Abel Sánchez
Abel Sánchez Miguel Unamunoren eleberri bat da, 1917an argitaratua. Liburuaren estiloa autorearen beste eleberriena baino errealistagoa den arren, Unamunoren narratibaren oinarrizko ezaugarriak topa daitezke hemen ere. Euskarazko itzulpena Miren Arratibelek eta Aintzane Atelak egin zuten 1992an[1], eta Ibaizabal argitaletxeak argitaratu zuen Literatura Unibertsala bilduman.
Abel Sánchez | |
---|---|
Datuak | |
Idazlea | Miguel Unamuno |
Argitaratze-data | 1917 |
Jatorrizko izenburua | Abel Sánchez |
Herrialdea | Espainia |
ISBN | 978-84-7039-458-4 |
Antropologia- eta ideologia-inplikazioak
Unamunoren eleberri gehienek bezala, eta garaiko ohiko eleberri errealistek ez bezala, Abel Sánchez lanak ez du kronologia eta geografia aipamen zehatzik; hori dela eta, "denborarik gabeko denboran" kokatutako kontakizun mitikoekin erlazionatzen da. Badirudi hori dela Unamumoren helburua, Abel Sánchez Kain eta Abelen erlijio-istorioaren berrinterpretazioa baino ez baita. Kaini (Joaquín) Jainkoak eta gizarteak gorrotoa diote; Abelek, berriz, giza bertute guztiak eta mirespen orokorra jaso ditu, hori lortzeko meriturik egin gabe. Izenen antzekotasunaz gain, Bibliaren historiako lehen hilketa momentu ugaritan azaltzen da eleberrian intertestu gisa. Joaquín, adibidez, biziki harritzen du Lord Byronen Kain lanaren antzezpen batek. Abelek ere legenda berean aurkituko du inspirazioa bere koadro baterako. Ikuspuntu horretatik, beraz, inbidia betiereko gaitz unibertsal bihurtzen da, eta horren adibide praktiko bat baino ez dira pertsonaiak.
Emakume protagonistek argumentuaren garapenean bigarren mailako papera dute, baina, hala ere, esanahi mitiko edo sinbolikoa dute. Helena (Helena Troiakoaren parekide) emakume ederraren sinboloa da eta lehiakideen arteko gudua eragingo du. Antonia (latinez "gorazarrea merezi duena" edo "miresmenaz haratago"), ordea, emakume-ama da, oso ohikoa Unamunoren lanetan, eta protagonista magalean hartu eta lasaituko du.
Jatorri mitikoko istorio honek, ordea, badu beste irakurketa posible bat. Unamunok berak azpimarratzen du bigarren argitalpeneko hitzaurrean; irakurketa horren arabera, inbidia ez da gaitz unibertsal bat, Espainiaren gaitza baizik, XX. mende hasierako gizarte-zatiketak areagotua.
Dena den, interpretazio hori gehiago agertzen da hitzaurrean eleberrian baino, eleberrian maizago ageri baitira antropologia-inplikazioak ideologikoak baino.
Egitura eta estiloa
Joaquínen eta Abelen arteko hil edo biziko harreman hori irakurleari hiru errekurtso narratibori esker helarazten zaio: hirugarren pertsonako kontalari orojakilearen esku-hartzeak (ez oso ugariak), pertsonaien arteko elkarrizketak (nahiko luzeak) eta azkenik lehen pertsonan idatziriko Aitorpen baten pasarteak, Joaquín Monegro pertsonaia nagusiak ustez idatziak. Aitorpeneko pasarteak han eta hemen txertatuta daude narrazioan, baina inoiz edo behin atal independente batean ere topa daitezke. Hiru elementu horiek era irregularrean banatuta daude eleberri osoan zehar, baina hiruren artean elkarrizketa da hedadura gehien duena. Aitorpenetik hartutako pasarte bakoitzaren luzera oso ezberdina da besteekiko: eleberriaren lehen zatian ugariak dira; bigarrenean, ordea, noizean behin agertzen dira.
Alferreko konponbide-saiakeren artean, batzuk bitarteko elementuen bidez gatazka sublimatzean oinarritzen dira; beste batzuk, ordea, norgehiagoka hori lehiakidea (fisikoki edo metaforikoki) ezabatuz deuseztatzea dute helburu. Lehen taldekoak dira ezkontza, erlijioa edo bilobarekiko maitasuna; eta bigarrenekoak, aldiz, ospe artistikoa edo zientifikoa. Kasu batzuetan, hasiera batean sublimazio estrategia dirudiena norgehiagoka bilakatzen da, eta beste kasuren batean baita erailketa tentaldi ere. Izan ere, horixe gertatzen da bilobarekiko maitasunari dagokionez; hasieran Joaquínen arima salbatuko duela dirudien arren, azkenean amaierako norgehiagoka eragiten du eta baita Abel bere lehiakidearen magalean hiltzea ere.
Lehen mailako gertakizun horiei elementu osagarriak gehitzen zaizkie: besteak beste, elkarrizketak edo Aitorpeneko pasarteak, zeinek pertsonaiak karakterizatzea eta arazoan murgiltzea duten helburu. Trama nagusitik aldentzen diren beste atal batzuek eleberriaren gai nagusia kontrastatu edo areagotu egiten dute. Kontrastearen adibide dugu aragoitarraren istorioa eta, areagotzearen adibide, Lord Byronen Kain.
Erreferentziak
- «Miguel Unamuno - Abel Sanchez» www.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2019-02-25).
Bibliografia
- Unamuno, Miguel (1928): Abel Sánchez, Carlos A. Longhurst arg., Cátedra, Madril, 1995.
- Abellán, José Luis (1985): Abel Sánchez lanerako sarrera kritikoa; Castalia, Madrid.
- Arregui Zamorano, M.ª Teresa (1996): 98ko Belaunaldiaren literatura-ipuinen egitura eta teknika narratiboak: Unamuno, Azorín eta Baroja, Anejos de RILCE EUNSA, Iruñea, 1998.
- Ayala, Francisco (1974): «Unamunoren nobelistika», Eleberria: Galdós eta Unamuno, Seix-Barral, Bartzelona.
- Amorós, Andrés (1971): «Unamuno: Eleberria bilaketa gisa», Eleberri garaikiderako sarrera. Madril, Anaya, 265-276.
- Clavería, Carlos (1953): "Unamunoren lanaren Kaini buruz", in José Luis Abellán, Temas de Unamuno, Gredos, Madril, 97-129.
- Cobb, Christopher H. (1972): «Abel Sánchez lanaren lanketari buruz», Miguel Unamunoren Katedraren Koadernoak, XXII
- Díaz-Peterson, Rosendo (1972): «Unamunoren Abel Sánchez, bizitza eta eskolastikaren arteko gatazka», Arbor, 341.
- Díez, Ricardo (1976): Unamunoren eleberriaren garapen estetikoa, Nova-Scholar, Madril.
- Elizalde, Ignacio (1983): Miguel Unamuno eta haren nobelistika, Gipuzkoa Donostia Kutxa, Donostia.
- González Egido, Luciano (1987): Abel Sánchez lanerako sarrera kritikoa, Alianza arg., Unamuno Liburutegia, 1997.
- Longhurst, Carlos A. (1995): Abel Sánchez lanerako sarrera kritikoa, Cátedra arg., Madril.
Kanpo estekak
Abel Sánchez: Gaztelaniazko testu osoa eskura Bibliotecas Virtuales orrialdean