1980ko Ispasterko atentatua

1980ko Ispasterko atentatua ETAk urte horretan burututako ekintza hilgarriena izan zen: sei guardia zibil eta bi etakide hil ziren ekintzan, eta erreakzio gisa BVE delako taldeak ondoren egindako bi hilketatan beste bi pertsona ere hil zituzten.

1980ko Ispasterko atentatua
Irudia
Map
Motaatentatu
erailketa
Honen parte daEuskadi Ta Askatasuna campaign (en) Itzuli
Data1980ko otsailaren 1a
KokalekuIspaster
HerrialdeaEspainia
Parte-hartzaileak
HelburuGuardia Zibila, Antonio Marín Gamero (en) Itzuli, José Martínez Pérez-Castillo (en) Itzuli, Carlos José Gómez Trillo (en) Itzuli, José Gómez Mariñán (en) Itzuli eta Alfredo Díez Marcos (en) Itzuli
Pertsona hilak8
ErantzuleEuskadi Ta Askatasuna (erakunde terrorista)

Helburuak

Helburua arma-garraio konboi bati laguntzen zihoan Guardia Zibilaren auto bat izan zen. Enpresa barruan zituzten kolaboratzaileek emaniko informazioa erabiliz, ETAk jakin zuen otsailaren 1ean Markina-Xemeingo Esperanza y Cia (ECIA) fabrikatik morteroak Lagako hondartzara eramango zirela, homologazio proba batzuk egiteko. Konboiaren egitura zehatza ere jakin zuten: lehen auto batean langileak; bigarrenean 3 guardia zibil; hirugarrenean armak; eta laugarren ibilgailu batean beste 3 guardia zibil.[1]

Hildakoak

Hildako agenteak Alfredo Díez Marcos (Fermoselle herrikoa, Zamora, 25 urtekoa), José Manuel Gómez Martiñán (Algecirasekoa, Cádiz, 24), José Gómez Trillo (Xirivellakoa, Valentzia, 30), Antonio Marín Gamero (Oliva de la Fronterakoa, Badajoz, 27), José Antonio Martínez Pérez-Castillo (Oriakoa, Almería, 25) eta Victorino Villamor González (Quecedokoa, Burgos, 41) izan ziren[2][3].

Etakideak, berriz, Gregorio Olabarria Bengoa durangarra (21 urte)[4] eta beranduago Xabier Gorritxategi Agote eibartarra (26 urte)[1].

Jarraian BVEk erreibindikatutako bi hilketatan Jesus Maria Zubikarai Badiola (22 urte) hil zuten Ondarroan bahitu ondoren; eta Madrilen Yolanda Gonzalez Martin (19 urtekoa) bahitu eta hil zuten. Bi kasuetan, Ispasterkoari erreakzio gisa azaldu zituzten hilketak errebindikazioan[5].

Atentatua

Markinako Esperanza y Cia enpresako morteroak eta granadak zeramatzaten Lagako hondartzan tiro probak egitera, Ispastereko irteeran. Erasotzaileak Ispasterko Barainka auzoan kokatu ziren, Earantz doan errepideak Urtiaga mendixka inguruan egiten duen mendatetxo batean. Lehen autoa pasatu zenean, bigarrenari granada bat jaurti zioten konboia geraraziz. Jarraian, guardia zibilen autoei eraso zieten eraso fusilak, subfusilak eta granadak erabiliz.[6] Guardiak errematatzeko, etakideek haien ibilgailuetan esku-granada bana leherrarazi zuten. Sei guardia zibil hil zituzten, eta enpresako autoan zihoazen langileak ez zituzten zauritu; auto hartatik irten eta basoan barneratzeko agindu zieten etakideek. Langileek tiro gehiago entzun zituzten basoan ihesi ari zirela, eta Guardia Zibilak ondorioztatu zuen guardiak errematatzeko tiroak izan zirela horiek[7].

Bonba jaurtiketa batean erasotzaileak beraiek ere zauritu ziren, eta ondorioz haietako bi ere hil ziren.[8]. Gregorio Olabarria berehala hil zen eta Xabier Gorritxategi Agote Xabiertxok zauri larriak jaso zituen.

Guardia Zibilaren ikerketen arabera, eta ondorengo epaiek jaso zutenez, Olabarria eta Gorritxategirekin egon ziren Ispasterko erasoan beste etakide bat ere, Angel Rekalde Goikoetxea, eta besteren batzuk, izenez identifikatu ez zituztenak[9][10][11].

Zaurituekin ihesa

Taldeko kideek ekintza bertan behera utzita, zaurituak jaso zituzten, itxura batean Markinako enpresaren autoa erabiliz lehen une batean, zeina kilometro ingurura agertu zen[7]. Gero, beste ibilgailuren batean Goio Olabarria Natxituara eraman zuten, eta auto baten barruan utzi zuten taberna batekoei abisua emanda, zaurituak zaintza beharko zuela. Tabernatik mediku bati abisatu zitzaion baina hura iritsi zenerako ez zegoen zer eginik, hila zegoen. Olabarriaren gorpuak sabelean zauri larriak zituen, eskuin eskua guztiz txikituta, eta izterrean beste zauri larri bat[12].

Jarraian Xabier Gorritxategi etxe seguru batera eraman zuten Guardia Zibilen inguruko kontrolak gaindituz. Gau horretan hil zen ordea. Biharamunean taldeko kideek Xabier Gorritxategiren gorpua Ermuko hilerriaren atarian utzi zuten manta bat eta ikurrina batean bilduta. Aurpegia eta lepo aldea txikituta zituen, metrailak egindako zaurien itxurarekin. Egin egunkarira deitu zuten horren berri eman eta bere familiakoei abisua pasatzeko eskatuta[13].

Erreakziozko hilketak

Ispastereko ekintzaren ostean inkontrolatuek Ondarroan Jesus Maria Zubikarai Badiola bahitu, hil eta Aginagan (Eibar) mendian utzi zuten gorpua, otsailaren 2an, goizean eguna argitu baino lehentxoago, Ispasterkoaren biharamunean. Gorpuak lau tiro zituen buruan eta beste bost gorputzean.[14] Zubikarairen gorpua Eibarko hilerrira eraman zuen Guardia Zibilak eta horrek beharbada eragin zuen komandoak Gorritxategiren gorpua Ermuan utzi izana eta ez bere jaioterrian Eibarrren, zaintza estua egongo zelakoan herrian.

Madrilen ere, Yolanda Gonzalez Martin hil zuten egun horretan, beharbada Ispasterko ekintza baino lehenago bahitu izana posible delarik. Batallon Vasco Español delakoaren izenean erreibindikatu zituzten Zubikarai zein Gonzalezen hilketak, eta bi kasuetan Ispasterkoaren erreakzio gisa azaldu zituzten ekintzak[15][5].

Atxiloketak eta epaiketak

Atentatuarekin lotura zeukatenen artean, Patxi Eskisabel Etxebarria 1980ko urrian atxilotu zuten[9]. Konboiaren jatorri zen Esperanza y Cia enpresako langilea zen Eskisabel[16].

Angel Rekalde 1981eko maiatzaren 11n atxilotu zuten Eibarren, sarekada zabal baten barruan, eta bere pisura sartu zirenean tiroz zauritu zuten guardia zubilek, larri zauriturik erietxera eraman zutelarik[17].

Eskisabel eta Rekalde 1983an epaitu zituzten Ispasterko atentatuagatik, ihesean kolaboratzaile izandako beste batzuekin batera. Egile material gisa Rekalde kondenatu zuten 162 urteko espetxe zigorrera, hildako guardia bakoitzeko 27 urte. Eskisabel konboiaren informazio logistikoa emateagatik kondenatu zuten. Rekalde 1999an askatu zuten espetxetik eta Eskisabel 2002an. Angel Rekaldek zenbait liburu idatzi ditu harrezkero, eta Nabarralde erakundeko koordinatzaile bihurtu zen 2005ean[18][19].

Jaime Rementeria Beotegi 1983ko abuztuan atxilotu zuten, eta 1984an Ispasterkoagatik epaitu zuten. Ispasterko hildako goardia bakoitzeko 19 urteko zigorra jaso zuen, kolaboratzaile funtsezko gisa[20]. 1980ko irailean Markinan beste lau guardia zibil hiltzeagatik kondena gehigarria jaso zuen Rementeriak, guztira 220 urteko espetxe zigorra. 2004. urtean irten zen kartzelatik[18].

Kondenarik jaso ez dutenak

Beste ekintzaile batzuek erasoan zuzenki parte hartu zutela ziurtzat emanez, AVT taldeak eta beste batzuek uste dute argitu gabeko ETAko atentatuen artean dagoela Ispasterkoa[21].

Mendekuzko hilketen ondorengoak

Erreakziozko hilketen kasuan, Jesus Maria Zubikarairen hilketa argitu eta epaitu gabe geratu zen. ETA politiko-militarrak justizia bere esku hartuz, Mario González Blasco bahitu eta hil zuen 1980ko abuztuan, eta Zubikarai hil zen tokian utzi zuten gorpua, Aginagan. Agiri batean Gonzalezek hil aurretik Zubikarai hil izana aitortu zuela erreibindikatu zuen ETAk[22] [23]. 1982an desegin zen ETA p-m, Espainiako gobernuarekin armagabetzea itundu ondoren, eta Gonzalezen hilketak argitu gabe jarraitzen du[24].

Yolanda Gonzalezen hilketagatik, Emilio Hellín eta Ignacio Abad Velázquez atxilotu eta kartzela-zigorrak ezarri zitzaizkien 1980an, 43 urtekoa Hellini eta 28koa Abadi. Hellinek zenbait sartu-irten egin zituen espetxetik, ihesaldi eta berratxiloketak tarteko, eta azkenean 14 urte egin zituen espetxean. Askapen definitiboaren ondoren, Hellinek Guardia Zibilarentzat eta beste erakunde polizialentzat lanean jarraitu zuen aditu gisa[25].

Erreferentziak

  1. http://www.teinteresa.es/espana/Detenido-Mexico-etarra-Urbizu-Escopeta-corrida-Jose_Tomas_0_1352864881.html
  2. «Bilbao: Tensión en los funerales de los seis guardias civiles», La Vanguardia, 1980/02/03, 14. orr.
  3. (Gaztelaniaz) Sur, Europa. (2017-11-02). «La Guardia Civil no olvida a sus muertos» Europa Sur (Noiz kontsultatua: 2022-04-06).
  4. «Vivas a ETA en el funeral del terrorista muerto en el atentado de Lequeitio», El Pais, 1980/02/05.
  5. «ETAren erasoa, erreforma vs. haustura arteko gerra garaian» www.argia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-02).
  6. https://ia601004.us.archive.org/11/items/EGIN1980Otsaila/EGIN%2019800202_007.tif
  7. (Gaztelaniaz) «La Guardia Civil recuerda en un vídeo el atentado de Ispaster, que dio origen a los GAR» El Correo 2022-02-01 (Noiz kontsultatua: 2022-04-02).
  8. (Gaztelaniaz) «ETA, una historia de muerte y destrucción» El Diario Vasco 2006-03-23 (Noiz kontsultatua: 2022-04-02).
  9. (Gaztelaniaz) «Seis guardias civiles asesinados en el atentado de Ispáster - In Memoriam» Libertad Digital (Noiz kontsultatua: 2022-04-03).
  10. (Gaztelaniaz) Conejero, Eduardo. (2015-04-17). «Heroes sin leyenda» heroes sin leyenda (Noiz kontsultatua: 2022-04-02).
  11. (Gaztelaniaz) País, El. (1982-06-25). «Juicio por el atentado de Ispáster, donde murieron 6 guardias civiles» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2022-04-02).
  12. (Gaztelaniaz) Angulo, Javier; Unzueta, Patxo. (1980-02-01). «Seis guardias civiles, asesinados por un comando terrorista en una emboscada en el País Vasco» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2022-04-06).
  13. (Gaztelaniaz) El cadaver de Xabier Gorritxategi depositado en el cementerio de Ermua. Egin, 1 or. (Noiz kontsultatua: 2022-04-06).
  14. (Gaztelaniaz) turrune. (2015-02-01). «JESUS MARI ZUBIKARAI BADIOLA «JHISA» ez zatxuau ahaztuten!!!» Turrune! (Noiz kontsultatua: 2023-05-23).
  15. (Gaztelaniaz) «40 años del asesinato de Yolanda González.La otra transición» RTVE.es 2020-10-06 (Noiz kontsultatua: 2022-04-02).
  16. (Gaztelaniaz) Director, Cartas al. (2022-02-01). «Hoy se cumplen 42 años del atentado que tuvo lugar en la localidad Vizcaína de Ispáster. Por Jesús Longueira» elcorreodeespana.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-06).
  17. (Gaztelaniaz) Azua, Victorino Ruiz de. (1981-05-11). «Detenidos en Guipúzcoa 20 presuntos miembros y colaboradores de ETAm» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2022-04-03).
  18. (Gaztelaniaz) «Los 62 de Aznar» ElDiario.es 2007-02-26 (Noiz kontsultatua: 2022-04-03).
  19. Miranda, Jon. (2021-06-21). «Angel Rekalde Goikoetxea: «Ondarea desagertzeko bidean da»» Berria (Berria) (Noiz kontsultatua: 2022-04-02).
  20. (Gaztelaniaz) Sur, Europa. (2021-10-20). «La herida de ETA sigue abierta» Europa Sur (Noiz kontsultatua: 2022-04-03).
  21. (Gaztelaniaz) «Cuentas pendientes con ETA» Las Provincias 2018-05-18 (Noiz kontsultatua: 2022-04-03).
  22. «Mario González Blasco» Mapa del terror (Noiz kontsultatua: 2022-04-03).
  23. (Gaztelaniaz) Egin, Egin. (1980-08-07). ETA (p-m) dice tener pruebas sobre la actividad del BVE. , 7 or. (Noiz kontsultatua: 2022-04-03).
  24. (Gaztelaniaz) «Lista de los 377 asesinatos de ETA sin autor conocido» abc 2021-09-05 (Noiz kontsultatua: 2022-04-05).
  25. Portela, Publicado por A. Garcia. Hellín: Del Emilio que asesina a Yolanda González a Luis Enrique dar cursos a la policía. (Noiz kontsultatua: 2022-04-03).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.