13/13 Sumarioa

13/13 Sumarioa Espainiako Auzitegi Nazionalak zuzendutako prozesu judizial bat da, euskal presoen abokatuak edo preso horien elkartasun sareetan ibilitako zazpi pertsona epaitu dituena. Prozesuaren abiapuntua Guardia Zibilak Bilbon eta Donostian egindako atxiloketa eta miaketa batzuk izan ziren. Epaiketa 2021eko uztailaren 12an hasi zen[1] eta 2022ko martxoaren 31n sententzia eman zen, lau euskal auzipeturi zazpi eta hiru urte arteko espetxe zigorrak ezarriz eta beste hirurak absolbituz. Alfonso Zenon defentsako abokatuak irekita utzi zuen helegitea aurkezteko aukera. Sumarioak Ángela Murillo magistratua izan zuen epaimahaiburu, Carmen Paloma Gonzalez eta Juan Francisco Martel epaileek lagundurik.

Espainiako Auzitegi Nazionala Madrilen

Auzipetu batek baino gehiagok torturak salatu zituzten, testigantza gogorrak emanez, eta tortura horiek egiaztatuak izan ziren Istanbul Protokoloaren arabera. Bestalde, Demokrazia eta Giza Eskubideen Aldeko Europako Abokatuen Elkarteak (ELDHk) prozesua bertan behera uzteko erreklamatu zuen, prozeduran askotariko irregularitateak atzeman ondoren eta berme judizialak urratu zirela argudiatuta. Zuzenbideko ehun profesionalek baino gehiagok prozesuko irrigulartasunak salatzeko adierazpen bat plazaratu zuten. Prozesuan, Juan Mari Jauregi auzipetua eta Egia auzoko militante donostiarra hil zen gaitz baten ondorioz.

11/13 Makrosumarioko gertaerak

11/13 Makrosumarioaren kontrako manifestazioa Bilbon (2014)
Amaia Izko Auzitegi Nazional aurrean, zigorrei buruzko akordioaren berri ematen (11/13 Sumarioa)

2014ko urtarrilaren 8an, Guardia Zibilak Arantza Zulueta, Jon Enparantza eta beste zazpi pertsona atxilotu zituen, euskal presoekin ETAko ordezkari lanak egiten zituztelako akusaziopean. Atxiloaldiaren ondoren, espetxeratuak izan ziren.[2] 2013tik, 46 lagun atxilotu zituzten 2016ko urtarril arte euskal presoen aldeko elkartasunagatik.

Zuluetak eta Enparantzak erabateko bakartze baldintza gogorretan izan ziren espetxeratuak, salbuespenekoak ziren neurrien arabera, beste presoekin harremanik izateko aukerarik gabe, artean ere espetxealdi prebentiboan izan arren. Maider Alustiza Jon Enparantzaren emazteak 500 eguneko erabateko bakartze egoera horren azalpen xehea eman zuen.

Une batean, fiskalak Zulueta eta Enparantzaren patua epaileek ez, baizik eta "ministroek" erabakiko zutela ere adierazi zuen.[3] Alfonso Zenon haien abokatuak legez kanpokotzat jo zuen haien egoera 2014ko apirilean.[2] Urte bereko Guardia Zibilaren interbentzioak, haren miaketek eta atxiloketek instrukzio bati eta 11/13 Makrosumarioari eman zioten hasiera. Bost ekinbide judizial bildu ziren 11/13 Makrosumario bakarrean:[4] Herrira, Bitartekariak, Abokatuak, Jaiki Hadi eta Etxerat.[5]

Epaiketa

Auziaren oinarriak

Hego Euskal Herriko hainbat pertsonaren kontra ETArekin lotura izatea egotzita hasitako prozesu judiziala da. Epailearen aurreko ikustaldiak Espainiako Auzitegi Nazionalean 2021eko uztailean hasi arren, prozesuak 2010eko apirilean egindako atxiloketa batzuetan du abiapuntua. Une horretan, hainbat pertsona atxilotu zituzten Grande-Marlaska epailearen agindupean, ETA eta presoen arteko lotura lana egitea leporaturik. Batzuk aske geratu ziren epaitegian aurkeztearen trukean; beste batzuk espetxea saihestu zezaketen 12.000 eta 30.000 euroko fidantzak ordaintzearen baldintzapean. Epaileak beste bost akusatu espetxeratzea agindu zuen.[6]

Sumarioak Ángela Murillo du epaile. Akusatuen erruztapena Guardia Zibilaren beraren txostenetan oinarritzen da. Epaiketaren bigarren saioan 2021eko uztailaren 14an, akusatuek tortura lekukotzak eman eta salatu zituzten.[7] 13/13 Sumarioan, zazpi abokatu epaitu ziren: Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Naia Zuriarrain, Julen Zelarain, Iker Sarriegi, Saioa Agirre eta Nerea Redondo. Juan Mari Jauregi, abokatu izan gabe ere, auzipetuta zegoen; hala ere, ez zen epaitua izan, osasun arazoak zirela tarteko;[8] 2021eko irailean, Jauregi, atxiloketan torturak salatu zituena, gaitz batek jota hil zen.[9] Guztiek ukatu zuten delako Halboka egiturarekin edo ETArekin harremanik izatea. Fiskaltzak 12 urte bana eskatzen ditu Zulueta eta Enparantzarentzat; gainerakoentzat, berriz, 7 urtetik 10era eskatu zituen,[10] guztira, 77 urte.[11]

Grande Marlaska egungo Espainiako barne ministroak agindutako polizia operazio batean atxilotu zituzten akusatuak. Guardia Zibilak ikerketa 2008ko maiatzaren 20an egin sarekada batean Lopez Peñari atzemandako paperen ondorioz hasi zela azaldu du; harekin batera beste pertsona batzuk atxilotu zituzten. Guardia Zibilak 120.000 dokumentu atzeman zituen. Guardia Zibileko poliziek adierazi dutenez, auzipetuek Halboka izeneko egitura batean parte hartzen zuten, aktibo zegoena, eta ETAren "fronte juridiko" batez hitz egin zuten, ustez erakundearen aldeko abokatuek osatua.[8]

Uztaileko ikustaldiak

Lopez Peñaren paperez gain, prozesuaren abiapuntua CNIren interbentzioa da. Guardia Zibileko agenteak 2021eko uztailaren 14an adierazi zuenez, Guardia Zibilak informazio bat eskatzen zion CNIri, eta Espainiako Zerbitzu Sekretu horiek kidego armatuko talde horri pasarte jakin bat edo agiri zati bat bidaltzen zion, eta ez osorik; prozedura horrek ez zuen kontrol judizialik.[12] Hala Ángela Murillo epaimahaiburuak nola defentsak kexua agertu zuten Guardia Zibileko agenteak lekuko gisa deklaratu ordez peritua balitz bezala deklaratu duela.[13]

Agente horrek segurtatu zuen bera zela txostenaren egilea, baina bera ez zela miaketan egon, eta bidaltzen zioten informazioen arabera ondu zuela; defentsak, Jone Goirizelaia abokatuaren ardurapean, gaineratu zuen agentea egon ez zen miaketa bateko lekuko lana egiten ari zela.[13] Bigarren agente batek Arantza Zulueta eta Zuriarrainen bulegoaren eta etxebizitzen miaketetan parte hartu zuen eta, horien lekukotza eman zuen, aurkitu eta atzemandako materialari buruz hainbat xehetasun aletuz. Adierazi zuenez, haien bulego eta etxeen miaketan arraroa iruditu zitzaion gailu informatiko batzuk tokiz kanpo aurkitu izana, adibidez, koadro baten atzealdean edo komuneko kutxa batean.[13]

Iraileko ikustaldiak

2021eko irailaren 8an, berriz hasi ziren epaiketako ikustaldiak. Domingo Arizmendi Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko orduko dekanoak adierazi zuen deitu egin ziotela Hernaniko abokatuen bulego batean miaketak egitekoak zirela jakinarazteko. Arreta deitu zion poliziak oso toki jakinetan miatzen zuela. Lekuko batek ere deklaratu zuen, azalduz miaketak baino hiru egun lehenago mugimendu arraroak sumatu zituela, eta Guardia Zibila, aldameneko zuhaitz bat zulatu eta gero, bulego horretako ate parean aritu zirela luzaro zulatzeko makina batekin.[14] Ramon Lasagabasterrek ere hitz egin zuen. 2010ean Bizkaiko Abokatuen Elkargoko kidea zen, eta Arantza Zulueta eta Naia Zurriarain letraduen bulegoetako miaketetan egon zen, Bilbon eginikoan. Iristean atea zigilatuta zegoela gogoratu zuen, baina aurrez «behartuta». Eta gaineratu zuen: «Sekretu profesionala urratu zen». Epaiketa batzuetako dokumentuak eraman zituztela azaldu zuen, miaketarekin «zerikusirik ez» zutenak.[14]

Datak, txostenak, artxiboak eta izena hartu zituzten hizpide irailaren 23an Espainiako Auzitegi Nazionalean jarraitu zuen 13/13 auziko epaiketan. Guardia zibilek hitz egin zuten berriro, Alfontso Zenon eta Aiert Larrarte abokatuen galderei erantzunez, eta ondotik defentsak eskaturiko bi peritu informatikok hartu zuten hitza. Zenonek eta Larrartek guardia zibilei galdegin zieten ea nola lotzen dituzten Arantza Zulueta, Jon Enparantza eta Iker Sarriegi auzipetuen izenak ezizen batzuekin, eta polizien askotariko kontraesan eta zehaztasun faltak azaleratu zituzten abokatuek.[15]

Guardia zibiletako batek adierazi zuen, adibidez, Zulueta ezizen batekin lotzen zutela, zeina deitua baitzegoen Parisen 2010eko urtarrilaren 15ean eginen zen bilera batera joateko. Zuluetak Miarritzetik (Lapurdi) Parisera joateko hegazkin txartel bat hartu zuen egun batzuk lehenagorako, baina guardia zibilak onartu zuen ez zutela Zulueta bilera horretara joan zelako frogarik: «Uste dugu zita horretara joateko zela hegazkin txartela, baina zita horretan egon zenik ezin dugu esan, ezta egin zenik ere».[15] Enparantza abokatuaren Hernaniko (Gipuzkoa) bulegoko esku idorgailu batean zegoen zulo batez mintzatu ziren guardia zibilak, halaber. Haien hitzetan, han atzeman zituzten ustez abokatuek euskal presoekin komunikatzeko erabiltzen zituzten mezuak. Zenonek guardia zibilei galdetu zien ea nola zekiten Enparantzak zulo horren berri zuela: «Ezin dugu esan edukia ezagutzen zuenik. Baina bazekien, noski, hor zegoela: esku lehorgailuak ez zuen funtzionatzen».[16]

Enparantzaren etxean atzemandako Zutabe aldizkariez ere galdetu zien Zenonek: ea nola dakiten harenak zirela. Erantzuna: «Atzemandako beste gauzekin testuinguruan jarrita, bazitekeen pertsona horrek argitalpen horiek erabiltzea». Informatikan adituak diren defentsaren perituek deklaratu zuten ondotik, eta informazioa falta zutela nabarmendu zuten. Zehazki, frogetako bat: «Ez dugu eskuratu, eta ez dugu atzeman ebidentzien artxiboan». Jone Goirizelaia abokatuaren galderei erantzunez adierazi zuten, beraz, ezin zutela baieztatu informazio hori «existitzen» denik. Defentsak ikerketan parte hartu zuten agenteek lekuko gisa agertzea eskatu zuten, baina Murillo epaileak errefusatu egin zuen hori; ez zen agente horien nondik norakorik aurkitu. Hain zuzen, defentsak erabakigarritzat jotzen zuen haien lekukotza, haiek prestatu baitzuten Halboka delako txostena.[17] Gabezia hori dela eta, defentsak berriz eskatu zuen epaiketa bertan behera uztea. Ikustaldiak irail amaieran bukatzea aurreikusi bazen ere, Angela Murillo epaileak atzeratu egin zituen.[16] Epaiketa urriaren 29an zen segitzekoa.[18]

Urriko eta azaroko bilakaera

Espainiako CNIren ikurra

2021eko urriaren 28an, Paz Esteban Lopez CNIko zuzendariak uko egin zion deklaratzeari, Valentin Diaz Blanco Guardia Zibileko jeneral buruak egindako eskaerari erantzunez: ezin ziola 13/13 auziko atxiloketan eta miaketetan «ustez» parte hartu zuten CNIko kideei buruzko informaziorik eman, legeak ez omen ziolako baimentzen. Defentsak uste izan zuen «erabat beharrezkoa» zela CNIko kideek 13/13 auziko epaiketan testigu gisa deklaratzea, eta hori gertatu ahal izateko «ahal zuen guztia» egiteko eskatu zioten Angela Murillo epaileari. Epaiketan lekuko eta peritu gisa deklaratu duten hainbat guardia zibilek, izan ere, onartu zuten CNIko kideek 13/13 auziko Polizia operazioan eta ikerketan parte hartu zutela.[19][20]

Hargatik, hurrengo egunean, fiskalak berretsi egin zuen bere zigor eskaera: 7 eta 19 urte arteko espetxe zigorra du Arantza Zuluetaren kontra eta ETAko presoen beste bost abokaturen kontra, egotziz erakunde armatuaren beso juridikoa osatzen zutela.[21] Zulueta eta Enparantza ETAko «buru» jo zituen, Sarriegi eta Zuriarrain, «kide», eta Redondori eta Agirreri «laguntzaile» izatea leporatu zien. Aldiz, José Perals fiskalak eta AVT eta Dignidad y Justicia taldeetako akusazio partikularrek erabaki zuten Julen Zelarainen aurkako akusazioei uko egitea. Fiskal horren ustez, «ETA ez da desagertu».[22][oh 1] Defentsek berretsi zuten ez zela argitu CNIk izan zuen rola, eta epaiketa baliogabetzea eskatu zuten, irregularitateak gertatu zirelakoan.[23]

Auziaren epaia

2022ko martxoaren 31n, Espainiako Auzitegi Nazionalak sumarioaren epaia eman zuen, 549 orrialdekoa.[24] Bertan, espetxe zigorrak zehaztu zizkieten lau auzipeturi, eta beste hiru absolbitu.[25]

Zigorrak

Arantza Zuluetak jaso zuen zigorrik gogorrena: lau urteko zigor bat «erakunde terroristako kide» izateagatik, eta hiru urte eta sei hilabeteko bertze bat «armak eta lehergaiak edukitzeagatik». Guztira, beraz, zazpi urte eta sei hilabeteko zigorra. Jon Enparantzari lau urteko kartzela zigorra ezarri zioten, Naia Zuriarraini hiru urte eta sei hilabetekoa, eta Iker Sarriegiri hiru urte eta egun batekoa: «erakunde terroristako kide» izatea leporatu zieten hirurei. Espainiako Auzitegi Nazionalak jakinarazi zuenez, atzerapenengatiko aringarria onartu zieten. Julen Zelarain, Saioa Agirre eta Nerea Redondo auzipetuak, berriz, absolbitu egin zituen auzitegiak. Zelarainen akusazioak joan den urrian erretiratu zituen fiskalak, eta Agirreri eta Redondori ETAren «laguntzaile» izatea leporatua zieten —ez «kide» izatea—. Guziz libre geratu ziren hirurak.[25]

Sententzia betearazteko, aurretik behin-behinean auzi horretan betetako kartzela zigorrak kendu behar zizkieten ordu arte jasotako espetxe urteei, eta ikusteke geratu zen bertzelako auziengatik betetakoak ere kontuan hartuko ote zizkieten. Alfonso Zenon defentsako abokatuak Berria egunkariari jakinarazi zionez, nolanahi ere, epaia oraindik ez zen artean irmoa, eta zabalik geratu zen helegitea jartzeko aukera. Zigortutako auzipetuek ez zuten espero espetxeratzerik.[25]

Arrazoibidea

Sententziaren 549 orrietan, dokumentuak zehazten zuen auzipetuek zein «funtzio» zuten Halboka egituran, «zeinak kartzeletako frontea ordezkatu baitzuen». Epaileen arabera, «ETA talde terroristan erabat integratuta» zegoen delako Halboka egitura. Angela Murillo, Carmen Paloma Gonzalez eta Juan Francisco Martel magistratuen arrazoibidean, Halboka egituraren barnean «fronte juridikoa» zegoen, abokatuek horretan parte hartzen zuten, eta «ETAko kideen defentsa juridikoa» egitetik harago abokatuek «lotura» egiten zuten presoen eta ETAren zuzendaritzaren artean: «Erakunde terroristaren ildoak transmititzen zizkieten».[25]

Sententziaren arabera, halaber, zigorturiko abokatuek «ETAren alde» lan egiten zuten Bilboko eta Hernaniko (Gipuzkoa) abokatuen bulegoetatik: «Norberak bere gaitasun profesionaletatik, [...] euren zerbitzuak talde terroristaren esanetara jarri zituzten; haien kokalekuetatik enkarguak bidali eta jasotzen zituzten, eta pertsonalki zuten harremana talde terroristako kide aktibo eta buruekin, askatasunez gabetutako euren afiliatuen ezagutza hobea lortzeko, horrekin euren konfiantza lortzeko, talde terroristarekin [...] estuki loturik segitzeko helburuarekin».[25]

Epaileek gaineratu zuten auzipetuek «ekintza eta helburu posibleak identifikatu eta seinalatzen» zituztela, eta «iraultza zerga biltzen laguntzen» zutela. Sententziaren arabera, aipaturiko delituak «egiaztatuta» gelditu ziren epaiketan aurkezturiko frogekin: bertzeak bertze akusatuen deklarazioak, Guardia Zibilaren lekukotzak, perituen txostenak eta «bereziki» miaketetan atzemandako dokumentu informatikoak aipatu zituzten —CNI Espainiako zerbitzu sekretuek parte hartu zuten horien desenkriptazioan—.[25]

Horiek kontuan hartuta, Espainiako Auzitegi Nazionaleko laugarren zigor salako epaileek ondorioztatu zuten zigorturiko lau abokatuen jarduerak bat egiten zuela «erakunde terroristako kide» izatearen delituarekin, «agerian gelditu» baitzen «laurek parte hartzen zutela erakunde terrorista horren helburuetan eta hartan militatzen zutela; ez zuzenean indarkeriazko ekintzak eginda, baizik eta askatasunik gabeko militanteen iraunkortasunean eta kohesioan lagunduta, bere garaian pertsona eta jabetzen aurkako ekintza ilegalak egiteko edo egiten saiatzeko babesa eman zien erakunde kriminalera lotuta segi zezaten».

Sententziak bere egin zuen epaiketan fiskalak defendatutako tesia. Epaileek frogatzat jo zituzten miaketetan atzemandako dokumentuak, erakusten zutelakoan «ETAren helburuekin bat egiten zuen jarduera bat» zutela, «mezuak kohesionatzeko eta ikerketapean, epaiketaren zain edo sententziak betearazten zeuden militanteak eta militante ohiak kontrolatzeko».[25] Magistratuek gutxietsi egin zuten CNIren parte-hartzea, ustezko delitu jarduera egiaztatzeko ekintzetan huts-hutsean alde teknikoan inplikatu zelakoan.[26] Bestalde, tortura kontakizunak eta kolpeak zein irainak jaso zituztela kontuan hartu arren eta salatzaileek trauma osteko estresa eta hainbat nahasmendu zituztela onartu arren, sententziak ez zituen egiaztatutzat hartu torturak.[26]

Balorazioa eta erreakzioak

Sententzia emandakoan, Aiert Larrarte, Jone Goirizelaia eta Alfonso Zenon akusatuen abokatuek epai horren balorazioa egin zuten, eta adierazi zuten epaiak «CNIren parte hartze iluna, torturak, miaketa irregularrak eta non bis in idem printzipioaren urratzea» balioztatzen zituela. Iragarri zuten helegitea aurkeztuko zutela Espainiako Auzitegi Gorenean.[27]

LAB sindikatua izan zen lehena sententziari buruzko balorazio bat egiten, adieraziz «sententzia batzuk idatzita» daudela «epaiketa hasi baino lehen, eta 13/13 Sumarioa da horietako bat». Gerora defentsako abokatuek egin bezala non bis in idem printzipioaren urraketa salatu zuen, baita bidean gertatu «torturak eta atxilotuei egin sexu erasoak» ere. Euskal gatazkaren ondorioak konpontzeko ausardia ere erreklamatu zuten, baita demokraziaren premia aldeztu ere.[28]

Bestalde, Etxerat euskal presoen elkarteak ere sententzia kritikatu zuen astakeria deituz, eta Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak gatazkaren konponbiderako zubiak hausteko ahalegina ikusi zuen. Sare mugimenduak plazaratu bideo batean, beste erakunde batzuek kritikatu puntu batzuez gain, salatu egin zuen epaimahaiak «berriz ere "Dena da ETA"ren argumentu guztiz bidegabera» jotzea.[28]

Elkartasuna

13/13 Sumarioaren kontrako manifestazioa Donostian
Juan Mari Jauregiren omenezko ekitaldia Egian, Donostian, prozesuan hil ondoren

Epaiketaren hasiera data ezagututa, herrietan eta hirietan jendea epaiketaren aurkako erantzuna antolatzen hasi zen, baita auzipetuei elkartasuna eta babesa adierazteko ekitaldiak ere. 2021eko ekainaren 26an eserialdia egin zuten Donostiako Egia kalean eta, epaiketa hasi baino bi egun lehenago, uztailaren 10ean, Donostian eta Bilbon manifestazioak egin zituzten.

Epaiketa irailean zen amaitzekoa, eta uztail erdialdean epaiketaren kritikariek iragarri zuten irailaren 12. egunean manifestazio bat egingo zela Donostian, Kontxako Banderaren bigarren jardunaldian.[1] baita hala egin ere ehunka pertsonen partaidetzaz.[29] Bertan, Julen Zelarain auzipetuak salatu zuen "erakunde publiko eta alderdi gehienak izaten ari diren jarrera", bereziki nabarmenduz tortura lekukotzei buruz agertu zuten isiltasuna, eta Juan Mari Jauregi ekarri zuen gogora ere.[30] 2021eko irailaren hasieran, ekitaldi bat egin zen Zornotzan Saioa Agirreri elkartasuna adierazi eta tortura salatzeko.[31]

Sententzia eman eta egun batzuetara, haren kontrako eta kondenatuen aldeko manifestazioa deia egin zen apirilaren 11rako Donostian eta Bilbon, baita milaka pertsonaren parte-hartzea inguratu ere. "Dena da ETA" doktrina salatu zuten bertan, auzipetuei elkartasuna adierazi, eta Juan Mari Jauregi gogoratu. Epaiaren krudelkeria nabarmendu zuten.[32]

Prozesuaren kritikak

2021eko ekainean, 13/13 sumarioan akordioa sinatzeko eskatu zien Foro Sozialak alde guztiei, eta ohartarazi zuen 13/13 sumarioko epaiketak «eragin negatiboa» izan zezakeela bizikidetza demokratikoan.[33] EH Bilduko Julen Arzuagak "Dena da ETA" doktrina juridiko-politikoaren 25 urteko ibilbidearen azken ataltzat jo zuen 13/13 sumarioa, baita politikotzat jo ere, eta larria iritzi zion ETAk sueten iraunkor mugagabea deklaratu eta 10 urtera akusazio gogor hauek aurkeztea.[34] Uztailaren 10ean, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU alderdiak epaiketaren kontra agertu ziren adierazpen baten bidez: Sumarioa «denboraz eta lekuz kanpo» dagoela adierazi zuten, eta «salbuespenezko legediaren aurka» zeudela berretsi.[35]

Prozesuaren azken etapan, zuzenbideko ehun profesionalek baino gehiagok, tartean zirela bost katedradun, adierazpen bat sinatu zuten, nabarmenduz "gehiago dirudiela beste garaietako sumario bat" eta gogora ekarriz bertan torturak salatu zirela eta defentsa eskubiderako bermeak urratu zirela, eta CNIk ugari parte hartu zuela, baina haien interbentzioko agirietan tatxoi ugariko pasarteak aurkeztu zituztela.[36]

2021eko uztailaren 19an, Demokraziaren eta Giza Eskubideen Aldeko Abokatuen Europako Elkarteak (ELDHk) irregularitateak egiaztatu ahal izan zituen epaiketan, hala nola Bilbo eta Donostiako abokatuen bulegoko polizia miaketetako berme falta. Ondorioz, bere kezka azaldu zuen; prozesua bertan behera geratzeko ere erreklamatu zuen.[37] Azaldu zuenez, "Turkian bezala, haien bezeroak ordezkatzeagatik auzipetu eta prozesatu dituzte defentsako abokatuak", Bilbo eta Donostiako bulegoetako Arantza Zulueta, Jon Enparantza eta Iker Sarriegiri erreferentzia eginez.[38]

Elkarteak gaineratu zuen sekretu profesionala urratu zela miaketa horietan, 2010eko apirilean gertatuak.[38] Elkarteak gaineratu zuenez, "Espainiak sistematikoki urratzen ditu abokatuen rolaren oinarrizko printzipioak", haien lana egiten uzten ez zielakoan.[37] Euskal Herriko bi psikologok Saioa Agirre eta Naia Zuriarrainen tortura salaketak egiaztatu eta balioztatu zituzten 2021eko irailaren 27an argitaratu txostenean, Istanbulgo Protokoloaren arabera egiaztapen azterketa egin ondoren.[18]

Oharrak

  1. Perals fiskala ezagun egin zen Altsasu auzian bere adierazpen gordinengatik, mami politiko handikoak.

Erreferentziak

  1. Iñaut Gonzalez de Matauko Radaren erreportaia Hirutxuloko Hitzan, 2021/07/16.
  2. (Gaztelaniaz) «Denuncian que Zulueta y Enparantza padecen un régimen "ilegal" en la cárcel» La Vanguardia 2014-04-24 (Noiz kontsultatua: 2021-07-19).
  3. Alustiza, Maider. «Jon Enparantza eta Arantza Zulueta torturapean, noiz arte?» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-07-21).
  4. Berria. «BABESARI KOLPEAK» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-07-21).
  5. Berria.eus. «11/13 Makroepaiketa» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-01-05).
  6. «Zulueta, Enparantza eta beste hiru atxilotu kartzelatu egin dituzte» EITB Euskal Irrati Telebista (Noiz kontsultatua: 2022-01-03).
  7. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2021-07-13). «Los testimonios de torturas marcan la segunda sesión del juicio del sumario 13/13» naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-07-14).
  8. «Guardia Zibilak 2008an Lopez Peñari hautemandako paperetan kokatu du ikerketaren abiapuntua» EITB Euskal Irrati Telebista 2021-07-14 (Noiz kontsultatua: 2021-07-14).
  9. SL, TAI GABE DIGITALA. (2021-09-03). «Juan Mari Jauregi hil da, 13/13 sumarioan auzipetu zuten Egiako militante abertzalea» naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-09-05).
  10. (Gaztelaniaz) «Juzgan a Arantza Zulueta y a otros 8 abogados por el frente jurídico de ETA» La Vanguardia 2021-07-11 (Noiz kontsultatua: 2021-07-20).
  11. Iribarren, Maddi Ane Txoperena. «Defentsaren lekukoekin ekinen diote berriz 13/13 auziari, etzi» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-09-24).
  12. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2021-07-14). «La GC pone a CNI y papeles de López Peña en el origen del informe Halboka» naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-07-15).
  13. «Guardia Zibilak 2008an Lopez Peñari hautemandako paperetan kokatu du ikerketaren abiapuntua» EITB Euskal Irrati Telebista 2021-07-14 (Noiz kontsultatua: 2021-07-17).
  14. Alzuru, Jone Bastida. «13/13 auziko miaketetan izandako irregulartasunak salatu dituzte» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-09-24).
  15. Iribarren, Maddi Ane Txoperena. «Guardia zibilen kontraerranak azaleratu ditu 13/13 auziko defentsak» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-09-24).
  16. Iribarren, Maddi Ane Txoperena. «Guardia zibilen kontraerranak azaleratu ditu 13/13 auziko defentsak» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-09-24).
  17. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2021-09-22). «Murillo sigue con el juicio pese a que no se ha citado a agentes del CNI como testigos» naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-09-24).
  18. Iribarren, Maddi Ane Txoperena. «Psikologoek sinesgarritasuna eman diete Saioa Agirreren eta Naia Zuriarrainen tortura testigantzei» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-09-27).
  19. Txantiloi:Errefjoséerentzia
  20. Gorraiz, Uxue Rey. «13/13 auzian izandako irregulartasunak salatu dituzte ehun bat legelarik, manifestu batean» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-11-11).
  21. «Fiskalak 13/13 sumarioko zigor eskaerari eutsi dio, baina Zelarainen aurkako akusazioa kenduta» EITB Euskal Irrati Telebista 2021-10-29 (Noiz kontsultatua: 2021-10-31).
  22. Iribarren, Maddi Ane Txoperena. «Fiskalak Zelarainen ez bertze guzien akusazioei eutsi die 13/13 epaiketan» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-10-31).
  23. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2021-11-03). «Las defensas insisten en subrayar que no se ha aclarado el papel del CNI y piden la nulidad» naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-11-03).
  24. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2022-03-31). «7,5 años de cárcel a Zulueta y entre 3 y 4 a Enparantza, Zuriarrain y Sarriegi» naiz: (Noiz kontsultatua: 2022-03-31).
  25. Urain, Maddi Ane Txoperena Iribarren-Jon O.. «13/13 auziko lau auzipeturi espetxe zigorrak ezarri dizkie Espainiako Auzitegi Nazionalak» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-03-31).
  26. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2022-03-31). «7,5 años de cárcel a Zulueta y entre 3 y 4 a Enparantza, Zuriarrain y Sarriegi» naiz: (Noiz kontsultatua: 2022-04-02).
  27. Hermosilla, Gotzon. «Abokatuek uste dute 13/13 auziko epaiak torturak balioztatzen dituela» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-04-07).
  28. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2022-03-31). «7,5 años de cárcel a Zulueta y entre 3 y 4 a Enparantza, Zuriarrain y Sarriegi» naiz: (Noiz kontsultatua: 2022-04-13).
  29. Berria. «Ehunka lagunek babesa adierazi diete 13/13koei» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-09-24).
  30. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2021-09-12). «Manifestación en Donostia contra el 13/13, la tortura y en recuerdo a Juan Mari Jauregi» naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-09-25).
  31. SL, TAI GABE DIGITALA. (2021-09-04). «Torturaren aurkako aldarria, 13/13 sumarioaren epaiketaren aurkako aldarria Zornotzan» naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-09-05).
  32. «Milaka lagun kalean 13/13 sumarioko epaiaren aurka» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-04-13).
  33. Agirre, Ainhoa Larretxea. «13/13 sumarioan akordioa sinatzeko eskatu die Foro Sozialak alde guztiei» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-10-31).
  34. «Hasi da 13/13 sumarioko epaiketa: zortzi akusatu, ETAren "fronte juridikoa" osatzeagatik» EITB Euskal Irrati Telebista 2021-07-11 (Noiz kontsultatua: 2021-07-19).
  35. Urain, Jon O.. «13/13 auziaren aurka agertu dira EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-04-05).
  36. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2021-11-11). «Un manifiesto de un centenar de juristas denuncia las irregularidades del proceso 13/13» naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-11-11).
  37. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2021-07-19). «La asociación europea de abogados ELDH reclama que se suspenda el juicio del 13/13» naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-07-19).
  38. Urain, Jon O.. «ELDH Europako abokatuen elkarteak kezka agertu du 13/13 auziaren inguruan» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-07-19).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.