Abortu

Abortua (latinez abortus edo aborsus) umekia umetokitik ateraz haurdunaldia etetea da, kausa edo ondorioa umekiaren heriotza izanik.[1] Abortua berezkoa (umegaltze eta hilaurtze izenez ere ezaguna[2]) edo nahita eragindakoa (ume-galaraztea[2]) izan daiteke. Umeki abortatuari hilaurra deritzo. Munduan gutxi gorabehera 42 milioi abortu eragiten dituzte nahita urtero; horietatik 20 milioi, seguruak ez diren baldintzetan.[3]

10 asteko umekia, umetokiko minbiziaren diagnosi goiztiarra egin dioten 44 urteko emakume bati abortu terapeutikoa eraginda ateratakoa

Motak

Eragindako abortuaren legezkotasuna, munduan:      Legezkoa, eskatzea aski.      Legezkoa, arrazoi hauetakoren bat izanez gero: bortxaketa, amaren bizitzarako arriskua, gorputzeko edo buruko osasun arriskua, gizarte eta ekonomia faktoreak, umekiaren akatsak.      Legezkoa, arrazoi hauetakoren bat izanez gero: bortxaketa, amaren bizitzarako arriskua, gorputzeko edo buruko osasun arriskua, umekiaren akatsak.      Legez kanpokoa, salbuespen hauek izan ezik: bortxaketa, amaren bizitzarako arriskua, gorputzeko edo buruko osasun arriskua.      Legez kanpokoa, salbuespen hauek izan ezik: amaren bizitzarako arriskua, gorputzeko edo buruko osasun arriskua.      Legez kanpokoa, salbuespenik gabe.      Eskualde batetik bestera aldatzen da.      Informaziorik ez dugu.

Abortua hainbat motatakoa izan daiteke:

  • Berezko abortua: umea galtzen denean ernaltzetik 26 aste pasa baino lehen (umekia ezin duenean uterotik kanpo bizi). Berezko abortua gertatzen da haurdunaldia modu latz batean amaitzen denean. Abortu mota honen kausak: aldaketa kromosomikoak eta aldaketak umetokiko arterian, miomak... Erretzeak, alkohola edateak edo drogak kontsumitzeak abortu bat izateko aukerak handitzen ditu.
  • Eragindako abortua: haurdunaldia eteteko egindako hainbat prozeduren ondorioz sortutako ekintza. Munduan, herrialde askotan debekatuta dago.[4]

Hain zuzen ere, abortu bakoitzaren lege egoeraren arabera, nahita eragindako abortuen beste sailkapen hau egin dezakegu:

  • Legezko abortua: abortua legearen barnean egiten denean. Espainian onartuta dago emakumearen baimena badago, egiteko toki apropos batean egiten bada, eta osasun arazoak ekiditeko, bortxapen baten ondorioz edo umekia malformazioak baditu.
  • Legez kanpoko abortua: legeak esaten duenaren kontra egiten denean. Arriskutsuak izan ohi dira egoera honetan egindakoak (higiene falta, mediku prestakuntza egokia ez duten abortu-eragileak...).

Arazo etikoak

Herrialde garatu guztiek onartzen dute abortua, egoera batzuen baldintzapean. Estatu bakoitzak bere legea du gai honi buruz. Dena dela, hainbat herrialdetan delitutzat hartzen da, hala nola Andorra, Txile, Filipinak, El Salvador, Somalia eta Vatikanon.

Erlijioen arabera

  • Katolizismoa: Ez du abortua onartzen. Erlijio honen ustez, umekia hiltzean datza eta hilketatzat hartzen du. Kristautasunean, ernalketa gertatzen denetik, umekia pertsona bat da.
  • Judaismoa: ez du abortua ontzat hartzen, baina zenbait egoeratan onartzen du (amaren osasuna arriskuan dagoenean, umekiak malformazioak dituenean...) ez baitu umekia pertsona gisa kontsideratzen.
  • Islama: lege islamiarrak abortua onartzen du osasun arrazoirik baldin bada. Islamak ez du legearen eta etikaren artean bereizketarik egiten. Umekia pertsona gisa kontsideratzen du jainkoak bere pertsona arima ematen dion momentutik. Bi zuzenbide eskola daude: Janafi (abortua liberalki onartzen du) eta Maliki (abortua debekatzen du egoera guztietan, eskola honen arabera ezin baitugu natura aldatu).

Zientziaren arabera

Zientziaren munduan ikuspuntu desberdinak daude gaiaren arabera. Batzuen ustez, umekia ez da pertsona (ez da gauza independenteki bizitzeko, garuna garatu gabe dago...) beraz ez du sufrimendurik jasaten. Beste batzuen esanetan, ordea, umekia pertsona da ernaltzearen momentutik. Emakumearen eta umekiaren DNA desberdinak dira, beraz umekia pertsona bat da.

Giza eskubideen arabera

Arlo honetan ere 2 ikuspegi etiko-filosofiko bereizten ditugu: umekiaren eskubidea bizitzeko eta emakumearena ama izateko. Abortu eskubidearen alde daudenak esaten dute abortua debekatzea emakumearen eskubideen aurka egitea dela. Bestalde, abortua debekatu nahi dutenek esaten dute bizitzeko eskubidea errespetatu behar dela eta umekiak garrantzi gehiago duela, defendatzeko aukerarik ez duelako. Hori dela eta, amaren askatasun eta umekiaren bizitzaren arteko oreka bilatzean dago gakoa.[5]

Ondorioen arabera

Badago beste ideia bat kontuan izan behar dena: ondorioak. Ondorioei begiratzen badiegu, leku eta egoera batzuetan abortatze debekua kendu beharko litzateke. Adibidez hirugarren munduan, haurdunaldiek pobretasun eta hilkortasun tasak igotzen dituzte. Ez ditugu alde batera utzi behar ere beste faktore psiko-sozialak, esate baterako ezkongabe dauden emakumeak haurdun gelditzea edo oso gazte diren emakumeak edo intzestuaren ondorioz haurdun geratu direnak, hauek ekartzen dituzten arazo psikologiko eta fisikoekin. Adibide hauek erakusten dute abortua baliozkoa izan daitekeela sufrimendua ekiditeko erabiltzen bada. Abortua ez da haurdunaldien hautatzeko metodorik hoberena, ez eta hobesten dena ere, baina erabilgarria izan daiteke emakumeen sufrimendua ekiditeko, ondorioen aldetik begiratuta noski.

Erreferentziak

  1. Dutt T, Matthews MP (1998). Gynaecology for Lawyers. 14. Routledge. ISBN 978-1-85941-215-2.
  2. Ibon Sarasola: «aborto», Zehazki hiztegia, Alberdania, 2005.
  3. Shah I, Ahman E (December 2009). «Unsafe abortion: global and regional incidence, trends, consequences, and challenges». J Obstet Gynaecol Can 31 (12): 1149–58. PMID 20085681.
  4. (Ingelesez) «Worldwide, an estimated 25 million unsafe abortions occur each year» World Health Organization.
  5. Nieves., Sanz Mulas,. (2016). Política criminal : adaptada a las reformas de 2015. Ratio Legis ISBN 9788416324330..

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.