Abram Gots
Abram Rafailovitx Gots (errusieraz: Абрам Рафаилович Гоц; 1882 – 1940?) jatorri juduko errusiar militante eserista izan zen[1].
Abram Gots | |||
---|---|---|---|
| |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Mosku, 1882 | ||
Herrialdea | Errusiar Inperioa | ||
Heriotza | Kraslag (en) eta Krasnoiarsk kraia, 1940ko abuztuaren 4a (57/58 urte) | ||
Familia | |||
Anai-arrebak | ikusi
| ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | politikaria |
Bizitza
Hastapenak
Familia aberats baina tradizio iraultzaile batetik etorritakoa zen, bere anaia Mikhail Gots militante populista izan zen. 1896an, mugimendu iraultzailearekin bat egin zuen, zirkulu populistetan. Alemanian ikasitakoa, bueltan Alderdi Eseristarekin bat egin zuen, eta 1905eko Errusiako Iraultzaren ostean, Borroka Erakunde Eseristako kide egin zen (atentatuak egiteaz arduratzen zen Alderdi Eseristaren adarra). 1907an atxilotu zuten, ziurrenik Jevno Azef infiltratuaren erruz (Azef Borroka Erakunde Eseristako liderra zen), eta Siberiara deportatu zuten. 1914an, Lehen Mundu Gerraren aurkako posizioa izan zuen. Boris Savinkoven arabera: “Gots fede beteko sozialista iraultzailea zen (…) edozertarako zegoen prest, baita lanik desatseginenetarako ere”[1].
Koalizioaren alde
1917an, Otsaileko iraultzaren osteko amnistiarekin itzuli zen Petrogradera. Beste eserista eta mentxebike askok egin bezala “defentsismo demokratikoa” babestu zuen, hau da, 1917ko iraultza demokratikoaren ostean, Lehen Mundu Gerra “demokraziaren defentsaren” izenean justifikatzera pasatu zen. 1917an zehar, eseristen eskuineko ildoarekin lerratu zen (erreformen beharra gerra irabaztearen beharraren menpe ezartzearen eta burgesiarekin koalizioa egitearen aldeko ildoa). Beraz, Gots martxotik abuztura Sobietak kontrolatzen zituen aliantza eserista-mentxebike moderatuarekin lerratu zen. Petrogradeko Ispolkomeko lehendakariorde aukeratu zuten, eta ekainean, VTsIKeko kide. Horrez gain, Viktor Txernov eta Nikolai Avksentievekin batera, Alderdi Eserista kontrolatzen zuen. Maiatzean, Alderdi Eseristaren III. Biltzar Nagusian, berak egin zuen alderdiak Lehen Mundu Gerran jarraitzearen aldeko posizioa babestearen aldeko mozioa (onartua izan zena): mozio hark “alde guztietako anexiorik gabeko bakea” eskatzen zuen, baina aldi berean “bake separatuak” gaitzesten zituen). Uztaileko Egunak izan zirenean, boltxebikeen kontrako errepresioaren aldekoa izan zen. Antza denez, ministro izatea proposatu zioten, baina uko egin zuen. Garai horietan jokatu zuen paperaz Nikolai Sukhanovek idatzi zuen: “Gots teknikari bat da, ekintza gizon bat, baina ez da politikari bat, ez du ideia propiorik”[1].
Boltxebikeen aurka
Urriko Iraultza Sozialistaren aurkakoa izan zen, Kerenski-Krasnov matxinadaren aldekoa izan zen, eta honen ostean, eskuineko eserista ia denek Petrogradetik eta Moskutik ihes egin ondoren, Petrograden gelditu zen eseristen zuzendaritzako burua izan zen (Asanblada Konstituziogilerako diputatua ere izan zen). Oliver Radkey historiagilearen arabera, Gots erabakigarria izan zen Txernov Asanblada Konstituziogilearen izenean Gobernu antiboltxebike bat era zezan konbentzitzeko (Gobernu zuri “demokratiko” hura lehenik Samaran eta gero Omsken ezarri zen). Gotsek ontzat jo zuen eseristen atentatu politika zaharra boltxebikeen kontra berraktibatzea, bera izan zen politika honen defendatzailerik handiena; nahiz eta berak atentatuen “departamendua” zuzenean ez zuzendu. Richard Pipes historiagilearen arabera, jakin bazekien Fania Kaplanek Leninen kontra atentatua egin behar zuela, baina ez zuen aktiboki prestatzen lagundu, hura saihestu ez bazuen ere (Pipesen arabera, “guk ez dugu lagunduko, ez eta deitoratuko” izan zen Gotsen posizioa; are gehiago Gotsek orduan Samaran Gobernu antiboltxebike bat eratu zuen zuzendaritza eseristarekin kontsultatu zuen eta hauek ere jakin bazekiten). Gotsek kausa zuriarekiko aldekotasuna utzi zuen Omskeko Gobernu eserista Koltxak almiranteak estatu-kolpez uzkaili zuenean[1].
Garai sobietikoan
1920an atxilotu zuten estatuaren aurkako konspirazioak zirela eta, eta 1922an beste buruzagi eserista batzuekin batera epaitu zuten. Heriotza zigorra ezarri zioten, baina bost urtetako zigorraz kommutatu zioten. 1927an kartzelatik atera ostean, Kazakhstanera joan zen lanera. 1937an, berriz, atxilotu zuten eta 1939an 25 urteko zigorra ezari zioten. 1940an hil zen (iturri batzuen arabera 1937an exekutatu zuten, baina ez dirudi zuzena denik)[1].