Zipaioen matxinada
Zipaioen matxinada edo 1857ko Indiako matxinada Indian 1857-1858an britainiarren politika kolonialaren aurka gertaturiko matxinada izan zen. Britainiarrek mendebaleko ideiak Indiako gizartean sartu izanak -misiolariak, hezkuntza...- eta zenbait neurri politiko eta ekonomiko hartu izanak -lur-jabe handien lurrak beretzea, zenbait erresuma mendean hartzea-, hinduen eta musulmanen goi-klaseen aiherkundea piztu zuten. Giro horretan, zipaioek erabili beharreko fusil berri bateko kartutxoak behi eta zerri gantzaz igurtziak zirelako berria zabaldurik, zipaioek uko egin zioten halako armak erabiltzeari, hinduen eta musulmanen erlijioek debekatua baitzen.
Zipaioen matxinada | |||
---|---|---|---|
Soldadu zipaio batzuen exekuzioa 1857an. | |||
Data | 1857ko maiatzaren 10a - 1858ko ekainaren 20a | ||
Lekua | India | ||
Emaitza | Britainiarren garaipena | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
Bestalde, printze bat hiltzen bazen ondorengorik utzi gabe, britainiarren politika zen estatu hori bereganatzea, oinordeko bat aukeratzen utzi gabe; hori ere tradizio hinduaren aurkakoa zenez, matxinadaren pizgarria ere suertatu zen. Politika horrek gaitzondoa eragin zuen bai herritarren, bai aristokraten artean; herritarrek ez zuten onartzen bertako lege tradizionalak urratzea, eta aristokraziak lurrak galtzen zituen.
Zenbait istiluren ondoren, 1857ko maiatzaren 10ean Meeruteko errejimentuko zipaioek ofizial europarrak hil zituzten. Ondoren iraultza Indiako erdialde guztira hedatu zen, eta matxinatuak Delhiz eta Allahabadez jabetu ziren. Azkenik, 1858ko martxoan, britainiar gobernuaren osteek -sikh eta gurkha gudariak barne- zipaioen matxinada zapaldu zuten borroka oso gogorrak izan eta gero.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
- (Ingelesez) W. Brook Northey; John Morris. (2001). The Gurkhas: Their Manners, Customs, and Country. Asian Educational Services, 58 or. ISBN 81-206-1577-8..