Adolf Hitler
Adolf Hitler (Braunau, Austria-Hungaria, 1889ko apirilaren 20a - Berlin, Alemania, 1945eko apirilaren 30a) austriar jatorriko alemaniar diktadorea izan zen, nazionalsozialismo izeneko ideologiaren sortzaile eta bultzatzaile nagusia. Alemaniako Langile Alderdi Nazionalsozialistako burua eta Hirugarren Reicheko kantzilerra izan zen. Jarraitzaileek Der Führer deitzen zuten, hau da, buruzagi edo gidaria.
Adolf Hitler | |||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
1934ko abuztuaren 2a - 1945eko apirilaren 30a ← Paul von Hindenburg - Karl Donitz →
1933ko urtarrilaren 30a - 1945eko apirilaren 30a ← baliorik ez
1933ko urtarrilaren 30a - 1945eko apirilaren 30a ← Kurt von Schleicher - Joseph Goebbels →
| |||||||||||
Bizitza | |||||||||||
Jaiotza | Braunau am Inn eta Adolf-Hitler-Geburtshaus (en) , 1889ko apirilaren 20a | ||||||||||
Herrialdea | Cisleithania (1889ko apirilaren 20a - 1918ko azaroaren 11) Alemaniar Austria (1918 - 1919) Austriako Lehenengo Errepublika (1919 - 1925eko apirilaren 30a) baliorik ez (1925eko apirilaren 30a - 1932ko otsailaren 25a) Weimarko Errepublika (1932ko otsailaren 25a - 1933ko urtarrilaren 30a) Hirugarren Reicha (1933ko urtarrilaren 30a - 1945eko apirilaren 30a) | ||||||||||
Bizilekua | Berghof Führerbunker Barackenkasernement Oberwiesenfeld (en) Hitler's Munich apartment (en) Wolfsschanze Neue Reichskanzlei (en) Kransberg Castle (en) | ||||||||||
Lehen hizkuntza | alemana | ||||||||||
Heriotza | Führerbunker eta Berlin, 1945eko apirilaren 30a (56 urte) | ||||||||||
Hobiratze lekua | ezezaguna | ||||||||||
Heriotza modua | suizidioa: bala zauria | ||||||||||
Familia | |||||||||||
Aita | Alois Hitler | ||||||||||
Ama | Klara Hitler | ||||||||||
Ezkontidea(k) | Eva Braun (1945eko apirilaren 29a - 1945eko apirilaren 30a) | ||||||||||
Bikotekidea(k) | ikusi
| ||||||||||
Anai-arrebak | ikusi
| ||||||||||
Familia | ikusi
| ||||||||||
Hezkuntza | |||||||||||
Heziketa | Lambach Abbey (en) Staats-Realschule of Linz (en) Bundesrealgymnasium Linz Fadingerstraße (en) | ||||||||||
Hizkuntzak | Austrian German (en) alemana | ||||||||||
Jarduerak | |||||||||||
Jarduerak | politikaria, soldadua, margolaria, politika-idazlea, buruzagi militarra eta idazlea | ||||||||||
Parte-hartzailea
| |||||||||||
Pisua | 72 kilogramo | ||||||||||
Altuera | 175 zentimetro | ||||||||||
Lantokia(k) | Linz Viena Munich Berlin Berghof Wolfsschanze eta Führerbunker | ||||||||||
Lan nabarmenak | ikusi
| ||||||||||
Jasotako sariak | ikusi
| ||||||||||
Influentziak | Paul Devrient (en) , Georg Ritter von Schönerer (en) , Karl Lueger, Karl Hermann Wolf (en) , Leopold Poetsch (en) , Dietrich Eckart (en) , Max Erwin von Scheubner-Richter (en) , Alfred Rosenberg, Houston Stewart Chamberlain (en) eta Richard Wagner | ||||||||||
Kidetza | Alemaniako Langile Alderdi Nazionalsozialista | ||||||||||
Zerbitzu militarra | |||||||||||
Adar militarra | Deutsches Heer Wehrmacht Bavarian Army (en) Infanteria | ||||||||||
Gradua | Gefreiter (en) Gefreiter (en) | ||||||||||
Parte hartutako gatazkak | Lehen Mundu Gerra Bigarren Mundu Gerra First Battle of Ypres (en) Fromelleseko gudua Sommeko gudua Arrasko gudua (1917) Ypresko hirugarren gudua Udaberriko Ofentsiba Marneko lehen gudua Poloniaren inbasioa | ||||||||||
Sinesmenak eta ideologia | |||||||||||
Erlijioa | ezezaguna | ||||||||||
Alderdi politikoa | Alemaniar Langileen Alderdia Alemaniako Langile Alderdi Nazionalsozialista | ||||||||||
| |||||||||||
Hitlerren ideologia inperialista, antikomunista, militarista eta arrazistak Bigarren Mundu Gerraren hasiera ekarri zuen. Hamarka milioi heriotza eragin zituen gerraren eta gizadiaren aurkako krimenen erruduntzat jo izan da, tartean holokaustoarena.
Bizitza
Lehen urteak
Nekazari eta funtzionario apalez osaturiko familia katoliko batean sortu zen. 1905ean Vienara joan zen artea ikasteko asmotan. Vienako Arte Ederretako Akademian bi aldiz porrot egin (1907-1908) eta ama hil ondoren (1908ko abendua), bost urte eman zituen bizimodua ateratzeko lan xumeak eginez. Vienako giro antisemitaz kutsaturik, juduenganako gorrotoa piztu zitzaion. Sozialdemokraten aldera ere ez zuen sentimendu hoberik agertzen. 1912an Munichen hartu zuen bizilekua.
1914ko gerra-aldarrikapena bozkarioz harturik, Bavariako armadan sartu zen. Bi aldiz larriki zauritua izan zen eta kaporal gradua eman zioten. 1918ko udan, britainiarrek arma kimikoak baliatu zituzten Werwick herriaren gainean (Belgika), eta bertan zen Hitler Bavariar Errejimenduan, ondorioz aldi baterako itsu geratuz.[1]
Frontean alderrai zebilen txakur bat hartu zuen lagun, Fuchsl, eta oso begikoa izan zuen, leial zitzaiolako. Harrezkero, bizitzan hainbat txakur izan zituen aldean lagun zintzo.[2] Gerran izandako jokabide adoretsuagatik burdinazko gurutzea irabazi zuen, ofizialak ez zirenei baizik ematen ez zitzaien saria. Gerra amaiturik, armadaren politika hezitzaile gisa jardun zuen.
Nazismoaren hasiera
Munichera itzulitakoan, bertako garagardotegi batean, gerrako borrokalari ohiak biltzen ziren eta, bertako hitzaldi sutsu batean, Langileen Alderdi Alemana izeneko eskuin muturreko taldearekin harremanetan jarri zen 1919an. 1921ean Röhm kapitainaren laguntzarekin alderdiko lehendakari bihurtu zen, eta izena aldatu: Alemaniako Langile Alderdi Nazionalsozialista sortua zen. Bavarian, sona hartzen joan zen bere hitzaldi abertzaleei.
Mussoliniren ereduari jarraituz eta Ludendorff jeneralaren laguntzaz, Weimarko Errepublikaren kontrako altxamendu bat antolatu zuen Munichen Bürgerbräukeller garagardotegitik (1923ko azaroaren 8 eta 9rako). Bavariako gobernuaz jabetzeko saio horrek huts eginik, 5 urteko kondena jaso zuen Hitlerrek. Landsberg kartzelan emandako urtebetean, gerora nazionalsozialismoaren ideologiaren adierazle nagusia izango zen Mein Kampf (Nire borroka) obra idatzi zuen.
Kartzelatik irten ondoren, alderdia antolatzeari ekin zion eta itxuraz politika moderatuagoa egin zuen. Aldi berean, zenbait industria gizonekin harremanetan hasi zen. Izan ere, 1924-1929 bitarteko urte oparoetan Alemanian ez zen Hitlerrenak ziren bezalako muturreko ideietarako leku handirik izan. 1929ko krisi ekonomikoak eragindako milioika langabetu etsiek, ordea, indar berria eman zioten alderdiari: 1928an 12 diputatu izatetik 107 izatera pasa zen 1930ean.
Hirugarren Reich-a
1932ko urtarrilean Hitler lehendakaritzarako hautagai izan zen, Paul von Hindenburg berriro garaile irten zen hauteskundeetan. 1932ko martxoan Franz von Papenek eskuratu zuen kantzelergoa, eta SA eta SS (Schutz und Staffel, Hitlerren zaintza) legeztatu zituen, naziak beren probetxurako erabili ahal izango zituela uste baitzuen. Abenduan Hitlerren etsai politikoa zen Kurt von Schleicher jenerala kantziler izendatu zuten, baina, alderdien arteko azpilan eta negoziazioen ondoren, 1933ko urtarrilaren 30ean Hitlerri eman zitzaion kantzelergoa.
Harrezkero diktadura aldia abiatu zen: alderdi komunista legez kanpo utzi zuen; 1933ko martxoan, muga gabeko aginpidea jaso zuen diputatuengandik; apirilean, Gestapo izeneko polizia politikoa sortu zuen; arraza-garbiketa programari ekin zion, juduak kontzentrazio-esparruetan sartu zituen; ekainean, alderdi nazionalsozialista alderdi bakartzat aldarrikatua izan zen. 1934ko ekainaren 30an, Labana luzeen gaua deiturikoan, eskuineko aurkariak hilarazi zituen: alderdikoak (Ernst Röhm eta gainerako SAko buruzagiak, Gregor Strasser) eta alderdikoak ez zirenak (Kurt von Schleicher, Gustav von Kahr, etab.). 1934ko abuztuan, Hindenburgen heriotzaren ondorengo hauteskundeetan, alemaniarren % 90ek baietza eman zioten Hitler lehendakari eta kantzeler izendatzeari. Harrezkero Führer (buruzagi, aitzindari) deitura harturik, bere Ordena Berria ezartzeari ekin zion, gazteria, irakaskuntza, kultura eta langileria, guztiak bere mende zeuden erakundeetan antolaturik. Langabeziaren auzia armagintza eta lan publikoen bidez konpondurik, alemaniar herria bere alde jarri zuen.
1936ko martxoan Versaillesko Itunean erabakitakoaren aurka, Renanian armada sartu zuen. Handik gutxira, Franco diktadoreari lagundu zion Espainiako gerran eta bere agindupeko hegazkinek Gernikako bonbardaketa burutu zuten. Ekintza hura probalekua izan zen Mundu Gerrarako. Ondoren, Versaillesko Itunari muzin eginez, arma ekoizpenari ekin zion.
Bizi-eremuaren dotrinari jarraiki, Hitlerrek alemanez mintzo ziren herrialde guztiak batu nahi izan zituen. Horretarako, bai gobernuan eta bai armadan ideia horren aldeko ez zirenak kanpora bota zituen, eta armadaren aginte gorena ere bere gain hartu zuen. 1938ko martxoaren 15ean, Alemaniako tropak Austrian sartu ziren, eta Anschluss delakoa (atxikitzea, Alemaniarekin bat egitea, alegia) aldarrikatu zuten. 1938ko irailaren 30ean, Txekoslovakiako alemaniar minoria aitzakiatzat harturik, herrialde haren laurdena eman zitzaion Municheko Konferentziaren arabera. Gero, 1939ko martxoaren 15ean, Bohemia eta Moravia inbaditu zituen.
Bigarren Mundu Gerra
1939ko irailaren 1ean Polonia inbaditu zuenean, Frantziak eta Erresuma Batuak gerra deklaratu zioten Alemaniari. Bost astean Frantzia menderatu zuen Alemaniak, tximista-gerra izenez ezagutu zen taktika militarraz baliatuz. Estrategia hartan, tankeen eta hegazkinen egitekoa giltzarri gertatu zen. Hitlerrek Lehen Mundu Gerrako errendizio ituna izenpetu zeneko tren bagoi berberean izenpearazi zien kapitulazioa frantesei eta, jarraian, bagoia lehertzeko agindu zuen. Okupazioak iraun zuen bitartean, besteak beste, Lapurdiko kostalde guztian bunker ugari altxarazi zituen, aliatuak hortik lehorreratuko zirelakoan.
Franco espainiar agintari faxistarekin elkarrizketa bat izan zuen Hendaiako tren geltokian. Inoiz ez zen ondo argitu bilera hartan zer eztabaidatu zuten eta, gerra amaitutakoan, erregimen frankistak beti esan izan zuen Francok ezezko biribila eman ziola Hitlerren gerran sartzeko gonbitari. Aurrerago jakin da, Espainiako Ramón Serrano Súñer (batzarrean bertan izan zen) politikari frankistak berriki argitua, Francoren eskakizunak gehiegizkoak izan zirela (batez ere, Afrikako iparraldeko zenbait lurralde eskatu baitzituen laguntzaren ordainetan) eta, gainera, ordu erdiz itxaronarazi ziotela Alemaniako buruzagiari. Hura guztia, antza, gehiegi izan zen Hitlerrentzat, eta oihuka hasi omen zitzaion Espainiako diktadore berriari. Francok gutxieneko kolaborazioa agindu zion; eta esku hutsik irten batzarretik[3].
1940ean, bere aspaldiko iragarpena betez (ekialdea da alemaniarrek hedatzeko duten Lebensraum edo espazio naturala), Hitlerrek Sobietar Batasunari eraso egitea erabaki zuen. Beraz, 1941ko ekainaren 22an Alemaniako armadak Sobietar Batasunaren inbasioa (Bizargorri Operazioa) hasi zuen[4]. Dena dela, historialari askoren aburuz, hura izan zen haren hondamendi eta gainbeheraren hasiera.
Hitlerrek Sobietar Batasuna denbora gutxian mendean hartzea espero zuen, eta lehenbiziko asteetan oso eremu zabalaz jabetu ziren: 1941eko iraila amaieran Leningradoren atarian zeuden. Smolensk eta Dnipropetrovsk hartu zituzten, eta abenduan Mosku ingurura iritsi ziren[4]. Baina ondoko negua XX. mendeko gorriena izan zen Errusian, eta alemaniarren armak eta uniformeak ezegokiak ziren hotzari aurre egiteko. Bitartean, Stalinek sobietar gudarosteak armaz berriz hornitu zituen. 1942ko uztailetik 1943ko otsailera iraun zuen Stalingradeko gudua erabakigarria izan zen: Armada Gorriak alemaniarrak inguratu eta hesian hartu zituen; milioi laurdenetik gora soldadu irten ezinik geratu ziren[5]. Handik aurrera, Hitlerren gudarosteek atzeraka egin zuten etengabe eta urtebete geroago, 1944ko ekainaren 6an, britainiar, kanadar eta estatubatuarrek Normandian lehorreratzea lortu zuten.
Ordurako, Alemaniako armadako ofizialik errealistenek garbi zuten hondemendia ezin saihestuzkoa zela, eta batzuk Hitler agintetik kentzeko plana prestatzen hasi ziren. 1944ko uztailaren 20an Claus von Stauffenberg koronelak bonba bat jarri zion Hitlerri, hau Ekialdeko Prusiako kuartier nagusian batzarturik zegoela. Baina Führerra onik atera zen eta, gau hartan bertan, von Stauffenberg eta honen hiru laguntzaile hilarazi zituen. Ondoko egunetan, konplotean nahasirik zeuden beste 200 lagun hil zituzten[6].
Hitlerrek azken egunak bere jauregiaren azpian berariaz eraiki zioten bunker erraldoian eman zituen, alemaniarrek bonbardaketa amaigabeak pairatu behar zituzten bitartean (Dresden egin zuten odoltsuena). Hitlerrek ez zuen inolako kapitulaziorik onartu. Horren ordez lur errearen estrategia agindu zuen (esana zuen "hondora gaitezke, baina mundu osoa eramango dugu gurekin"). Sobietarrak ingururatzen ari zitzaizkiola, bere buruaz beste egin zuen, Eva Braun emaztearekin batera. Hil aurretik, agindu zorrotzak eman zizkien hurbileko menpekoei hilotza erabat errauts zezaten.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014/01/03 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Sarrionandia, Joseba. (imp. 2010). Moroak gara behelaino artean?. Pamiela, 598 or. ISBN 978-84-7681-656-1. PMC 776562167. (Noiz kontsultatua: 2021-08-04).
- (Gaztelaniaz) Barcala, Jesús García. (2016-07-07). «¿Que sucedió con los perros de Hitler?» Ciencia Histórica (Noiz kontsultatua: 2021-08-04).
- Hendaya: Entrevista Franco-Hitler Forofundacionserranosuñer.es
- Invasion of the Soviet Union, June 1941 United States Holocaust Memorial Museum. Ushmm.org
- Battle of Stalingrad History.com
- Alemania rinde homenaje a los organizadores de la "Operación Valkiria" Lavanguardia.com
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- (Ingelesez) Adolf Hitlerri buruzko argazkiak.
- (Ingelesez) Adolf Hitlerren Bigarren Mundu Gerrate garaiko argazkiak.
- (Ingelesez) Mein Kampf Adolf Hitlerrek idatziriko liburuaren bertsio osoa.