1978ko Sanferminak

1978ko Sanferminetan Euskal Herriko gatazkarekin loturiko istilu larriak gertatu ziren Iruñean eta Hego Euskal Herriko beste hainbat tokitan, zeinetan espainiar poliziak neurrigabe eta bortizkeriaz jokatu zuen. Istilu horien ondorioz, Iruñean German Rodriguez eta Donostian Joseba Barandiaran gazteak hil zituen poliziak tiroz eta hamarka zauritu izan ziren, horietako asko balaz.

Istiluen abiapuntua 1978ko uztailaren 8an, Sanferminetako zezenketa baten ondoren, Espainiako Polizia Armatua Iruñeko zezen plazara bortizkeriaz sartzea izan zen, han burutzen ari zen amnistiaren aldeko pankarta baten inguruko gorabehera bat aitzakia. Poliziaren esku-hartzea tentsio politiko handiko giro batean gertatu zen, aurreko hilabeteetan ugari izan baitziren talde parapolizialen erasoak Iruñean. Zezen plazatik istiluak Iruñea osora zabaldu ziren eta horietan hil zen German Rodriguez. Istiluak Hego Euskal Herriko hainbat tokitara hedatu ziren hurrengo egunetan. Donostiako istiluetan, Joseba Barandiaran hil zuen poliziak tiroz uztailaren 11n.

Uztailaren 12an greba orokorrerako deia egin zen Hego Euskal Herrian gertakari horiengatik protesta egiteko. Zigor operazio moduan, uztailaren 13an, poliziak Errenterian neurrigabeko indarrez hartu eta hainbat txikizio eta lapurreta egin zituen herriko kaleetan. Gertakarien garaian, Rodolfo Martín Villa gobernazio ministroa zen polizien arduradun nagusia; horrela, Nafarroako gobernadore zibila bere kargutik kendu eta Iruñeko istiluetako polizia buruak lekuz aldatu zituen; haren hitzetan, istiluetan poliziaren jokabideak "erroreak" izan ziren, baina "bestea krimenak" ziren.[1] 2018ko maiatzean, Espainiako Parlamentuak uko egin zion gaiari buruzko Barne Ministerioaren agiri sekretuak desklasifikatzeari, PP, PSOE eta Ciudadanos alderdien bozen babesaz.[2]

Aurrekariak

Frankismoaren azken garaian, 1973ko Iruñeko Sanferminak giro erreibindikatibo bizian ospatu ziren. 1973ko ekainean lan gatazka handiak izan ziren eta ehunkada atxilotu izan ziren horien ondorioz. Iruñeko lagunarteek elkartasuna adierazteko plazaratutako kartel zenbait zentsuratuak izan ziren. Jaien hasiera alaitasun giroan hasi bazen ere, uztailaren 9ko zezenketaren ondoren, lagunarteek atxilotuen askatasuna eskatu zuten pankarta batzuk zabalduz. Berehala, megafoniatik plaza hustutzeko agindua eman zen. Lagunarteek pankartak jaso eta men egin zioten aginduari.

1974ko eta 1975eko Sanferminak jai giroan ospatu ziren, istilu eta gertaera larririk gabe. 1976koetan berriz, Franco hilda, tentsio politiko bizian ospatu ziren. Sanferminetako ospakizun alaien alde, lagunarteek jaien politizazioaren aurkako mezua zabaldu zuten. Hala ere, urte hartako uztailaren 11an 2.000 lagun bildu ziren amnistia eske manifestazio batean eta poliziak haien aurka oldartu eta erako indiskriminatuak egin zituen Iruleko Alde Zahar osoan. Bestelakoan, urte hartako Sanferminak lasaitasunezko jai giroan garatu ziren.[1]

Espainiako Trantsizioan arrunta zen Hego Euskal Herrian biolentzia politikoa. Besteak beste, Espainiako Polizia Armatuak (kalean grisak deitzen zitzaien horiexek) gogor jotzen zuen manifestazio eta beste protesta eta erreibindikazioen aurka. Iruñean, hain zuzen, gazte bat hil eta beste bat larriki zauriturik utzi zuten poliziek 1977ko Amnistiaren Aldeko Astean.[3] 1977ko azaroan ETAk Joaquín Imaz Iruñeko Polizia Armatuaren komandantea erail zuen. Haren lekua betetzeko, Fernando Ávila Espainiako Legioaren komandantea izendatu zuten Iruñeko polizia armatuen buru. Kargu hartzean, "lankide bat ordezteaz gainera, hiriari (Iruñeari, hain zuzen) eskarmentu ematera zetorrela" adierazi zuen, "hiria oso erreboltaria zelako". Testuinguru horretan, 1978ko urtarrilaren 11n Iruñean ETAren aurkako polizia operazio batean, etakide batzuen eta Espainiako polizien arteko tiroketa bat gertatu zen, erakundeko bi kide eta polizia inspektore bat hilda suertatu zirelarik[4]

1978ko lehen hilabeteetan zehar, talde parapolizialetako kideek eraso zenbait burutu zituzten Iruñean abertzale eta ezkertiarren aurka, bereziki polizia eta militarren aurkako atentatuen erantzun moduan. 1978ko maiatzaren 9an ETAk Guardia Zibilaren Land Rover bat pasatzean bonba bat leherrarazita Guardia Zibil bat hil zen Iruñean. Horren aldeko hiletaren ondoren, istilu larriak izan ziren talde faxista bat (batzuen arabera, Guerrilleros de Cristo Rey taldekoak) Iruñeko Alde Zaharrera erasoka sartzean. Horietan, LKIko egoitzaren eta beste hainbat lokalen aurka oldartu ziren eta makilakadaz eta borraz armaturik han zegoen jendearen aurka jo zuten. Istiluotan borroka latzak sortu ziren. Horietako batean, Juan Antonio Eseverri, Guardia Zibileko tenienteordea, kale jantziekin, arma zuriz zauriturik geratu eta zazpi egun geroago hil zen. Testigantza batzuen arabera, guardia zibil horrek zuzentzen zuen istiluak sorrarazi zituen talde parapoliziala.[5][6][7] Hilketa honengatik hamarka lagun atxilotu eta horietatik bost espetxeratu zituzten.[8] Sanferminen atarian, ekainaren 25ean, lagunarteen ordezkari talde bat itxialdi bat hasi zuen biharamunera arte udaletxean. Hantxe, uztailaren 3an, espetxeratuen familiarteko eta lagunak izan ziren itxialdia egin zutenak uztailaren 6ra arte, noiz jaiak hasi behar ziren. Hain zuzen, txupinazoa ezin izan zen bigarren solairutik bota, ohi bezala, han itxialdikoak zirelako eta lehenengo solairutik bota zen ondorioz. Udaletxearen fatxadan, alderik alde, Para san Fermín todos en casa (euskaraz, Sanferminetarako, denak etxera) zioen pankarta bat zegoen. Une horietan, Iruñeko espetxean matxinada txiki bat izan zen: sute bat piztu eta preso batzuek bere burua kolpatu zuten. Poliziak espetxea hartu eta hortik denbora gutxira Eseverriren hilketagatik espetxeratutako hiru preso aske geratu ziren.[9] Uztailaren 7an, La Unica peñako kideek zezen-plazatik ez ateratzea erabaki zuten, peñako kide batek Eseverri auzia dela eta espetxean jarraitzen zuelako. Kanpoan bildurik ziren poliziak zezen-plaza indarrez husteko zorian egon ziren, baina azken orduan inongo esku hartzerik gabe erretiratzeko agindua jaso zuten.[10]

Istiluen hasiera

Zezen plazako ate honetatik sartu zen polizia

Gertakari larriak uztailaren 8an piztu ziren, arratsaldean, eguneko zezenketa bukatutakoan. 20:45 aldera, lagunarteen ohiko ateratzen hasi aurretik, zezen plazako hondarretan bildutako jendearen artetik talde batek amnistiaren aldeko pankarta zabaldu zuen. Beste sektore bat protestaka hasi zen, eta orduan liskarrak hasi ziren, hitzez, kolpeka nahiz objektuak jaurtikiz. Hura aitzakia izan zen 200 bat polizia zezenen sarbidetik barneratzeko. Une horretan 20.000 pertsona inguru zeuden zezen-plazan.[11]

Poliziak ke-poteak, gomazko pilotak eta su errealeko armekin tiroka sartu ziren zezen-plazara, Rubio komisarioaren agindupean, inolako begiramendurik gabe. Jendea ahal bezala atera zen, zaldien patiotik, ateetatik, edo bertan geratu zen ahalik eta hobekien babesturik, ezkutaturik. Lagun talde batek plazatik kamioi-hozkailu batean sartuta egin zuen ihes, zezenen haragia eramateko erabiltzen diren horietako batean.[12] Polizien aurka ere oldartu zen jendea, edonolakoak botaz, botilak eta beste. Zezen plazako erizaindegian 55 zauritu artatu zituzten. Balaz zaurituak zazpi izan ziren.[12][13]}}

Istiluak hirian eta German Rodriguezen heriotza

German Rodriguez

Bitartean, poliziak su-armak erabiltzen jarraitu zuen inguruko karriketan ere, jendea oldarturik Gobernu Zibilaren inguruan erasoka ari zelarik, poliziak harrikatuz eta. Halako batean, 22:15 aldera, Orreaga etorbidean, zezen plazatik hurbil, Germán Rodríguez LKIko ekintzailea hilik suertatu zen, tiro batek kopetan jota. Gazte batzuek ikusi zuten erortzen, eta ospitalera eraman zuten, balaz zaurituriko beste batekin. Han ez zuten ezer egiterik izan haren bizia salbatzearren. German Rodriguez erori zen tokian 35 bala-inpaktu aurkitu zituzten.[12]

Istiluetan 150 zauritu baino gehiago kontatu ziren, haietako 11 balaz zaurituak. Egun haietan barne-ministroa zen Rodolfo Martín Villak emandako informazioaren arabera, sei ordutan eta Iruñeko erdigune aldean erabili zen istiluen aurkako materiala 7.000 gomazko pilota eta 130 bala izan zen.

Poliziei irratiz emandako aginduak betirako geratu ziren grabatuta:

« ¡Defender el área cojones, y defenderlo ahí como sea! Adelante, cambio. Dad la vuelta a la plaza, preparad todas las bocachas y tirad con todas las energías, y lo más fuerte que podáis, no os importe matar[14]  »

Televisión Española kateak zezen-plazan grabatu zituen irudiak uztailaren 9an bakarrik igorri zituzten, ondoren artxibo guztiak desagertu baitziren. Irudi horiek, 2005ean, 78ko Sanferminak dokumentalaren egileek, Juan Gautier eta José Ángel Jiménezek, telebista frankofono batetik berreskuratu zituzten.

Istiluak gau osoan zehar izan ziren, eta biharamunean Euskal Herriko beste toki askotan ere heriotza hari erantzuteko borrokak egin ziren -José Ignacio Barandiaran gaztea hil zuen poliziak tiroz Donostian-. Urte hartako sanferminak etenda geratu ziren egun hartatik aitzina, Udalak erabakita, jendartean kommozio handia eragin baitzuten gertaera latz haiek guztiek. Informazio biltzeko, gertaerak argitzeko eta erantzukizunak eskatzeko Batzordea osatu zen Iruñean, eta geroago Batzorde hark txostena osatu zuen, non azaltzen baitziren egun hartako gorabeherak eta poliziak egindako eta eragindako triskantzak, are lapurretak ere, argazki eta grabazioz osaturikoa.

Ikerketa batzordeak Rubio komisarioaren aurka kereila bat planteatu zuen.

Iruñean tiroz zaurituak hurrengoak izan ziren:[15]

  • Ricardo Azcona Latasa, ezkerreko belaunean tiroz zauritua.
  • Fermín Ilundáin, besoan tiroz zauritua.
  • Philippe Bidegain, bizkarrezurrean tirokatua.
  • 2 zauritu Unibertsitate-ospitalean, horietako bat izterrean tiroz zauritua.
  • José Ramón Vélez Mendizábal, urdailean eta jejunoan (arean eragina) zulaketa.
  • Javier Arteta Pascual, ezkerreko eskuan tiroz zauritua.
  • Jesús Mª Ibarrola Baranda, izterrondoan tiroz zauritua.
  • Miguel Fdez. Diaz de Cerio, toraxean tiroz zauritua.
  • Tomás Saso Clemente, gluteoan tiroz zauritua.
  • Jesús García Martínez, besoan (humeroaren haustura) tiroz zauritua.

Gertaerak azkenean epaiketarik gabe artxibatu zituzten.

Egoera sozio-politikoa

Urte nahasia Iruñean

Espainiako beste zenbait gunetan bezala, Nafarroan ere Espainiako Trantsizio politikoa jasaten ari ziren eta horrekin batera bortxa politiko latza pairatu zuten, Iruñean batez ere. Francoren heriotzaz geroztik, ohikoak ziren Polizia Armatuarekin kaleetan zeuden istiluak. 1977ko maiatzeko amnistiaren aldeko astean, liskarrak oso biziak izan ziren eta Iruñean bi hildako egon ziren. Horrez gain, ETAren bortxa areagotzen joan zen; azpimarratzekoa da esate baterako, 1977ko azaroaren 27an Iruñeko zezen-plazan izandako Joaquín Imaz komandantearen hilketa, Polizia Armatuaren agintean zegoena. Hura ordezkatzeko, eta berak horrela eskatu ondoren, Fernando Ávila komandantea etorri zen, Espainiar legiotik.

1977ko abenduaren 9an Diario de Navarra egunkariak ohar bat argitaratu zuen (3. orrialdean) Fernando Ávila komandanteak El Alcázar eskuin muturreko egunkarian -militar nahiz polizien deklarazioak argitaratzen zituen- egindako zenbait deklarazioei erantzunez. Ávila komandanteak Imaz komandantearen postua eskatu zuen; izan ere, bera zen hurrengoa promozio berdinean. Ávila komandanteak ez zuen polizia-gorputzetan esperientziarik postua hartu zuenean.

Orduko Nafarroako El País aldizkariko berriemaileak, Fermín Goñik, jakin zuen Ávila komandantea Iruñera joan zela bere laguna ordezkatzeaz gain, erreboltaria zen hiri horri eskarmentu bat ematea. Testuinguru hartan, 1978ko urtarrilaren 11n Iruñean burututako polizia-operazio batean, ETAko kideen eta Polizia-zerbitzu nagusiaren artean tiroketa izan zen, non elkarteko bi kidek eta polizia-inspektore batek bizia galdu zuten.

1978ko hilabeteetan emandako bortxa egoera hau areagotu egin zen Guerrilleros de Cristo Rey elkartearen ekintzen ondorioz, zein Iruñeko kaleetan ibiltzen baitziren kate eta beisbol bateekin. 78ko Sanferminak dokumentalean Ignacio Llanok, Nafarroako gobernadore zibila izan zenak, aitortu zuenaren arabera:

« Eskuineko muturreko taldeen ekintzak Ordena Publikoko Indarrek pasibotasunez begiesten zituzten.  »

Maiatzaren 1eko ospakizunean, Ordena Publikoko Indarrek aldarrikapen manifestaldietan egindako interbentzioaren ondorioz soilik Iruñean izan ziren istiluak. Hori dela eta, zenbait indar politikok gobernadorearen eta Ávila komandantearen, zein interbentzioak zuzentzen baitzituzten, kargu-uztea eskatu zuten.

Maiatzaren 17an, Sanferminak baino zenbait aste lehenago, Txapitela kalean talde frankisten irteera batean jazotako liskarretan labankada batez "guerrilleroetako" (frankistak) kide bat hil zen eta hori Guardia Zibiletako tenienteordea zen Juan Antonio Eseverri izan zen.

Ondoren, gaua komisarian pasa zuten 52 pertsonen atxiloketa eman zen, horietako lau espetxeratuak izan ziren hilketa horretaz salatuak. Hori dela eta, uztailaren 3an espetxeratuen senideak nahiz lagunak Iruñeko udaletxean giltzaperatu ziren protesta gisa. Itxialdi hori luzatu egin zen eta ondorioz Sanferminei hasiera ematen zien suziriaren (Txupinazoa) jaurtiketa atzeratu egin zen, lehenengo solairutik jaurti baitzen eta ez ohikoa zen bigarren solairutik. Entzierroan zehar banatu zuten komunikatua honela amaitzen zen:

« Hemen giltzaperatuta bagaude, preso guztien berehalako askatasuna eskatzeko da eta horrela, denen artean, hurrengo Sanferminetako festei begira giro aproposa lortzeko.  »

1978ko Sanferminak kulturan

1978ko Sanferminen oroitarria

Sanfermines 78 dokumentala

Sanfermines 78 gertakari haiei buruz 2005 urtean plazaratutako dokumentala da, Juan Gautier eta José Ángel Jiménezen zuzendaritzapean, eta 2003 urtean German Rodriguezen heriotzaren 25. urteurrenean egindako oroimen-ekitaldien haritik. 1978ko irudiak, horietako batzuk ordura arte argitaragabeak, lehen aldiz argi gertakari haiek bizi zituzten pertsonen egungo testigantzekin lotzen ditu, horien artean orduko gobernadore zibila zen Ignacio Llanorenak eta polizien buru zen Miguel Rubiorenak. Bietako inork ez du argitzen nork eman zuen zezen plazara indarrez sartzeko agindua. Ordura arte argitaragabeko irudien artean, TVE Espainiako telebistak behin bakarrik emititu zituen irudiak zeuden, gerora telebistako artxiboetatik desagertu baina dokumentalerako Frantzian berreskuratu ahal izan zirenak.[16] Filmak dokumental luzemetraien zuzendaritza onenarentzako saria irabazi zuen Cádiz.doc zinemaldiko 2005eko edizioan.[17]

Oroitarria, piedra de toque

Gertakarien 30. urteurrenerako, Sanfermines 78 gogoan! taldearen eskutik, Eguzki Bideoak taldeak Oroitarria, piedra de toque dokumentala ekoiztu zuen 2008 urtean.

Erreferentziak

  • Comisión de Investigación de las Peñas de Mozos de Pamplona: Así Fue, 1978ko abuztua.

Beste erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) Sanfermines 78. Rodolfo Martin Villa. (Noiz kontsultatua: 2014-10-05).
  2. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2018-05-08). «El Congreso español rechaza desclasificar la documentación sobre los sanfermines del 78» naiz: (Noiz kontsultatua: 2018-05-08).
  3. (Gaztelaniaz) Arrotxapeko historiaren txokoa. Semana Pro-Amnistía de 1977: Arrotxapea, tiros, piedras y barricadas. (Noiz kontsultatua: 2014-10-03).
  4. (Gaztelaniaz)Un policía y dos miembros de ETA, muertos en un tiroteo en Pamplona. El País 12/1/1978
  5. (Gaztelaniaz) «Acuchillado un subteniente de la Guardia Civil en Pamplona» El País 1978-05-11.
  6. (Gaztelaniaz) «Falleció el subteniente de la Guardia Civil apuñalado en Pamplona» El País 1978-05-18.
  7. (Gaztelaniaz) «Pamplona: el subteniente Eseverri estaba al frente de los incontrolados» Informaciones 1978-06-15.
  8. (Gaztelaniaz) «Navarra, problema de Estado» La Aurora (Noiz kontsultatua: 2014-10-06).
  9. (Gaztelaniaz) «Más fiesta que política en la inauguración de los sanfermines» El País 1978-07-07.
  10. 6. or.
  11. (Gaztelaniaz) «Un muerto en violentos enfrentamientos con la policía en Pamplona» El País 1978-07-09.
  12. (Gaztelaniaz) «Treinta años sin Germán» Diario de Noticias 2008-07-08.
  13. (Gaztelaniaz)http://sanfermines78gogoan.org/?p=1664
  14. (Gaztelaniaz)http://gara.naiz.eus/paperezkoa/20130416/397789/es/El-mismo-entrar-todo-igual-impunidad8
  15. (Gaztelaniaz)https://info.nodo50.org/IMG/pdf/german_rodriguez._en_memoria.pdf
  16. (Gaztelaniaz) «Los Sanfermines más tristes» lavanguardia.com 2013-07-08.
  17. (Gaztelaniaz) «El documental 'SanFermines 78' gana el certamen Cádiz.doc» elpais.com 2005-09-16.

Bibliografia

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Iruñea
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.