Abel Matutes
Abel Matutes Juan (Madril, Espainia, 1941eko urriaren 31) politikaria, abokatua eta enpresaburua da.
Biografia
Bartzelonako Unibertsitatean lizentziatu zen. 1977ko hauteskunde orokorretan, Alianza Popular alderdiaren senatari hautatu zuten, Eivissako ordezkari gisa, eta, 1979koetan, kargu hura bera eskuratu zuen, baina Coalición Democrática alderdiaren zerrendetan. 1979an, Alianza Popular alderdiaren lehendakariorde hautatu zuten, eta, harrezkero, alderdiko ekonomia-aditu nagusietakoa izan zen.
Fragak 1986an Alianza Popular alderdiaren buruzagitza bertan behera utzi zuenean, bitartekari-lanak egin zituen haren ondorengo izateko hautagaien artean. 1988an, Europako Batasuneko komisario izendatu zuten, Mediterraneoa, Latinoamerika eta Asiarekiko harremanetarako, eta, 1992an, kargu hura utzi, eta Garraio eta Energiako komisario-kargua eskuratu zuen. 1993an, PP alderdiaren zuzendaritzako kide gisa berretsi zuten. 1994an, Europako Batzordean zuen kargua utzita, Europako Legebiltzarrerako hautagai aurkeztu zen, eta kargua lortu zuen. PPko formazio politikoko Zuzendaritza Batzorde Nazionaleko kide izendatu zuten. 1996an, Atzerri Arazoetako ministro izendatu zuen Aznar presidenteak, baina 1999ko hauteskundeen ondoren utzi zuen kargu hura.
Gaur egun, Grupo Matutesen zuzendari da, eta Fiesta Hotel Group multinazionalaren eta Eivissa eta Formentera lotzen dituen ferryen jabea.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011-12-27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.