2014ko Ludiango lurrikara
2014ko Ludiango lurrikara (txinera tradizionalez: 2014年鲁甸地震) 2014ko abuztuaren 3an Txinako Yunnan eskualdeko Ludiango konderrian gertatu zen lurrikara izan zen. Txinako Sismologia Zentroaren arabera, lurrikara 16:30ean gertatu da (08:30 GMT) eta Ludian konderrian izan zuen erdigunea.
2014ko Ludiango lurrikara | ||
---|---|---|
Mota | lurrikara | |
Data | 2014ko abuztuaren 3a | |
Kokaleku | Ludian County (en) | |
Herrialdea | Txinako Herri Errepublika | |
Magnitudea Richter eskalan | 6,5 | |
Sakonera bertikal | 1,6 km | |
Pertsona hilak | 617 | |
Pertsona zaurituak | 3.141.141 | |
Historia
Testuingurua
Ordu gutxitan Txinan gertatu zen bigarren lurrikara zen, izan ere, bertan 14:00ak zirenean (06:00 GMT) Richter eskalan bost gradukoa izan zen beste astindu bat jazo zen Tibeten.
Lurrikararen hedapena
Astindua inguruko hirietan ere sentitu zuten, hala nola, Kunming, Chongqing, Leshan eta Chengdu hirietan eta Sichuan probintzian, South China Morning Post egunkariak jakitera eman zuenez.
Erreplikak
Lurrikara azken 14 urteetako txarrena izan zen lurralde horretan, eta abuztuaren 4 arte 467 erreplika jazo zituzten; horietako lauk 4 eta 4,9 graduko magnitudea izan zuten, Richter eskalan[1].
Biktimak eta kalteak
Seismoaren ondorioz, errepide ugari moztu egin behar izan zituzten, erreskate taldeen lana zailduz. Horretaz gain, azken egunetako euriteek ere zailago egin zutenzaurituak artatzea[2].
Txinako agintariek 2.500 militar eta 700 polizia eta suhiltzaile mugiarazi zituzten eta hondakinen artean bizirik egon zitezkeen pertsonak aurkitzen saiatu ziren[3].
Lurrikararen eraginez, 12.000 etxebizitza eraitsi eta beste 30.000 inguru hondatu ziren, antzinako etxeak gehienak. Polizia eta erreskate zerbitzuetako langileak ezbeharraren tokira gerturatu ziren, eta kanpinak, oheak, mantak eta arropa kaltetutako tokirako eraman zituzten. Bestalde, Yunnan probintziak larrialdi zerbitzuetako 30 langile bidali zituen[4]. Abuztuaren 4ean, 57.000 inguru ziren lekualdatu zain zeuden herritarrak, eta 12.000 suntsitutako etxeak[2].
Abuztuaren 4eko datuen arabera, gutxienez laurehun lagun hil ziren. 20.000 polizia, suhiltzaile eta militar erreskate lanetan ari ziren, hondakinen artean bizirik geratutakoak aurkitzeko. Gutxienez 1.800 ziren zaurituak[5].
Abuztuaren 5eko datuen arabera, gutxienez 410 lagun hil ziren, 12 lagun desagertuta zeuden eta 2.373 zauritu. Ia 124.000 etxe eraitsi ziren lurrikararen ondorioz, eta beste 124.000k kalte handiak zituzten. Izan ere, konderrian dauden eraikinak zaurgarriak ziren, egurrezkoak eta aspaldi egindakoak zirelako. Lurrikara jazo eta gero botatzen hasi zen euria eta luiziak erreskate-lanak eta laguntza gizatiarraren helduera ari ziren oztopatzen[1].
Erreferentziak
- «Txinako hego-mendebaldeko lurrikarak gutxienez 410 hildako eragin ditu», EiTB, 2014-08-05
- «381 pertsona hil dira Txinako Yunnan probintzian lurrikara baten ondorioz», Berria, 2014-08-04
- «Gutxienez 367 lagun hil dira Txinan, lurrikara baten ondorioz» EiTB, 2014-08.03
- «175 hildakotik gora Txinan, lurrikara baten ondorioz», Naiz, 2014-08-03
- «Gutxienez 400 lagun hil dira Txinako lurrikaran», Berria, 2014-08-05