Aditz-joko
Aditz-jokoa edo jokabidea aditzak pertsona eta numeroen araberako aldatzea da hizkuntzalaritzan. Euskaran hainbat aditz bakarrik pertsona eta numeroen arabera aldatzen dira, hala nola, «izan», «eduki», «joan», «ekarri», «ibili», «etorri» eta besteak.
«Izan» aditzaren orainaldiko aditz-jokoa, adibidez: «(ni) naiz», «(hi) haiz», «(zu) zara», «(bera, hura, hau, hori) da», «(gu) gara», «(zuek) zarete», «(haiek, hauek, horiek) dira».
Munduko hizkuntzetan
Munduko hizkuntza askok aditz-jokoa dute. Hizkuntza batzuen aditz-jokoen arauak bakun eta egonkorrak dira; beste batzuek, berriz, aditz-jokoen arau konplexuak dituzte, baita salbuespenak ere.
Ingelesak (indoeuropear hizkuntzen kidea) bere garapenaren bidean ia galdu du aditz-jokoa; hirugarren pertsonarekin bakarrik agertzen da (eta orainaldian bakarrik): come «etorri», I come «etortzen naiz», you come «etortzen haiz / etortzen zara / etortzen zarete», he / she / it comes «etortzen da», we come «etortzen gara», they come «etortzen dira» (ingelesezko thou «hi» izenordainak aditz-jokoa ere gordetzen du, baina ez da ia erabiltzen gaur egun). Nolanahi ere, ingelesezko «izan» aditzak aditz-jokoa gordetzen du: I am, you are, he / she / it is, we are, they are (orainaldia), I was, you were, he / she / it was, we were, they were (lehenaldia).
Alemanak, germaniar hizkuntzen beste kideak, aditz-jokoaren arau egonkorrak du, hau da, aditz guztiek aditz-jokoaren atzizki berdinak dituzte (hala ere, «izan» aditza era berezian aldatzen da); aditzak aldatzerakoan erroko bokalak aldatu daitezke batzuetan: kommen «etorri», ich komme «etortzen naiz», du kommst «etortzen haiz / etortzen zara», er / sie / es kommt «etortzen da», wir kommen «etortzen gara», ihr kommt «etortzen zarete», sie kommen «etortzen dira»; lesen «irakurri», ich lese «irakurtzen dut», du liest «irakurtzen duk / dun», er / sie / es liest «irakurtzen du», wir lesen «irakurtzen dugu», ihr lest «irakurtzen duzue», sie lesen «irakurtzen dute».
Eslaviar hizkuntzek aditz-jokoaren arau konplexuak dituzte, salbuespen askorekin; polonierazko aditz-jokoa, adibidez: pić «edan», ja piję «edaten dut», ty pijesz «edaten duk / dun / duzu», on / ona / ono / to pije «edaten du», my pijemy «edaten dugu», wy pijecie «edaten duzue», piją «edaten dute»; czytać «irakurri», ja czytam, ty czytasz, on/ona/ono/to czyta, my czytamy, wy czytacie, oni czytają.
Finlandierak eta bepsaerak, uraldar hizkuntzen kideak, aditz-jokoaren arau egonkorrak dituzte, baina atzizki guztiak aditzen erroei bakarrik gehitzen zaizkie eta erro horiek sarritan ez dira ageriak, beraz, ikasi behar dira; bepsaerazko aditz-jokoa, adibidez (orainaldia): tulda (tule- da erroa) «etorri, sartu», minä (mä) tulen «nator», sinä tuled «zatoz», hän / se tuleb «dator», mö tulem «gatoz», tö tulet «zatozte», hö tuleba / tuldas (dialektoaren arabera) «datoz»; sauda (sauvo- erroa da) «eraiki», sauvon, sauvod, sauvob, sauvom, sauvot, sauvoda / saudas.
Hungarieran, uraldar hizkuntzen beste kidea, esaldiak objektu bat edukitzearen arabera, aditzek aditz-jokoaren atzizkiak ezberdinak dituzte: Olvasom a könyvet «Liburua irakurtzen dut», Olvasok «Irakurtzen dut».
Hizkuntza batzuen aditz-jokoak ekintzaren subjektua (ekintzailea) eta objektua (hartzailea) adierazten ditu (euskarazko «Etxeak ditut» esaldian bezala), adibidez, groenlandiera, zuluera eta nahuatlaren aditz-jokoak.
Hizkuntza batzuen aditzak numeroaren arabera bakarrik aldatzen dira, adibidez, samoerazko aditzak: siva «dantzatu» (singularra) — sisiva (plurala).