Ángel Picazo
Ángel Picazo Alcaraz (Murtzia, 1917ko uztailaren 1a - Madril, 1998ko urriaren 22a) espainiar antzezlea izan zen.
Ángel Picazo | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Murtzia, 1917ko uztailaren 1a |
Herrialdea | Espainia |
Heriotza | Madril, 1998ko urriaren 22a (81 urte) |
Hobiratze lekua | La Almudenaren hilerria |
Heriotza modua | berezko heriotza: minbizia |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | aktorea |
|
Biografia
Farmaziako ikasketak hasi zituen, baina utzi egin zuen karrera hura, antzerkirako zuen zaletasunak bultzatuta. Espainiako Gerra Zibilaren ondoren, López Llauderren antzerki-konpainian sartu zen, eta Enrique Jardiel Poncelaren Los ladrones somos gente honrada ("Lapurrak jende zintzoa gara") antzerki-lanean parte hartu zuen. Ahots berezia eta edonolako pertsonaietara egokitzeko gaitasuna izan zituen ezaugarri nagusiak, eta ezaugarri haiei esker hasi zen Emilio C. Espinosaren konpainian antzezle nagusi gisa. Ondoren, Rafael Rivellesen eta Madrilgo María Guerreroren konpainietan lan egin zuen, sei urtez azken horretan. Lara, Goya eta Infanta Isabel antzokietako konpainietan ere jardun zuen.
Orotara ehun bat obra antzeztu zituen, komediak eta dramak, eta arrakasta handia eta sari ugari eskuratu zituen (Espainiako Antzerkiko Sari Nazionala 1956an, Villa de Madrid antzerki-saria 1982an eta abar). Aipagarriak dira ondoko hauek: La loca de la casa ("Etxeko eroa"), Vísperas de domingo ("Igande bezperak"), Los pobrecitos ("Gizajoak"), La bella Dorotea ("Dorotea ederra") eta abar. Zineman egindako lanen artean azpimarratzekoak dira 1940ko hamarraldian egindako Las tinieblas quedaron atrás ("Atzean gelditu ziren ilunak"), Pacto de Silencio ("Isiltasun-hitzarmena"), Treinta y nueve cartas de amor ("Hogeita hemeretzi gutun amodiozko"), Estambul 65 eta Las últimas horas ("Azken orduak"). Telebistarako lanak ere egin zituen.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.