Adolfo Eraso

Adolfo Eraso Romero (Lizarra, Nafarroa Garaia, 1934ko abuztuaren 8a - Plasencia, Cáceresko probintzia, Espainia, 2021ko maiatzaren 29a) kimikaria, geologian doktorea eta espeleologoa zen. Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan ad Honorem Irakaslea, 1994tik New Yorkeko Zientzien Akademiako kidea, eta 2002tik Errusiako Natur Zientzen Akademiako kidea. 2014ean Nafarroako Unibertsitate Publikoak Honoris Causa Doktore izendatu zuen. GLACKMA elkartean, glaziareak ikertu zituen berotze klimatiko globala monitorizatzeko.[1]

Adolfo Eraso

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakAdolfo Eraso Romero
JaiotzaLizarra, 1934ko abuztuaren 8a
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaPlasencia, 2021eko maiatzaren 29a (86 urte)
Hezkuntza
HeziketaMadrilgo Complutense Unibertsitatea
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakhidrologoa, glaziologoa, espeleologoa, geologoa, kimikaria eta ekologoa
Jasotako sariak
KidetzaNew Yorkeko Zientzien Akademia
Russian Academy of Natural Sciences (en) Itzuli

Inguma: adolfo-eraso-romero

Hastapenak eta geologia

Haurtzaroan Urbasako leizeekiko interesa piztu zitzaion. Etxean jasotako afizioari segika, lehen ikustaldi geologikoak Lizarrako diapiroan egin zituen, mineralak bilduz eta haitzuloak miatuz. 11 urterekin Gasteizera bidali zuten; han ikasi zituen mineralogia eta kimikaren oinarriak. Gero Madrilgo Complutense Unibertsitatera joan zen Kimika ikastera.

1952 inguruan Lizarrara itzuli zen, petrolio arloko Alemaniako enpresa batentzat lan egitera: diapiroaren inguruan prospekzioak egiten hasi zen. Herriko beste gazte batzuekin batera (Eugenio Roa, Serafin Arriaga, Jesus Elkano “Canico”...) espeleologian hasi zen; Itxitxoa eta Itxako leizeen esplorazioan nabarmendu zirenez, Lizarrako Mendizale Elkartearen barruan espeleologia saila osatu zuten (Lizarrako Espeleologia Taldea, LET), laster Iruñeko Vianako Printzea Erakundekoekin (IPV) bat egin zutenak. Sasoi beretsuan Urbasako leize batean gerrako afusilatuen gorpuak aurkitu zituzten; Erasok kranio tirokatuei argazkiak atera bazizkien ere, informazio hori ezin izan zuten zabaldu.[2][3]

Petrolioaren arloan lanean 10 urte egingo zituen; orduantxe hasiko zen geologia arloan sakontzen. Ikasten hasi zen berriz, Geologia asignatura solteetan matrikulatuz eta perforazioen lana non tokatzen zitzaionaren arabera, Oviedoko edo Bartzelonako unibertsitateetan ikasiz. Lanak eta ikasketek utzitako denbora librean, LET eta IPV-ekoekin esplorazioan jarraitu zuen, Urbasa aldean gero eta leize sakonagoak jaitsiz.[4]

1954an Erasok bere lehen espedizio espeleologiko handian parte hartu zuen: IPVkoek Larran antolatutakoa, Espainiako Armadaren laguntza logistikoarekin. Espedizio horretan, sakoneko ekipoa eskarmentu handiko espeleologoek osatu zuten (Pedro Etxaleku, Felix Ruiz de Arkaute, Jose Mari Saenz “El Tigre”, Juan San Martin, Miguel Bengoa, Isaac Santesteban...) eta leize handiak esploratu zituzten, hala nola Apeztegia, La Española eta Etxaleku; Eraso, oraindik esperientziarik gabea, lurrazaleko ekipoan aritu zen eta leize txikietara baino ez zen jaitsi.[5]

Espeleologiaren elitean

1955ean, Sima del Roble esploratu zuen Arkaute eta “Tigrea”rekin. Honek leize handien esplorazioen teknika eta ezagupenak ikasteko aukera eman zion (Sima del Robleren topografia berak egin zuen).[6]

1957an, petrolio lanen gorabeherek Araba aldera eraman zuten, eta Eraso Manuel Iradier Txangolari Elkartearen espeleologia sailean (GEMI) sartu zen. Bertan izan zituen lagun Elejalde, Llanos, Urrutia, Saenz de Ugarte, Madinabeitia, Valero, Agorreta, Perez, Fariña, Ortiz de Landaluze, Polidura, Lopez de Gereñu, Arbosa, Galvez... Sasoi horretan sartu zen Jesus Presa ere, ogibidez Errepide Injeniaria; bion eraginez GEMI-ren aktibitateak kutsu zientifikoagoa hartu zuen; orduantxe argitaratu zituen Erasok bere lehen idazlanak.[7][8] Urte haietan parte hartu zuen hainbat koba esploratzen, hala nola Portillo de Gesal,[9] San Leon, Cueva del Castillo, Eratxeta, El Covachon, Entretorcas, Boquerón de Zaragua, Zambolinos, Kas, Lendia eta Los Goros,[10] [11] baina zalantzarik gabe garrantzitsuena Mairuelegorreta izan zen: ia astero eginiko espedizioetan espeleometria biderkatu zuten, hainbat galeria eta sektore berri aurkituz eta Espainiako bigarren kobarik luzeena bihurtuz.

Jardun honen ondorioz, Erasok laster lortu zituen esplorazio zailenetan parte hartzeko baldintza fisiko eta tekniko egokiak. Horretara, 1958ko Euskal Espeleologoen Elkargoaren III Euskal Espeleologia Jardunaldietan, Torca del Carlista esploratu zuen taldearen buruetako bat izan zen (bestea Felix Ruiz de Arkaute zela), eta leizearen lehen krokis topografikoa egin zuen.[12][13]  Ojo Guareñan ere (Sotoscueva, Burgos; artean Espainiako koba luzeena) parte hartu zuen Aranzadi, BET, Edelweiss eta GEMI-ko lagunekin batera, nazioarteko kanpaina batean.[8] Hortaz gain, bistan da, Arabako karsteko lanetan jarraitu zuen GEMI-koekin batera: Lazaldai,[14]  Lezaun Urtxulo, Eratxeta, Solacueva de Jokano,[10] Cueva Tuna/Molina[11]  eta Mairuelegorreta haitzuloetako esplorazioetan eta espeleologo berrien formakuntzan, geomorfologia[15] eta klimatika[16] arloetan bereziki. Urte berean, Nafarroan ere IPV-ekoen udako kanpainan parte hartu zuen, Urbasan (Tximua, Sima A).[4]

1959an -Mairuelegorretako “Pozo del Diablo” famatua gainditu zuen taldean parte hartu eta gero-,[17] GEMI-koek IV Euskal Espeleologia Jardunaldiak antolatu zituzten bertan; Erasok esplorazio eta geomorfologia arloak koordinatu zituen.[8][18] Gainera,urte honetan Ormazarretako topografia errebisatzen izan zen, IPV eta Aranzadikoekin batera, Torca del Carlistarekin zuen sakonera-lehiaren harira; Ormazarreta sakonagoa zela ebatzi zuten, zehazki Espainiako bigarren sakonena, Lepineux leizearen atzetik.[19]

Lepineux Gelako 1º kanpalekua. 1960ko V Euskal Espeleologia Jardunaldiak / EDF Espedizioa. Ezkerretik eskuinera: Georges Lepineux, Jose Bidegain, X, Adolfo Eraso, Isaac Santesteban.
Lepineux Gelako 1º kanpalekua. 1960ko V Euskal Espeleologia Jardunaldiak / EDF Espedizioa. Ezkerretik eskuinera: Georges Lepineux, Jose Bidegain, X, Adolfo Eraso, Isaac Santesteban. Argazkia: Juan San Martin.

1960 urtean, hain zuzen ere, IPV-ekoek V Euskal Espeleologia Jardunaldiak antolatu zituzten Larran. Espedizioa oso handia izan zen, EDF enpresa hidroelektrikoaren babesarekin eta frantziar eta espainiar Armaden laguntzarekin, eta helburuetako bat Lepineux leizetik La Vernaraino topografia zehatza egitea izan zen (tunela egin ahal izateko); lan hau Saunier eta Casillas topografoek egin zuten, eta Eraso haiei laguntzen ibili zen, Juan San Martin eta Jose Txurio espeleologoekin batera. Gainera, uraren analisi kimikoak egin zituen eta jardunaldietan zehar klimatika, geomorfologia eta petrografia datuak bildu zituen.[20] Urte berean, Arabako Foru Aldundia probintzian egindako espeleologia lanak babesten hasi zen; horrela sortu zen Arabako Espeleologia Taldea. Talde horren sortzaileen artean GEMI-ko hainbat kide zeuden; tartean Eraso.[8]

Ordurako, Adolfo Eraso euskal espeleologiaren izen handietako bat bilakatua zen. Nazioarteko bileretan parte hartzen zuen (Austriako,[21] Greziako,[8] Alemaniako[22] kongresuak), eta esplorazio zailak zeuden lekutatik gonbidapenak jasotzen zituen, hala nola atzerrian (Pizzodetta leizea Italian[6]) zein etxetik hurbilagotik ere (Torca de la Seguia, Txomin I,[23] Otsabide,[24] Gesaltza-Arrikrutz,[6] Ojo Guareña[8]). Honekin batera, San Martin Harriko Sisteman (Larra) etengabe kolaboratu zuen, lehen orain bezala mundu osoko espeleologoak erakartzen zituzten udako kanpainetan. 1961-1974 artean Erasoren izena hainbat bider aurkitzen dugu San Martin Harriko Sistemaren esplorazioen kroniketan: bai La Vernatik hasita, Saint Vincent ibaian behera (Martine meandroa, Aziza, Josyane eta Parment putzuak...),[25][20][26] baita ibaian gorako esplorazioetan ere (Larunbe erreka),[18] eta noski, ARSIP erakundearen koordinazio bileretan.[3]

Ibilbide honek ardurak ere harrarazi zizkion: Espainiako Mendi Federazioaren barruan, Eraso 1967an sortutako Espeleologia Komite Nazionalaren lehen presidentea izan zen.[27]  Sasoi beretsuan Nazioarteko Espeleologia Elkargoan (NEE) ere partehartze gero eta garrantzitsuagoa izan zuen: Karstaren Fisika, Kimika eta Hidrogeologia Komisioa eta NEE-ren Departamentu Zientifikoa zuzenduko zituen,[1] eta NEE beraren lehendakaria izateraino ere ailegatu zen (1980).[28]

Madrilen, teoria berrien garatzaile

70. hamarkada hasieran, petrolioaren arloan ere gero eta ardura handiagoak hartuta, Adolfo Eraso Gironan zundaketa lanetan ziharduen. Une horretan, Madrileko eraikuntza enpresa handi batek (AGROMAN) kontratua eskaini zion; gutxiago irabaziko zuen arren, baietza eman zuen, honek bere geologia ikasketak behingoz bukatzeko aukera emango baitzion. Enpresa berrian bere lana Geologia Aplikatu, Reologia eta Geoteknia Departamentua sortzea eta zuzentzea izan zen.[1]

Madrilen, ohi bezala, espeleologian jarraitzeko lagunak bilatu zituen: 1971ean, Standard Electrica enpresaren barruan espeleologia talde bat sortu zuten zen, eta Eraso ekarri zuten hitzaldi sorta bat ematera. Hurrengo urtean bera ere taldera sartu zen; Standarden kide izango zituen hainbat espeleologo, hala nola Felix Moreno Sorli, Hermenegildo Morell eta Carlos Puch.[29] Esplorazioak Madrilen (Las Yeseras) zein kanpoan egin zituzten (Cueva de Agua, Granadan; Alcorlo urtegia, Guadalajara;[30] Palancares eta Cañada del Hoyo, Cuenca;[31] Touseko urtegia, Valencia;[32] Beninar, Almeria[33]).

1973an, “IV Curso de Geomorfología e Hidrogeología Kárstica” burutu zen; han parte hartutako ikasle eta profesionalen artean karstologia lanetan sakontzeko taldea osatu zuten. Segovia inguruan ikertzen hasi ziren, Duraton ibaiaren potxeetan. Talde honetan zeuden, Erasorekin batera, Santiago Graíño, Francisco Alonso, Teresa Bullón, Román García, Victoria López-Acevedo, Vicente Santos, Trinidad Torres, Javier Pedraza, Hermenegildo Morell, Ricardo Castelló eta Josefina Mora, besteak beste. Horren ostean lan talde hau Real Sociedad Española de Historia Natural erakundean sartu zen, eta Grupo de Trabajo de Espeleología Científica izena hartu zuten.[34]

Adolfo Eraso bi teoria hidrogeologikoren sortzailetzat hartzen da:

  • 1976ean “Formen Konbergentziaren Oinarria” formulatu zuen, urak zoruetan zehar egiten dituen bideak eta eraldaketak ulertzeko eredu teorikoa. Teoria hau oraindik indarrean dago, eta ikerketa hidrogeologikoetan aplikatu ohi da.[35]
  • 1986ean “Karstean Uraren Drainatze Norabide Nagusiak Aurreikusteko Metodoa” formulatu zuen,[36] munduko leku askotan erabilia dena eta zenbait unibertsitatetan ere irakasten dena.[37]

Nazioarteko Espeleologia Elkargoaren lehendakari zela, kubatarren proposamenez Latinoamerika eta Karibeko Espeleologia Federazioa sortu zen, eta Erasoren etxea, Madrilen, Amerika eta ekialdeko Europa artean ibiltzen ziren espeleologoen ohizko geltokia bihurtu zen. Hain zuzen ere, harreman pertsonal horiek ahalbidetu zioten glaziologiarekin izandako lehen kontaktua: 1982an errusiarrek Antartidako espediziora gonbidatu baitzuten.[38]

Glaziologia

Juan Carlos I Basea, 2011 urtean.
Juan Carlos I Basea, 2011 urtean.

80. hamarkadan, Adolfo Eraso bere ohiko aktibitateekin jarraitu zuen: eraikuntzan, geologian eta espeleologian. Hamarkada honetan Bizkaian zenbait ibarren azterketa morfometriko egin zituen;[39] Alcorlo (Guadalajara)[40] eta Tous (Valencia)[41] urtegi artifizialetako karsten arazoak ikertu zituen; urtegi natural endokarstikoetan azterketa estadistikoa entsegatu zuen;[42] eta drainatzea aurreikusteko bere metodoa Larran eta Ojo Guareñan aplikatu zuen.[43] Baina 1985ean, bere lehen espedizio handia egin zuen Artikora (Spitzberg), Marian Pulina irakasle poloniarrak gonbidatuta. Harrezkero, glaziologiak gero eta leku gehiago hartuko zuen bere aktibitateen artean.[1]

1987an, “España en la Antartida” GKE-aren partaide zela, “Juan Carlos I” basea muntatzen jardun zuen; han glaziarren portaera aztertzen hasi zen,[44] karstaren eredu teorikoak egokituz.[45] Urte horretan Sattkraft enpresa publiko norvegiarrean lanean hasia zen, Svartisen glaziarraren ustiapen hidraulikorako aholkularitzat, baina handik gutxira Madrileko Unibertsitate Politeknikoko Meatze Injeniari Eskolan hidrogeologia irakasle lanpostua eskaini zioten. Soldata baxua izan arren, espedizio polarretarako behar zuen malgutasuna eskeintzen ziotenez, lana hartu zuen.[46]

Glaziologiaren arloan sakontzeak, glaziarrek aldaketa klimatikoaren aurrean duten portaera aztertzeko aukera emango zion. Ingurune polarretan eten gabe eginiko ikerketez gain, horrek “etxean” egiten zituen lanetan ere eragina izan zuen; hala nola, 1991ean Nafarroan “Grupo de Trabajo sobre el Cambio Global” delakoa sortu zuen, Francisco Javier Elorzarekin batera.[3] Honetaz gain, 90. hamarkadatik aurrera Erasok ez zuen espeleologia klasikoa guztiz utzi. Horren adibideak ditugu 1992an Sorbasen (Almeria) eginiko drainatze-norabideen azterketa;[47] 1994ean Uraletan jeitsitako leizeak, errusiarrek gonbidatuta, lurpeko leherketa nuklearrek igorritako partikulak neurtzeko;[38] 1997an Suitzako XII Nazioarteko Espeleologia Kongresuan eginiko aurkezpena;[48] 1998an Budapesten sortutako “Glacier Caves and Karst in Polar Regions” Nazioarteko Komisioa;[46] edo 2000 urtean Lizarrako Espeleologia Taldekoekin egindako Islandiarako espedizioa.[49]

GLACKMA

2000 urtean, Antartidarako 45º Errusiar Espedizioan (King George uhartea, Hego Shetland) bi espainiar gonbidatu zituzten: Adolfo Eraso eta MªCarmen Dominguez matematikaria. Azken hau 1997tik ari zen glaziarretan, eta Erasoren hurrengo proiektuaren kide nagusia bihurtuko zen.

Izan ere, 2001eko udan, Erasok eta Dominguezek Svalbard uharteetara (Norvegia) eginiko espedizioaren ostean, GLACKMA elkartea (Glaciares, Criokarst y Medio Ambiente) sortzea erabaki zuten, azken urteetan pilatutako esperientzia baliatuz ikerketa lerroetan sakontzeko, eta gizartean aldaketa klimatikoaren gainean sentsibilizazioa sustatzeko.[46]

Madrileko Unibertsitate Politeknikoan 17 urte egin ondoren, Erasok 2004ean erretiroa hartu zuen. Dozentzia ez zuen guztiz utzi halere: Politeknikoan ad honorem irakasle gisa jarraitu zuen, aukerako irakasgai bat emanez (“Karstaren eta Ingurune Anisotropikoen Hidrogeologia”).[1]  Erretiroak glaziarren ikerketan buru-belarri aritzeko aukera eman zion: harrezkero elkarteak hainbat glaziarretan datuak jasotzeko estazioak instalatu ditu, eta urteroko monitorizazioaren bitartez datu-serieak biltzen aritu dira eten gabe; artikotik antartikora bidean, tartean hitzaldi zikloak eta ikastaroak ematen dituzte haien proiektua aurkezteko, eta berotze globalari buruzko sentsibilitatea gizarteratzeko. Erasok lan guzti hauetan ia hil arte parte hartu zuen.

2014 urtean, bere ibilbide zientifikoa zela eta, Adolfo Erasok honoris causa doktore izendapena jaso zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eskutik.[50]

Azken urteetan Asegur herrian (Hurdes, Caceres) bizi izan zen. 2020ko apirilean iktus bat izan ostean Plasenciako egoitzan ingresatu zuten, eta han hil zen 2021eko maiatzaren 29an.[51]

Idazlanak

Erreferentziak

  1. «Adolfo» Glackma (Noiz kontsultatua: 2018-I-25).
  2. Gorosabel O. Eugenio Roari elkarrizketa 121007.  Adolfo Erasori elkarrizketa 120310.
  3. Santesteban, Isaac. (2006). Memorias de un espeleólogo. Sahats ISBN 978-8493508111..
  4. Eraso, Adolfo. (1958). «Polje de Zaldive» Munibe (Donostia) 4 (10).
  5. Vianako Printzea Erakundea. (1964). Larra. Sima de San Martín. Nafarroako Foru Aldundia.
  6. Eraña, Carlos; Abendaño, Victor. (2007). «Félix Ruiz de Arcaute, una vida de descubrimientos y exploraciones subterráneas» Karaitza (Oñati) (14).
  7. Armando Llanos eta MªNieves Urrutiari elkarrizketa 140629
  8. Arabako Espeleologia Taldea. (1989). Historia de la espeleología alavesa. Memoria. 25 años del Grupo Espeleológico Alavés (1962-1987). Arabako Foru Aldundia.
  9. Fariña, Jaime; Llanos, Armando. (1958). «Sima y cueva del Portillo de Guesal (Maestu – Alava)» Boletín Sancho el Sabio (Gasteiz) II (I).
  10. SAENZ DE UGARTE, José Luis. Memoriak (argitaratu gabea). Espeleologiari buruzko atala.
  11. Llanos-Urrutia argazki artxiboa.
  12. Bizkaiko Espeleologia Taldea. (1990). Carranza. Belleza, grandiosidad y prehistoria. BET.
  13. Granja, Josu. (2012). Antonio Ferrer (1900-1976) “El Hombre de las Cavernas”. BBK ISBN 978-84-8056-319-2..
  14. Llanos, Armando; Agorreta, Jose Antonio. (1961). «Estudio espeleológico de la cueva de “Lazalday” Zárate (Alava)» Munibe (Donostia) 1 (13).
  15. Saenz de Ugarte, Jose Luis, ("Badaya" ezizenez). (1958-IX-19). «Cursillo espeleológico alavés. Comienzo de las clases teóricas con geología» El Pensamiento Alavés (Noiz kontsultatua: 2018-I-25).
  16. Saenz de Ugarte, Jose Luis, ("Badaya" ezizenez). (1958-X-3). «Del cursillo espeleológico. Charla sobre morfología y climatología» El Pensamiento Alavés (Noiz kontsultatua: 2018-I-25).
  17. Eraso, Adolfo. (1959). El Pozo del Diablo ha sido por fin vencido. In: SAENZ DE UGARTE, José Luis. Memoriak (argitaratu gabea). Espeleologiari buruzko atala.. .
  18. Vianako Printzea Erakundea. (1976). 20 años de espeleología en Navarra (1952-1974). Nafarroako Foru Aldundia.
  19. Eraso, Adolfo. (1961). «Sima de Ormazarreta (Aralar)» Vianako Printzea Erakundearen Aldizkaria (separata) (Iruñea) (84-85).
  20. Euskal Espeleologoen Elkargoa. (1980). Espeleología en el País Vasco. Auñamendi.
  21. San Martin, Juan. (1965). «Notas bibliográficas» Munibe 1-4 (17).
  22. “La insaturación del agua en la zona freática del karst y sus fundamentos termodinámicos” hitzaldia emanaz (Nestor Goikoetxea espeleologoak -kongresu horretan ere parte hartu zuena- telefonoz kontatua 2014-II-10ean.
  23. Bizkaiko Espeleologia Taldea. (1975). «Simas vizcainas con un desnivel mayor de 200 metros» Kobie (Bilbo) (6).
  24. VI Euskal Espeleologia Jardunaldietan, Otsabideko sarrera Erasok berak ikusi zuen, Ernesto Nolterekin prospekzioan ari zela (Gorosabel O. Adolfo Erasori elkarrizketa 120310)
  25. Queffelec, Corentin. (1968). Jusqu’au fond du gouffre. Record du monde à la Pierre Saint-Martin. Tome 1. Spéléo éditions ISBN 978-2910650001..
  26. ARSIP. (2016). «Jonction Tête Sauvage Pierre Saint-Martin. 30 août 1966. Une aventuire des Basaburu. 50ème anniversaire.» ARSIP Info (hors-série) (Santa Grazi) (z/g).
  27. «Historia de la Federació d'espeleologia de la Comunitat Valenciana» http://www.espeleocv.com/ (Noiz kontsultatua: 2018-I-25).
  28. Bizkaiko Espeleologia Taldea. (1981). «Noticiario» Kobie (Bilbo) (11).
  29. GE Standard. Memoria 1972. Introducción (Sorlik emailez transkribatutakoa 120524). - Gorosabel O. Fito Erasori elkarrizketa 120310.
  30. Eraso A. El karst de la cerrada de la presa de embalse de Alcorlo en el río Bornova, Guadalajara. 1977. Txostena Confederación Hidrográfica del Tajo-n (argitara gabea).
  31. Eraso A, López-Acevedo V, López Muñoz MA, Navarro JV, Suso J, Santos V.. (1979). «Estudio de las torcas de Palancares y Cañada del Hoyo en el karst de la Serranía de Cuenca» Kobie (Bilbo) (9).
  32. Eraso A, Parra F, Navarro JV, Saint-Aubin J (Agroman – Asesoría de Geología Aplicada). Presa de Tous (Valencia). Análisis estructural del karst de la cerrada. Estudio de las fugas, previsión del comportamiento y recomendaciones de tratamiento. Inf. Interior Serv. Vigilancia de Presas del MOPU. Madrid 1979
  33. Eraso, Adolfo. (1979). «Predicción de los tipos de terreno y accidentes geológicos que atravesará el túnel de Beninar» Simp. sobre el Agua en Andalucía (Granada) (519-531).
  34. Eraso et al.. (1980). «Eraso et al. Estudio del karst del Cañón de Duratón (Segovia)» Kobie (Bilbo) I (10).
  35. Eraso, Adolfo. (1975-1976). «Nuevo método en la investigación del karst, los modelos naturales y la convergencia de formas» Speleon (Barcelona) (22).
  36. Eraso A, Herrero N.. (1986). «Propuesta de un nuevo método de deducción de las direcciones principales de drenaje en el karst» Jumar (Madril) (7 (monografikoa)).
  37. GLACKMA. «Método de Predicción de las Direcciones Principales de Drenaje Subterráneo» http://www.glackma.org/ (Noiz kontsultatua: 2018-I-26).
  38. Fito kom. pers. 2012-V-23.
  39. Eraso, Adolfo. (1983). «Estudio morfométrico de las cuencas de los ríos Butrón, Oca, Lea y Artibai (Bizkaia)» Lurralde. Investigación y espacio (Donostia) (VI).
  40. Eraso A, Navarro JV, Parra F, Lopez-Acevedo V, Vercier P, Val J, Echegaray M, Cocero A, Dominguez S, Enrile A.. (1984). «Study of the karst at the Alcorlo Dam (Spain)» Kras i Speleologia (Katowice) XIV (5).
  41. Eraso A, Parra F, Saint-Aubin J, Navarro JV, Cano P, Val J, Bermejo F, Valdes C, Rivelles J.. (1984). «Problèmes posès par le carst dans le barrage de Tous (Espagne)» Kras i Speleologia (Katowice) XIV (5).
  42. Khordk K, Eraso A.. (1985). «Interpretación de acuíferos kársticos mediante geoestadística» Jumar (Madril) (6).
  43. Eraso, Adolfo. (1986). «Aplicación del método de predicción de las direcciones de drenaje al karst de Larra (Navarra-Francia) y el karst del Complejo de Ojo Guareña (Burgos)» Jornadas sobre el Karst en Euskadi (Donostia) (2).
  44. Antiguedad, Iñaki; Eraso, Adolfo. (1990). «Ikerketa Glaziologikoa Livingston Uhartean (Hego Shetland, Antarktika)» Ekaia (Bilbo) (1).
  45. Eraso A, Pulina M.. (1987). «El principio de la convergencia de formas y el karst en hielo. Propuesta de investigación para suministro de agua en la Antártida» I Symposium Español de Estudios Antárticos (Madrid).
  46. Dominguez MC, Eraso A.. (2011). Diario polar. ¿Qué nos dicen los glaciares sobre el calentamiento global?. Ed. GLACKMA.
  47. Paredes C, Eraso A, Chacon E.. (1992). «Aplicación de una metodología de análisis, predicción y modelización de las direcciones principales de drenaje en el karst de Sorbas (Almería)» Espeleotemas (Almeria) (3).
  48. Eraso, A, Jonsson, S. Dominguez, M. C.. «Investigations on the endorreic drainage of the south east part of Vatnajökull glacier, Iceland» Proc. of the 12th International Congress of Speleology (La Chaux de Fonts) (1).
  49. Eraso, A. Lizarrako Espeleologia Taldea.. (2003). «Glaciologica Islandia» Karaitza (Oñati) (10).
  50. Nafarroako Unibertsitate Publikoa. «Honoris Causa Doktoreak» https://www.unavarra.es/ (Noiz kontsultatua: 2018-I-26).
  51. «ADOLFO ERASO ROMERO (1934-2021)» ADOLFO ERASO ROMERO (1934-2021) (Noiz kontsultatua: 2021-05-30).

Kanpo estekak

  • GLACKMA (Glaciares, Criokarst y Medio Ambiente)
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.