Abdellatif Filali
Abdellatif Filali (arabieraz: عبد اللطيف الفيلالي) (Fez, 1928ko urtarrilaren 26a[1] - Paris, Frantzia, 2009ko martxoaren 20a) marokoar politikaria izan zen.
Bizitza
Parisko Unibertsitatean egin zuen zuzenbideko doktoregoa. 1968an, Marokoko Goi Mailako Hezkuntzako ministro egin zuten, eta 1969an Marokoren Espainiako enbaxadore izendatu zuten. Kargu hori Marokoko Kanpo Arazoetako ministro egin zutenean (1971) utzi zuen. Horren ondoren, Informazioko ministro izendatu zuten (1983), eta 1985ean, atzera, berriz, Kanpo Arazoetako ministro. Kargu horretan, Marokoko kanpo-politika indartzen ahalegindu zen, eta Espainiarekiko harremanak estutu zituen, herrialde bien artean Adiskidetasun eta Lankidetzarako II. Ituna onartuz (1991).
Arrantzari eta merkatu libreari buruz Europar Batasunarekin izandako negoziazioen arduraduna izan zen (1992). Mendebaldeko Saharako auzia dela eta, autodeterminazio-erreferenduma egitearen aldeko jarrera erakutsi du. Kanpo Arazoetako ministro zelarik, Hasan II.ak estatuko ministro izendatu zuen (1990), eta 1994an, Lehen Ministro. Abdellatif Filaliren seme zaharrena Hasan II.aren alaba Laila Marianekin dago ezkonduta.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Tarik QATTAB: Abdellatif Filali : Parcours d'un vrai homme d'état Maghress.com