1929ko kraka

1929ko kraka Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) burtsaren historian balore-merkatuak izandako beherakadarik katastrofikoena izan zen; haren ondorioek izan zuten irismen globalak eta iraupen luzeak Depresio Handia deritzon krisialdia ekarri zuten.[1]

Jende pilaketa Wall Streeten (New York) 1929ko krakaren ondoren.

Kraxa ez zen egun bateko gertaera izan, horregatik, New Yorkeko Burtsa (New York Stock Exchange) kolapsatu zenean honako hiru erreferentzia egun hauek erabili ohi dira akzioen gainbehera deskribatzeko: Ostegun Beltza, Astelehen Beltza eta Astearte Beltza. Hasierako beherakada Ostegun Beltzean gertatu zen (1929ko urriaren 24a), baina Astelehen Beltzean eta Astearte Beltzean (1929ko urriaren 28a eta 29a) eman zen narridura katastrofikoak merkatuarekiko izua hedatu zuen, eta Amerikako Estatu Batuentzat aurrekaririk gabeko eta epe luzerako ondorioak ekarri zituen.

Herrialde industrializatu askoren gainbehera ekonomikoa ematen ari zenean, Ameriketako Estatu Batuetan kraxak Depresio Handia eragin zuen, eta aurrerantzean mugarri izango ziren finantza-erreformen eta merkatuen erregulazio berrien ezarketa ekarri zuen.

Merkatu-joera baikorrek[2] eta ikaragarrizko finantza-irabaziek sortutako euforiak Ostegun Beltzean zapuztu ziren, New Yorkeko Burtsan, akzioen balioak beha jo zutenean. Ostegun Beltzean akzioen balioak behera egin bazuten ere, etengabeko beherakada izan zuten hilabete osoan zehar. Hiru eguneko epean, 100.000 langile estatubatuarrek lana galdu zuten[3].

Ostegun Beltzaren aurreko egunetan merkatua oso ezegonkorra zegoen, salmenta eskergak eta negoziazio-bolumen handiak prezioen igoeren eta errekuperazio zantzuekin tartekatzen baitziren.

Kraxaren ondoren, Dow Jones Industria Batezbesteko (DJIA) indizea ez zen 1930 urtera arte errekuperatu, baina errekuperazio hori eta gero, berriz ere egundoko atzerakada etorri zen. 1932ko uztailaren 8an jasan zuen DJIA indizeak 1800 urtetik orduantxe arteko mailarik baxuena. Eta 1929 urtea baino lehenagoko balioak ez zituen 1954 urtera arte berreskuratu[4].

« 1929 urtearen erdialdean akzioak erosi eta mantendu zituen edonork, errekuperazioaren zain urte luzeak igarotzen ikusi behar izan zituen.  »

—Richard M. Salsman.

Historia

1920ko hamarkadan nazioarteko ekonomia onera egiten ari zen Lehen Mundu Gerraren ondorioak gainditzen hasi zirelako, munduko merkatuaren geroz eta globalizatuagoa zegoelako eta industria berriak garatu zirelako.

Ekoizpen hazkor horiek maileguen bidez finantzatuta zeuden. Langileek ere maileguak eskatzen zituzten kontsumitu ahal zezaten. Ekonomiaren hazkuntzari esker burtsako etekinak oso onak ziren eta jendeak maileguak eskatzen zituen burtsan inbertitu ahal izateko.

1928aren amaierarantz, Estatu Batuek Alemaniari egiten zizkioten kredituak urritzen hasi zirenean, beheraldia hasi zen.

Krisia

Dow Jones indizea.

1929ko erdiaren inguruan munduko leku askotan agertzen ziren ekonomiaren atzerapenaren seinaleak. Baina amerikar espekulazioaren marea handiak aurrera jarraitu zuen indartsu.

Krisia, finantza sistemarekiko konfiantza haustu zenean hasi zen, espekulazio gehiegi baitzegoen eta, beraz, akzioen balioa egonkortzen hasi eta lehen beherakadak agertu zirenean, inbertsore txikiek ahalik eta bizkorren saldu behar izan zituzten beren akzioak. Horren ondorioz, akzioen balioa izugarri jaitsi zen.

Urriaren 23an, industriako balioen indizeak 21 puntuko beherakada izan zuen. New Yorkeko Burtsak 1929ko urriaren 24an egin zuen porrot, egun hau Ostegun Beltza bezala ezaguna da. Inbertitutako kapitala itzulitakoa baino handiagoa zenez, ezin izan zituzten maileguak itzuli. Bankuak kiebra jotzen hasi ziren. Gainera, krisia azkar igaro zen finantzen mundutik industriara. 1929an, munduko industri herri nagusietan, produkzioa %50ean gutxitu zen.

Kraxa gertatu zen unetik 1932 arte, munduko ekoizpena ia-ia %40an jaitsi zen eta nazioarteko merkataritzak, aldiz, heren bat egin zuen behera. Lanaren Nazioarteko Bulegoak kalkulatu zuenez, 1933an 30 milioi lagun inguru zeuden lan barik.

Kronologia

Bost urteko serie harrigarri baten, Dow Jones Industria Batezbestekoak bere balioa bost aldiz handitu zuen, non prezioak 381,17ko mailara iritsi ziren 1929ko irailaren 3an. Ordutik aurrera, merkatua goitik behera erori zen hilabetez, eta hasierako beherakadan balioaren %17a galdu zuen. Hurrengo astean zehar prezioek gora egin zuten, galeren erdia baino gehiago berreskuratuz, baina handik gutxira prezioak berriro erori ziren. Bigarren beherakadan gainbehera areagotu egin zen Ostegun Beltza legez izendatua izan zen egunean, 1929ko urriaren 24an. Egun horretan 12,9 milioi akzioko kopuru errekorra negoziatu zen.

Urriaren 15etik aurrera salmenta aginduen gorakadak balioak jaitsi arazi zituen; hala ere, Ostegun Beltza gisa izendatua den urriaren 24an 13 milioi titulu prezio baxuetan salmentan jarri baziren ere, ez zuten eroslerik aurkitu, burtsaren hondoratzea sortuz. Hurrengo egunean, urriaren 25eko arratsaldean, Wall Street-eko bankari handi batzuk burtsako negoziazioetan sortutako izu eta anabasari irtenbide bat aurkitu nahian elkartu ziren. Thomas W. Lamont, JP Morgan Chase-ko ordezkariak, Albert Wiggin, Chase National Bank-eko ordezkariak, eta Charles E. Mitchell, National City Bank-eko ordezkariak parte-hartu zuten bileran. Horiek, Richard Whitney, New Yorkeko Burtsako lehendakariordea  izendatu zuten euren bozeramaile gisa. Bankari horien finantza-baliabideak sostengu gisa hartuta, Whitneyk U.S Steel-en akzio kopuru handi bat erosteko eskaintza egin zuen, akzio horiek momentu horretan merkatuan zuten prezioa baino balio askoz handiagoan. Ondoren, Whitneyk beste enpresa handi batetako akzio kopuru berdintsua erosi zuen, burtsako agenteen artean harridura sortuz. Taktika hori 1907ko Izuarekin amaitzeko erabili zenaren antzekoa izan zen, eta egun batez era arrakastatsuan jaitsiera geldiaraztea lortu zuen. Baina kasu honetan arrakastak egun bat bakarrik iraun zuen, eta prezioek behera egin zuten berriro ere.

Asteburu horretan zehar, Ameriketako Estatu Batuetako egunkari guztiek burtsako gertaeren berri eman zuten. Urriaren 28an inbertitzaileek merkatutik irteteko erabakia hartu zuten eta Dow Jones indizeak galerak izan zituen, %13ko errekorrera helduz. Hurrengo egunean, Astearte Beltzean (1919ko urriaren 29an), 16.4 miloi akzio negoziatu ziren, zazpi egun lehenago ezarritako errekorra apurtuz, 1969 urtera arte gaindituko ez zena. Urriaren 29an, Ameriketako Estatu Batuetako presidente zen Herbert Hooverrek Hawley-Smoot Tarifa Legeari betorik jarriko ez zionaren zurrumurruek akzioen prezioen erorketan eragin zuzena izan zuela idatzi zuen Richard M. Salsman-ek[5]. Merkatuaren konfiantza berreskuratzeko helburuaz, William C. Durant Rockefeller familiako beste kide batzuekin bildu zen merkatuko akzio kopuru handi bat erosteko, baina esfortzu horrek ez zuen nahi zen emaitzarik eman, eta ez zuen lortu akzioen balioen jaitsiera eragoztea. Egun hartan, Dow Jones-ak %12a galdu zuen, 14.000 miloi dolarreko galera, hain zuzen ere. Zifra horri aste hartan galdutako beste 30.000 miloi dolar gehitu behar zaizkio; Gobernu Federalaren aurrekontua baino hamar aldiz handiagoko galerak, edo Ameriketako Estatu Batuek Lehen Mundu Gerran gastatutako diru kopurua baino askoz gehiagokoak ere.

1930eko udaberrian, Morgan Banketxeak metatuta zeuzkan akzioak saltzea erabaki zuen, eta burtsak berriz behera egin zuen. Kotizazioek beheranzko norantzan jarraitu zuten. 1931ko apiriletik 1932 arte Dow Jonesak etengabeko beheranzko joerarekin jarraitu zuen. 1932ko uztailaren 8an Dow Jonesak 41.22 puntutan itxi zuen, kraxa hasi zenetik %89ko higadura handiena pairatuz. XIX. mendetik balore-merkatuan inoiz izandako punturik baxuena izan zen[6].

Aurrekariak

Lehen Mundu Gerra eta gero, Ameriketako Estatu Batuak bai lehengai zein industriatik eratorritako produktu eta elikagai gehien ekoizten eta esportatzen zuen herrialdea bazen ere, Europako nazio nagusiek AEBekin zuten zorrarengatik erosteari utzi zioten, eta, beraz, ekoizpen-soberakina non saldu ez zekitela geratu ziren.

Hainbat adituren aburuz, desdoitze hori ez zen superprodukzioaren ondorioz gertatu, kontsumoaren beherakadaren ondorioz baizik. Hau da, arazoaren ardatza ez zen eskaintza handiegia zegoela, baizik eta eskaria zeharo murriztu zela.

Zorpetzea

  • Barne-zorra: AEBetako inbertitzaileek euren bizitzako aurrezki guztiak inbertitu zituzten; izan ere, diru gutxirekin dirutza egin zezaketen. Akzioak kreditu bidez erosten hasi ziren, baina dirua itzultzeko berme edo baliabiderik gabe. Era berean, mailegu-agenteek euren bankuetara eramaten zituzten dirua itzultzeko bermerik gabeko mailegu eskaerak; eta bankuek Erreserba Federalera jotzen zuten. Baina eskaerarik ez zegoenez, inbertitzaileak maileguak ordaintzeko dirurik gabe geratu ziren, eta bankuek diruz gaizki zebilen Erreserba Federalari ezin zioten ordaindu. Beraz, bankuak herriarekin zorpetu ziren, eta bankuekin zorpetuta zeuden inbertitzaileak euren akzioak saltzera behartu zituzten. Horrek, burtsaren beherakada katastrofikoa ekarri zuen, eta inflazioa zela eta urrezko erreserben zati handi bat galdu zen.
  • Kanpo-zorra: Eskaintza handiegiak eta eskari urriek zorpetzea eta deflazioa eragin zuten, eta horren ondorioz, herrialde batzuek euren zorpetzea estaltzeko neurri gogorrak hartu zituzten. Lehen Mundu Gerra eta gero Europako herrialde batzuek AEBei eskatu zieten dirua euren herrialdeak hondamendia eta gero berreraikitzeko asmoarekin. Garai hartan, Frantziako zor publikoa 6.5 aldiz biderkatu zen, Britania Handikoa 11 aldiz, eta Alemaniakoa, berriz, 27 aldiz.

Inflazioa

  • ondorioak: Gehiegizko eskaintzak, gainprodukzioarekin batera, dolarrarekin alderatuz, Europako moneten debaluazioa eragin zuen. Gainera, gehiegizko ekoizpenak eta eskarien urritasunak maileguen inflazioa are gehiago haztea ekarri zuen. Zorrak hazi egin ziren, eta gai ezberdinen balioak jaitsi egin ziren merkatuan, produktu salmentarik eza eraginez.

Eragina Europan

Alde batetik langabetuen kopurua izugarri igo zen Estatu Batuetan. Bestetik goseak eta miseriak gogor astindu zuen gizartea, bere barnean oso tentsio larriak sortaraziz. Europan eragina atzeratuagoa izan zen oro har, baina kraxaren ondorengoa izan zen Depresio Handia, fenomeno estatubatuarra izatetik laster bilakatu zen munduko krisi global bat.

Gainera, zenbait estatutan, hiritarrek demokraziari bizkarra eman eta irtenbide autoritarioak bultzatzen zituzten, haien ustez demokrazia krisiaren arrazoi nagusia zelako. Autoritarismoaren gorakadaren adibide: Italiako faxismoa eta Alemaniako nazionalsozialismoa. Beste herrialdeko gobernuak ekonomia zuzentzen saiatu ziren, herriaren miseria eta erradikalizazioa gerarazteko asmoz. Mota horretako planik ezagunena Estatu Batuetako New Deal izena zeraman plana da.

Euskal Herrirainoko eragina

Frantzian eszeptizisimoz hartu zenu hasiera batean Estatu Batuak astindu zituen dituen burtsa-krisia. Bazirudien ezerk ez zuela Frantziako hedapen ekonomikoa geldiaraziko harik gertakari erabakigarri bateraino: Erresuma Batuko libraren debaluazioa 1931an, zeinak bai izan zuen eragina, eta Depresio Handiaren hastapena izan zen Frantzian.

Espainian Wall Streeteko deskalabruaren kutsatzea urria izan zen hasieran, Europako beste toki batzuekin alderatuta[7]. Baina egon zen eraginik, eta lehen ondorioa pezetaren balio-galera izan zen. 1928an 5,85 dolar trukatzetik 1929ko abenduan 7 dolar trukatzera igaro zen. Hala ere, ekonomia, oso garapen txikikoa izanda, pixkanaka hasi zen estttzen. Esportazioen beherakadak eta inportazio garestiek defizita handitzea eragin zuten, eta horrek Estatuko diru-kutxak ito zituen. 1930. urteko 30 milioiko superabitetik, kontu publikoek garaiko 595 milioiko zorra metatu zuten 1935ean. 30eko hamarkadako lehen urteetan, jada, langabeziak gora egin zuen sektore guztietan, baina zigortuenak nekazaritza eta eraikuntza izan ziren[8].

Emaitzak

  • Ekonomiaren susperraldia 1938an hasi zen, eta batez ere 1940an eman zen, Bigarren Mundu Gerraren berrarmatzeagatik. Roosevelt Presidenteak asmatutako New Deal-ari esker, AEBak mundu-ekonomiaren potentzia sendo bezala onbideratzeko gai izan ziren. Enplegu betea berriro lortu ez bazen ere, ordena ekonomikoa berrezartzea lortu zen eskala-ekonomien eta Estatuaren esku-hartze zuzenaren ondorioz.
  • Potentzia faxistek (Italia eta Alemania) erabiltzen zituzten Sistema Autarkikoak ezarri zituzten. Politika honen helburua da autosufizientzia ekonomikoa eta industria militarraren bidez lurralde-hedapena lortzeko.

Erreferentziak

  1. 1929ko balioen merkatu kraka. Encyclopedia Britannica.. (Noiz kontsultatua: 2020-02-25).
  2. Merkatuko burbuilaren alde dirdiratsua. .
  3. Hakim, Joy (1995). A History of Us: War, Peace and all that Jazz. Nueva York: Oxford University Press. ISBN 0-19-509514-6.
  4. DJIA 1929tik gaur egun arte.. .
  5. Salsman, Richard M. "The Cause and Consequences of the Great Depression, Part 1: What Made the Roaring '20s Roar" in The Intellectual Activist, ISSN 0730-2355, June, 2004, p. 16.
  6. DJIA datu historikoak. .
  7. (Gaztelaniaz) lainformacion.com. (2020-08-09). «La Gran Depresión española de los 30: el error Berenguer y la Segunda República» La Información (Noiz kontsultatua: 2022-03-07).
  8. (Gaztelaniaz) «La crisis del 29 de España» abc 2011-11-12 (Noiz kontsultatua: 2022-03-07).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.