Ötzi

Ötzi, Izotzetako gizona ere deitua, gorpu momifikatu bat da, 1991ean Ötzalgo Alpeetako glaziar batean aurkitua izan zena, Austriaren eta Italiaren arteko mugan. Duela 5300 urte inguru bizi izan zen, eta hari esker historiaurreari buruzko datu asko ezagutu dituzte zientzialariek, oso ongi kontserbaturik zegoelako.[1] Egun Hego Tirolgo Arkeologia Museoan dago, Bolzanon.

46°46′44″N 10°50′23″E
Ötzi

Bizitza
JaiotzaFeldthurns, K.a. IV. milurtekoa
HeriotzaTisenjoch (en) Itzuli, K.a. 3230 ( urte)
Hobiratze lekuaHego Tirolgo Arkeologia Museoa
Heriotza moduagiza hilketa: odolustea
hipotermia
Hezkuntza
Hizkuntzakezezaguna
Jarduerak
Jarduerakartisaua
Pisua40 kilogramo
iceman.it…, iceman.it… eta iceman.it

Aurkikuntza

Fundstelle gorriz markatua, aurkikuntzaren lekua

Helmut eta Erika Simon alemaniar turistek aurkitu zuten gorpua, 1991ko irailaren 19an, Hego Tirolgo Similaun glaziarrean zebiltzanean. Seinalatu gabeko bide batetik jaisten ari zirela, izotz-bloke handi batekin egin zuten topo. Bertan trapuzko panpina-itxurako zerbait ageri zela ikusi omen zuten, burua eta sorbaldak izotzetik kanpo zituela. Hasieran, istripua izaniko mendizale bat zela pentsatu zuten.[2][3]

Gorpua aurkitu ondoren, Schnalzeko (Italiako Bozen-Hego Tirolgo probintziako) karabinieriei eta Austriako Soldau herriko jendarmeei jakinarazi zitzaien. Italiarrek aurkikuntzaren ardura austriarren esku utzi zuten. Hasieran, bertatik ateratzeko mailu pneumatikoa erabili zuten, baina ez zuten lortu. Azkenik, irailaren 22an, Innsbruckeko Unibertsitateak bere gain hartu zituen aurkikuntza ondorengo lanak. Helikopteroz bertara eraman eta gorpua aztertzeari ekin zioten.[2]

Analisi zientifikoak

Izotzak eta elurrak horren ongi kontserbatuta egonik, aurkikuntza ugari egin dute zientzialariek Ötziren gorpua aztertuta.

Gorputza

Heriotzaren unean Ötzi 1,60 metroko, 50 bat kiloko eta 45 urte inguruko gizona zen.[4] Hil eta gutxira, gorpua glaziar baten barruan harrapatuta geratu zen, eta horrek ahalbidetu zuen gorpuzkinen kontserbazio bikaina.[5]

DNAren sekuentziazioak informazio ugari eman du: begi marroiak, 0 odol taldea, laktosarekiko intolerantzia eta gaixotasun kardiobaskularrak pairatzeko joera zituen.[6] Polen aleen, hautsaren eta hortz-esmalteko konposizio isotopikoaren azterketak erakusten duenez, haurtzaroa Feldthurns herritik hurbil igaro zuen, Bolzanotik iparraldera, baina 50 kilometro iparralderago dauden haranetan bizi izan zen ondoren.[7]

Tatuajeak

1991n aurkitu zutelarik, agian tatuajeak zituela ikusi zuten ikerlariek, baina azal momifikatu ilunak ez zien utzi marka horiek identifikatzen. 2015ean Hego Tiroleko Arkeologia Museoko adituek egindako eskanerren arabera, guztira 61 tatuaje zituen, hainbat gorputz ataletan banaturik. Gehienak marra paraleloak dira, ebakiduretan ikatza igurtziz egindakoak.[8]

Ikerketa horri esker, duela 5.300 urte tatuajeak egitea ohitura zabaldua zela baieztatu da. Horrez gain, beste eztabaida bat ireki da. Adituek uste dute tatuaje horiek nolabaiteko akupuntura tekniken emaitza zirela. Orain arte aurkitutako akupuntura frogarik zaharrena Txinakoa da eta 3.000 urte inguru ditu. Ötziren tatuajeei buruzko hipotesia baieztatuko balitz, akupunturaren jatorriak 2.000 urtez egingo luke atzera.[8]

Osasuna

Ötziren momifikatutako gorputza X izpiz aztertu zenean artritis mingarria zuela ikusi zen, batez ere eskuineko aldakan; horren ondorioz, min kronikoa izango zuen. Hala eta guztiz ere, arteriak eta benak kaltzifikazio-bidean egotea gauzarik harrigarriena da.[9] Bizimodu sedentarioa ez zuenez, arteriosklerosirako joera genetikoa bide zuela uste dute ikerlariek.[10]

Bestalde, orno zerbikal eta lunbarretako espondilosi arina zeukan, biriketako antrakosia eta, seguruenik, silikosia, eta pleurako hantura. Urdailean Helicobacter pylori bakterioa atzeman zaio, eta hesteetan Trichuris trichiura nematodo parasitoa. Lakastek kutsatzen duten Lyme gaitza ere bide zuen, ikerlari batzuen arabera. Azkenik, hortz-haginak txantxarrak eta periodontitisak jota zituen.[11]

Aldean zeramatzan urki-ardagaiak (Fomitopsis betulina) eta Pteridium aquilinum iratzeak propietate antihelmintikoak dituzte, baina ez dago argi erremedio gisa erabiltzen ote zituen.[11]

Jantziak eta oinetakoak

Otziren jantzien erreprodukzioa, Archeoparc Museum, Schnalstal.

Ez dago argi mendira zein asmorekin atera ote zen, baina oso ondo prestaturiko janzkera zeraman: landare-zuntzezko soingainekoa, eta larruzko berokia, gerrikoa, galtzak, gerripekoa eta oinetakoak. Hartz larruz egindako txanoa zeukan buruan. Oinetakoak iragazgaitzak eta zabalak ziren, itxuraz elurraren gainean ibiltzeko diseinatuak; zolarako hartz-larrua erabili zen, orein-larrua gainalderako, eta barnealdean ezki-azalez egindako sare moduko bat zeukaten, belar leunez betea, egungo galtzerdien funtzioa egiten.[12][13] Hesteetan Trichuris trichiura nematodo parasitoa zeukan

Berokia, gerrikoa, galtzak eta gerripekoa egiteko erabili ziren larru zerrendak tendoiekin josi ziren. DNA analisiek erakutsi zuten gutxienez bost animalia espezieren larrua baliatu zela jantziak egiteko: hartza, oreina, ardia, ahuntza eta behia.[12][13]

Tresnak

Ötziren kobrezko aizkoraren erreplika (% 99,7 kobre, % 0,22 artseniko.

Gorpuaren ondoan honako tresna hauek aurkitu zituzten: kobrezko aizkora bat hagin-zurezko kirtenarekin; sastakai txiki bat, suharrizko ahoa eta lizarrezko heldulekua zituena; eta gezitoki bat (hurritz-makila batez indartutako larruzko zakua), barnean hamalau gezi zituena. Hala ere, bi gezi bakarrik zeuden erabiltzeko moduan; hagaxkak marmaratillazkoak ziren, eta puntak suharrizkoak. Amaitu gabeko arku bat ere zeraman, haginezkoa, 1,83 metroko luzerakoa.[2][14] Berun isotopoen analisiaren bidez jakin da aizkoraren kobrea Toscanan erautzi zela, eta ez Tirolen.[15]

Horiez gain, basafruituak, urki-azalezko bi saski eta bi ardagai mota zeuden Ötziren ondasunen artean. Horietako batek, urki-ardagaiak (Fomitopsis betulina), propietate antihelmintikoak ditu, eta ziur asko sendagarri gisa erabili zen.[16] Bestea, supizteko ardagaia, sua pizteko sistema bitxi baten parte zen, landare batzuekin (dozena bat kasik), suharriekin eta pirita harriekin batera.[17]

Urdaila

Ikertzaileak 2010era arte ez ziren konturatu Ötziren urdaila ere kontserbatuta zegoela, denboraren poderioz organoak momiaren hesteen antzeko tamaina hartua zuelako. Urdaila topatzeak haren dietaren inguruko informazioa lortzeko aukera eman zien ikertzaileei, baita haren osasun egoeran sakontzekoa ere.[5]

Frank Maixner mikrobiologoaren taldeak Helicobacter pylori-ren DNA aurkitu zuen urdailean, eta baita mikroorganismo horren genoma sekuentziatzea lortu ere. Ikerlariek bakterioaren andui birulentoa zela ondorioztatu zuten, alegia, gaixotasun bat eragiteko modukoa (gastritisa, ultzera eta batzuetan minbizia). Bestalde, proteinen analisiaz baliatu ziren urdailean hantura zegoela baieztatzeko.[11]

Urdailean aurkitutako jakien inguruko analisia ere egin zuten, Izotzetako gizona-ren azken otorduak nolakoak izan ziren jakiteko. Azken egunean alpetar basahuntz gantza eta giharra jan zituen, sutan prestatu gabe; haragi idortua edota keztatua izanen zela uste dute ikerlariek. DNA analisiak orein arrunta ere jan zuela iradoki zuen. Horrez gain, Triticum monococcum aleak eta Pteridium aquilinum iratze toxikoa ere atzeman zituzten urdailean.[18] [19]

Heriotza

Ikertzaileek uste dute borroka baten ondorioz hil zela, haren bizkarrean gezi punta bat topatu baitzuten eta buruan kolpe baten aztarna ageri baitzen.[2] Bi erasoren zantzuak atzeman dira gorpuan. Lehenbizikoa hil baino egun batzuk lehenago pairatu zuen, eta zauri zorrotz bat eragin zion eskuineko eskuan. Bigarrenean, berriz, gezi-ukaldi bat jaso zuen ezkerreko besapean; horrek hil zuen, lepauztaipeko arteria urratuta.[11]

Kultura garaikidean

Iñaket eta Mikel Begoña euskal komikigileek Ötzi izeneko trilogia sortu zuten gazteleraz, Norma Editorialek argitaratua[20] eta frantsesera eta italierara itzulia.

Erreferentziak

  1. Ötzi-k mozorroa kendu du. Elhuyar, 1999ko irailak 1, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-06).
  2. Goia, Kattalin. Izotz artean aurkitutako arbasoa. Elhuyar, 1993ko otsailak 1, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-07).
  3. Alpeetan momia izoztua aurkitu zuenaren gorpua topatu dute. Berria, 2004ko urriak 24, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-07).
  4. Carroll, Rory. Iceman is defrosted for gene tests. The Guardian, 2000ko irailak 26, theguardian.com (Noiz kontsultatua: 2022-12-08).
  5. Gallego, Juanma. 'Izotzetako gizakiaren' urdaileko bakterio baten DNA, agerian. Berria, 2016ko urtarrilak 10, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-08).
  6. Callaway, Ewen. Iceman's DNA reveals health risks and relations. Nature, 2012ko otsailak 28, nature.com (Noiz kontsultatua: 2022-12-08).
  7. Who was Ötzi the Iceman?. Mummy Tombs, web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2022-12-08).
  8. Irazustabarrena Uranga, Nagore. Izotzetako gizonaren tatuajeak eta akupuntura. Argia, 2015eko otsailak 22, CC BY-SA 4.0, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-07).
  9. Otzi artritisak jota. Elhuyar, 1995eko otsailak 1, CC BY-SA 3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-09).
  10. Pernter, Patrizia. Cardiovascular examination of Ötzi. Radiology department, Central Hospital Bolzano, iceman.it (Noiz kontsultatua: 2022-12-09).
  11. Nerlich, Andreas G, Egarter Vigl, Eduard, Fleckinger, Angelika, Tauber, Martina, Peschel, Oliver. The Iceman : Life scenarios and pathological findings from 30 years of research on the glacier mummy "Ötzi". Pathologe, 2021 Sep;42(5):530-539, doi: 10.1007/s00292-021-00961-6. pubmed.ncbi.nlm.nih.gov (Noiz kontsultatua: 2022-12-09).
  12. Ötzi's clothing. iceman.it (Noiz kontsultatua: 2022-12-09).
  13. Ghose, Tia. Ötzi the Iceman’s Wild Wardrobe Revealed. Scientific American, 2016ko abuztuak 18, scientificamerican.com (Noiz kontsultatua: 2022-12-09).
  14. Ötzi’s bowstring and the oldest hunting equipment from the Neolithic. iceman.it (Noiz kontsultatua: 2022-12-10).
  15. South Tyrol Museum of Archaeology. Ice Man, Ötzi: A treacherous murder with links to Central Italy. sciencedaily.com (Noiz kontsultatua: 2022-12-12).
  16. Capasso, Luigi. 5300 years ago, the Ice Man used natural laxatives and antibiotics. The Lancet, 1998ko abenduak 5, thelancet.com (Noiz kontsultatua: 2022-12-09).
  17. Otziren pizgailua. Berria, 2011ko apirilak 7 , CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-09).
  18. Wei-Haas, Maya. 5,300 Years Ago, Ötzi the Iceman Died. Now We Know His Last Meal. National Geographic, 2018ko uztailak 12, nationalgeographic.com (Noiz kontsultatua: 2022-12-11).
  19. Maixner, Frank, Turaev, Dmitrij, Cazenave-Gassiot, Amaury, Rattei, Thomas, Grimm, Rudolf, Zink, Albert. The Iceman’s Last Meal Consisted of Fat, Wild Meat, and Cereals. Current Biology, 2018ko uztaila, cell.com (Noiz kontsultatua: 2022-12-11).
  20. e-gor. «"Ötzi - Por un puñado de ámbar" komikiaren aurkezpena Donostian» eibar.org (Noiz kontsultatua: 2023-07-15).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.