Abeslari burusoila
Abeslari burusoila (frantsesez La Cantatrice Chauve) Eugène Ionesco antzerkigile errumaniera-frantziarraren lehen antzezlana da, 1950eko maiatzaren 11an, Théâtre des Noctambules aretoan estreinatua.
Abeslari burusoila | |
---|---|
Jatorria | |
Egilea(k) | Eugène Ionesco |
Izenburua | La Cantatrice chauve |
Jatorrizko herrialdea | Frantzia |
Ezaugarriak | |
Genero artistikoa | Absurduaren antzerkia |
Hizkuntza | frantsesa |
Historia | |
Jasotako sariak | Mendeko 100 liburuak |
Historia
Ionescok 38 urte zituela, estreinatu zuen bere lehendabiziko antzerki lan hau, anti-pièce (antipieza) azpititulua emanez lanari. Izenburu eta azpititulu berezi horretan, desafioa, zirikatu nahia, probokatzeko gogoa sumatu zion Ionescoren lanari garai hartako Parisko antzerki giroak[1]. Absurduaren antzerkia esan izan zitzaion joeraren lehen adibide arrakastatsu eta nabarmena izan zen.
Taularatzeak
Théâtre des Noctambules zeritzan Parisko Latin auzoko antzoki txiki batean estreinatu zen 1950eko maiatzaren 11n. 1952an beste funtzio bat hasi zen Théâtre de la Huchette, zenbait hilabetez iraun zuena. 1957an, berriro La Huchetten, La Leçon antzezlanarekin funtzio bikoitza ematen hasi ziren, eta 21. mendean, etengabe jarraitzen du karteldegian, antzoki horretan, gauero, milaka funtzio eman eta gero.
Gaia
Ingelesa ikasten ari zen Ionesco antzezlana idatzi zuen garaian, eta konturatu zen ikasteko irakurri behar zituen esaldiak, frantses-ingeles elkarrizketa gida batekoak, bere horretan eta zeuden zeudenean hartuta eta ez hizkuntza baten egiturez jabetzeko baliabide gisa, pentsaera txundigarri bezain benetakoa adierazten zutela: Fernandoren egiak, sekulako aurkikuntza bailiran adieraziak. Esaldi horietatik abiatuta osatu zuen lana Ionescok[1]. Adibidez, 11. agerralditik:
MARTIN ANDREA: Nik sakelako labana bat eros dezaket nire nebarentzat, baina zuk ezin duzu Irlanda erosi zure aitonarentzat.
SMITH JAUNA: Oinez ibiltzen gara, baina elektrizitatearekin edo ikatzarekin berotzen gara.
MARTIN JAUNA: Gaur erosten duenak idi bat, bihar edukiko du arrautza bat.
SMITH ANDREA: Bizitzan leihotik begiratu beharra dago.
MARTIN ANDREA: Badago aulkian esertzea, aulkiak ez baitu aulkirik.[1]
Lau pertsonaia normal, bi bikote, Smithtarrak eta Martindarrak, egongela normal batean, solas ustez normal batean… Normaltasun ororen azpian ezkutatzen den absurdoa eta zentzugabekeria nabarmen uzten dizkigu egileak.
Izenburuko abeslari emakumezkorik da ageri antzezlanean, ez iletsu ez burusoilik.
Euskarazko itzulpena
Literatura Unibertsala bildumarako itzuli zuen Jon Muñoz itzultzaileak 2001ean, Abeslari burusoila izenburuarekin (Literatura Unibertsala, Ibaizabal). 2011ko edizio berri batean (Elkar), izenburua luzatu zuen itzultzaile berak: Emakume abeslari burusoila.
Erreferentziak
- Jon, Muñoz. (2001). Hitzaurrea 'Abeslari burusoila'. Ibaizabal.