33/01 auzia

33/01 auzia 18/98+ auziaren barruan Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta Askatasunaren aurkako eginbide guztiak biltzen dituen Espainiako Auzitegi Nazionalaren auzia da. Auzi honetan emandako epaian 10na urteko zigorra ezarri zizkien Joan Mari Olano, Julen Zelarain eta Aitor Jugori eta 8na urte amnistiaren aldeko mugimenduko beste 18 kideri. Era berean, legez kanpokotzat jo zituen Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta Askatasuna eta beraien desegitea agindu zuen, erakunde terorristak direlakoan. Espainiako Auzitegi Gorenak epaia berretsi zuen, baina Aitor Jugo absolbitu zuen.

Uribe Kostako hainbat txokotatik bertaratutako 70 lagunen babesa zutela, Berangoko pilotalekuan eman zuten prentsaurrekoa, 2008ko uztailaren 5ean, Mitxel Sarasketa (Algorta) eta Jagoba Terrones (Berango) 33/01eko auzipetuek.

13 atxiloketa

2001eko urriaren 31n Amnistiaren Aldeko Batzordeen aurkako polizia-operazioa agindu zuen Baltasar Garzon instrukzio-epaileak. Operazio hartan 13 lagun atxilotu zituzten, AABetako bozeramaileak eta koordinatzaile publikoak guztiak ere.

Abokatuen bulegoak

2001eko urriaren 30etik 31rako gauean, Poliziak Baltasar Garzonen aginduz Amnistiaren Aldeko Batzordeek erabiltzen zituzten lokal batzuk arakatu zituen. Horien artean, Gipuzkoako eta Iruñeko Abokatuen Elkargoan erregistratuta dauden bi abokatu-bulego ere arakatu zituzten. Arantza Zulueta abokatuak Garzoni jakinarazi zion abokatu batzuen bulego profesionalak miatzen ari zirela, baina Garzonek miaketarekin jarraitzea erabaki zuen, bulego horiek Amnistiaren Aldeko Batzordeen lokaletan zeudelakoetan-edo, nahiz eta Hernaniren kasuan bi solairu beherago egon. Hala ere, bulegoak zigilatu eta abokatuen ordenagailuak eta dokumentazioa eraman zituzten. Gerora zigilua kendu eta material guztia itzuli zizkieten abokatuei, disko gogorren eta dokumentazio guztiaren kopiak egin ondoren.

Garzonen iritziak

Epaile horren iritziz, frogatuta zegoen "AABetako kide diren aldetik, erakundean dagokien lana egiten dute, ETA-KAS-Ekin egituraren barruan daudela jakinik, eta guztiek ere erakunde terroristaren zerbitzura dihardute". Horrez gain, ETA "delituzko jarduera zabal, integral eta molde askotariko bati kohesioa, zentzua eta helburuak ematen dioten egitura multzo bat" dela esan zuen Garzonek, eta ETAren helburua "Konstituzioaren ordenua iraultzea" dela, "horretarako, Espainiako lurraldearen zati baten zatiketa edo "autodeterminazioa" lortuz eta bake publikoa larri urratuz". Arrazoibide hor justifikatzeko AABen jardueren laburpentxo bat agertzen da autoan, eta jarduera hauek aipatzen dira, besteak beste: "ETAko presoen kolektiboa kontrolatzea, kolektibo horretako kideak eta arduradunak beren bulegoko abokatu batzuen bidez lotuz eta harremanetan jarriz. Kolektibo horren barne kohesioa ziurtatzea eta multzo horrek antolakundearen diziplina organikoa betetzen duela egiaztatzea. Laguntza eta finantzazioa ematea presoei, iheslariei eta beste herri batzuetan bizi diren ETAko kideei. ETAk darabiltzan moldeen osagarri diren borroka moldeak koordinatu eta bultzatzea preso-kolektiboaren mobilizazioei babesa emateko. ETAko presoen eskubideen ustezko urraketak eragiten duen sentiberatasunaz baliatzea, erakunde horren egitura operatiboa osatzeko jendea kaptatuz erakundearentzat". bi abokatu-bulego ere arakatu zituzten,

15 inputatu gehiago

Arrazoibide horri jarraiki, Garzon epaileak beste 15 lagun inputatu zituen 2001eko azaroaren 15eko auto baten bidez.

Beste atxiloketa bat

2001eko abenduaren 3an berriz, Juan Mari Olano Amnistiaren Aldeko Batzordeen koordinatzaile nazionala atxilotu zuten Baionan. Geroago Espainiako Estatura estraditatu zuten.

AAB legez kanpo

2001eko abenduaren 19an Baltasar Garzonek beste auto bat eman zuen aurreko autoen arrazoibide berberak erabiliz, eta Amnistiaren Aldeko Mugimendua legezkanpotu eta haren jarduerak legez kanpokotzat jo zituen.

Askatasuna legez kanpo eta bost atxiloketa

Auzi horren barruan, beste auto bat eman zuen 2002ko otsailaren 5ean, Askatasunaren jarduera ere legez kanpo utziz, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak hasitako lanarekin jarraitzen duelakoan eta, hortaz, epailearen iritziz, "erakundeen arteko jarraipena" dagoelako bi erakundeen artean. 2003ko otsailaren 5ean beste polizia-operazio bat egon zen: Askatasunako bost kide atxilotu eta miaketan egin zituzten haien etxeetan eta Etxeraten Bilbo, Hernani eta Gasteizko egoitzetan.

Debekuaren epea agortuta

Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek 2001eko abenduan eta 2002ko otsailean jarri zien bost urteko debekua, hurrenez hurren, AABei eta Askatasunari. Bost urtek pasatu direnean, aginduak legearen aldetik ez daude indarrean, auzipetuen abokatu Arantza Zuluetak 2007ko irailaren 27an adierazi duenez[1].

Prozesatze autoa

2002ko urriaren 29an Baltasar Garzonek prozesatze-autoa[2] eman zuen, fiskalak irailaren 25ean egindako prozesatze eskaerari jarraiki.

Eginbide guztiak bilduta

2003ko otsailaren 6an aurretiazko eginbide guztiak 33/01 sumarioan biltzeko agindu zuen 5. Instrukzio Epaitegi Zentralak

Fiskalaren behin behineko eskaera

2005eko ekainaren 17an Espainiako Auzitegi Nazinaleko fiskal Enrique Molinak egindako behin behineko kalifikazioan 10na urteko espetxe zigorra eskatu zuen 27 auzipetuentzat, ETAko kide izatea leporatuta.[3]

Epaiketaren hasiera

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Penal Aretoko Laugarren Sekzioak 2008ko urtarrilaren 29an zabaldu zuen auto baten bidez esan zuen epaiketa urte bereko apirilaren 21ean hasi eta uztailaren 23an amaituko zela.

Tribunala

Teresa Palacios, tribunaleko presidente eta epaiaren idazlea, Carmen Paloma Gonzalez Pastor eta Juan Francisco Martel magistratuek osatu zuten auzi honetako tribunala. Fiscala, Carlos Bautista izan zen.

Epaiketaren egutegia

Epaiketa apirilaren 21ean hasi eta ekainaren 18an amaitu zen. Hasiera batean aurreikusitako denbora laburtu zen auzipetuek defentsa juridikoari uko egin eta defentsak eskatutako lekukoak 250 izatetik 14 izatera jaitsi zituelako.

Apirilaren 21ean auzipetuen deklarazioarekin hasi zen epaiketa. Auzipetuek uko egin zioten fiskalaren eta "Asociación de Victimas del Terrosimo" elkarteko akusazio partikularreko abokatuaren letratuari erantzuteari eta euren abokatuek egindako galderak bakarrik erantzun zituzten. Deklarazio horretan defentsa juridikoari uko egiten ziotela adierazi zuten. [4].

Apirilaren 28an, Fiskalak eta AVTk eskatutako lekukoek deklaratu zuten: Jorge Olaiz Rodrigez, Susana Atxaerandio Alesanko, Ibon Aranalde Ijurko eta R-44482-S eta S-19290-Q zenbakiko Guardia Zibilek, azken hauek babestuta. [5].

Apirilaren 29an H-76647-P, L-28205-A, M-64905-Z eta V-92991-D zenbakiko Guardia Zibilek deklaratu zuten, babestuta. [6].

Apirilaren 30ean 13 ertzainek deklaratu zuten Bilboko Auzitegi Probintzialetik, bideokonferentziaren bidez. [7].

Maiatzaren 6an, beste 28 ertzainek deklaratu zuten Bilboko Auzitegi Progintzialetik, bideokonferentziaren bidez. [8].

Maiatzaren 7an defentsak proposatutako lekukoak hasi ziren deklaratzen. Egun honetan Martxelo Otamendi, Unai Romano, Edurne Brouard, Arantza Lasa, Goreti Ormazabal, María José Campos eta Usoa Esteban Nietok deklaratu zuten. [9].

Maiatzaren 12an defentsak proposatutako gaineko lekukoek deklaratu zuten: Carmen Mañas, Andoni Txasko, Kontxi Luna, Itsaso Idoiaga eta Mattin Troitiñok. [10].

Maiatzaren 13, 14, 19 eta 20an Fiskalak eta AVTk proposatutako froga perizialean Unidad Central de Inteligencia delako 19.242 eta 18.350 zenbakiko poliziek deklaratu zuten. Maiatzaren 20an, aurrekoek amaitzerakoan, Guardia Zibileko Inteligentzia Zerbitzuko T-58856-D eta B-18270-H zenbakiko guardia zibilek deklaratu zuten. [11], [12], [13], [14].

Maiatzaren 21ean froga dokumentalari hasiera eman zitzaion. 26, 27 eta 28an dokumentuak irakurtzen jarraitu zen. Azken egun honetan irakurketa eten egin zen, euskaraz zeuden hainbat dokumentu itzuli gabe zeudelako. [15], [16].

Maiatzaren 28 egun horretan, dokumentazioaren irakurketa etetean fiskalak eskatutako telefono entzuketen grabazioak entzuteari ekin zitzaion. Ekainaren 2, 3 eta 4an telefono grabazioak entzun ziren. [17].

Ekainaren 4an, telefono entzuketak amaitu ostean, falta zen dokumentazioa irakurtzen hasi zen, zeregin horretan ekainaren 16ko saioan amaituko zelarik.

Ekainaren 16an, falta ziren dokumentoak irakurri ostean, fiskalak bere konklusioak irakurri zituen. [18].

Ekainaren 17an AVTko abokatuek euren konklusioak irakurri zituzten. [19].

Ekainaren 18an, abokatuek euren konklusioak irakurri ostean akusatuen azken hitzarekin amaitutzat gelditu zen ahozko epaiketa. Julen Larrinaga, Maite Diaz de Heredia, Sabin Juaristi eta Juan Antonio Madariagak bakarrik hartu dute hitza. Horren ostean sententzia noiz emateko zain gelditu zen. [20].

Fiskalaren eta AVTko abokatuen behin betiko eskaera

Ekainaren 16ko saioan Carlos Bautista fiskalak behin-behineko eskaera aldatu eta honako hau egin zuen: Joan Mari Olanorentzat, Julen Zelarainentzat eta Aitor Jugorentzat hamahiru urteko espetxe zigorra ETAko zuzendaritzako kideak zirela leporatuta; Maitane Mendezen, Jorge Arredondoren eta Mitxel Sarasketaren kontrako akusazioak bertan behera utzi zituen eta gainerako 21 lagunentzat hamar urteko espetxe zigorrari eutsi zion, ETAko kideak izatea leporatuta. Aldi berean, Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta Askatasuna legez kanpo deklaratzea ere eskatu zuen [21]. AVTko abokatuek bat egin zuten eskaera honekin[19].

Auziko epaia

2008ko irailaren 17an eman zuen epaia Espainiako Auzitegi Nazionalaren Areto Penaleko 4. sekzioak [22]. Tribunalak Amnistiaren Aldeko Batzordeak (AAB) eta Askatasuna legez kanpokotzat jo eta haiek desegiteko agindu zuen emandako epaian.

Epaimahaiak absolbitu egin zituen Ixone Urzelai, Juan Antonio Madariaga eta Julen Arzuaga, lehenengo biak Senideak-eko kide zirelako eta Arzuaga, soilik abokatu lanak egiteagatik. Jorge Luis Arredondo, Maite Mendez eta Mitxel Sarasketa ere aske gelditu ziren, aurretik fiskaltzak akusazioa erretiratu zielako.

Joan Mari Olano, Julen Zelarain eta Aitor Jugori 10na urteko zigorra ezarri zien, eta gainerakoei 8na urte, guztiak erakunde terroristako kide izatea egotzita [23].

Kartzelaratzeak

Sententzia irakurtzeko saioa amaituta tribunalak Jon Beaskoari, Iker Zubiari, Josu Beaumounti, Julen Larrinagari, Ainhoa Irastortzari, Aratz Estonbari, Jagoba Terronesi eta Gorka Zulaikari astean bi aldiz sinatu eta beste baldintzatan kalera irteten utzi zien. Iñaki Reta ez zen Auzitegira agertu eta hura bilatu eta atxilotzeko agindu zuen tribunalak. Gainerakoak zuzenean kartzelaratzea agindu zuen, Maite Diaz de Heredia lehenagotik ere kartzelan bazegoen ere.

Auzitegi Gorena

2009ko irailaren 23an egin zen Madrilgo Enzutegi Gorenean auzi honetan aurkeztutako helegitea berraztertzeko bista. Abokatuek Amnistiaren Aldebo Batzordeak eta Askatasuna legezkotzat jotzea eta espetxe zigor guztiak kentzea eskatu zuten. Fiskaltzak Espainiako Auzitegi Gorenak emandako ebazpenari eustea eskatu zuen. Auzipetu bat bakarraren zigorra berraztertzearen alde agertu zen: Aitor Jugorena. Izan ere, Jugo behin bakarrik aipatu zuen epaiak. «Arduradun nazionala» dela esaten da, besterik gabe [24].

Horren guztiaren harira kalean ziren auzipetutako hainbat lagunek agerraldia eskaini zuten Donostian. Aratz Estonbak esan zuen «gu espetxeratu arren, errepresaliatu politiko bat bera ere ez da bakarrik geratuko»[25].

Aitor Jugo urriaren 5ean irten zen kalera, fidantzarik gabe, Auzitegi Gorenaren epaia kaleratu baino lehen [26]

Espainiako Auzitegi Gorenak 2009ko urriaren 16an eman zuen helegitearen gaineko epaia [27]. Sententziak[28] Aitor Jugo absolbitu eta gainerako zigor guztiak berretsi egin zituen.

Auzipetuen zerrenda

Hasiera batean Txema Matanzas, Ainhoa Baglieto, Mikel Korta, Jean-François Lefort eta Fernando Maria Lejarza ere auzipetu zituen Garzonek, baina auzitik kanpora gelditu ziren, Txema Matanzasen kasuan Ekineko sumarioan egoteagatik eta Mikel Korta Xakin auzipetuta egoteagatik. Jean-François Leforten kasuan, Lapurdikoa izanik, epaitegiaren jurisdiziotik kanpo gelditzen delako-edo, auzitik desagertu zen, besterik gabe.

Amnistiaren Aldeko Batzordeak

  • Aratz Estonba Iturriza. 2001.10.31n atxilotua. 2005.07.01an kalera 10.000 euroko fidantzapean. Epaia: 8 urteko espetxe zigorra. 2009.10.16an espetxeratu zuten [29]. 2014.02.11n irten zen kalera, espetxe zigorra osorik bete ondoren [30].
  • Julen Zelarain Errazti. 2001.10.31n atxilotua. 2005.06.14an kalera 10.000 euroko fidantzapean. Epaia: 10 urteko espetxe zigorra. 2008.09.17an espetxeratuta. 2015eko urtarrilaren 23an irten zen kalera, kondena osoa beteta [31]
  • Jagoba Terrones Arrate. 2001.10.31n atxilotua. 2007.07.08an irten zen kalera, auzi honetaz libratu ondoren, beste zigor bat ere bete ondoren. Epaia: 8 urteko espetxe zigorra. 2009.10.16an espetxeratu zuten [29]. 2013ko urriaren 17an irten zen kalera, kondena osoa beteta [32]
  • Julen Larrinaga Martin. 2001.10.31n atxilotua. 2005.07.01an kalera 10.000 euroko fidantzapean. Epaia: 8 urteko espetxe zigorra. 2009.10.18an espetxeratu zuten [29]. 2014.02.12an irten zen kalera, espetxe zigorra osorik bete ondoren [33].
  • Jon Imanol Beaskoa Rodriguez. 2001.10.31n atxilotua. 2005.07.01an kalera 10.000 euroko fidantzapean. Epaia: 8 urteko espetxe zigorra. 2009.10.16an espetxeratu zuten [29]. 2014.02.11n irten zen kalera, espetxe zigorra osorik bete ondoren [34].
  • Juan Antonio Madariaga Erezuma. 2001.10.31n atxilotua. 2005.06.24an kalera 10.000 euroko fidantzapean. Epaia: Absolbitua.
  • Ainhoa Irastortza Otegi. 2001.10.31n atxilotua. 2005.07.01an kalera 10.000 euroko fidantzapean. Epaia: 8 urteko espetxe zigorra. 2009.10.16an espetxeratu zuten [29]. 2014.02.11n irten zen kalera, espetxe zigorra osorik bete ondoren [35].
  • Gorka Zulaika Amotxategi. 2001.10.31n atxilotua. 2005.06.14an kalera 10.000 euroko fidantzapean. Epaia: 8 urteko espetxe zigorra. 2009.10.16an espetxeratu zuten [29]. 2014ko otsailaren 28an irten zen kalera, kondena osoa beteta [36]
  • Iker Zubia Urrutia. 2001.10.31n atxilotua. 2005.07.01an kalera 10.000 euroko fidantzapean. Epaia: 8 urteko espetxe zigorra. 2009.10.16an espetxeratu zuten [29].2014.02.11n irten zen kalera, espetxe zigorra osorik bete ondoren [37].
  • Maite Diaz de Heredia Ruiz de Arbulo. 2001.10.31n atxilotua. 2005.06.24an kalera 70.000 euroko fidantzapean. 2007.10.04an Seguran Batasunaren aurkako operazioan berriro atxilotu eta espetxeratu zuten. Epaia: 8 urteko espetxe zigorra. 2013ko apirilaren 15ean irten zen kalera, kondena osoa beteta [38]
  • Alex Belasko Armendaritz. 2001.10.31n atxilotua. 2001.11.02 kalera fidantza barik. Epaia: 8 urteko espetxe zigorra. 2008.09.17an espetxeratuta.
  • Josu Beaumont Barberena. 2001.10.31n atxilotua. 2005.06.14an kalera 10.000 euroko fidantzapean. Epaia: 8 urteko espetxe zigorra. 2009.10.16an espetxeratu zuten [29]. 2014.03.01ean irten zen kalera, espetxe zigorra osorik bete ondoren [39].
  • Joan Mari Olano Olano. 2003.12.01ean Baionan atxilotua. 2003.11.13 Espainiara estraditatu zuten. Kalera irten ostean 2007.09.09an Ertzainek Donostian berriro atxilotu zuten manifestazio batean [40], [1]. 2008.03.07an kalera irten zen 30.000 euroko bermea ordaindu ondoren [41]. Epaia: 10 urteko espetxe zigorra. 2008.09.17an espetxeratuta. 2014.05.02ean irten zen kalera, espetxe zigorra osorik bete ondoren [42].
  • Iñaki Reta de Frutos. 2002.02.14an Auzitegi Nazionalean deklaratzeko zitazioa. 10.000 euroko fidantza. Epaia: 8 urteko espetxe zigorra. Bilatu eta atxilotzeko agindua
  • Gotzon Amaro Lopez. 2002.02.14an Auzitegi Nazionalean deklaratzeko zitazioa. Libre, fidantza barik. Epaia: 8 urteko espetxe zigorra. 2008.09.17an espetxeratuta.
  • Jorge Txokarro Zoko. 2002.02.14an Auzitegi Nazionalean deklaratzeko zitazioa. Libre, fidantza barik. Epaia: 8 urteko espetxe zigorra. 2008.09.17an espetxeratuta. 2016.01.18ean irten zen kalera, espetxe zigorra osorik bete ondoren [43].
  • Gari Arriaga Ibarra. 2002.02.14an Auzitegi Nazionalean deklaratzeko zitazioa. Libre, fidantza barik. Epaia: 8 urteko espetxe zigorra. 2008.09.17an espetxeratuta.
  • Txema Olabarrieta Olabarrieta. 2002.02.15ean Auzitegi Nazionalean deklaratzeko zitazioa. Libre, 5.000 euroko fidantzapean. Epaia: 8 urteko espetxe zigorra. 2008.09.17an espetxeratuta.
  • Jorge Luis Arredondo Basterretxea. 2002.02.15ean Auzitegi Nazionalean deklaratzeko zitazioa. Libre, fidantza barik. Epaia: aske, fiskaltzak akusazioa erretiratuta.
  • Aitor Jugo Alvarez. 2002.02.15ean Auzitegi Nazionalean deklaratzeko zitazioa. Libre, fidantza barik. Epaia: 10 urteko espetxe zigorra. 2008.09.17an espetxeratuta. 2009.10.05ean irten zen kalera, fidantzarik gabe, Auzitegi Gorenak helegitea aztertu ondoren [26]
  • Maitane Mendez Bastida. 2002.02.15ean Auzitegi Nazionalean deklaratzeko zitazioa. Libre, fidantza barik. Epaia: aske, fiskaltzak akusazioa erretiratuta.
  • Mitxel Sarasketa Zubiarrementeria. 2002.02.15ean Auzitegi Nazionalean deklaratzeko zitazioa. Libre, fidantza barik. Epaia: aske, fiskaltzak akusazioa erretiratuta.
  • Julen Arzuaga Gumuzio. 2002.02.15ean Auzitegi Nazionalean deklaratzeko zitazioa. Libre, fidantza barik. Epaia: Absolbituta.

Askatasuna

  • Iñaki de Reta Frutos. Aurretik findantzapean AABko kidea izatearen akusaziopean. 2003.02.05ean atxilotua. 2005.06.14an kalera 10.000 euroko fidantzapean. Epaia: 8 urteko espetxe zigorra. Bilatu eta atxilotzeko agindua
  • Ixone Urzelai Bengoa. 2003.02.05ean atxilotua. 2004.06.24an kalera 70.000 euroko fidantzapean. Epaia: Absolbituta.
  • Iñaki Loizaga Arnaiz. 2003.02.05ean atxilotua. 2005.07.22an kalera 10.000 euroko fidantzapean. Epaia: 8 urteko espetxe zigorra. 2008.09.17an espetxeratuta. 2014.03.25ean irten zen kalera, espetxe zigorra osorik bete ondoren [44].
  • Asier Virumbrales Amenabar. 2003.02.05ean atxilotua. 2005.07.22an kalera 10.000 euroko fidantzapean. Epaia: 8 urteko espetxe zigorra. 2008.09.17an espetxeratuta. 2014.03.25ean irten zen kalera, espetxe zigorra osorik bete ondoren [44].
  • Xabin Juaristi Arrieta. 2003.02.05ean atxilotua. 2005.07.22an kalera 10.000 euroko fidantzapean. Epaia: 8 urteko espetxe zigorra. 2008.09.17an espetxeratuta. 2014.03.25ean irten zen kalera, espetxe zigorra osorik bete ondoren [44].

Oihana Agirreren epaiketa

2011ko urtarrilaren 12an epaitu zuten Oihana Agirre Espainiako Auzitegi Nazionalean Madrilen, 33/01 auziaren jarraipen gisa. 2007ko irailean, Donostiako estropadetan presoen aldeko manifestaziora deitzeagatik eta Askatasunako kide zelakoan atxilotu zuten Oihana Agirre urte bereko urrian. Urtebete eta bi hilabete egin zituen espetxean. «Erakunde terroristako kide izatea» egotzita fiskalak 13 urteko espetxe zigorra eskatu zuen epaiketan [45] [46]. Tribunalak 8 urteko espetxe zigorra ezarri zion [47].

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu zuen Agirre epaitzeko arrazoi bakarra «presoen alde eta giza eskubideen eta eskubide demokratikoen alde egin duen jarduera politikoa» dela [48].

Erreferentziak

  1. AAMk eta Askatasunak ez dute legezko oztoporik beren jardueretan aritzekoberria.info
  2. Prozesatze autoa
  3. Enrique Molina fiskalaren behin behineko eskaera
  4. AAMko kideek ez dute parte hartuko beren kontrako «sasi-epaiketan» berria.info
  5. Torturak nola funtzionatzen duen argi gelditu da entzutegi nazionaleko gaurko saioan etengabe
  6. 20 minutuko saioan Guardia Zibilek deklaratu dute lekuko bezala, Euskal Herrian edonork dakiena esateko etengabe
  7. 13 ertzainek deklaratu dute AAM-aren aurkako epaiketan fiskalaren lekuko bezala etengabe
  8. Atestatuen helburua akusatuen aurkako nolabaiteko giroa sortzea da etengabe
  9. Oztopoen gainetik lekukoen testigantzak entzun dira etengabe
  10. Errepresioaren testigantza zuzenak entzun dira gaur ere entzutegi nazionalean etengabe
  11. NBE-ko ordezkari bat egon da entzutegi nazionalean epaiketa jarraitzen etengabe
  12. Poliziaren teoria entzuten jarraitu dugu gaurko saioan etengabe
  13. Senideen jarduna zilegi zela dio poliziakide batek ANean gara.net
  14. AAB-en lana jarraitzea egotzi diote Askatasunari etengabe
  15. Dokumentazioa irakurtzen hasi zen atzoko saioan etengabe
  16. Teresa de Palacios instuktore zela emandako tortura kasuak agertu ziren atzoko saioan etengabe
  17. Espiotza politikoaren adibide berriak epaiketan etengabe
  18. Eskaera fiskalak aldatu dituzte Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren aurkako epaiketan etengabe
  19. AVTko abokatuak fiskalaren eskaera berretsi egin du etengabe
  20. Abokatu eta auzipetuen hitzen ostean epaia emateko gelditu da auzia etengabe
  21. Olano, Zelarain eta Jugorentzat zigor eskaera hiru urte handitu du Fiskaltzak berria.info
  22. 33/01 auziaren sententzia PDF
  23. 33/01: 174 urteko espetxe zigorra Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideentzat etengabe
  24. AAMren ustez, zigorra berretsiko du Gorenak, «errepresioa zilegi izateko» berria.info
  25. Gu espetxeratu arren, preso bakar bat ere ez da bakarrik geratuko gara.net
  26. Aitor Jugo, condenado en el «caso Gestoras», queda libre gara.net
  27. AAMren kontrako epaia berretsi du Gorenak, baina Jugo absolbitu du berria.info
  28. Auzitegi Gorenaren sententzia
  29. 33/01 auziagatik aske zeuden zortzi prozesatuak atxilotu dituzte gara.net
  30. Ainhoa Irastorza, Iker Zubia y Aratz Estomba quedan en libertad naiz.info
  31. Julen Zelarain aske geratu da naiz.eus
  32. Jagoba Terrones preso berangoztarra aske geratu da gara.net 2013.10.17
  33. Julen Larrinaga kalean da naiz.info
  34. Ainhoa Irastorza, Iker Zubia, Aratz Estomba y Jon Beaskoa, presos por Gestoras, quedan en libertad naiz.info
  35. Queda en libertad la ordiziarra Ainhoa Irastorza naiz.info
  36. Queda en libertad el preso antxotarra Gorka Zulaika naiz.info
  37. Ainhoa Irastorza e Iker Zubia quedan en libertad naiz.info
  38. Maite Diaz de Heredia preso gasteiztarra aske geratuko da gara.net 2013.04.13
  39. Josu Beaumont aske geratu da naiz.info
  40. PDFJoan Mari Olano espetxeratzeko autoa
  41. Juan Mari Olano aske geratu da 30.000 euro bermea ordaindu ondorengara.net
  42. naiz.info
  43. Jorge Txokarro presoa aske geratu da berria.eus
  44. Lau euskal preso politiko askatu dituzte berria.info
  45. Oihana Agirreri elkartasuna azalduko diote biharberria.info
  46. La Fiscalía pide 12 años de cárcel para Agirre como «dirigente» de Askatasunagara.net
  47. Oihana Agirreri zortzi urteko espetxe zigorra ezarri dio Espainiako Entzutegi Nazionalakaskatu.org
  48. Oihana Agirre bihar epaituko dute Entzutegi Nazionaleanaskatu.org

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.