1917-1923ko iraultzak

1917 eta 1923 urteen artean giro iraultzailea hedatu zen mundu osoan zehar, Errusiako Iraultzaren jarraipen gisa, edo modu independentean, sozialismo eta komunismoaren ideiekin lotuta. Lehen Mundu Gerrak sortutako ezinegonak bultzada handia eman zion egoera horri. Gerra amaitzeko, militante komunista askok herrialde bakoitzeko proletarioek euren burgesia propioaren aurkako barne iraultza egin behar zutela defendatzen zuten[1][2].

1917-1923ko iraultzak
1917ko martxoak 8  1923ko ekainak 16
Iraultzetan parte hartutako europar herrialdeak
Geografia
Historia
Aurrekoak
Lehen Mundu Gerra
Errusiako Iraultza (Errusiatik kanpo)
Ondorengoak
Errusiako Iraultza
Otsaileko Iraultza
Urriko Iraultza
Errusiako Gerra Zibila
Azaroko Iraultza
Hungariar Soviet Errepublika
1921eko Mongoliar Iraultza
Azaroko Iraultza, Alemanian.

Errusiako Iraultza

Sakontzeko, irakurri: «Errusiako Iraultza»
Langileak Putilov fabrikan, Petrogrado.

Errusiako Iraultza (errusieraz: Русская революция, translit.: Rússkaya revolyútsiya) 1917ko otsailean Nikolas II.a tsarraren erregimena uzkaili zutenetik urte bereko urrian boltxebikeek Errusiako Sobietar Errepublika Sozialista Federatiboa osatu arteko tarteari ematen zaion izena da. Iraultza bi epe nagusitan gertatu zen: lehenengoan —Otsaileko Iraultza esaten zaio—, Antzinako Erregimena behin-behineko Gobernu batek ordezkatu zuen; bigarrengoan, Urriko Iraultza, behin-behineko Gobernua erditik kendu eta Sovnarkom izeneko gobernu komunista horren ordez jarri zuten.[3][4]

Otsaileko Iraultza batez ere Petrograden (gaur egungo San Petersburgo) zentratu zen. Kaosaren erdian Duma parlamentu inperialeko kideek herrialdearen kontrola euren gain hartu zuten eta Errusiako behin-behineko Gobernua eratu. Armadaren zuzendaritzak ikusi zuen ez zuela iraultza amaitzeko modurik eta Nikolas II.ak abdikatu zuen. Langileak sobietetan antolatu ziren, eta horiek alderdi sozialista erradikalen esku geratu ziren. Hasiera batean, behin-behineko Gobernuari euren papera betetzeko aukera eman zioten, baina Gobernuaren erabakiak eta miliziak kontrolpean izateko neurriak hartu zituzten. Otsaileko iraultza Lehen Mundu Gerran[5] jazotako porrot militarren ondorioz ere izan zen: Errusiako armada matxinatze egoeran utzi zuten.[6][7]

Hortik aurrera, botere bikoitzeko epe bat egon zen Errusian: behin-behineko Gobernuak Estatuaren boterea bere gain zuen, eta Petrogradoko Sobietean zentratutako sobieten sare nazionalak proletargoaren eta ezker politikoaren leialtasuna zuen. Botere bikoitzeko garai horretan mutinak ohikoak izan ziren, manifestaldiak eguneroko ogi ziren eta grebak noiznahi egiten ziren. Behin-behineko Gobernuak Alemaniaren aurkako gerran segitzea erabaki zuenean, boltxebikeek eta beste fakzio sozialista batzuek gatazka konpontzeko kanpaina abiarazi zuten. Boltxebikeek langileen miliziak euren kontrolpean jarri zituzten eta Goardia Gorria eratu zuten, ondoren Armada Gorria izango zenaren ernamuina. Sobietek Goardia horren kontrola zuen.

Urriko Iraultzarekin (azaroan, gregoriotar egutegiaren arabera) Vladimir Leninek zuzendutako boltxebikeek eta Petrogradoko langile eta militarrek behin-behineko gobernua boteretik kendu eta Sovnarkom gobernua osatu zuten. Boltxebikeek euren burua izendatu zuten hainbat ministerioren lider eta nekazaritza guneen kontrola hartu eta txeka sortu zuten. Errusiak Lehen Mundu Gerran zuen parte-hartzea bertan behera utzi zuten eta Alemaniarekin 1918an Brest-Litovsk ituna izenpetu.

Urriko Iraultzaren ostean, Errusiako Gerra Zibila[8] piztu zen, fakzio gorriaren (boltxebikieak) eta zuriaren (antiboltxebikeak, potentzia handien babesarekin) artean. Hainbat urte iraun zuen gerra horren ostean, boltxebikeak garaile izan ziren. Horren ondorioz, 1922an Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna[9] sortu zen. Gertakari horietako gehienak Mosku eta Petrogradon gertatu baziren ere, herrialde osoan zehar izan zen mugimendua, batez ere Errusiar Inperioko[10] gutxiengo nazionalen eskutik zein nekazaritza guneetan, bertan nekazariek lurra eureganatu eta berbanatu baitzuten.

Iraultzak mundu osoan zehar

Iraultzaren gune batzuk.

Egoera Errusian

Errusian, tsarra bota zuen Otsaileko Iraultzaren ostean egondako zurrunbiloak Urriko Iraultza ekarri zuen, boltxebikeak boterera eraman zituena. Alderdi Komunistak Errusia gerratik atera eta Brest-Litovskeko Ituna sinatu zuen, baita lurralde kontzesioak egin ere. Ondoren, Errusiako Gerra Zibila piztu zen; hor, lehen aliatuak zituzten indarrek ere parte hartu zuten eta Errusia inbaditu. Leninen, Alderdi Boltxebikearen eta sortzen ari zen Sobietar Batasunaren aurka, ideologia ezberdinetako antikomunista ugarik altxamendua egin zuten, tartean Mugimendu Zuria eta nekazariz osatutako Armada Berdea. Ukrainako mugimendu nazionalistek eta etorkizunean sortu ziren hainbat estatuk ere parte hartu zuten gerran, Transkaukasiako Sobieta edo Asia Erdialdeko Sobieta kasu. Anarkismoak inspiratutako Errusiako Hirugarren Iraultza edo Tambov Matxinada ere piztu ziren garai berean[11]. 1921ean, nekearen, ekonomiaren kolapsoaren eta gosetearen ondorioz, Armada Gorrian ere matxinadak izan ziren, estatu komunistaren aurka, adibidez Kronstadteko matxinada. Leninek proposaturiko "sozialismoa mundu osoan" ideiatik "sozialismoa herrialde bakarrean" ideiara mugitu ziren, denbora tarte horretan[12]. 1922an SESB ofizialki jaio zen, matxinada guztiak garaituta.

Asia

Errusiako Iraultza jarraituz, Txinako Alderdi Komunista sortu zen 1921ean, bi urte lehenago eratutako Maiatzaren Lauko Mugimenduan oinarritua. Komunismoa mundu osoan ezartzeko saiakeran sinisten zuten[13], laster batu zen Chiang Kai-shekekin Iparraldeko Espedizioan, Gerraren Jaunen Aroarekin amaitzeko[14]. 1920 eta 1921 artean Pertsiako Sobietar Errepublika Sozialista sortu zen Gilanen, gaur egungo Iranen. Urte berean, Georgian, estatu kolpe saiakera antolatu zuten boltxebikeek[15]. 1921ean, Armada Gorriaren laguntzarekin, Mongoliako Iraultza izaan zen eta Mongoliako Herri Errepublika sortu.

Europa

Europan, bitartean, Azaroko Iraultza gertatu zen Alemanian, Bavariako Sobietar Errepublika barne[16]. Alemaniako iraultzak porrot egin zuen epe laburrean. Hungarian ere Iraultza hasi zen, Urrelilien Iraultzarekin hasita, Hungariako Sobietar Errepublika sortzera eraman zuena. Txekoslovakiak, Serbiak, Errumaniak eta Frantziak parte hartu zuten Hungariar Iraultza garaitzeko. Trianongo itunarekin amaitu zen sobietar errepublika hori, Errumaniaren okupazioarekin. Italian, Biennio Rosso deituriko garaia hasi zen, faxismoak garaitu zuen mugimendu iraultzailea[17]. Istrian Albonako Errepublika antifaxista sortu zuten bertako meatzari grebalariek[18]. Ukrainan Lurralde Askea edo Makhnovia izeneko lurralde anarkista hiru urtez egon zen funtzionamenduan[19]. 1918ko azaroan bertan, Aste Gorria hasi zen Herbehereetan, iraultza sozialista egiteko saiakera laburra[20]. Formalki, Lehen Mundu Gerraren barruan har badaiteke ere, Finlandiako Gerra Zibila gorrien eta Alemaniak lagundutako armada zuriaren artean izan zen 1918an. Zuriek gerra irabazi zuten. Belgikan, gerraren amaiera aldera, alemaniar soldaduek Bruselako Soldaduen Kontseilua sortu zuten, Belgikan errepublika sozialista bat ezartzen saiatzeko[21]. Irlandan, Limerickeko sobieta sortu zen 1919ko apirilaren erdialdean[22].

Amerika

Patagoniako langile grebalariak.
Greba deialdia Seattlen.

Amerikan giro iraultzailea ere bazegoen. Patagonian bi urte iraun zituen Patagonia Rebelde izeneko mugimendua gertatu zen, greba batekin hasi zena[23]. Buenos Airesen, 1919an, Aste Tragikoa izan zen, langile mugimenduaren aurkako errepresio bortitza[24]. Ameriketako Estatu Batuetan langile mugimenduak hainbat greba antolatu zituen, eta anarkistek bonba kanpaina bat hasi[25]. Iraultza sozialista bat gertatuko zen beldurrez, Beldur Gorria izeneko garaia hasi zen AEBetan, "amerikar bizitza eredua" kolokan jarri zenaren beldur sortutako erasoaldi mediatiko eta judiziala[26].

Erreferentziak

  1. Patnaik, Prabhat. (2014). «Lenin, Imperialism, and the First World War» Social Scientist 42 (7/8): 29–46. ISSN 0970-0293. (Noiz kontsultatua: 2019-06-03).
  2. «Rosa Luxemburg: The Junius Pamphlet (Chap.1)» www.marxists.org (Noiz kontsultatua: 2019-06-03).
  3. (Ingelesez) inforefuge. (2007-10-16). «Reformation by the Tsar Liberator» InfoRefuge (Noiz kontsultatua: 2019-12-07).
  4. «C) Alexander III (1881 - 1894) - IB history - Russia» sites.google.com (Noiz kontsultatua: 2019-12-07).
  5. (Ingelesez) Urlanis, B.. (2003-11-01). Wars and Population. University Press of the Pacific ISBN 978-1-4102-0945-0. (Noiz kontsultatua: 2019-12-07).
  6. (Ingelesez) Rogaev, Evgeny I.; Grigorenko, Anastasia P.; Faskhutdinova, Gulnaz; Kittler, Ellen L. W.; Moliaka, Yuri K.. (2009-11-06). «Genotype Analysis Identifies the Cause of the “Royal Disease”» Science 326 (5954): 817–817.  doi:10.1126/science.1180660. ISSN 0036-8075. PMID 19815722. (Noiz kontsultatua: 2019-12-07).
  7. «Memories of the Russian Court - an online book on Romanov Russia - Chapter VI» www.alexanderpalace.org (Noiz kontsultatua: 2019-12-07).
  8. (Ingelesez) «Russian Civil War | Causes, Outcome, and Effects» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2019-12-07).
  9. (Ingelesez) Editors, History com. «Soviet Union» HISTORY (Noiz kontsultatua: 2019-12-07).
  10. (Ingelesez) «Russian Empire | History, Facts, & Map» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2019-12-07).
  11. 1928-, Ascher, Abraham,. The Russian Revolution : a beginner's guide. ISBN 9781780743882. PMC 884910733. (Noiz kontsultatua: 2018-11-22).
  12. (Ingelesez) «Socialism in One Country versus Permanent Revolution» Seventeen Moments in Soviet History 2015-08-27 (Noiz kontsultatua: 2018-11-22).
  13. J., Van de Ven, Hans. (1991). From friend to comrade : the founding of the Chinese Communist Party, 1920-1927. University of California Press ISBN 9780520910874. PMC 47007964. (Noiz kontsultatua: 2018-11-22).
  14. 1945-, Feigon, Lee,. (2002). Mao : a reinterpretation. Ivan R. Dee ISBN 156663458X. PMC 49872290. (Noiz kontsultatua: 2018-11-22).
  15. Kazemzadeh, Firuz.. (1951). The struggle for Transcaucasia, 1917-1921. Philosophical Library ; George Ronald (Noiz kontsultatua: 2018-11-22).
  16. 1933-, Mitchell, Allan,. (1965). Revolution in Bavaria, 1918-1919 the Eisner regime and the Soviet Republic.. Princeton University Press ISBN 9781400878802. PMC 652069077. (Noiz kontsultatua: 2018-11-22).
  17. The international encyclopedia of revolution and protest : 1500 to the present. Wiley-Blackwell 2009 ISBN 9781405184649. PMC 226361751. (Noiz kontsultatua: 2018-11-22).
  18. «Turistička atrakcija u Istri: I Hrvatska će imati podzemni grad i to u Labinu – Nacional.hr» arhiva.nacional.hr (Noiz kontsultatua: 2018-11-22).
  19. Makhnovists & The Russian Revolution. 2008-01-18 (Noiz kontsultatua: 2018-11-22).
  20. «XI. Continental Europe» Political Science Quarterly 34 (3): 113–144. 1919  doi:10.2307/2141679. (Noiz kontsultatua: 2018-11-22).
  21. Kirk, Tim; McElligott, Anthony. (1999-03-04). Opposing Fascism: Community, Authority and Resistance in Europe. Cambridge University Press ISBN 9781139435055. (Noiz kontsultatua: 2018-11-22).
  22. (Ingelesez) «1919 Limerick Soviet» Whistling In The Wind 2012-10-06 (Noiz kontsultatua: 2018-11-22).
  23. (Gaztelaniaz) «Gobierno de Hipólito Yrigoyen Conflictos y Causas de su Caída» www.portalplanetasedna.com.ar (Noiz kontsultatua: 2018-11-22).
  24. «Página/12 :: Contratapa :: Los héroes y la carroña» www.pagina12.com.ar (Noiz kontsultatua: 2018-11-22).
  25. Cole, David. (2002). «Enemy Aliens» Stanford Law Review 54 (5): 953–1004.  doi:10.2307/1229690. (Noiz kontsultatua: 2018-11-22).
  26. Burton., Levin, Murray. ([1971]). Political hysteria in America; the democratic capacity for repression. Basic Books ISBN 0465058981. PMC 257349. (Noiz kontsultatua: 2018-11-22).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.