren sortzaile eta presidentea izan zen.
- Avril de Sainte-Croix eta Julie Siegfriedek edoskitze gelen eta haurtzaindegien gaia ere planteatu zuten. Ikus Anne Cova (1997), Maternité et droits des femmes en France, XIXe – XXe siècles.
Erreferentziak
- Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, frantsesezko wikipediako «Adrienne Avril de Sainte-Croix» artikulutik itzulia izan da, 2023-01-07 data duen 200215169 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2023-01-07 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
- Le Petit Jurassien, 1907ko abuztuaren 3a, Dossier biographique, Bibliothèque Marguerite-Durand
- Ezkontza-agiria. Parisko 16. barrutia.
- Jane Mismeren artikulua (1930eko azaroaren 30a). Minerva.
- (Frantsesez) Savioz. (1897-12-15, 16 eta 17). «Les femmes a Saint-Lazare» Gallica (La Fronde / directrice Marguerite Durand): 2. (Noiz kontsultatua: 2023-02-02).
- Mme. Haben (1898) «La femme au bagne», La Fronde. 3 zatitan: 1898ko urriaren 24, 25 eta 26an. Lehen zatia 1/3, Bigarren zatia 2/3 eta Hirugarren zatia 3/3
- Archives de Paris, Œuvres de bienfaisance, cote DX 6/28
- Archives de Paris, Œuvres de bienfaisance, cote DX 6/12
- Savioz, « À travers le féminisme, du salon à l’atelier », La Suisse, 1899ko otsailaren 13a. Dossier biographique, Bibliothèque Marguerite Durand
- Centre des Archives du Féminisme, Procès-verbal du 28 octobre 1932, cote 2 AF 254.
- Avril de Sainte-Croix, Le Féminisme, 164-166. or.
- Karen Offen, « « La plus grande féministe de France ». Mais qui est donc Madame Avril de Sainte-Croix ? », Archives du féminisme, 9. zk., 2005eko abendua.
- 1922ko abenduaren 30ean aitortutako ongintzako erakundea, emakume langileei laguntza materiala eta morala eskaintzen diena: emakumeen jatetxeak, atsedenlekuak, ikasketa-gelak, ikastaroak antolatzea, hitzaldiak, jaiak, etab. Archives de Paris, Œuvres de bienfaisance, cote DX 6/12.
- L’Europe nouvelle-ko artikulua, s.d.. Centre des Archives du féminisme, cote 1 AF 567
- Archives nationales, dossier de Légion d'honneur, [Ikus sarean]
- Jane Mismeren artikulua, Minerva, 1930eko azaroaren 30a.
- Les rues de Paris | allée Avril-de-Sainte-Croix | 16. barrutia. . www.parisrues.com
Bibliografia
- Avril De Sainte-Croix , L’éducation sexuelle, Paris, Librairie Félix Alcan, 1918 40. or.
- Patrick Caanel eta Emmanuel Naquet, « Adrienne-Pierrette-Eugénie Avril de Sainte-Croix (née Glaisette)», in Patrick Cabanel eta André Encrevé (zuz.), Dictionnaire biographique des protestants français de 1787 à nos jours, 1. liburukia: A-C, Les Éditions de Paris Max Chaleil, Paris, 2015, 121-123. or. ISBN 978-2846211901
- Anne Cova, Maternité et droits des femmes en France, XIXe – XXe siècle, 1997
- Karen Offen, «"La plus grande féministe de France". Mais qui est donc Madame Avril de Sainte-Croix?», in Archives du féminisme, 9. zk., 2005eko abendua.
- Geneviève Poujol, Un féminisme sous tutelle: les protestantes françaises, 1810-1960, Paris, les Éditions de Paris, 2003 ISBN 978-2846210317
- Florence Rochefort, «Féminisme et protestantisme au XIXe siècle, premières rencontres, 1830-1900», in Bulletin de la société de l'histoire du protestantisme français, 146. liburukia, 2000ko urtarrila-martxoa, 69-89. or.