Abidos (Egipto)
Abidos[1] (arabieraz: بيدوس; antzinako egiptoeraz: Abdju; antzinako grezieraz: Ἄβυδος), Egipto Garaiko hiri zaharrenetakoa eta VIII. nomoko hiriburua. Seti I.aren eta Ramses II.aren zenotafioak daude han. Egipto Garaiko hiri garrantzitsuenetakoa izan zen, monarkia tiniten garaiko erregeen nekropolia.
Abidos بيدوس | |
---|---|
Seti I.aren tenpluaren fatxada | |
Datuak | |
Estatu burujabe | Egipto |
Egiptoko gobernadore-herria | Sohag Governorate |
Eskualdea | Egipto Garaia |
Koordenatuak | 26°11′07″N 31°55′08″E |
Historia | |
Garaia(k) | Egiptoko I. dinastiatik XII.eraino |
Kultura | Antzinako Egipto |
Altitudea | 74 m |
- Artikulu hau Antzinako Egiptoko hiriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Abidos».
Niloren mendebaldean dago, 11 km-ra, 26° 10' N latitudean, hau da, gaur egungo el-'Araba el Madfuna eta El-Balyana herrietatik hurbil.
Osiris jainkoaren erlikiategia han zegoela uste zen, eta hiri santu bilakatu zen. Faraoiek behin eta berriz eraberritu edo handitu zuten Osirisen tenplua.
Antzinako Egiptoko arkeologia-aztarnategi nagusietakoa da. Abidosen aurkitu dira Aro Aurredinastikoko agintarien aztarnak, tenpluak eta hilobiak. Lehen dinastiako errege-erreginak eta bigarreneko batzuk Abidosen ehortzi zituzten.
Gaur egun, Seti I.aren oroigarrizko tenpluagatik, Ramses II.aren tenpluagatik eta Osirisen tenplu handiarengatik da ezaguna Abidos. XIX. dinastiaren inskripzio bat dago han, Abidosko Errege Zerrenda deritzona: Egiptoko faraoi dinastiko gehienen zerrenda kronologiko bat da, Menesetik hasi eta Ramses I.rainoko faraoiei buruzko kartutxo egiptoarrez osatutako zerrenda.
Abidosen aurkitu zituzten, halaber, 1997an, Günther Dreyer alemaniar arkeologoak eta haren lankideek inoiz aurkitu diren idazkera-dokumentu zaharrenak: buztinezko 300 pitxer eta oholtxotan grabatutako hieroglifiko-karaktereak dira, eta erregeari salgaietan (lihoa, olioa...) ordaindutako zergak irudikatzen dituzte, besteak beste. Aro Aurredinastikoko Horus Eskorpioi II.aren hilobian aurkitu zituzten, Abidosko Umm el-Qaab nekropolian, eta K.a. 3.300-3.200 urtekotzat jo zituzten, karbono-14aren bidez.
Erreferentziak
- Euskaltzaindia. (2006-1-27). Antzinateko hirien euskarazko izenak. .
Kanpo estekak
- (Frantsesez) Abidosi buruzko informazioa