AMIA analisi
AMIA analisia (Aukera, Mehatxu, Indargune eta Ahulezia hitzez osatutako akronimoa), jatorrian ingelesez SWOT (Strength (indargune), Weakness (ahulezia), Opportunity (aukera) eta Threat (mehatxua) hitzetatik), enpresaren estrategiak erabakitzeko tresna bat da, enpresaren indarrak eta ahuleziak alde batetik eta inguruneak eskaintzen dituen aukerak eta erakusten dituen mehatxuak bestetik. AMIA analisia, normalean kanpoko analisi bat izaten da, batzuetan barnetik egiten bada ere. Erakunde baten indarguneak, ahuleziak-eta zehaztu eta baloratu, barne diagnosia burutu eta enpresaren estrategia-erabaki egokiena hartzen laguntzen duen analisia da. Analisian eratzen den matrize bati esker enpresak bere egoera ezagutzeaz gain, helburuak zehaztu eta kudeaketa estrategikoa finkatu ahal izango du, indarguneak sendotuz, ahuleziak txikiagotuz, aukeren abantailez baliatuz eta mehatxuak ezabatu ala murriztuz.
Metodo hau enpresaren ingurune lehiakorra bi ikuspuntutatik aztertzean datza: bata kanpokoa eta bestea barrukoa.
Helburua
AMIA analisiaren helburua da une batean antzeman daitekeen egoera ebaluatzea, gero erabakirik egokienak hartzen laguntzeko. Horretarako, egoera edo elementu baten inguruko lau alderdi bereizten dira, laurak matrize xinple batean irudikatuta: aukerak eta indarguneak alde batetik, eta mehatxuak eta ahuleziak bestetik.
Ingurunea
Enpresak ingurune jakin batean egiten du lan. Hori dela eta ingurune hori osatzen duten faktoreek paper garrantzitsu bat jokatzen dute azterketa egiterako orduan. Enpresaren ingurunean mikroingurunea eta makroingurunea bereizten dira:
-Mikroingurunea: berehalako inguruneko elementuez osaturiko ingurunea dugu eta enpresak merkatua asetzeko duen gaitasunean eragiten du. Mikroingurunea osatzen duten elementu garrantzitsuenak hauexek dira:
- Enpresa
- Hornitzaileak
- Bezeroak
- Bitartekariak
- Konkurrentzia
- Interes taldeak
-Makroingurunea: makroinguruneko elementuek eragin orokorragoa dute eta gainera, eragin hau ez da hain zuzena. Elementuak hauexek dira:
- Ingurune fisiko edo naturala
- Ingurune kulturala
- Ingurune demografiko, ekonomiko eta soziala
- Ingurune teknologikoa
- Ingurune politiko legala
Kanpo analisia
Kanpo analisian aukera eta mehatxu moduan sailkatuak izan daitezkeen ekintza, gertaera eta joerak aztertzen dira. Produkzioa, marketina eta finantziazioa bezalako faktoreak kontuan hartu beharrekoak dira, besteak beste, analisi hau egiterakoan.
Aukera: enpresak bere onurarako erabil ditzakeen kanpo faktoreak. Jarraian enpresak aukerak zeintzuk izan daitezkeen ezagutzeko galdera batzuk egin diezazkioke bere buruari:
- Merkatuko zein joerez daukagu informazioa?
- Zein aldaketa ari dira ematen bizitza estiloetan?
Mehatxua: enpresaren errendimendu onaren erdiespena zaildu dezaketen kanpo faktoreak. Mehatxu hauek garaiz antzemanez gero saihestuak ala aukera bihurtuak izan daitezke. Galdera hauek lagungarri gerta daitezke:
- Zein oztopo aurki ditzakegu?
- Zertan ari dira lehiakideak?
Barne analisia
Barne analisian indargune eta ahuleziak aztertzen dira, beti ere konpetentzia mugitzen den inguruabarraren arabera baina beti ere gertaera objektibo eta errealetan oinarriturik. Bertan enpresaren malgutasun eta dinamismoak paper garrantzitsua jokatzen dute.
Indargune: enpresari bere helburuak lortzen lagun diezaioketen barne ahalmenak dira. Galdera hauek erantzunez errazago lor daitezke:
- Lehiakideengandik zertan desberdintzen gara?
- Zer dakigu hobekien egiten?
Ahuleziak: barneko mugak dira, enpresak bere helburuak lortzeko dituen ahalmenak oztopatu ditzakeelarik. Jarraian lagungarri gerta daitezkeen bi galdera proposatzen dira:
- Zer hobetu daiteke?
- Zein faktorek murrizten dituzte salmentak?
Estrategia
Behin azterketaren emaitzak edukita, enpresak estrategia bat ezarri beharko du. Hainbat enpresa estrategia aurki ditzakegu:
Babesgarria: mehatxuei aurre egiteko prestaturik dago enpresa. Produktu edo zerbitzua ez bada lidertzat kontsideratzen lehiakideengandik desberdintzen duena nabarmendu beharko du. Merkatuko kuota jaisten denean errentagarriagoak gertatzen zaizkion bezeroak bilatu eta babestu beharko ditu.
Erasokorra: enpresak hazkunde estrategia bat aukeratu beharko du. Bezeroek indarguneak aintzat hartzen dituztenean, lehiakideen aurka erasotzea posible izango da enpresaren abantailak azpimarratzeko. Merkatua heldutasun mailan aurkitzen denean modelo edo zerbitzu berriak merkaturatuaz bezeroak “lapurtzen“ saiatzea posible izango da.
Biziraupenekoa: enpresa , kanpo mehatxuek bultzatuta, barne indar nahikorik gabe aurkitzen da lehiakideei aurre egiteko. Gertatzen diren aldaketak finkatu arte gauzak dauden bezala uztea gomendagarria da.
Birbideratu: aprobetxatuak izan daitezkeen aukerak agertzen dira baina enpresa prestakuntza nahikorik gabe aurkitzen da. Beharrezkoa izango da politika edo produktuaz aldatzea egungoa ez baita espero ziren emaitzak eskaintzen ari.
Abantaila eta desabantailak
Analisi hau burutzeak ondorengo abantailak eskaintzen dizkio enpresari:
- Analisi estrategiko orok eduki behar duen ikusmolde dinamiko eta irekirentzat abiapuntu egokia da.
- Enpresaren etorkizuneko onurak baldintzatuko dituzten indar dinamiko nagusiei buruzko ikuspuntua azaltzen du.
- Sektore baten barnean enpresak duen lehiakortasun maila ikustaraztea posible egiten duen tresna analitikoa da.
Analisiaren ezarpena oztopatzen duten eragozpenak sortzen dira:
- Termino desberdinen esanahien artean gerta daitezkeen nahasketak. Ohiko joera bat da mehatxu hitza enpresari kalte egiten dion zerbait bezala kontsideratzea non, metodoaren arabera, enpresa guztiei , eta ez bati soilik, negatiboki eragiten dien kanpo faktore bat denean.
- Gaizki burututako brainstorming batek kategoria bat zein bestean ezarri beharreko gertaera guztiak ez bilatzea dakar ondoriotzat.
- Amaigabeak diren eztabaidek lan egoki bat burutzea oztopatzen dute. Bertan, parte hartzen duten enpresako buruen interes partikularrak agertzen dira, komeni ez zaiena ilundu eta aldekoa zaiena nabarmenduaz. Eztabaida hauetatik ondorioztatzen dena, denbora galtze sentsazioa da.
Gomendioak
Azterketa egiterako momentuan badaude lagungarri gerta daitezkeen zenbait gomendio:
- Erreferentziazko data bat jartzeak garrantzia handia du. Ezarpen honekin, garai batean justifikazioa zuten iritziek , azterketa egiteko garaian indar gutxiago eduki dezaten
- Ez dago jarri beharreko aukera edo mehatxu kopuru zehatz bat
- Benetan baliotsuena, ahalik eta mehatxu eta ahultasun kopuru baxuena eta aukera eta indargune gehien edukitzea da.
- Aukerak eta indarguneak zainduak, mantenduak eta erabiliak izan beharko dira
- Lehiakorrak izateko modu interesgarri bat AMIA analisia konpetentziako produktu eta enpresei egitea da. Modu honetan uzten dituzten zulo eta nitxoak antzemango ditu enpresak, salmentak handitu edo merkatu berri batean sartzea posible izango duelarik.
AMIA analisia pertsonengan
Nahiz eta hasiera batean enpresei zuzendutako tresna izan, gaur egun, gero eta gehiago dira erreminta hau norberarentzat erabiltzen dutenak, bereziki lan munduan arrakasta handiagoa edukitzeko. Analisi honek bi zailtasun nagusi aurkezten ditu pertsonengan aplikatzerakoan:
- Ez da erraza norberaren ebaluazio errealista egitea, izan ere, beti izaten baita zaila norberaren ahultasunak onartzea.
- Badaude zenbait ahultasun pertsonal, norberak antzeman ezin dituenak.
Hori dela eta, gomendagarriena, analisi hau kanpoko norbaitek egitea da, lagun edo konfiantzazko norbaitek.
Azterketa hau pertsonengan burutzea oso tresna egokia da ondorengorako:
- Etorkizuneko erronketarako egokiago prestaturik egoteko
- Hazkundea ahalbidetzen du, mundu laboralean nahiz norbanakoarentzat.
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- (Ingelesez) Open multimedia: DAFO.
- (Gaztelaniaz) "Análisis DAFO. Cuál es su valía como herramienta analítica".
- (Katalanez) "FODA personal etapa i reconocimiento".
- (Gaztelaniaz) "Decidir el futuro: análisis DAFO".
- (Gaztelaniaz) "Análisis DAFO".
- (Gaztelaniaz) "Análisis DAFO".
- (Gaztelaniaz) "Análisis DAFO".