1868ko Iraultza

1868ko Iraultza, Espainiako historiografian Iraultza Loriatsua (gaztelaniaz: La Gloriosa) deitua, urte hartan Espainian izandako altxamendu militarra izan zen, Elisabet II.a Espainiakoa tronutik kendu zuena. Iraultzaren buruzagiek italiar printze bat, Amadeo I.a Saboiakoa, errege izendatu zuten. Erregealdiak bi urte baino ez zituen iraun eta Espainiako Lehen Errepublikak ordezkatu zuen. Errepublikak ere beste bi urte baino ez zuen iraun eta 1875ean buruzagiek Elisabeten semea, Alfontso XII.a errege izendatu eta Borboiak berrezarri zituzten.

1869ko Behin behineko Gobernua.

Aurrekariak

1866an Joan Prim jeneralak burututako matxinada eta San Gil barrakoietako sarjentuen matxinada espainiar liberal eta errepublikanoen atsekabe eta indarraren ikurrak izan ziren.[1] Erbestean zeuden liberal eta errepublikanoek itunak sinatu zituzten Ostenden (1866) eta Bruselan (1867). Itunak iraultzaileak ziren oso: ez zuten presidente liberal bat bakarrik bilatzen baizik eta Elisabet erregina tronutik kentzea. Izan ere, liberal eta errepublikano hauen ustetan erregina herrialdeko arazoen eragile nagusia izan zen.[2]

Erreginaren liberal eta kontserbadoreen arteko ezbai iraunkorrak 1868an moderatuak, progresistak eta Unión Liberaleko kideak sumindu zituen. Alderdien artean bere gobernuaren kontrako oposizioa areagotu zen. Gainera, 1867an Leopoldo O'Donnell hil zen eta bere Unión Liberal alderdiaren kideak banatu eta alderdi berriak sortu zituzten, batzuk Elisabeten aurkako mugimenduarekin bat egin zutenak.

Iraultza

1868ko irailean Juan Bautista Topete almirantearen esanetara zen Itsas Armada Cádizen matxinatu zen. Hau, berrogeita hamar urte aurrerago, Rafael del Riegoko Elisabeteren aitaren aurka hartu zuen erabaki bera izan zen.

Prim eta Serrano jeneralek gobernuaren aurka egin zutenean, Armada gehienak matxinoen alde egin zuen.[3] Erreginak indar agerraldi labur bat egin zuen eta Alcoleako guduan Manuel Pavíaren esanetara zeuden jeneral moderatuak Serranok garaituak izan ziren.

1868an Donostian zegoen Elisabet erreginak Hendaiara ihes egin zuen eta ez zen inoiz Espainiara berriro itzuli. Erbestean, Parisko Castilla jauregian bizi zen 1904an hil zen arte.

Juan Prim jenerala, 1868ko Iraultzaren arkitektoa

Baina erregina tronutik kendu zuen mugimendu iraultzaileak ez zuen helburu bateratu bat; liberal, moderatu eta errepublikanoen koalizioak gobernu berri bat ezarri behar zuen eta Elisabetena baino eraginkorragoa. Gobernua Francisco Serranoren eskuetan utzi zuten, Baldomero Esparteroren diktaduraren aurkako arkitektoa zelako. Gorte Nagusiek hasieran errepublika bat aldarrikatzea arbuiatu eta Serrano erregeorde izendatu zuten. 1869an konstituzio liberal bat promulgatu zuten, herrialdean ideologia horretako lehena 1812tik aurrera.

Gorteak orduan errege egoki baten bila hasi ziren. Errepublikanoek konstituzioaren zina egingo zuen monarka bat baino ez zuela onartuko esan zuten. 1869an Prim, elisabetar gobernuen aurkako betiereko matxinoa, erregeorde izendatu zuten. Espartero adindua ere kinieletan zegoen, izan ere, progresisten artean oraindik ikur bat izaten zen; baina errege izateari uko egin arren, azken hauteskundean zortzi boto ere izan zituen. Legebiltzarkide askok Alfontso, Elisabeten semea, proposatu zuten baina gehiengoak amaren itzalean izango zela eta bere portaerak jarauntsiko zituela uste zuten. Fernando Saxonia-Coburgekoa, Portugalgo erregeorde izandakoa, aipatu eta aipatu zuten. Batzuen ustetan, Leopoldo Hohenzollern-Sigmaringengoa hautagaia ere izan zitekeen baina honek Prusia eta Frantzia arteko gerra bat hasiko zuen.

Karlisten karikatura (1869)

1870eko abuztuan, Amadeo I.a Saboiakoa italiar printzea hautatu zuten. Viktor Emanuel II.a Italiakoaren semerik gazteena, Amadeok frantziar edo alemaniar hautagai batek baino arazo politiko gutxiago sortzen zituen. Urte hartako azaroaren 3an Amadeo I.a Espainiakoa izendatu zuten.

Azaroaren 27an Cartagenan lehorreratu zen, Joan Prim Gorteak uztean erail zuten egun berean. Amadeok jeneralaren hilotzaren aurrean konstituzioa berretsiko zuela zin egin zuen. Bi urte baino ez zuen iraun tronuan, alderdi politikoek Espainiako Lehen Errepublika aldarrikatu arte. Errepublikak ere bi urte baino ez zituen iraun. Alderdi politikoek Elisabet berrezarri nahi ez zutenez, 1875ean bere semea izendatu zuten errege: Alfontso XII.a.

Ikus, gainera

Erreferentziak

  1. De la Fuente, Gregorio. (2002). Rafael García Serrano ed. España, 1868-1874. Nuevos enfoques sobre el Sexenio Democrático. Valladolid: Junta de Castilla y León ISBN 84-9718-089-5..
  2. Fuentes, Juan Francisco. (2007). El fin del Antiguo Régimen (1808-1868). Política y sociedad. Madril: Síntesis ISBN 978-84-975651-5-8..
  3. Fontana, Josep. (2007). La época del liberalismo. in: Historia de España. 6 Bartzelona: Crítica/Marcial Pons ISBN 978-84-8432-876-6..

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.