1936ko Hernaniko fusilamenduak

1936ko urrian, Espainiako Gerra Zibilean, Gipuzkoako Hernani udalerrian kolpista frankistek burututako egindako fusilamenduak izan ziren.

Fusilatuak

Hernaniko hilerriko horman frankistek 200 lagun inguru fusilatu zituzten, eta beste asko Galarretan (hernaniarrak, 13). Gehienak Ondarretako kartzelatik aterata hil zituzten, eta erail ondoren, gurdian ekarrita Hernaniko hilerrian lurperatu.

Fusilatuen artean elizgizon eta apaizak, emakume haurdunak, alderdi abertzale eta ezkertiarretako kideak eta sindikalistak zeuden, haietako ia inork ez zuen Bigarren Errepublika garaian inongo ardura edo kargu politikorik izan, baina horrek ez zituen militar frankistak, falangistak eta erreketeak geldiarazi eta ez zuten gupidarik izan. Ekintza odoltsu honekin Errepublikaren alde agertu zen biztanleriari eskarmentua eta zigorra eman nahi izan zioten, baita mendekua bilatu ere.

Fusilatuen artean Jose Adarraga, Gervasio Albisu, José Ariztimuño ‘Aitzol’, Martin Lekuona, Zelestino Onaindia eta Jose Otaño elizgizonak zeuden, baita José Maria Elizalde donostiarra, edota Aiako alkatea zen Gabino Alustiza.[1]

Eraildako emakumeak bederatzi lirateke, tartean Gatzaga udalerriko Emeteria Aranburuzabala, bederatzi seme-alaben ama eta politikatik guztiz kanpo; Arrasate udalerriko Maria Bengoa, 17 urteko neska gaztea eta Emakume Abertzale Batzako kidea, eraildako emakume guztietan gazteena; edota Dominika Artola, «seme komunista bat izateagatik» fusilatua.

1943ko omenaldi ekintza

1943ko Santu Guztien Egunez, Hernaniko hilerrian ikurrinaren koloreekiko lore sorta bat eta honako idazkia agertu ziren:[1]

« Arerio maltzurrak zuek bazterrean utzi arren, eusko gogoan beti toki berezia daukazue.  »

Agintari frankistak jakinaren gainean jartzean, bere onetatik atera eta guztiz sumindu ziren, ondorioz atxiloketak egon ziren, tartean baita Hernaniko hilerriko atezaina bera ere, honekin batere zer ikusirik izan ez arren, espetxean bi hilabete preso sartu zuten.

Gerora, omenaldi ekintza eta balentria horren atzean Elbira Zipitria donostiar maistra izan zela jakin zen, erbestetik etorri ondoren bere eskuz eta arriskuz omenaldi hura egitea erabaki baitzuen.[1]

Gaur egun

Asko dira oraindik euren familiartekoen arrastorik ez dutenak, eta ikertzeko eskatzen ari direnak: non desagertu eta nora eraman zituzten. Hernanin fusilatutako 200 pertsona haiek ez dira agertu. 2003an, Hernaniko Udalaren eskariz, Aranzadi Zientzia Elkarteak hilerriko hobia zabaldu zuen, baina kripta hutsik aurkitu zuten, beste hainbat lekutan bezala. Ez dago garbi non dauden gorputzak, baina aditu batzuk eta testiguek diotenez, 1960an atera, eta beste norabait eramanak dira, arrastoak ezkutatu asmoz-edo.

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) Gotzon Aranburu: «Fusilamientos en Hernani», Naiz, 2016-10-09.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.