Ñu

Ñua, Connochaetes, Alcelaphinae subfamiliako ugaztun artiodaktilo bat da, bobidoen familiakoa. Afrikako antilope ezagunenak dira eta bi espezie deskribatu dira, ñu beltza (Connochaetes gnou) eta ñu urdina (Connochaetes taurinus).

Ñu
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaArtiodactyla
FamiliaBovidae
SubfamiliaAlcelaphinae
Generoa Connochaetes
Lichtenstein, 1812
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Ernaldia8,5 hilabete
Kumaldiaren tamaina1,5
Edoskitzea7,5 hilabete

Ñuek talde handiak osatzen dituzte, sarritan zebra eta bestelako animaliekin batera. Ñu urdinaren migrazioak oso ezagunak dira. Serengeti Parke Nazionalean esate baterako martxoan eta urrian izaten den "migrazio handian" milioitik gora ñuk eta 250.000 zebrak hartzen dute parte, besteak beste. Ñu beltza ordea norabide zehatzik gabeko ibiltaria da. Sabanako harrapariek ehizatzen dute ñua, lehoiek, gepardoek, hiena pikartek eta krokodiloek batez ere. IUCN erakundeak arrisku txikiko espeziea kontsideratzen du.

Etimologia

Aditu batzuen ustetan gnu izena Khoikhoi leinuak eman zion aurrenekoz, t'gnu deitzen baitute animalia hau[1], beste batzuen ustetan San herriaren !nu: izenean du jatorria[2]. Ñu izena onomatopeikoa da edozein kasutan, animaliaren orroak egiten duen soinutik dator.

Afrikaans hizkuntzan Wildebeest esaten diote, "abere basatia" esan nahi du. Ingelesez ere horrela esaten zaio.

Izen zientifikoa Connochaetes du. Antzin grezieraz κόννος (kónnos) "bizarra" da[3] eta χαίτη (khaítē) "zurda" edo "adatsa"[4].

Taxonomia

Hinrich Lichtenstein zoologo alemaniarrak deskribatu zuen ñua 1812. urtean[5].

1700 inguruan Afrika hegoaldeko kolono herbeheretarrak izan ziren ñua ikusi zuten aurreneko europarrak, Hegoafrikako barnealdeko lurrak kolonizatzera joan zirenean, eta "abere basatia" izena eman zioten. Ñu beltza zen. Ñu urdina 1800. hamarkadak aurkitu zuten europarrek, beltza aurkitu eta ia mende bat beranduago[6]. Ñu urdina Gorgon generoan sailkatu zen hasiera batean baina ondoren ñu espezie biak genero beraren barnean sartu ziren.

Bi ñu espezie daude beraz:

DNA mitokondrialarekin egindako ikerketek erakutsi dute ñu beltza urdinarengandik duela milioi bat urte banandu zela. Banaketaren arrazoia ez zen izan baliabideekiko lehiaketa, espezie bakoitzak nitxo ekologiko desberdina okupatzea baizik.

Ñu urdinaren fosilak ugari aurkitu dira, batzuk duea 2'5 milioi urteko datazioa dutenak ere bai[7]. Ñu beltzaren fosil zaharrenak duela 800.000 urtetakoak dira[8]. Gaur egun ñu urdinaren bost azpiespezie ezagutzen dira, ñu beltzak ordea ez du azpiespezierik[9].

Deskribapena

Ñuak itxura baldarra du eta bigantxa eta antilopearen gurutzatze bitxi baten antza du. Lepoaldean zurda luzea du eta zaldiaren antzeko isatsa. Bizar luzeak zintzilika, kokotsetik bularreraino, eta apo zorrotzez amaitutako hanka luzeak.

Espezie bien izenak adierazten duen bezala kolore desberdina dute. Urdinak kolore gris iluna du, dizdira urdin antzeko bat duena, batzuetan marra ilunak azaltzen ditu gorputzean. Beltzaren kolorea marroi iluna da eta isats argia du, zuria edo krema kolorekoa. Espezie biek dituzte adarrak, baina hauen orientazioa desberdina da, urdinek alboraka dituzte eta beltzek aurrera begira.

Ñu urdina beltza baino handiagoa da. Ñu urdin arrak sorbaldetako gurutzadurak 150 cm-tako altuera hartzen du eta 250 kg inguru pisatzen ditu. Ñu beltzak 111-120 cm-ko altuera du eta 180 kg pisatzen du. Emeak zerbait txikiagoak dira, urdinak 135 cm eta 180 kg, eta beltzak 108 cm eta 155 kg.

40 urtetik gora dituzten ñuak ikusi izan dira. Batazbeste 20 urteko adina hartzen dute[10].

Ñu beltzaÑu urdina

Banaketa geografikoa

Ñu urdinaren migrazio handia Serengeti parkean ibaia gurutzatzen.

Saharaz hegoaldeko lautada zabalak populatzen ditu ñuak.

Ñu beltza da hegoalderen aurkitzen den espeziea[10]. Historikoki Hegoafrika, Lesotho eta Eswatini hartu izan ditu, baina bi herrialde txiki hauetan iraungi arte ehizatu izan zen XIX. mendean. XX. mendean Lesothon eta Eswatinin populazio batzuk sartu dira, bai eta Namibian ere. Namibian oso ongi ari da moldatzen. Hegoafrikan Karoo goi-ordokiko belardietan aurkitzen da, hala mendi maldatan, nola muinoetan, itsasmailatik 1.350-2.150 metrotako altuera artean.

Ñu urdina Afrika ekialdeko eta hegoaldeko espeie endemikoa da. Kenya, Tanzania, Botswana, Zambia, Zimbabwe, Mozambike, Hegoafrika, Eswatini eta Angola hartzen ditu. Malawi aldean izan zen baina jadanik ez dago, eta bestalde ñu beltzarekin egin bezala, arrakastaz sartu zen Namibian. Altuera txikiko belarra duten sabanatan aurkitzen da, akaziazko sasitzaren ertzetan. Eremu hezeegiak edo lehorregiak ez direnak atsegin ditu. Afrika ekialdean abere espezie handiena da, populazioz eta biomasaz[11]. Kenya, Tanzania eta Zambiako parke nazionaletan animalia ugariena da[10].

Ñu urdin gehienak migratzaileak dira, Serengeti eta Tarangire eremuetan migrazio handian hartzen dute parte. Urtero prezipitazioak jarraitzen dituzte, hazi berria den belarraren bila[12], eta egarria asetzeko ur putzuen bila. Migrazio honetan urtero 250.000 ñu eta 30.000 zebra hiltzen dira harraparien eraginez, ibaietan itota, nekeak jota, egarriz edo gaixotasunen erruz[13]. Ngorongoro eta Masai Mara parkeetako populazioak ordea sedentarioak dira.

Ekologia

Elikadura

Erabat belarjalea da, normalean altuera txikiko belarra jaten du. Uraren behar handia dauka, urik gabe egun gutxi batzuk baino ez ditu bizirik iraungo. Goizean eta ilunabarrean izaten dute jarduera nagusia, egunaren zatirik beroenean atseden hartzen dute[14].

Ugalketa

Ñu emea kumea edoskitzen.

Migrazio handien garaian izaten da araldia, urtaro hezearen amaieran, maiatza eta uztaila artean, animaliak ongi elikatuak eta osasuntsu daudenean[12]. Ar helduek lurraldeak ezartzen dituzte gainerako arrengandik defendatuz eta emeak erakartzen saiatzen dira ugaldu ahal izateko. 3000 m2-ko lurraldeak izaten dira, 1 km2-tan 300 lurralde inguru. Ar alfa bakoitzak 10 eme inguruko harema osatzen du eta hauei ñu kumeak gehitu behar zaizkie[14].

Haurdunaldiak 250-260 egun irauten ditu eta emeak euri urtaroaren hasieran erditzen dira, urtarriletik maiatzera. Ñu jaioberriak 21 kg inguru pisatzen ditu[15] eta minutu gutxira, altxatu eta korri egiteko gai izaten dira[16]. Ñu kumeen harrapari nagusia hiena pikarta da eta populazio txikietan edo isolaturiko taldeetan ñu kumeen hilkortasun tasa %50-ekoa izan daiteke. Talde handietan tasa hori %20 ingurura jeisten da[17]. Gaztaroan ñuak azkarragoak dira helduak baino, 80 km/h-ko abiadurara iritsiz, helduak 60 km/h-ko abiadurara iristen diren bitartean.

Harraparitza

Hiena pikarta ñuaren hondarrak eramaten.

Ñuak haragijale askoren harrapakina dira; adibidez, likaonak, gepardoak, lehoinabarrak, lehoiak, hiena pikartak, krokodiloak... Ñu arrek eta emeek adar labur baina zorrotzak dituzte eta zauri larriak egiteko gai dira, baita lehoiei ere. Horretaz gain 80 km/h-ko abiadura maximoa hartzeko gai dira. Harraparien aurkako neurri arrakastatsuena ordea talde handiak eratzea da, talde txiki isolatuak kalteberagoak dira. Taldean daudenean gauez txandaka hartzen dute lo ñuek.

Ñuen migrazioei jarraika joaten dira saiak, haien gorpuak aprobetxatzeko. Ñu gorpuaren %70a kontsumitzen dute saiek.

Mutualismoa

Ñuak talde familiarretan elkartzen diren antilope sozialak dira, talde batean emeak eta gazteak eta bestean ar helduak. Hala ere, talde txiki hauek beraien artean eta beste espezie ungulatu batzuekin, zebrekin edo Thomson gazelekin esate baterako, nahasteko joera hartzen dute, indibiduo pilaketa handiak sortuz[18]. Jirafak ere izaten dira taldean haiek kumeen biziraupena ziurtatzeko[19]. Espezieen artean ez da elikagaiarekiko lehiaketarik izaten, zebrak belar altua eta zuntzezkoa nahiago baitute, gazelak motza eta lehorra, eta ñuak, berriz, erdiko bidean kokatzen dira. Gazelen ikusmenaz eta zebren usaimenaz baliatzen dira harrapariak antzemateko.

Mehatxuak eta kontserbazioa

Ñu urdinen taldea Serengeti Parkean.

Arrisku txikiko espezieen taldean sartzen du ñua IUCN erakundeak.

Ñu beltzaren populazioa 18.000 aletakoa, hauetatik 7.000 Namibian daude, jatorrizko eremutik kanpora. Populazioaren %20a bizi da babesturiko eremuetan, gainareko %80a lur pribatutetan.

Ñu urdinaren populazioa askoz handiagoa da, 1.550.000 ale inguru. Hauetatik 1.300.000 ñuk Serengetiko migrazio handian hartzen dute parte[14]. Espezie migratzailea izanik lotura duten eremu sistema zabala behar du eta gizakiak oztopo ugari ezarri izan dizkio. Botswanako agintarien Kalahari basamortuarn ingurua hesitu egin zuten eta ñuen populazio handi batek ezin izan zuen ur putzuetara iritsi. Milaka hil ziren, hasierako populazioa %10eraino gutxitu zen[20]. Ezkutuko ehiza ere mehatxu nabarmena da ñuarentzat.

Ñu beltzen eta urdinen lurraldeak gainjartze diren eremuetan bien hibridazioa geratzen da eta hau ñu beltzaren populazioarentzat mehatxu handia da, ale gutxien dituen espeziea delako[21].

Gizakiarekiko harremana

Ñuaren aprobetxamendu ekonomikoa

Ñuak janaritarako ehizatzen dira. Haragia latza, lehorra eta gogorra da baina biltong egiteko erabiltzen da, haragi lehor eta ondua. Afrika hegoaldean elikagai garrantzitsua da[11]. Emeen haragia xamurragoa da, udazkenean batez ere[22]. Ñuaren larrua kalitate onekoa da[23] eta isatsa euliak uxatzeko tresna egiteko erabiltzen da. Horretaz gain erakarpen turistikoa ere bada eta jarduera ekonomiko handia sostengatzen du horrek.

Ñuak gizakiarentzako eragin negatiboa ere badu, abereen artean gaixotasunak transmititu baiitzake eta izurriteak ere eragin izan ditu.

Gizakien kulturan

Hegoafrikako KwaZulu-Natal probintziako armarrian agertzen da eta herrialdeko agintariek hainbat zigilu ere igorri dituzte ñuaren marrazkia dutenak. 2 zentimoko txanponean ere agertu izan da ñu beltza.

Hainbat filme eta marrazki bizidunetan agertzen da ñua. Ezagunenak The Lion King (1994) filmea[24] eta Phineas and Ferb telesaileko Newton ñua dira[25].

GNU sistema eragilearen irudia da[26].

Erreferentziak

  1. (Ingelesez) «Definition of GNU» www.merriam-webster.com (Noiz kontsultatua: 2022-09-07).
  2. Hurst, Richard E.. (2014-04-27). «Terms of Venery: Whence the Wildebeest: An Implausibility of Gnus» Terms of Venery (Noiz kontsultatua: 2022-09-07).
  3. «Henry George Liddell, Robert Scott, A Greek-English Lexicon, κόννος» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2022-09-07).
  4. «Henry George Liddell, Robert Scott, A Greek-English Lexicon, χαίτ-η» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2022-09-07).
  5. Mammal species of the world : a taxonomic and geographic reference. (3rd ed. argitaraldia) Johns Hopkins University Press 2005 ISBN 0-8018-8221-4. PMC 57557352. (Noiz kontsultatua: 2022-09-07).
  6. Talbot, L. M.; Talbot, M. H.. (1963). Wildlife Monographs:The Wildebeest in Western Masailand, East Africa. National Academies, 20–31 or..
  7. Hilton-Barber, Brett. (2004). Field guide to the cradle of humankind : Sterkfontein, Swartkrans, Kromdraai & environs world heritage site. (2nd rev. ed. argitaraldia) Struik ISBN 1-77007-065-6. PMC 58522960. (Noiz kontsultatua: 2022-09-07).
  8. (Ingelesez) Codron, Daryl; Brink, James S.. (2007-05-01). «Trophic ecology of two savanna grazers, blue wildebeest Connochaetes taurinus and black wildebeest Connochaetes gnou» European Journal of Wildlife Research 53 (2): 90–99.  doi:10.1007/s10344-006-0070-2. ISSN 1439-0574. (Noiz kontsultatua: 2022-09-07).
  9. (Ingelesez) «gnu | mammal | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2022-09-07).
  10. (Ingelesez) «Wildebeest | National Geographic» Animals 2010-11-11 (Noiz kontsultatua: 2022-09-07).
  11. Ulfstrand, Staffan. (2002). Savannah lives : animal life and human evolution in Africa. Oxford University Press ISBN 0-19-850925-1. PMC 57713367. (Noiz kontsultatua: 2022-09-08).
  12. (Ingelesez) Bond, Monica L.; Bradley, Curtis M.; Kiffner, Christian; Morrison, Thomas A.; Lee, Derek E.. (2017-08-01). «A multi-method approach to delineate and validate migratory corridors» Landscape Ecology 32 (8): 1705–1721.  doi:10.1007/s10980-017-0537-4. ISSN 1572-9761. (Noiz kontsultatua: 2022-09-08).
  13. Medina, Nico. (2019). Where is the Serengeti?. ISBN 1-5247-9257-8. PMC 1080584749. (Noiz kontsultatua: 2022-03-18).
  14. «Blue Wildebeest - Facts, Diet, Habitat & Pictures on Animalia.bio» animalia.bio (Noiz kontsultatua: 2022-09-08).
  15. «Comparative Placentation» placentation.ucsd.edu (Noiz kontsultatua: 2022-09-08).
  16. «Private Site» wildlifetv.wordpress.com (Noiz kontsultatua: 2022-09-08).
  17. (Ingelesez) Estes, Richard D.. (1976-06). «The significance of breeding synchrony in the wildebeest» African Journal of Ecology 14 (2): 135–152.  doi:10.1111/j.1365-2028.1976.tb00158.x. ISSN 0141-6707. (Noiz kontsultatua: 2022-09-08).
  18. (Ingelesez) Thaker, Maria; Vanak, Abi T.; Owen, Cailey R.; Ogden, Monika B.; Slotow, Rob. (2010 ira. 20). «Group Dynamics of Zebra and Wildebeest in a Woodland Savanna: Effects of Predation Risk and Habitat Density» PLOS ONE 5 (9): e12758.  doi:10.1371/journal.pone.0012758. ISSN 1932-6203. PMID 20862216. PMC PMC2942830. (Noiz kontsultatua: 2022-09-08).
  19. (Ingelesez) Lee, Derek E.; Kissui, Bernard M.; Kiwango, Yustina A.; Bond, Monica L.. (2016-12). «Migratory herds of wildebeests and zebras indirectly affect calf survival of giraffes» Ecology and Evolution 6 (23): 8402–8411.  doi:10.1002/ece3.2561. ISSN 2045-7758. PMID 28031792. PMC PMC5167056. (Noiz kontsultatua: 2022-09-08).
  20. (Ingelesez) Williamson, D. T.; Mbano, B.. (1988-12). «Notes and Records.: Wildebeest mortality during 1983 at Lake Xau, Botswana» African Journal of Ecology 26 (4): 341–344.  doi:10.1111/j.1365-2028.1988.tb00987.x. ISSN 0141-6707. (Noiz kontsultatua: 2022-09-08).
  21. (Ingelesez) Grobler, J. Paul; Rushworth, Ian; Brink, James S.; Bloomer, Paulette; Kotze, Antoinette; Reilly, Brian; Vrahimis, Savvas. (2011-10-01). «Management of hybridization in an endemic species: decision making in the face of imperfect information in the case of the black wildebeest—Connochaetes gnou» European Journal of Wildlife Research 57 (5): 997–1006.  doi:10.1007/s10344-011-0567-1. ISSN 1439-0574. (Noiz kontsultatua: 2022-09-08).
  22. Hoffman, Louw C.; Schalkwyk, Sunet van; Muller, Nina. (2009-10). «Effect of Season and Gender on the Physical and Chemical Composition of Black Wildebeest (Connochaetus gnou) Meat» South African Journal of Wildlife Research 39 (2): 170–174.  doi:10.3957/056.039.0208. ISSN 0379-4369. (Noiz kontsultatua: 2022-09-08).
  23. (Ingelesez) Geraci, Greg. «Connochaetes taurinus (blue wildebeest)» Animal Diversity Web (Noiz kontsultatua: 2022-09-08).
  24. (Ingelesez) «Wildebeests» The Lion King Wiki (Noiz kontsultatua: 2022-09-08).
  25. (Ingelesez) «Newton the Gnu» Phineas and Ferb Wiki (Noiz kontsultatua: 2022-09-08).
  26. (Ingelesez) GNU logo and symbol, meaning, history, PNG. (Noiz kontsultatua: 2022-09-08).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.