1848ko iraultzak

1848ko iraultzak, Herrien Udaberria edo Iraultzen Udaberria ere deitua, iraultza multzoa izan zen, 1848an Europan gertatua.

1848an Europan izan ziren iraultza nagusiak

Aro Garaikidea 1789ko Frantziako Iraultzarekin hasi zela esan daiteke, iraultza hark ekarri zituen aldaketa politiko eta sozialen ondorioz. 1848ko iraultzek, berriz, nabarmen utzi zituzten 1789ko aldaketa sakonek Europako politikan eta gizartean sortutako kontraesanak. Lehenengo iraultzaren ondoren politika-sistema liberala zehaztu zen, eta aldaketa sozial bat gertatu zen, gizataldeak jabegoaren arabera gizartean zuten mailak bereizten zituena. 1848koa, beraz, iraultza molde berri baten sorrera izan zen, gizarte-iraultzaren sorrera alegia; urte hartan egin zen lehenengo ahalegina legearen aurreko berdintasunaren eta aberastasunaren aurreko desberdintasunaren gizartea aldatzeko.

Aro Garaikideko kontraesan horiek 1848an nabarmendu ziren lehenengoz. Frantzian 1848ko iraultzaren bidez gelditu ziren agerian, iraultza hark lanaren munduari buruzko diskurtsu bat erabili baitzuen; eta Britainia Handian, berriz, lanaren munduko mugimendu handi batekin zabaldu zituen, kartismoarekin hain zuzen ere. Horrela hedatu ziren Europan zehar, pixkanaka, sozialismo genero izena hartuko zuten mugimenduen ideologiak.

Baina XIX. mendearen lehen erdialdean, beste arazo bat ere sortu zen Europan: nazioen eta estatuen arteko harremanak. Vienako kongresuak herrialde ahaltsuek eskatzen zuten aginpideen oreka eta segurtasuna erabili zituen nazioaren eta estatuaren arteko tirabirak estaltzeko. 1848-1849 urteetan, ordea, nazioak eta herriak ahaleginak egiten hasi ziren estatuekiko zuten mendekotasun harremana aldatzeko, Italian eta Europa erdialdean eta ekialdean batez ere. Beraz, Metternichen sistemaren kontrako altxamendu bat ere izan zen.

1848ko iraultzen arrazoiak

1840ko hamarkadaren erdialdean krisi ekonomiko gogorra izan zen Europan. Krisi hura 1845-1846 arteko patataren krisiarekin hasi zen: patataren uzta txarrak gosea eta pobrezia zabaldu zituen[1]. Horrezaz gainera, 1847 inguruan lehorte handiak izan ziren.

Beste alde batetik, industrializazioa hasia zen Europa osoan eta, horrekin batera, klase gizartearen eraketa. Burgesia eta langileen arteko ezberdintasunak gero eta handiagoak ziren, bai ekonomian, bai eskubide politikoetan, eta horrek proletarioek estatu burgesaren kontra egindako lehen protestak sorrarazi zituen. Horrela agertu ziren lehen mugimendu sozialistak, langileen eskubideen aldekoak; aurreko iraultzetan ez bezala, 1848koetan rol garrantzitsua jokatu zuten.

Politikari dagokionez, Europako ia estatu guztietan absolutismoa erregimen nagusia zen eta horrek burgesiaren eta hiriko langileen desadostasuna sortzen zuen. Hala eta guztiz ere, gobernu liberalagoak zituzten herrietan, goi burgesiaren nahiak bakarrik babesten ziren, eta horrek erradikalagoa zen liberalismo demokratikoaren agerpena ekarri zuen.

Azkenik, kontuan hartu behar da Metternichek antolatutako lurraldearen banaketarako sistemak ez zituela nazio askoren nahiak asetzen; arrazoi hori zela kausa, altxamenduak gertatu ziren. Nazionalismo horiek mota askotakoak izan ziren; adibidez, germaniar estatuek estatu bakarrean bilduta egoteko nahia zeukaten, baina Austriar Inperioaren menpeko nazio askok, ordea, independentzia lortu nahi zuten[2].

Iraultzak Europan zehar

Frantzian

Barrikada Soufflot kalean, Parisko Panteoitik hurbil, 1848ko ekainaren 24an. Horace Verneten margolana
Sakontzeko, irakurri: «:1848ko Frantziako Iraultza»

1848. urtean, Frantzian, 1830eko Uztaileko Iraultzarekin hasitako monarkia liberala zegoen, Luis Filipe Orleansekoa erregearen agindupean; baina haren politika egiteko moduak goi burgesia eta pribilegiodunak bakarrik gogobetetzen zituen, ez herria. Hori zela eta, eskakizun demokratiko eta erradikalagoak egiten zituzten higikunde liberalak sortu ziren.

1846ko abuztuko legebiltzarreko hauteskundeetan François Guizoten gobernatzeko modua sendoturik atera zen (gobernuaren aldeko 291 legebiltzarkide eta oposizioko 168 besterik ez). Hauteskunde sistema aldatu gabe erregimena aldatzea ezinezkoa zela ikusirik, 1847an oposizioak Banketeen kanpaina abiarazi zuen: Parisen eta hiri handienetan 70 bankete baino gehiago antolatu ziren, hauteskunde eta parlamentu erreformaren ideiak hedatzeko[3]. Guizoten gobernuak 1848ko otsailaren 19an, Parisko XII. arrondissement edo barrutian, egitekoa zen banketea debekatu zuelarik, matxinada piztu zen[4]. Otsailaren 22an, manifestazio batek Guizoten dimisioa galdatu zuen; 23an, barrikadak eraiki ziren, eta Guardia Nazionala bera manifestarien alde jarri zen, «À bas les ministres, vive la réforme !» (Bota ministroak, biba erreforma!) oihukatuz. Luis Filipe erregeak Guizot kargugabetu eta Louis-Mathieu Molé izendatu zuen lehen ministro, baina horrek ez zuen matxinada baretu. Soldaduek tiro egin zuten manifestarien aurka eta 50 lagun inguru hil[3].

Tiroaldi horren ostean, matxinada iraultza bilakatu zen: otsailaren 24an, erregeak uko egin zion koroari, 9 urteko bere semearen faboretan, baina iraultzaileek ez zuten konponbide monarkikorik nahi; Parisko udaletxean behin-behineko gobernu errepublikanoa eratu zenean, matxinada lasaitu zen. Luis Filipe I.ak Ingalaterrara ihes egin zuen. Frantziako Bigarren Errepublika sortua zen[3]. Alexis de Tocqueville frantses idazle eta politiko liberalak hurrengo testigantza utzi zuen Oroitzapenak (1893) idazlanean:

« 1848ko iraultzak baino maltzurragoak izan dira, baina ez dut uste inoiz ergelagorik izan denik: sufragio unibertsalaz baliatzen ere ez zuten jakin, ez eta bera gabe moldatzen ere. Otsailaren 24aren biharamunean hauteskundeak egin izan balituzte, goi-klaseak nahasturik edo zorabiaturik zeudenean jaso berri zuten kolpearengatik, eta herria atsekabeturik baino gehiago hunkiturik zegoenean, beharbada bere desioen araberako Biltzarra lortu bide zuten. Ausardiaz, diktaduraren aldeko aukera egin izan balute, zenbait denboran mantendu ahal izango zuten beren eskuetan. Baina nazioaren alde jokatu zuten, eta, une berean, berarengandik urrunaraz zitzakeen guztia egin zuten. Mehatxatu egin zuten erabat lotzen zitzaizkion bitartean. Beren proiektuen ausardiaz eta beren mintzairaren indarkeriaz ikaratu egin zuten, eta erresistentziara gonbidatu zuten beren ekintzen ahuleziaz. Bere zaindariak izateko itxura hartu zuten, eta une berean bere menpe jarri ziren. Garaipenaren ondoren beren lerroak ireki ordez, arreta handiz itxi zituzten eta, hitz bitan esateko, bazirudien arazo konponezin hori konpontzeari ekin ziotela, alegia, gehiengoarekin gobernatu, baina horren nahiaren aurka.  »

[5]. Testu osoa irakurtzeko Wikisourcen duzu eskuragarri

.

Behin-behineko gobernuan errepublikano moderatuak, erradikalak eta sozialistak zeuden, presidentea Jacques-Charles Dupont de l'Eure zela; Alphonse de Lamartine eta Alexandre Ledru-Rollinek ministerio garrantzitsuenen ardura hartu zuten[6]. Otsailaren 25ean errepublika aldarrikatu ostean, gobernuak garrantzi handiko neurriak hartu zituen: gizonezkoen sufragio unibertsala ezarri, lan eskubidea aldarrikatu eta langabeentzako Nazio tailerrak (Ateliers nationaux) eratu, biltze eta prentsa askatasuna berrezarri, esklabotasuna ezeztatu Frantziako kolonietan...[7]. 1848ko apirilaren 23ko hauteskundeetan moderatuak nagusitu ziren. Ekainaren 21eko dekretu batek Nazio tailerrak ezeztatu zituelarik, Parisko herria altxatu zen. Godefroy Cavaignac jeneralak erreboltaren errepresioa zuzendu zuen: hiru egunez 1.600 soldadu eta 4.000 matxinatu hil ziren. Ondoko egunetan 15.000 lagun atxilotu eta 4.300 Aljeriara deportatu zituzten[7]. Azaroaren 4an konstituzio berria promulgatu zen, eta abenduko hauteskundeetan Luis Napoleon Bonaparte presidente hautatua izan zen, botoen %75 lortuta. Frantziako Bigarren Errepublika 1851ko abenduaren 2an Luis Napoleon Bonapartek berak eman zuen estatu kolpearekin amaitu zen. Bonapartek Frantziako Bigarren Inperioa aldarrikatu eta bere burua Napoleon III.a izendatu zuen[8].

Habsburgotarren estatuak

Metternich, Austriako lehen ministroa 1848 arte.

Habsburgotarrek beren monarkia Austriar Inperio gisa definitu zuten 1804an, jabegoen gaineko agintea sendotzearren. Eta hori aitortu zien Vienako Batzarrak: hor, Klemens Wenzel von Metternich Austriako kantzilerra ondo arduratu zen sendotze hori lortzeko, berretsirik geratu baitzen Italiako iparraldearen eta Balkanetako itsasaldearen kontrola, Otomandar Inperioaren mugaraino. Horrenbestez, Austriako monarkia askotarikoa eratu zen, hamabi bat nazio eta hainbat hizkuntza eta erlijio biltzen zituena.

Metternichek asmatu gobernu sistemak erreakzio absolutistaren sinboloa zen. Administrazioaren aldetik, Inperioa Vienako gortetik kudeatu zuten, Austriako eta Bohemiako nobleziaren (XVII. mendetik germaniartua berau) esku zegoen sistema baten bidez, gudaroste indartsua eta polizia sistema gogorra erabiliz. Baina Inperioko hainbat herritan mugimendu liberal eta abertzaleak sortu ziren 1830-1840 ondoko urteetan.

Barrikadak Vienan, 1848ko maiatzaren 26 eta 27an. József Heickeren litografia

Hungarian gertatu zen 1848ko lehen altxamendua, martxoaren 11n, Lajos Kossuth buruzagi nazionalistak zuzendurik; haren ondorioz, Hungariaren independentzia eta gobernu liberal berria aldarrikatu ziren. Handik oso gutxira, martxoaren 13an, hasi ziren istiluak Vienan, Behe Austriako Dietaren bilerarekin batera; Dieta organo absolutista zen, eta ikasle eta langileek konstituzioa eta erreforma liberalak eskatu zituzten, Standehaus bilera tokia harturik: legebiltzarraren sorrera, prentsa askatasuna, katedra askatasuna, erlijio askatasuna eta Germaniar Konfederazioaren erreforma. Hasieran soldaduek su egin zuten manifestarien aurka baina, matxinadaren indarra ikusirik, Metternichek dimititu zuen, eta martxoaren 15ean Fernando I.a enperadoreak erreforma liberalak agindu zituen[9]. Apirilean Bohemiako txekiarrak mobilizatu ziren, Pragan, eslabiar herrien eskubide politikoen alde[10].

1848ko uztailaren 22an, Kreimsergo Batzar konstituziogilea eratu zen Vienan, sufragio unibertsalez aukeratua. Inperiorako konstituzio federal bat idatzi zen, Inperio barnean gizabanakoaren eta nazioaren eskubideak kontuan hartzen zituena. Eslabiar nekazarien ordezkariek, ezkerreko diputatuekin elkar harturik, joputzaren eta eskubide feudalen ezeztapena lortu zuten[2]. Baina bolada iraultzaileak ez zuen asko iraun. Alde batetik, goi burgesia langileen aldarrikapenen beldur zen eta, horregatik, konstituzio oso moderatua idatzi zen, iraultzaile gehienen interesen kontrakoa. Bestetik, austriar tropek Italiako altxamenduak zapaldu zituzten udan, eta laster, udazken horretan, gobernu liberal berria kendu, inperioa berrezarri eta liberalen kontrako errepresio handia martxan jarri zuten. Txekiarren altxamendua ere, Pragaren bonbardaketarekin amaitu zen, eta gauza bera gertatu zen hungariar independentistekin, indarrez zapaldu baitzituzten. Abenduaren hasieran, Fernando I.ak abdikatu zuen bere biloba Frantzisko Josef I.aren alde. Honek Kreimsergo erabakiak indargabetu zituen eta neoabsolutismoa ezarri zuen berriro (Silvesterpatent, 1851).

Alemania

Parisko gertaeren berriak Alemaniara iritsi orduko, erresumak urtebete zeraman tirabira sozialekin[11]. 1847ko otsailean Frederiko Gilen IV.a Prusiakoak deitutako Dieta Bateratuan eskakizun liberalak egin ziren, baina erregeak ez zituen onartu eta lau hilabete geroago batzarrea deuseztatu zen. Hala ere, bertako liberalek ez zuten amore eman eta 1848ko Frantziako Iraultzaren berri izan bezain laster, otsailaren 27an, manifestazio handia egin zuten Mannheimen, langabetu eta hiritarren laguntzarekin, erreforma liberalak eta Alemaniako estatuen batasuna eskatuz. Mugimendua germaniar estatu guztietara zabaldu zen, bortizkeriarik gabe, bertako agintariek, beldurraren beldurrez, erreforma liberalak agindu baitzituzten Hannover, Würtemberg, Hesse-Darmstadt, Nassau, Bonn eta Saxonian[11].

Berlinen martxoaren 6an hasi ziren iraultzaren aldeko mobilizazioak; Gilen printzearen erantzuna armada hirian zehar hedatzea izan zenez gero, tentsioa handituz joan zen, martxoaren 18ko Matxinada gertatu arte. Egun horretan soldaduek tiro egin zuten ikasle eta langileen manifestazio baten aurka; ondorengo orduetan izandako borroketan 230 iraultzaile hil ziren. Azkenik, martxoaren 19an, Frederiko Gilen IV.a erregeak armada erretiratu behar izan zuen[12]. Erregeak hainbat erreforma liberal eta Alemaniako batasunaren gidaritza eramango zuelako promesa eman zuen. Martxoaren 29an, gobernu berria eratu zen, Ludolf Camphausen buru zuena, eta maiatzean Prusiako Nazio Biltzarra (alemanez: Preußische Nationalversammlung osatu zen, gizonezkoen sufragio unibertsalaz hautatua, konstituzioa idazteko helburua zuena; baina, horrekin batera, han-hemenka izandako ikasle eta langileen erreboltek errepresio gogorra izan zuten, eta goi burgesia monarkikoekin aliatu zen, sozialista eta demokrata erradikalen kontra egiteko[11]. 1848ko azaroan, Frederiko Gilen IV.ak Prusiako Nazio Biltzarra desegin zuen, eta abenduan konstituzio bat eman zion Prusiari, kontzesio liberal batzuk zituena. Beti ere, «emandako konstituzio» hori laster aldatua izan zen, eta absolutismora itzuli zen.

Gertakari horien aldi berean, Alemaniako hainbat estaturen ordezkariak bildu ziren Frankfurt hirian. Gehienetan, sufragio unibertsalaren bidez izan ziren aukeratuak baina, hala eta guztiz ere, liberal errepublikano eta erradikalek ez zuten gehiengoa lortu. Modu horretan, Frankfurteko parlamentu hura, konstituzio liberala idaztea eta Alemaniaren batasuna helburutzat zituena, bi talde nagusiz osatuta geratu zen: batetik, liberal moderatuak, goi burgesia eta kontserbadurismoaren aldekoak; bestetik, liberal demokratikoak, errepublika federal eta langileen eskubideen aldekoak. 1849ko martxoan Frankfurteko parlamentuak Alemaniaren batasunaren proiektua onartu zuen, eta gauzatzeko zegoen estatu berri haren koroa Prusiako erregeari eskaini zion. Hark, ordea, koroa gutxietsi eta Frankfurteko parlamentuaren lan osoa deuseztatu zuen[13]. Hortik aurrera, gainbehera segitu zuen 1849ko udaberrian desegin egin zen arte, eta lehengo estatu buruen soberania berrezarri zen Germaniar Konfederazio osoan, Prusiaren laguntzarekin.

Italia

Italiako penintsulan, ezaugarri liberal eta erradikalez gainera, iraultzak kutsu nazionalista ere hartu zuen. Italiako lurraldeetan garrantzi handiko aldaketak eragin zituen iraultzak erakundeetan. Iraultza ekainean hasi zen Sizilian eta handik Napoliko Erresuma guztira, Aita Santuen Lurraldeetara, Toskanara eta Milanera zabaldu zen. Lurralde horietan guztietan erreforma liberalak eskatu ziren eta agintariek 1831n Belgikan ezarri zenaren antzeko konstituzio liberalak onartu behar izan zituzten.

Dena dela, iraultzarik erradikalena Erroman gertatu zen; Pio IX.ak ihes egin zuen, Batzar Konstituziogile batek errepublika aldarrikatu zuen 1849an, eta Aita Santuari kendu zitzaion lurreko ondasunetan zuen eskumena. Beti ere, Aita Santuak subirotasuna berreskuratu zuen Frantziaren laguntzarekin, 1849. urtearen amaierarako.

Aipagarria izan zen Piemonte-Sardiniako iraultza ere; Karlos Alberto erregeak konstituzioa onartu zuen (Albertoren estatutua) eta gudarostea bidali zuen austriarren kontra Lonbardiara eta Veneziara, Aita Santuen Lurraldea eta Bi Sizilietako Erresumarekin elkar harturik. Milan askatu bazuten ere, Austriaren esku gelditu ziren lurralde haiek, Joseph Radetzky jeneral austriarraren esku hartzearen ondoren (Novarako gudua, 1849).

Kartismoa eta sozialismoa

1848ko iraultzen inguruan diskurtsu ideologiko berri bat eratu zen Europa guztirako, gizarte desberdintasunen eta desberdintasun horiek ekiditeko berrikuntzen inguruan gogoeta egiten zuena. Diskurtsu hori eratu zenean, gizataldeen arteko desberdintasunak gero eta nabarmenago gelditzen ari ziren, lanaren eta kapitalaren merkatuan talde bakoitzak zuen egoeraren arabera.

1830-1840 urteetan lan ahalmenari buruz zegoen mendekotasunak miserian bizitzera behartzen zituen herritarrak. Erreforma liberalak egin ziren egoera hori konpontzeko: komunitatearen lurrak pribatizatu ziren (itxiturak), eta lanaren gremiokako antolaketa eta lanaren esplotazioa onartzen zuen legedia deuseztu zen. Ez da harritzekoa ingeles langileen lehenengo mugimenduek 1834ko Pobreen legea deuseztu nahi izana; lege horiek onegitea desagerrarazi zuten eta, haren ordez, pobreen esplotaziorako zentro beldurgarriak bultzatu zituzten.

Manifestazio kartista Kennington Commonen (Londres), 1848ko apirilaren 10ean

Lan munduaren egoera hobetzeko gizarte berrikuntzak egin nahi ziren, beraz, eta kezka horrek diskurtsu berri bat osatu zuen. XVIII. mende amaierako tradizio erradikal-demokratikoarekin lotua zen diskurtsu hura; eta proposamen sozialistei bidea ireki zien. Ingalaterrako mugimendu kartistak bildu zituen kezka horiek. Herriaren kartaren inguruan egituratu zen kartismoa eta Ingalaterrako parlamentuan hauteskundeak goitik behera eraberritzeko ahalegina egin zuen –1832koa baino aldaketa sakonagoa eskatzen zuen–, langileei ordezkariak hautatzeko eskubidea eta legegintzarako ahalak emateko.

Talde haren eskakizunak honela azal zitezkeen garai hartako printzipioen arabera: parlamentua jabeen interesen ordezkari bada eta langileak beren lan ahalmenaren jabe badira, orduan langileek ere izan behar dute ordezkaritzarik. Horrela, legeak egiteko ahalmenaren kontrolarekin, alegia, desberdintasunak gainditu ahal izango zirela uste zuten. Hala ere, desberdintasunak suntsitzea ez zen hain lan erraza, Frantzian 1848an gertatu zenak, hau da, gizonezkoentzako sufragio unibertsala ezarri arren erradikalek eta sozialistek ia ordezkaririk lortu ez izanak, erakutsi zuen bezala.

Pierre-Joseph Proudhonen (Zer da jabegoa?, 1840) eta beste zenbaiten testuek ziotenez, desberdintasunaren gakoa lurraren jabegoa eta kapitala jabego pribatu gisa hartzea zen. Kritika horren sintesia 1848ko iraultzan Komunisten ligaren eskariz argitara eman zen beste testu batek egin zuen. Liburu txiki bat zen, Agiri Komunista, Karl Marx eta Friedrich Engelsek idatzia; testu hura gizartea eraldatzeko ideia bilduma gisa hartu zen.

Ikus, gainera

Erreferentziak

  1. Lepic, André. La révolution européenne de 1848. culture.revolution.free.fr (Noiz kontsultatua: 2015-12-29).
  2. Révolutions européennes de 1848. larousse.fr (Noiz kontsultatua: 2015-12-29).
  3. Monarchie de Juillet. larousse.fr (Noiz kontsultatua: 2015-12-29).
  4. Nadaux, Marc. La Campagne des banquets, 1847-1848.. 19e.org (Noiz kontsultatua: 2015-12-29).
  5. Kondaira. .
  6. Agulhon, Maurice. The Republican Experiment, 1848-1852. Cambridge University Press, books.google.es (Noiz kontsultatua: 2015-12-30).
  7. Révolution française de 1848. larousse.fr (Noiz kontsultatua: 2015-12-30).
  8. France: Second Republic (1848-1852). FOTW Flags Of The World, crwflags.com (Noiz kontsultatua: 2015-12-30).
  9. Weber, Rolf. March Revolution in Vienna. ohio.edu (Noiz kontsultatua: 2016-01-09).
  10. Cohen, Gary B.. Prague Upheavals of 1848. ohio.edu (Noiz kontsultatua: 2016-01-09).
  11. Lara Peinado, Federico; Córdoba Zoilo, Joaquín. La Revolución en Viena y Berlín. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2016-01-13).
  12. Chastain, James. March Revolution. ohio.edu (Noiz kontsultatua: 2016-01-14).
  13. Lara Peinado, Federico; Córdoba Zoilo, Joaquín. Fracaso en el proyecto nacionalista alemán. ohio.edu (Noiz kontsultatua: 2016-01-14).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.