Abestirik Ederrena
Kantarik Ederrena[1] (hebreeraz: שִׁירהַשִּׁירִים Šîr HaŠîrîm; LXX.ren grezieraz: ᾎσμα ᾎσμάτων Aisma Aismatōn;[2] Vulgataren latinez: Cantĭcum Canticōrum[3]) Itun Zaharreko liburua da, Tanajen azken atalean, Ketuvimen, dagoena.
Abestirik Ederrena | ||||
---|---|---|---|---|
Jatorria | ||||
Izenburua | שִׁיר הַשִּׁירִים, Hoheslied, ΑΣΜΑ, Song of Songs eta Canticum Canticorum | |||
Ezaugarriak | ||||
Genero artistikoa | wisdom literature (en) | |||
Hizkuntza | hebreera | |||
Deskribapena | ||||
Honen parte da | Five Megillot (en) Ketuvim Itun Zaharra Sapiential Books (en) | |||
kronologia | ||||
|
Salomonena bide zen liburu hau, seguruenik K.a. V edo VI. mendean idatzia da[4].
Protagonistak emakume bat (bertso batean "shunemdarra" deitua, AE 6:13) eta gizon bat ditu, elkarren arteko gorteatzetik burutzera deskribatuz. Eduki erlijiosoa ez duenez, batzuetan Jainkoa eta Israel arteko harremanaren metaforatzat jo dute.
Liburuaren hasieran Salomon aipatzen da liburuaren egiletzat, eta hala ulertu izan da erlijio juduan eta erlijio kristauan. Baina, egia izatera, obrak K.a. X. mendean egina izan behar zuen, eta hori ez da sinesgarria, Bibliako lehenengo bost liburuak ez baitziren idatzi K.a. VII. mendera arte. Egiletza Salomoni egoztea, beraz, ez da erreala. Testuan ageri den hebreera-mota, gainera, berandukoa da eta badu arameeraren eta grekoaren eragina ere. Arrazoi filologiko horietan oinarriturik, jotzen da K.a. IV. mendean idatziko zela.
Ezaugarriak
Kantarik Ederrena maitasunezko kanta-bilduma da, amodio-poema, da. Maitasunaren betiko gai eta hizkera erabiltzen ditu.
Poemen elkarrizketa gisa eratua dago. Ez da beti erraza zati bakoitza solaskideen artean banatzea, ezta poema osoaren egitura eta zatien mozketak erabakitzea ere. Baditu, hala ere, barne-batasuna ematen dioten zenbait osagai: protagonista berberak txandatuz doaz hasieratik azkena arte eta hainbat esaldi, irudi, gai eta atal oso errepikatzen dira.
Maitasuna da liburuaren gaia, emakumea eta gizona elkarrekin lotzen dituen maitasuna: maitasunaren miraria, harriduraz eta xarmaz inguratua; bere argitan mundua antzaldatzen duen maitasuna, dena bere sinbolo eta adierazpide bihurtzen duela: baratze eta zuhaitzak, loreak eta fruituak, hiria eta landa, lurrinak eta zaporeak… Mundua maitasunaren inguruan bildua ematen du. Zentzumen guztiek dute parte maitasunaren festan.
Kantarik Ederreneko maitasuna gorpuztua da, eta gorputzaren miresmena aipagarria da poeman; baina, era berean, pertsonari bere barne-muinean dagokiona ere bai: «Nirea da maitea eta ni harena» (2,16; 6,3).
Maitasuna ezin da erosi –dohain librea da– eta heriotza bera ere ezeztatzeko indarra du (8,6-7). Maitasunaren dialektika ere poema osoan nabari da: presentzia eta absentzia, gozamena eta nostalgia, lorpena eta etengabeko bilaketa… Maitasunak harantzago du beti betetasuna. «Zatoz, zatoz» errepikatu ondoren (2,10.13; 7,12), «Zoaz ihesi» esanez (8,14) bukatzen da poema, adierazi nahian jabetza iheskorra dela maitasuna.
Interpretazioa
Inolako aipamen erlijiosorik gabe giza maitasun hutsa ospatzen du liburuak, eta hori harrigarria da judu- nahiz kristau-tradizioan; harrigarria, orobat, Bibliaren barnean aurkitzea. Harridura hori leuntzeko, interpretazio alegorikora jo ohi da maiz, maitaleengan Jainkoa eta herria nahiz Kristo eta Eliza ikusiz, eta kanta osoa Jainkoaren eta gizakiaren maitasun-harremanen sinbolo gisa irakurriz. Hala ere, argi dago Kantarik Ederrenak giza maitasuna bere osotasunean kantatzen duela. Horregatik, interpretazioa honela egin da: «Jainkoa maitasuna denez» (1 J 4,8), egiazko giza maitasuna Jainkoaren beraren isla da, eta maitasunak sortzen dituen hitz ederrak Jainkoaren hitz dira. Ez giza maitasuna kenduz, baizik eta sakonduz eta finkatuz hurbil daiteke sinestuna Jainkoarengana.
Eskema
Ordena jakinik ez duenez, sailkapena ez da erraza. Sailkapenik berrien eta onartuenaren arabera, atariko bat, bost kanta eta bi eranskin ditu:
- Atarikoa (1, 2-4)
- Maitasuna ospatuz (1,2-4)
- Lehen kanta (1, 5 - 2,7)
- Mahastizaina eta artzaina (1,5-8)
- Nire nardoari usain gozoa dario (1,9-17)
- Maitasuna ezaugarri (2,1-7)
- Bigarren kanta (2, 8 - 3, 5)
- Udaberria (2,8-14)
- Azeriak (2,15-17)
- Bilatu eta aurkitu (3,1-5)
- Hirugarren kanta (3, 6 - 5, 1)
- Eztei-segizioa (3,6-11)
- Honelakoa da ene laztana (4,1-7)
- Zatoz! (4,8-11)
- Baratzea (4,12-5,1)
- Laugarren kanta (5, 2 - 6, 3)
- Hurbil eta urruti (5,2-8)
- Honelakoa da ene maitea (5,9-6,1)
- Nirea da maitea (6,2-3)
- Bosgarren kanta (6, 4 - 8, 7)
- Bat bakarra ene laztana (6,4-10)
- Antzaldaketa (6,11-12)
- Dantza (7,1-6)
- Elkarren irrikaz (7,7-14)
- Besarkada (8,1-4)
- Maitasuna eta Herioa (8,5-7)
- Eranskinak
- Zorion-eskaintza (8,8-10)
- Neure mahastia (8,11-12)
- Agurra (8,13-14)
Ikus, gainera
Erreferentziak
- EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak
- Rahlfs. (1979). Septuaginta. 2 Stuttgart: Deutsche Bibelgesellschaft, 260 or..
- newadvent.org www.newadvent.org
- Lur entziklopedietatik hartua.