1947ko frankismoaren aurkako greba
1947ko frankismoaren aurkako greba Gipuzkoan eta Bizkaian egin zen urte horretan. Deialdiak Francoren diktaduraren baldintza gogorrak hobetzea egin zuen aldarri, eta Euskal Herriko lurralde horietan izan zuen benetako eragina.[1]
Deialdi horrek Madrilen bakarrik izan zuen antzeko mobilizaziorik Espainian (15.000 langile grebalari) eta, beraz, Euskal Herrian kokatu zen bereziki.[1] Grebak diktadura erregimenaren gogo zapaltzailea berretsi zuen, baina 1951ean antzeko beste greba baterako oinarria jarri zuen.
Testuingurua
Bigarren Mundu Gerra amaitu berria zen 1945ean eta, erregimenak ezarritako izuaren erdian, artean itxaropena handia zen Ardatzeko indarren porrotaz Aliatuek Francoren erregimena botako zutela. Hala ere, 1947an bertan, Eusko Jaurlaritzak bere indar militarren desmobilizazioa ezarri zuen, Agirrek hala aginduta.[oh 1]
Aurreko hilabetean, diktaduraren kontrako indarrek II. Errepublikaren eguna ospatu zuten apirilaren 14an hainbat herritan, istilu nabarmenik gertatu gabe, eta horrek, aldi berean, adorea eman zien protestagileei greba ere deitzeko. Apirilaren hasieran, gainera, Aberri Eguna ospatu zuten herri batzuetan, Frankismoa Euskal Herrian webgunearen arabera.[2]
Garapena
1947ko maiatzean, diktadurak ezarritako baldintza gogorrak salatzeko greba deialdi bat egin zen. Greba Bizkaiko meatzariek eta altzairuko langileek piztu zuten, eta laster batean zabaldu zen Gipuzkoara. Bizkaiko langile guztien hiru laurden atera ziren grebara eta, hori ikusita, Francoren erregimenak tropak bidali zituen Bilboko kaleetan zehar.[1]
Maiatzaren 8rako, enpresaburu talde bat Madrilgo agintariekin hitzarmen batera heldu zen grebari amaiera emateko.[2] Bi asteren buruan, amaitua zen greba.[1]
Britaniar Kanpo Arazoko barne txostena
« | Greba baketsuak ez dira oso ohikoak Espainian, eta, horregatik, orain dela gutxiko Bilboko greba izugarrizko erakustaldia izan da, erronka ozena gobernuaren ustezko onarpen-maila onari. Agintariek egoera berri bati egin behar diote aurre, eta egoera horri ezin diote inola ere erantzun poliziaren bortizkeriarekin, edo ezin dute konpondu gerra-kontseiluekin. | » |
—British Foreing Officeren barne txostena, 1947. |
Ondorioak
Frankismoa Euskal Herrian orriak erregimenaren kontrako indarren arrakasta nabarmentzen du, baina baita indar politiko horien batasunaren amaiera ere, ez zirelako gai izan adostasunera heltzeko. Halaber, geroko errepresioak UGT eta CNT sindikatuen egitura behin betiko desegin bide zuen.[2]
Oharrak
- Leizaolaren eskua ikusi izan da erabaki horren atzean; ikus Kurlansky, Mark. 2000, 238. or.
Erreferentziak
- Watson, Cameron. 2003, 314. or.
- Frankismoa Euskal Herrian
Bibliografia
- Watson, Cameron. (2003). Modern Basque History: Eighteenth Century to the Present. University of Nevada, Center for Basque Studies ISBN 1-877802-16-6..
- Kurlansky, Mark. (1999). The Basque History of the World. ISBN 0-8027-1349-1..
- Frankismoa Euskal Herrian