Étienne de La Boétie
Étienne de La Boétie (Sarlat-la-Canéda, 1530eko azaroaren 1a - Germignan, Le Taillan-Médoc, 1563ko abuztuaren 18a) frantziar idazlea eta epailea izan zen. Bere erreferentzia ezagunenak bi hauek dira: alde batetik, unibertsitatean ikasle zela “Borondatezko morrontzari buruzko mintzaldia” (frantsesez, Discours de la servitude volontaire ou le Contr'un) idatzi zuen; eta bestetik, Michel de Montaigneren lagun mina izan zen.[1]
Étienne de La Boétie | |||
---|---|---|---|
| |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Sarlat-la-Canéda, 1530eko azaroaren 1a | ||
Herrialdea | Frantzia | ||
Heriotza | Lo Telhan de Medòc, 1563ko abuztuaren 18a (32 urte) | ||
Heriotza modua | berezko heriotza | ||
Hezkuntza | |||
Heziketa | Q23197733 University of Orléans (en) College of Guienne (en) | ||
Hizkuntzak | frantses ertaina frantsesa | ||
Irakaslea(k) | Anne du Bourg (en) | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | filosofoa, epailea, poeta, frantses moralista, idazlea eta politikaria | ||
Lan nabarmenak | ikusi
| ||
Sinesmenak eta ideologia | |||
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa | ||
Humanismo klasikoko eta zuzenbideko ikasketak burutu zituen, eta horren ondoren, hainbat lan egin zituen: lehenik, Henrike II. erregearen gorteko kontseilaria izan zen; bigarrenez, Bordeleko parlamentuan ere, kontseilari bezala aritu zen lanean; hirugarrenez, Frantziako Erlijio Gerrari amaiera ematea helburu zuten katoliko eta protestanteen arteko bake negoziazioetan parte hartu zuen; azkenik, aisialdian, humanismo klasikoko heziketari men eginez, bertsoak, olerkiak, sonetoak eta testu klasiko batzuen itzulpenak idatzi zituen.
Artikulu honetan, aurrerago garatuko den moduan, lehen parrafoan aipatu diren bi erreferentziak lotuta doaz. Labur adierazita, hau da lotura: Étienne de La Boétieren testua, gaur arte iritsi izana, neurri handi batean, Montaigneri zor zaio. Berari esker publikatu zen testua, de La Boétie hil eta urte batzuetara, hain zuzen, 1572an urte-artean 1576an. Gaur arteko ibilbidean, testua hainbat hizkuntzatan itzuli da, horien artean euskara. Itzulpen hori, 2011n argitaratu zen.[2]
Mintzaldiari dagokionez, tiraniaren aurkako kritika zorrotza da. Hala ere, Étiennek testuan adierazten du, tirania ez dela posible herritarren borondatezko mendekotasunik gabe. Hau da, herritarrak, borondatez dira morroi; mendekotasun egoera indartzen dute borondatez.
Biografia [3][4]
Haurtzaroa
Étienne de La Boétie 1530eko azaroaren 11n jaio zen, Sarlat e La Canédat hirian (gaur egungo Akitania Berriko eskualdean; Périgord lurralde historikoaren parte edo Périgord noirreko hiria bezala ere ezagutzen da). Egia esan, de la Boétieren haurtzaroari buruz, informazio gutxi dago. Dakigunez, kulturadun familia burges batean hazi zen. Bere aita, Antoine de La Boétie, Périgordeko seneskalaren tenientea izan zen. Ordea, oso gazte hil zen; eta orduan, osabaren (Étienne de La Boétie zen bere izena baita ere; Bolhonaceko jauntxoa, apaiza eta bere aitabitxia) ardurapean hazi zen Étienne. Bigarren aita balitz bezala ikusi zuen bere osaba.
Gaztaroa, ikasketak eta lanbideak
Hainbat autorek diote, Étiennek, Bordeleko Guiena eskolan (Montaignek ikasi zuen eskola), humanismo klasikoak ikasi zituela. Ordea, unibertsitate horretako historialariak dio, ez duela sekula bere izena ezagutu erakundean izan diren ikasleen artean. [5] Bestalde, ikasketa humanistikoek, filologia klasikoarekiko interes berezia sorrarazi zioten. Ondorioz, aisialdian, bertsoak konposatzen zituen; frantsesez, latinez eta grekoz. Horrez gain, maitasunari buruz 29 soneto idatzi zituen; eta Plutarkoren, Virgilioren eta Ariostoren obrak itzuli zituen.
Université d´Orléansen, zuzenbide ikasi zuen eta 1553ko irailaren 23an graduatu zen. Zuzenbide zibilean espezializatu zen. Horrez gain, unibertsitatean zehar idatzi zuen “Borondatezko morrontzari buruzko mintzaldia”. Testua idatzi zuen data zehatzari dagokionez, proposamen desberdinak daude; hala ere, denak kokatzen dira unibertsitatean egon zen garaietan: 1548, 1553 urte-artean.
Ikasketak amaitu eta handik hilabete batera (1553 urriaren 13an) Henrike II. erregeak, gorteko aholkulari izendatu zuen. Ondoren, 1554ko maiatzaren 17an, gortea utzi eta Bordeleko parlamentuan hasi zen lanean; bertan ere, kontseilari gisa.1560tik aurrera, abokatu bezala aritu zen, katolikoen eta protestanteen erlijio-gerra zela eta. Bake zibila lortzeko negoziazioetan parte hartu zuen Michel de l´Hospitalekin batera. Horien mezua, tolerantziaren aldekoa zen; hain zuzen, gerra etetearen aldekoa. Tartean, Marguerite de Carlerekin ezkondu zen, hain zuzen, Bordeleko parlamentuko zuzendariaren alabarekin.
Heriotza
Ondoren, 1563ko abuztuan, tuberkulosia diagnostikatu zioten. Horren ondorioz, sendatze-prozesua azkartzeko helburuarekin, emaztearen lurretara, hain zuzen, Le Taillan-Médocera joatea erabaki zuen. Uste zuen, zelaiez inguratutako Le Taillan-Médoceko paisaian, azkarrago sendatuko zela. Hala ere, bidean, okerrago jarri zen, eta bidaian zehar zegoen herri batean (Germignac) gelditu zen; hain zuzen, Richard de Lestonnacen etxean. La Boetiek Bordeleko parlamentutik ezagutzen zuen Richard, eta horrez gain, Montaigneren koinatua zen.
Gaixo aurkitzen zen eta heriotza aurreikusten zuen egoeran, testamentua idatzi zuen (abuztuaren 14an). Ondoren, hil arte itxaron zuen. Horrela, abuztuaren 28an hil zen, Germignacen, 32 urte zituela.
Borondatezko morrontzari buruzko mintzaldia [3][4]
18 urte , zuzenbide ikasten zebilela, “Borondatezko morrontzari buruzko mintzaldia” (frantsesez, Discours de la servitude volontaire ou le Contr'un) idatzi zuen. Testua, laburra (18 orri) den arren, harritzekoa da, hain gazte izanik, zer-nolako jakituria eta sendotasuna erakusten duen idazterako orduan. Bestetik, adierazgarria da, testua idatzi zenetik publikatu zen arte, hainbat politikari, filosofo eta idazle garrantzitsuek irakurri eta balioetsi zutela, nahiz eta inork ez zuen testua publikatzea erabaki.
Testuaren publikazioa eta Montaigne filosofoarekin laguntasuna
Testua, ez zen idazlea hil eta ondoren arte publikatu. Idatzi zen datarekin bezala, ez dago argi zehatz-mehatz noiz publikatu zen. Hala ere, 1572-1576 urteak dira gehien errepikatzen direnak. Bestetik, testua, Michel de Montaigne filosofoari esker publikatu zen. Jakina da, bien artean harreman estua izan zutela. Montaignek, testua irakurri bezain laster, de La Boétie ezagutzeko interesa izan zuen; eta berehala bete zuen desira. Elkar ezagutu ondoren, harreman estua sortu zen bien artean; eta horrela mantendu zen, De la Boétie hil arte.
Montaignek “Entseiuak” liburuan, atal bat eskaintzen dio laguntasunari. Lehenengo liburuaren 28. atalean, de La Boetierekin zuen laguntasuna nolakoa zen adierazten du. Estoiko bezala deskribatzen du bertan; eta horrekin lotuta, hil arte itxaron zuen denbora, modu lasaian bizi izan zuela baieztatzen du. Hona hemen Montaigneren pasarteetako bat (pasartearen itzulpena, Etienne de La Boetieren wikipediako bertsio frantsesetik egin dut) : “Askotan, laguna edo laguntasuna deitzen duguna, komeni zaigun familiarteko harremana edo beste ezagun batzuekin dugun konfiantzazko harremana izaten da. Harreman horien bidez, arima elikatzen dugu. Baina, laguntasuna, nik ulertzen dudan moduan, ez da ziur jakiten nondik sortzen den. Nahasi egiten da bestearekiko sentitzen den konfiantzaren iturria. Iturria ez da familiarra eta ez da ezagunekiko dugun komenentziazko harremana. Gainera, nahasketa hori, unibertsala da. Orduan, egoera horretan, ahaztu egiten da zerk lotzen dituen bi pertsona, mugak apurtzen dira. Etienne zergatik maitatu nuen galdetzen badidate, hau sentitzen dut: ni bera nintzelako eta aldi berean ni nintzelako.”
Testuaren edukia
Montaignerekin izan zuen harremana alde batera utzita eta saiakeraren edukira zuzentzen bada arreta, nabarmentzekoa da, saiakera idazterako orduan, garaiko testuinguruak asko eragin ziola. Une horretan, Guienako herritarrak zergen kontra matxinatu ziren, eta autoritateek, errepresio bortitza erabiliz, disidenteak zigortu zituzten. Horregatik, lotura argia dago, gertatzen zebilenarekin eta testuaren edukiaren artean. Testua, hain zuzen, absolutismoaren eta tiraniaren aurkako mintzaldia da. Bertan, zalantzan jartzen du, zenbatekoa den agintariek, boterea erabiltzeko duten zilegitasuna.
Hari horretatik tiraka, testuaren hasieran, galdera hau aurkezten du: autoritateak, edozein dela ere, zer-nolako zilegitasuna du herriarengan? Ondoren, saiakeran zehar, galdera horri erantzuten dio. Horrela, bere argudioak bide honetan doaz: tiranoak, behin boterea eskuratuta (indarkeriaren bidez, ondorengotzaren bidez edo hauteskunde bidez), ezartzen duen menpeko egoera, ez da mantentzen ondo gobernatzen duelako. Hori mantentzearen arrazoia, herritarren borondatezko morrontza da. Morrontza-egoera, herritarren ohituraren parte da, bertan txertatzen da. Egunerokoan onartzen da. Modu horretan, menderatzearen kausa garrantzitsuena, zigorrarekiko sor daitekeen beldurra baino, herritarren borondatezko morrontza da. Hau da, mendekoak haien mendekotasunaren erantzuleak dira.Horrez gain, erlijio eta superstizioa ere, menderatze iturri bezala identifikatzen ditu; baina horiei buruz dio, ezjakinak soilik dominatzen dituela. Garrantzi gehien duen faktorea beraz, boterearen egitura, eta, horren baitan onartzen diren morrontza egoerak dira.
Guzti hori esan ondoren, botere-egitura zein den deskribatzen du. Piramidearen antzekoa egitura bat irudikatzen du. Goian tiranoa dago. Tiranoak, gorteko partaideei, ahalmen batzuk ematen die. Gorteko partaideek ahalmen horiek onartu eta tiranoaren mesedetara erabiltzen dute. Horrez gain, herritarrek, tiranoaren eta laguntzaileen borondatea onartzen dutena, bete dezaten arduratzen dira. Honakoa litzateke irudiaren deskribapen sinpleagoa: tiranoak, bost pertsona dominatzen ditu; bost horiek ehun pertsona dominatzen dituzte; ehun horiek, beste mila dominatzen dituzte; eta horrela jarraituko luke piramideak. Orduan, gorteko partaideak, tiranoaren botereri gehien eusten diotenak dira. Tiranoaren morroiak izateari utziko baliote, eskuratu duen indar guztia galduko luke.
Horren guztiaren azpian oinarrizko galdera dago: zergatik obeditzen du gizakiak? Zergatik mantentzen du bere morrontza egoera?
Gorago aipatu bezala, testua, azken finean, garaiko egitura eta egoera politikoaren kritika da. Hau da, aipatu den testuinguruaren barnean ulertu behar da. Adierazgarria da, kritika formulatzerako orduan, antzinako klasikoei egindako erreferentziez baliatzen dela. Horrelakoak erabiltzea, ohikoa zen garai hartan; ez ordea, egoera politikoa kritikatzea; are gutxiago instituzio publikoko langilea izanik. Erreferentziak beraz, ohikotasuna eta formaltasuna ematen zioten testuari ondoren gogor kritikatzeko. Hala ere, ez dio garaiko egoerari inolako erreferentzia zuzenik egiten, hau da, kritika ez da esplizitua.
Testuaren influentzia gaur arte
Testuak izan duen eraginari dagokionez, hainbat ekarpen atxiki zaizkio. Adibidez, Jean-Jacques Rousseauk planteatu zuen kontratu sozialaren teoriaren aitzindari izan zela atxiki zaio. Horrez gain, askok, anarkismoaren mugimendu sozio-politikoaren eta desobedientzia zibilaren aitzindaritzat hartu dute . Kontraesana dirudi, bera kontseilaria izan baitzen; hau da, lan-ibilbidea, zerbitzu publikoetan egin zuen, kritikatzen zuen horren ondoan eta printzipioz, praktika anarkistetatik edo desobedienteetatik urruti.
Erreferentziak
- Etienne de la Boétie (1530-1563). in: RdR: La Revue des Ressources. larevuedesressources.org (Noiz kontsultatua: 2015-07-03).
- Borondatezko morrontzari buruzko mintzaldia. in: Euskonews, 636. euskonews.com (Noiz kontsultatua: 2015-07-03).
- (Frantsesez) Étienne de La Boétie. 2019-04-04 (Noiz kontsultatua: 2019-04-17).
- (Gaztelaniaz) Étienne de La Boétie. 2018-07-09 (Noiz kontsultatua: 2019-04-17).
- (Frantsesez) La Boétie, Étienne de (1530-1563) Auteur du texte. (1892). Oeuvres complètes d'Estienne de La Boétie / publ. avec notice biographique, variantes, notes et index par Paul Bonnefon,.... (Noiz kontsultatua: 2019-04-17).
Kanpo loturak
- https://fr.wikipedia.org/wiki/%C3%89tienne_de_La_Bo%C3%A9tie
- Œuvres complètes d’Estienne de La Boétie, publiées avec notice biographique, variantes, notes et index, Paul Bonnefon, éditions G. Gounouilhou (Bordeaux), 1892, 444 p. disponible [archive] sur Gallica.
- (Frantsesez) Étienne de La Boétie: Discours de la servitude volontaire, 1922ko argitalpena, fr.wikisource.org