1991ko Korrika
1991ko Korrika edo 7. Korrika Euskal Herrian zehar ospatzen den Korrika jaialdiaren zazpigarren edizioa izan zen. AEK elkarteak antolatu zuen eta ekitaldi honetan Remigio Mendiburu eskultorea omendu zuen. Korrikaren lekukoa berak egina da. Korrika euskara, euskaraz Euskal Herria leloa izan zuen.
1991ko Korrika | ||
---|---|---|
Leloa | Korrika euskara,euskaraz Euskal Herria | |
Mota | lasterketa | |
Honen parte da | Korrika | |
Denbora-tarte | 1991ko martxoaren 15a - 1991ko martxoaren 24a | |
← 1989
1993 → | ||
Herrialdea | Euskal Herria | |
Abiapuntu | Gasteiz | |
Helmuga | Baiona | |
Lanaren edo izenaren hizkuntza | euskara | |
Ibilbidea
Gasteizen abiatu zen lehen aldiz 1991ko martxoaren 15an eta lehen aldiz iparraldean bukatu zen, Baionan, martxoaren 24an. Korrikak guztira 2.100 kilometrotako ibilbidea egin zuen. Abel Enbeitak egin zuen lehenengo kilometroa eta azkenengoa Iparraldeko Katy Pétrissans eta Bizkaiko AEK-ren arduraduna zen Sabin Gaztañagak, ordurako gaixorik zegoenak eta urte berean hilgo zenak.[1]
Mezua
Remigio Mendiburuk berak idatzi zuen 1990 urtean hil aurretik.
Kultur ekintzak
Korrikaren aitzakian 1.200 kultur eta kirol ekitaldi antolatu ziren zazpi herrialdeetan zehar, 6. Korrikan antolaturikoen bikoitza baino gehiago. Hurrengo ekitalditik aurrera izango zen Korrika Kulturalaren oinarria ezarri zen.
Abestia
Irigoien Anaiek eta Mikel Erramuspek egin zuten abestia, Korrika 7 izena izan zuena.[2]
Manez aitzur haundi
bide bazterrian
lur sahar ereiten ari
baratze izkinean
Multxo bat lasterkari
pasatu aintzinean
aitzinant andana hori
zer debru ote zian
Lur sahar bat, lur sahar bi,
Korrika zian hori
lur sahar bat erein eta
bilduko tuk zazpi
Lur sahar bat, lur sahar bi,
Korrika ikusirik
ez duk sekula izanen
holako errekoltarik
Joanes Talosa haundi
bide bazterrian
murru bat altxatzen ari
aldamuen gainean
Multxo bat lasterkari
pasatu zaio azpian
ez hunki aldamu hori
oihu in du oldar gaitzean
Parpen bat, parpen bi
Korrika zian hori
Parpen bat pausatu ta
lerrokatu zazpi
Parpen bat, parpen bi
Korrika ikusirik
ez duk sekula eginen
holako jauregirik
Piarres eta Maddi
bide bazterrian
tira ahala musuka ari
banka baten gainean
Multxo bat lasterkari
pasatu sahetsean
deus guti zuten ikusi
ai baitzien beren lanean
Musu bat, musu bi
Korrika zunan hori
musu bat eman eta
zazpi zeru ikusi
Musu bat, musu bi
Korrika ikusirik
ez dinau guk SIDAren
ez beldur izaiterik
Ernes kepi haundi
bide bazterrian
aharrosika ari
bere katrelian
Multxo bat lasterkari
pasatu zaio ondoan
"xef, xef, xef, izon parti"
entzun zuen radioan
Kepi bat, kepi bi
Korrika zian hori
izan kepi bat ala
izan zazpi kepi
Kepi bat, kepi bi
Korrika ikusirik
Xakurrak xakurtegian
daude oro ixilik
Erreferentziak
- Korrika - Auñamendi Eusko Entziklopedia. (Noiz kontsultatua: 2017-08-31).
- Korrika Karaokea. (2017-03-03). Korrika 7 (Korrika euskara, euskaraz Euskal Herria). (Noiz kontsultatua: 2017-08-31).