Abdón González de Alaitza
Abdón González de Alaitza[1] (Musitu, Araba 1876 – 1926ko uztailaren 15) euskal herritar kazetaria izan zen. Elkarte euskaltzale batzuetako kide aktiboa izan zen, eta Txistu, dokumentatu den euskarazko lehen komiki-aldizkariaren eta aldi berean euskal lehen komiki aldizkariaren sustatzaile ezagun bakarra izateagatik nabarmentzen da.
Abdón González de Alaitza | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Musitu, 1876 |
Herrialdea | Araba, Euskal Herria |
Heriotza | Musitu, 1926ko uztailaren 15a (49/50 urte) |
Jarduerak | |
Jarduerak | kazetaria |
Denbora luzez Madrilen bizi izan zen arren jaio zen Mendialdeko herriskako etxe berean hil zen[2].
Biografia
Madrilera ikastera joana, han euskara ikasi eta ekimen publiko batzuen bultzatzailea izan zen: euskarazko argitalpenen banaketa, Agrupación de Cultura Vasca[3] eta Euskal Ikasketen ordezkaritza; Euskal Unibertsitatearen aldeko lana izan zen bere lehentasuna eta Primo de Riveraren diktaduran bertan ere ikasleak ekitaldi publiko batean biltzeko saiakeran esku hartu zuen. Eusko Ikaskuntzako kide ere izan zen[4].
Oso bestelako eremu batean hiri bereko Atlético futbol taldearen lehen zuzendaritza-taldeetan egon zen. Jakina da Bilboko Athleticen adar gisa jaio zela, sortzaileen artean euskaldun asko zeudelarik. 1903an Madrilgo Sociedad Vasco-Navarrako hainbat kidek bezala taldea sortzeko batzarretan parte hartu zuen; bigarren presidente eta bultzatzaile garrantzitsua izan zen Eduardo de Acharen zuzendaritza-taldean idazkaria izan zen. Kargu bera okupatu zuen 1907an Ricardo Gondraren presidentearekin[5].
Musitura itzuli eta bi hilabetez gaixo egon eta gero hil egin zen. Bere lagunek, Txistu komikiaren proiektuari aurrre egiteko "Alaiza saria" jarri zuten martxan 1926ko urrian.
Lanak
- Madrildik Txistu komiki aldizkariaren sortze prozesuan aritu zen. Alaiza hil eta gero argitaratu ziren komikiak Argia aldizkarian: hamabostean behin ateratzen zen, 8 orrialde zituen eta guztira 16 ale argitaratu ziren. Umeak euskalduntzea zuen helburu. Musituarra sustatzailetako bat izan zen, aldizkariaren egile batzuk Gaztelako hirian zeuden Arkitektura ikasleak zirela jakina da, baina ez da beraien izenik ezagutzen. 90. hamarkadan egindako ikerketan ondorioztatu zen ez zela aldizkariaren alerik gorde [6], baina 2010 urtetik aurrera egindako beste ikerketa batzuei esker jakin zen Koldo Mitxelena kulturunean Antonio Zavalaren funtsetan bazeudela ale guztiak. .
Bere omenez
Musitu jaioterrian badaude González de Alaitza oroitzen duten elementuak:
- Jaio zen etxean (aurretik euskarazko inskripzioak zituen etxea da) Madrilgo Eusko Ikasbatzak plaka bat jarri zuen 1933ko uztailean egin zitzaion omenaldiaren harira. Frankismoan kendu eta ezkutatu behar izan zuten, lehen lastategian eta gero Gasteizen. Gaur egun berriro etxean ikus daiteke[6].
- Herriko hilerrian Isaac Díez eskultoreak Zuberoakoen moduko hilarri bat egin zuen. Etxeko plakan bezala Alaiza'tar Aton izenarekin gogoratzen du musituarra.
- ’Abdon Gonzalez de Alaizaren Alfabetoa’ liburua idatzi zuen Miel Angel Elustondok eta 2020ko uztailean argitaratu zen Arabako Foru Aldundiaren eta Arraia-Maeztuko Udalaren eskutik
Iturriak
- Estibalitz Breñas eta Jabi Otsoa de Alda: Arabako euskal hotsak, Geu Gasteiz, Gasteiz, 2002; ikus 154-155.or.
- Javier Díaz Noci: Txistu, euskarazko lehen komiki-aldizkaria", Jakin, 60. alea, Donostia, 1990, 55-64. or. Artikulua interneten.
- Javier Díaz Noci: Abdón Alaiza: Un alavés, artífice del primer comic vasco, Kultura aldizkaria, 2 zkia. (bigarren aldia), Arabako Foru Aldundia, Gasteiz,1990, 111-117.or. Interneten irakurgai.
- Javier Díez Noci: El periodismo alavés en lengua vasca: una aproximación histórica (1888-1936), Antso Jakituna Instituzioa, Gasteiz, 1996;. Vitoria: Institución Sancho el Sabio, 1996, 393-417. or. Interneten.
Erreferentziak
- Beste aldaera batzuen artean, Javier Díaz Nocik Abdón Alaiza erabiltzen du eta Madrilgo garaietako berrietan de Alaiza.
- Henrike Knörr, Arabako euskarari buruz jakin behar dena, Vital Kutxa Fundazioa, Gasteiz, 1998; ikus 23.or.
- Izen hori arabarra hil eta gero hartu zuen.
- Elkarteko kideen zerrenda
- Rincón atlético bloga.
- Estibalitz Breñas eta Jabi Otsoa de Alda: Arabako euskal hotsak, Geu Gasteiz, Gasteiz, 2002, 155.or.