18/98+ auzia

18/98+ auzia, edo makrosumarioa, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak Euskal Herriko hainbat erakunde eta hedabideren aurka bideratutako eginbide judizialen sorta da. Agian Dena da ETAren auzi aipagarriena da eta epaitutako gehienek zigor gogorrak jaso zituzten. Beste batzuk (Euskaldunon Egunkaria, AEK eta Egin adibidez), absolbituak izan ziren urte luzeak kartzelan pasatu eta gero.

Hartara, 18/98+ auzia izenaz ezagutzen dugunak sumario hauek biltzen ditu:

Sumario hauek guztiak, eta beste hainbat ekinbide judizial ere, makrosumario baten modura irudikatzen du beraz 18/98+ auziak, arrazoi hauengatik: Arrazoibidea bera da sumario guztietan, leporatutako delituen ustezko egileen tipologia bera da, epaile eta epaitegia berberak dira sumario guztietan, proba berberak dira sumario guztietan.

Izan ere, hasiera batean Baltasar Garzon epaile instruktoreak aurrera zeramatzan instrukzio guztiak 18/98 sumarioan sartu zituen, baina jarduketen aurka aurkeztutako helegiteetan Auzitegi Nazionaleko zigor-arloko salako 4. sekzioak Garzonen arrazoibide nagusia gaitzesten zituela ikusirik, auziak banatzea erabaki zuen helegiteak zigor sala horretatik pasa ez zitezen.

Senide baten ikuspuntua

2015eko Urriaren 5ean utzi zuten aske Txente Askasibar San Inazioko auzokidea. Zortzi urte eta erdi espetxean eman eta gero, Topaseko kartzelatik irtetean bertan izan zituen zain senide, lagun eta gertukoak. Behean idatzita dagoena bere semea den Egoitzek idatzi zuenː

« Amets gaizto bat

1998ko maiatzaren 27an hasi zitzaigun amets gaiztoa familian. Arrats hura, norberari oroimenean tatuaturik, zizelkaturik, geratzen zaizkion gertakari horien moduan, betirako geratuko zaigu oroimenean etxekoei. Logelan nengoen, ordenagailuari berriki erositako soinu txartel bati soinua aurikular batzuetatik ateratzen. Bat-batean esku batek sorbaldan jo, eta burua hara zuzentzean polizia nazionalaren plaka bat ikusi nuen. Etxea gizon armatuz beterik zegoen, gehienak urdinez jantzita, aitak, haien artean, eskuburdinak jarririk zituelarik. 18/98 zenbakien konbinazio madarikatu hori ikustearen zorte txarra egokitu zitzaion lehenengoetarikoa izan nintzela aitortu behar dizuet.

Ondorengo egunak ez ziren samurragoak izan. 5 egunez Madrilgo komisaldegi batean inkomunikaturik izan ondoren, espetxean 15 egunez inkomunikaturik, erabateko isolamenduan, egotea erabaki zuen Baltasar Garzonek. ‘Tortura zuritzat’ definitu zen aspaldian egoera hau. Sei hilabetez izan genuen aita espetxean, Bilbon ebakuntza bat egiteko data zehazturik izan arren.

Abenduaren 23an askatu zuten, zerga iraultzaile erraldoi bat ordaintzera behartu ondoren: 50 milioi pezetako fidantza. Suitzan kontu korronte edo ondasunik ez genuenez, kopuru horrengatik kreditua eskatu behar izan genuen, gure, zein izeba eta osaba desberdinen etxeak hipotekatuz. Kreditua izanda, 50 milioi pezetako kreditu bati zegokion interesen ordainketan, urtero milaka euro ordaindu behar izan genuen zerga iraultzaile makabro horretan aitaren askatasuna mantentzearren. Askatasun egun horretatik, ezin izango zen espainiar estatutik irten, eta 15 egunero epaitegian sinatu beharko zuen.

Zazpi urte beranduago hasi zen epaiketa, 2005eko azaroaren 21ean. 28 hilabetez luzatu zen makroepaiketa. Aitaren joan-etorri zein Madrileko egonaldiak amaigabeak egin zitzaizkigun.

Sententziaren arkitektura aldez aurretik diseinaturik ageri zitzaigun. Tribunalaren agintari azaldu zen hasieratik Nicolas Poveda. Espainiar justizia zein Entzutegi Nazionalaren independentziaren paradigma gisa ageri zaizkigu Poveda bezalako epaileak. Frente de Estudiantes Sindicalistas erakunde falangistako kide izandakoari buruz ari gara. Espainian Frankoren alde aritu zirenak espetxeratze aginduak sinatzen dituztenak dira, frankismoa borrokatu zutenek, egun ere, aita bezala, espetxeratuak diren bitartean. Espainiaren kalitate demokratikoaren erakusle.

Modu horretan, Frankismoak gidaturiko tribunal horrek aita 13 urteko espetxera zigortu zuen. Gerora 8 urte eta erdira jaitsiko zuen Gorenak. Hala ere, jakinarazi beharrean, kalez jantziriko poliziez bete zuten auzoa bera eraman zuten arte, Soto Del Real espetxera. Zegokion egunean joan gintzaizkion bisitara. Alferrik, izan ere, bisita egunean bertan, guri abisatzeko aukerarik eman gabe, Valdemorora mugitu eta bisitarik gabe utzi gintuzten Madrilera bidaiatu ondoren.

Bigarren espetxealdi honetan zortzi urtez izan da jarraian. Ia 5 urtez egon da itsu begietako ebakuntza egin arte, nahiz eta berak maiz eskatu izan. Kalean aste gutxitan kentzen den mikosi –mingaineko infekzio bat– batekin egon da urte batzuez. Bere adinari dagokion arazo artikular ugari izan du. Espetxeko baldintza kaxkarrek, hotzaz babesteko eskainitako material urritasunak, arnas aparailuko gaixotasun eta konplikazioak eragin dizkio sarri.

Legeak 70 urtetik gorakoentzat askatasuna agintzen badu ere, aita ia 73 urte izan arte, zigorra osorik bete arte, mantendu dute barruan. GALeko presoa ez izanagatik seguruenik. Espetxean giza eskubideak soilik liburuen paperetan ageri zaizkigu.

Amets gaiztoa amaitu zaigu. Baina bada loak kentzen didan beste ezer. Hainbat amets gaizto utzi ditugu hainbat espetxeetan zein bertako senitartekoen etxeetan. Nekez lor daiteke lo lasaia amets gaizto guztiak desagertzen ez diren bitartean. Horregatik azkena kaleratu arte lanean jarraitu behar dugu. Hala bedi!

 »
Egoitz Askasibar, Txente Askasibarren semea, 2015[1]


Erreferentziak

Kanpo estekak

Politika Artikulu hau politikari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.