Adele Goldstine
Adele Goldstine (ezkongabean Katz, New York, 1920ko abenduaren 21a - 1964ko azaroa) AEBetako matematikaria eta konputagailu programatzailea izan zen.[1]
Adele Goldstine | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Adele Katz |
Jaiotza | New York, 1920ko abenduaren 21a |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Heriotza | 1964ko azaroa (43 urte) |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Herman Goldstine (en) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Michigango Unibertsitatea |
Hezkuntza-maila | masterra |
Jarduerak | |
Jarduerak | matematikaria eta informatikaria |
Lehen urteak eta ikasketak
New Yorkeko Hunter College High School-en ikasi zuen, gero Hunter Collegen gradu ikasketak egin zituen matematikaren arloan, eta ondoren Michigango Unibertsitatean Matematikako masterra egin zuen.[1][2] Michiganen Herman Goldstine ezagutu zuen, eta harekin lan egingo zuen ENIAC eraikitzen. 1941ean ezkondu ziren.[1]
Karrera profesionala
Matematikako irakasle hasi zen Moore School of Electrical Engineering-eko emakume konputatzaileentzat.[1]
ENIAC
Kalkulagailuen lana ezinbestekoa zen gerra garaian, eta emakumeak gizonak baino azkarrago eta zehatzago lana egiteko gai zirela ikusten zen. Horregatik Bigarren Mundu Gerran ia giza kalkulagailu guztiak emakumeak ziren, baita haien arduradunak ere.[3]
Goldstin ENIACeko lehen programatzailea izan zen, eta, ondoren, gaur egun ENIAC emakumeak izenez ezagutzen diren programatzaile aitzindarien taldea gidatu eta osatu zuen. Sei emakumek osatzen zuten talde hau, Jean Jennings Bartik, Betty Snyder Holberton, Ruth Lichterman Teitelbaum, Kathleen McNulty Mauchly Antonelli, Frances Bilas Spence eta Marlyn Wescoff Meltzerrek. Makina-lengoaian benetako programatzaile espezialista bihurtu zen, eta ENIACerako konputazio-eskuliburu tekniko bat dokumentatzen lehena izan zen.[4]
1946an, Goldstinek programazio saioetan parte hartu zuen Bartik eta Dick Clippingerrekin, eta ENIACen Clippinger's stored program ezartzen laguntzeko kontratatu zuten.[2]
Gerraostean
Gerraren ondoren, Goldstinek von Neumannekin jarraitu zuen programazio lana Los Alamosko Laborategi Nazionalean. ENIAC-ek prozesatzeko problemak asmatu zituen.[2]
Bizitza pertsonala
1952 eta 1959an jaiotako bi seme-alaba izan zituen. 1962an minbizia diagnostikatu zioten, eta bi urte geroago hil zen, 43 urterekin.[1]
Erreferentziak
- (Ingelesez) Kathuria, Charvi. «Tech Women: Meet Adele Goldstine, The Woman Behind ENIAC» www.shethepeople.tv (Noiz kontsultatua: 2024-01-11).
- «Adele Katz Goldstine» ETHW 2023-04-03 (Noiz kontsultatua: 2024-01-11).
- «The Women of ENIAC - IEEE Annals of the History of Computing» archive.wikiwix.com (Noiz kontsultatua: 2024-01-11).
- Fritz, W. Barkley. (1996). "The Women of ENIAC". IEEE Annals of the History of Computing. 18 (3): 13–28..